Aimar Etxeberria Korta
Entrevista
AndoniOlariaga
Erresistentziatik eraikuntzara

«Helburuei eutsiz, betaurrekoak aldatu behar ditu askapen mugimenduak»

Filosofian lizentziatua, Lapiko Kritikoa kolektiboko kide da egun Andoni Olariaga (Berriz, 1984). Berriki, Jakin taldeko partaide izendatu dute.

Posible ote XXI. mendean estatu burujabe berri bat sortzea? Eta posible balitz, nola eraikiko litzateke? Eta zer antolamendu politiko izango luke? Badira hamarkada batzuk jada Euskal Herriaren independentziaz hausnartzen hasi ginela. Denborak, ordea, aurrera darrai, eta berarekin darama gizarte oso bat, pentsamoldez eta jokamoldez etengabe aldatzen doan gizarte bat. Hori hala, ba ote du gaurkotasunik independentziaren aferak XXI. mendeko Euskal Herrian? Eta hala balitz, zer iturri ideologikotatik edaten du? Eta zer bilakaera historiko izan du?

Serie baten lehen pasartea baino ez da datozen lerroetan aurkituko duzuna. Independentziaren inguruan hausnartzen jarri ditugu Andoni Olariaga –pasarte honetako protagonista–, Unai Apaoloza, Jule Goikoetxea eta Imanol Galfarsoro. Aitzakia, “Independentzia helburu” izenburupean argitaratu duten saiakera. Hala, lau astez jarraian aipatu protagonistotako bat ekarriko dugu GAUR8ren orriotara. Hasteko, Andoni Olariaga. “Hautsi da anphora. Erresistentziatik eraikuntzara” bezala bataiatu du bere saiakera. Ea ba zertan den.

Indartsu ekiten diozu lanari. Diozu euskal askapen mugimendua erantzun batzuekin baina galderarik gabe geratu dela. Zer dela eta?

Garai historiko bakoitzak iturri intelektual jakin batzuetatik edaten du, borroka batzuetatik, historiako gertakizun batzuetatik. Euskal askapen mugimendua, gaur egun ezagutzen dugun moduan, 60ko hamarkadan gorpuztu zen, beste galdera batzuk egiten ziren garai batean, beste garai bateko literaturarekin, bestelako testuinguru soziopolitiko batean. 50 urte hauetan, ordea, gauzak asko aldatu dira mundu mailan, eta, testuingurua aldatzearekin batera, galderak ere aldatu egin dira. Sinpleki esanda, euskal askapen mugimenduak dituen erantzunek beste garai bateko galderei erantzuten diete.

Zeintzuk ziren, bada, atzean utzi dugun garai historikoaren ezaugarri nagusiak?

Euskal askapen mugimenduari dagokionez, ezaugarri bat gatazka eredua bera izan daiteke. Soziologikoki jada gaindituta dagoen “nik kolpatzen zaitut, zuk kolpatzen nauzu” eredua, hots, estatuarekin aldebikotasun borroka bat planteatzen zuen eredua. Soziologiak demostratu du eskema hori agortuta dagoela; baina bere garaian balio izan zuen. Beste ezaugarri bat nazio ikuspegia izan daiteke. Garai hartako literaturari erreparatuta, aurkitzen gara nazio ikuspegi batekin zeinak ez duen kontuan hartzen nazio bat identitate kolektibo baten emaitza dela. Nazio ikuspegi erabat esentzialista da, antihistorikoa, zeinak dioen helburua behinola existitu zen nazioa berreskuratzea dela. Pentsaera horrek ekarri du, adibidez, Nafarroako Estatuaren berreskurapenaren ideia muturrera daramaten munstroen sorrera. Ikusmolde horrek, ordea, ahaztu egiten du nazioa egunero-egunero eraikitzen eta deuseztatzen dela, modu oso tribialean gainera: egunkarien bidez, telebistarekin, egunero kontsumitzen ditugun gauzen bidez...

Bereizgarriena, ordea, politika ulertzeko modua bera da. Erakunde armatua –ETA– sortu zenean, eta ekinbide armatuari bide eman zitzaionean, guztiz beharrezkoa zen gatazka politikoaren planteamendu mitiko bat egitea. Hau da, Estatuarekin gatazka batean sartzen gara eta egunen batean iritsiko da momentu bat non negoziaketa batzuen ondorioz gure helburuak erdietsiko ditugun. Ikuspuntu horrek marxismo zaharrarekin dauka zerikusia, zeinak iraultza eguna, aurreko gizartea eta ondorengo gizartea bereizten zituen. Sinbolikoki indar handia duen ikuspuntua da, euskal askapen mugimenduak garatu duen bezalako borroka batean ilusio eta esperantza piztaile delako. Baina gerora elementu horiek guztiek sortu dute mugimendu bat, lausotzen oso zaila den identitate bat. Hori ezin da goizetik gauera aldatu, eta orain trantsizio fase horretan aurkitzen da euskal askapen mugimendua. Hori hala, jendeak bere burua birziklatu beharra dauka.

Birziklatu, bai, baina, lurzoru lanak egingo dituen paradigma filosofikoa falta baldin bada, zeren gainean?

Hori da euskal askapen mugimenduak duen tragedietako bat, baina, aldi berean, duen indarguneetako bat ere bada. 60ko hamarkadan “nahikoa” zen gerrillen borroka egiteko, adibidez, Che irakurtzea; eredu organizatiboak ere kopiatu egiten ziren, baita nazio ikuspegi edo askapen estrategiak ere. Horiekin lurzoru finko bat osatzen zen, Biblia bezala jarraitzen zena. Gaur egun, ordea, ez dago errezetarik ezkerrarentzat, ezkerra bera ere galdu antzean dabilelako. Eta askapen estrategiekin ere gauza bera pasatzen da; ispiluak falta dira. Baina abagune egokia izan daiteke ohartzeko politikaren funtsa apustua dela, eta apustuak egiteko aldez aurretiko erreferentziak balia daitezkeela, modu partzial batean betiere.

Baina, lurzoru finkorik bada, hori da aldaketa guztiak gizartearekin batera eman behar direla. Hala eginez gero, eta ez duzunean dena eliteen arteko negoziaketa baten pean uzten, egindako aurrerapausoak, txikiagoak izanagatik ere, atzera bueltarik gabeak dira. Euskal askapen mugimendua oso ohituta egon da aldiz aurretik estrategia finko eta hertsiak diseinatzera; Katalunian, adibidez, herri galdeketen uholdea hasi zenean ez zekiten nora iritsiko ziren. Ekimenak, baina, masa kritiko bat eta baldintza objektibo batzuk eraiki ditu, eta horrek ahalbidetu ditu ondorengo estrategia guztiak.

Paradigma aldaketa edo, zuk diozun bezala, erresistentzia fasetik eraikuntza fasera igarotzea. Noiz hasi eta noiz amaitzen da erresistentzia fase hori? Eta zer ezaugarri ditu?

Zaila izaten da data zehatz batzuk ematea. Baina, sinbolikoki, esan daiteke erakunde armatuaren sorrerarekin hasten dela erresistentzia fasea eta jardun armatua uztearekin batera amaitu. Egia da fase horren baitan eman direla eraikuntza zantzu batzuk ere, baina aurrez azaldutako elementu horiek guztiek sustengatzen duten garai historiko batean zaila da eraikuntzaren praktika bere osotasunean garatzea. Fase baten amaieraren isla dira ondoren datozen erreakzioak; asko okerrak, aurreko klabeekin eginak baitira.

ETAren behin betiko su etena ulertzeko bi klabe dituzu: bata, estatuek ordainetan eman dutenari erreparatzea; bestea, gizartearen aurrean irabazi duzun horretan fokua jartzea. Analisiak lehenengo klabe horrekin eginez gero, argi dago armen uztea porrot handia izan dela, estatuek ez baitute ezer eman trukean. Irakurketak bigarren ikuskerarekin egin badituzu, baina, gauzak asko aldatzen dira. Zer da irabaztea politikan? Irabaztea ez da estatuak kontzesioak egiten joatea, gizartearen aurrean zilegitasuna irabazten joatea baizik. Hori hala ulertuta, lorpenak handiak izan direla esan genezake, sozialki zein politikoki. Jendea, baina, erretxindu egiten da, eskema eta betaurreko zaharrekin dabil eta.

Mundua ikusi eta ulertzeko betaurrekoak zaharkituta geratu zaizkigu, beraz.

Zure betaurrekoak oinarritzen badira eskema batean non aldagaiak diren “borroka militar bat dago, negoziaketa bidez konponduko dena”, hots, iraultzaren irudipen guztiz mitikoa baldin badaukazu, betaurreko horiek jada ez dute balio. Baina gauza bat argi utzi behar da: ez dira euskal askapen mugimenduaren helburuak zaharkituak gelditu direnak. Helburu berak izanik betaurrekoak aldatzean dago gakoa.

Izan daiteke betaurreko berrien falta sortzen ari den disidentziaren arazoetako bat?

Hain izan da tragikoa borroka, eta hain ideia hertsiak behar izan dira borroka horretarako, hori bera dela lehertu dena. Jendeak kontzeptu edo estrategia jakin batzuetara lotu du bere identitate emozional eta kolektiboa. Mugimendu politiko batek sortu du identitate hori, sinbologia oso indartsuarekin. Egoerak berak eraman du horretara. Orain, baina, ari gara eskatzen jendeari gaur arte sinesten zituen elementu batzuei uko egiteko... Normala da jendea minduta egotea. Baina esan behar da egun euskal askapen mugimenduaren baitan ematen ari diren eztabaida asko ez direla intelektualak; hainbatek bere identitatea babestu eta gordetzearekin duen nahiarekin dute zerikusi handiagoa.

Zer ezaugarri izan beharko lituzkete mundu ikuskera edo betaurreko berri horiek?

Erresistentzia izpirituaren beste ezaugarri bat da errealismo politikoa. Errealismoa ez zentzu posibilista edo pragmatiko batean, alderantziz baizik. Zentzu horretan, George Lakoff hizkuntzalariaren aipatu bat ekarri nahiko nuke: «Errealitatea ‘ez da existitzen’, errealitatea marko batzuen bidez hauteman edo ulertzen dugu». Hala, batzuk errealitatea erakusten ahalegintzen diren heinean, besteek errealitatea hautemateko betaurreko berriak ematen dituzte. Kontua da errealitatea deskribatzen ez direla kontzientziak pizten; ezkerrak betaurrekoak disputatu behar ditu. Eta hori borroka ideologikoaren bidez garatzen da. Beraz, euskal askapen mugimenduak borroka ideologikoa lehenengo mailara eraman behar du, marko berriak sortu behar ditu. Pentsa genezake “ezkerrak” edo “independentziak” esanahi bat dutela, baina ez. Kontzeptuek, bere horretan, ez dute esanahirik; kontzeptuak borroka esparru dira. Hala badira da aktore politiko batzuk kontzeptuak esanahiz bete nahian ari direlako. Ezkerra ahalegintzen da bere burua berrasmatzen, kontzeptuei beste esanahi bat ematen, baina galdu egiten du. Zentzu horretan, euskal askapen mugimenduak onartu behar du zertan irabaz dezakeen eta zertan ez, eta onartu behar du ere ez dela berak nahiko lituzken joko arauekin jokatzen ari. Horregatik, garrantzitsua litzateke lekuan leku marko egokiak hautatzea borroka ideologikoaren garapenerako.

Garai historiko berri honetan asko aipatzen den kontzeptua da aldebakartasunarena. Zer ekarpen nagusi egiten du eta zer potentzial dauka?

Aldebakartasunak eskaintzen duen indargune handiena da aldebikotasunarekin alderatuz gero gizarteak hartzen duela pisu osoa. Aldebiko eskeman pisu handia hartzen zuen ETAren ahalmen militarrak. Horretan jartzen da fedea eta horretara bideratzen dira esfortzuak. Aldebakarreko eskeman, berriz, zure ahalmenetan dago gakoa. Aldebakarreko eskeman ez da hain garrantzitsua estatua behartzearen ideia; egunero ari zara herria egiten estatua kontuan hartu gabe. Edozein eremutan balio lezake gainera: Gure Esku Dago, Euskal Herrian Euskaraz, Sare, bestelako mugimendu sozialetan... Irudikatzen duzun mundu hori ari zara eraikitzen, eta indar guztiak jendea ahaldundu, mobilizatu eta zeureganatzera bideratzen dituzu. Aldaketa totala da. Baina erresistentzia handiak daude gaur-gaurkoz aldaketa hori emateko. Oraindik orain “bestea”-ri begira (estatuak, EAJ) egiten ditu mugimendu gehiegi euskal askapen mugimenduak. Kontua da ezin duela estrategia guztia horretara bakarrik bideratu, ezin duela bere proiektuak besteen akatsetan oinarrituta egon. Adibidez, Kataluniako kasuan argia da Estatu espainiarraren jarrerak independentismoa hazten lagundu duela, baina hazten lagundu duen moduan jaisten ere lagun lezake. Besteari begira baino hobe norberaren proiektuan jartzea indarrak; modu horretan ere lortuko duzu bestea mugiaraztea noizbait, herria sortzea.

«Herria sortu» diozu. Zein oinarrirekin sortu izan du herria abertzaletasunak? Zer galga izan dezake horrek etorkizunera begira?

Abertzaletasunak herria edo subjektua sortzeko erabili dituen estrategia batzuk antzuak dira, esaterako gaur egun errepikatzen den lelo bat: “Euskal Herria inbaditua izan zenez, eskubidea daukagu berau berreskuratzeko”. Hori aurrez aipaturiko errealismoa da, okerrenekoa gainera. Euskal Herria berreskuratu behar dela diote, baina, berreskuratu, zer? Orain bost mende lapurtu ziguten bokadiloa jada jan dute, eta egun ez da existitzen. Ez dago ezer berreskuratzeko. Baina bada abertzaletasun mota horren garaipenik ere: lurraldetasunarena. Guztiz idealista izan da zazpi lurraldeen ideia, baina momentu batean balio izan du Euskal Herriaren ideia sustengatzeko. Eta ezinbesteko garaipen bat izan da.

Abertzaletasun esentzialista horrek, baina, baditu bere mugak ere. Ditugun hainbat mugimendu herritar oso folklorikoak dira, tamalez, eta abertzaleen arteko batasuna dute helburu –beste mito zahar bat–. Estrategia horrek tope argi bat dauka, eta da abertzaletasunak berak jartzen duena. Galga hori gainditu nahi bada, arrazoi identitarioez gaineko beste batzuk batu behar dira independentismora. Hori lortzetik oso urrun dago euskal askapen mugimendua, batez ere egiten dituen ekimenetan “euskal” bezala defini daitezkeen sinboloak soilik erabiltzen baditu. Herri hau plurala baldin bada, zergatik ez sartu bestelako nazio sentimenduen sinboloak ere? Zein da helburua, independentzia lortzea edo identitatea mantentzea?

Garatu den abertzaletasun esentzialista horrek, baina, izango du ondorio positiborik ere, ezta?

Politikak asko dauka sinbologiatik eta alde irrazionaletik, eta gutxi arrazionaletik. Abertzaletasunak asko eragiten dio alde irrazional horri, eta horregatik mobilizatzen du gehiago motibazio politiko gisa. Zentzu horretan, abertzaletasunak duen indarra “zureak” eusteko duen gaitasuna, fidelitatea da. Hori hala, ezin da erabat arrazionala den independentismo bat sor daitekeenik pentsatu; atzean beti egon behar du alde irrazional indartsu batek. Eta horretan nazio pertenentziak hartzen du indar gehien. Agian, egin behar dena da nazioaren ideia zabaldu, eta jende gehiago egin ideia horren parte; hau da, nazio inklusiboago bat eraiki beharko litzateke. Horrek eskatzen du errelato berri bat sortzea, kontakizun berri bat egitea, eta, noski, “euskal” sinboloak lausotzea.

Independentziara bidean, zein lirateke epe labur-ertainera begirako apustuak?

Apustuek aurkitzen garen faseari erantzun beharko liekete. Esan genezake erabakitzeko eskubidea gehiengoak onartzen duen ideia dela, beraz, zein litzateke hurrengo geldialdia? Zer erabaki nahi den izango da definitu behar den hurrengo elementua. Ezin da esan dena nahi dugula erabaki, dena ezerezaren sinonimoa baita. Euskal askapen mugimenduak proiektu bat definitzen joan behar du, eta horren araberako apustuak egin beharko ditu. Zein da gure helburu estrategikoa, estatu jakobino bat, ala gure balioekin estuago lotzen den estatu konfederal bat? Eskaintza bat zehaztu eta helburu argiak behar ditu gehiengoak artikulatzen hasteko.

Zein da egun euskal askapen mugimenduaren osasuna?

Aurrez esan bezala, birziklatze momentu batean dagoela esango nuke; impasse momentu batean. Abagune baten erdian ere aurkitzen da: edo birziklatzen da edo eusten die iraganeko mito fultsuei. Beraz, ea arin pasatzen duen “aitaren heriotzak” eragin dion momentu traumatiko hau, nahiz eta jakin batzuk kanpoan geratuko direla –sortu den munstroa handia delako–. Ikusiko da nola gainditzen duen fase hau, baina bitartekoak behar ditu ahalik eta hobekien gainditzeko. Bitarteko horietako bat izan daiteke izan duen espirituaren argazki bat egin eta ohartzea egun ez diola balio. Errezeta ona izan daiteke gaixoarentzako.

Independentzia, zertarako?

Sinpleenera joanez, batek behin esan zidanari helduko diot: «Zertarako nahi duzue gehiago, autonomia nahikoa baldin badaukazue?». Erantzuna oso erraza da: «Eta zergatik ez osoa izan?». Nik horra eramango nuke, sinpleenera. Autonomia mugatua badaukat, zergatik ez izan gehiago, are, ahalik eta gehien? Finean, burujabetza osoa izateko, jendeak hanka sartu eta ardurak hartzeko aukera izan behar du. Jakin badakit, baina, horrek ez duela konbentzitu gabe dagoena besterik gabe konbentzituko.