Oihane Larretxea de la Granja
EMAUS, 35 URTE

Pertsona eta bere ongizatea erdigunean jarrita mundua aldatzeko lanean

1980. urtea zen Errenterian gazte batzuk kalean bizi eta laguntza behar zuten pertsonak hartatzen hasi zirenean. Komunitate txiki bat zen. Hastapenetan, biltzen zuten paperaren truke irabazitakoa zuten diru-iturri bakarra. Handitzen joan zen sarea, eta aldatzen jarduerak, baina ez helburua: premia duena lagundu. Hori da Emaus.

Eraldaketa soziala bilatzen du Emausek, eta horretarako bere aletxoa jartzen du 1980. urteaz geroztik. Iragan azaroan 35 urte bete zituen fundazioak. Geroztik gauza asko gertatu dira, munduak bira asko eman ditu, baina erronkek mahai gainean jarraitzen dute. Ohartarazten dutenez, gizarte bezala ardurak eta erantzukizunak ditugu albokoarekin, denon ongizatearekin. Gaur egun 300 Emaus talde baino gehiago daude mundu osoan sakabanatuta, Europan, Asian, Afrikan eta Ameriketan.

Arlo sozialean egiten duen lan mardula da Emaus hobekien identifikatzen duen ezaugarrietako bat, hori izan baitzen hastapenetako zeregin nagusia: kalean bizi zen jendea laguntzea. Hala ere, egun, bi lan arlo nagusi bereizten dira: gizarteratzean laguntzeko ekimenak –lan txertatzea eta egoitza zerbitzuak– eta ekonomia sozialean oinarritutako proiektuak –altzari eta arropa bilketa, besteak beste–.

Javier Pradini Emaus fundazio taldeko zuzendari nagusia da, eta 1980an beste gazte batzuekin batera Errenterian gero Emaus izango zenaren hazia landatu zuenetako bat ere bada. Berak egin du, GAUR8rentzat, helmugak, arrazak eta aurreiritziak gainditzen dituen proiektuaren errepasoa.

Harrera etxea

1980. urtea zen, eta Estatu frantsesean zein espainiarrean garai hartan indarrean zegoen eredua hartuz, elkarrekin bizi zen komunitate txiki bat zen beraiena; funtsean kaleko jendea laguntzen zuten. «Hartzen genituen pertsona gehin-gehienek alkoholarekin arazoak zituzten. Bizitza partekatzen genuen, etxe batean. Oso gazteak ginen orduan, eta bertaratzen zirenek 40 eta 50 urte artean zituzten, baina denbora igaro ahala profila aldatu egin zen: hamarkadaren erdialdean jende gaztea artatzen hasi ginen, drogarekin arazoak zituzten eta familiarekin lotura guztiak apurtuta zituzten», gogoratu du. Etxe hartan bizi zirenen diru iturri bakarra zaborrontzietatik jasotzen zuten kartoiaren truke bildutako dirutxoa zen, besterik ez. Oinordetutako kamioi zahar batean jasotzen zuten. «Errenterian zaborra biltzen zen puntuetatik pasa eta kartoia jasotzen genuen, txatarra ere, eta sailkatu ondoren saldu egiten genuen. Horrela bi hilabete egon ginen, eta bitarte hartan lokal bat bilatzen aritu ginen, salmenta puntu gisa jartzeko. Udalak lagundu gintuen, baita Iztietako elizak ere; etxabe batzuk utzi zizkigun».

Kontatzen duenez, pixkanaka egonkortzen joan ziren, baina helburua «beti» jendea laguntzea izan zen, jarduera hura eta beren bizitza besteekin partekatzea. Komunitatea 1980 eta 1990 bitartean garatu zen, eta, aktibitatea handituz joan zen neurrian, baita taldea ere: 8 izatetik 35 izatera pasa ziren. «Denak elkarrekin bizi ginen. Familiak zeuden tartean, beren seme-alabekin; nik neuk ere neurea nuen, nahiz eta bakoitzak bere espazio pribatua zuen etxe barruan. Hala ere, jarduerak elkarrekin egiten genituen eta Gabonak eta udako oporrak elkarrekin ospatzen genituen», gogoratu du, malenkonia goxoz.

Iritsi zen une bat non ezinezkoa zen etxean jende gehiago hartzea, eta orduan eman zen aldaketa. «Aldundiak papera jasotzeko zerbitzua esleitu zigun, eta orduan aukera ikusi genuen bizitzera ez bazen ere, jendea etor zitekeela soilik gurekin lan egitera. Eta denek, lehenengotik hasita heldu zen azkenera arte, diru kopuru bera jasotzen zuten». Horrek taldea gehiago handitu zuen, eta 70 pertsonak osatzen zuten ordurako Emaus. «Aldundiak finantzen gintuen, eta guk papera eta altzariak jasotzen genituen, berrerabilpenerako. Horrek dirua sortzen zuen».

90eko hamarkadaren hastapenetan, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, lehen gaikako bilketa hasiko zuten, ikastetxe, bulego eta zentro ofizialetatik eratorritako paper eta kartoiak bilduz. Birziklatzea modu ofizialean kontuan hartzen hasi zen garaia zen hura, baina, hala ere, bilketa etxez etxe egiten jarraitu zuen Emausek. Ordurako, Donostiako Antigua auzoan salmenta puntu bat zabalduta zuten, eta Errenteriako etxea Donostiako garai bateko Ubako Andre Mariaren ikastetxera aldatu zuten aterpe baten bila heltzen zirenak modu duinean artatu ahal izateko asmoz. Bertan izan ziren 1986 eta 2006 bitartean.

Merkatuaren hondoratzea

Egitasmoa finkatzen ari zen unean, paperaren prezioaren jaitsiera bortitzak arazo bat sortu zien, jendea laguntzeko baliabideak ere urritu egin baitziren ondorioz. «Alemaniatik papera ekartzea merkeagoa zen bertan bildutakoa birziklatzea baino. Merkatua hondoratu egin zen, eta berekin batera geu. Egun batetik bestera Ubako biltegian inork nahi ez zituen 100 paper tona pilatu zitzaizkigun. Gizarte Segurantzak dena enbargatu zigun, ordaintzerik ez genuelako. Elkartea itxi eta 48 ordutan kooperatiba bat eta programa sozialak garatuko zituen fundazio bat ireki genituen, betiere Aldundiak geuk diseinatzen genituen harrera programa horiek babestuko zituela hitzartuta».

Arlo sozialari erantzuna ematen zion fundazioa eta lan eremuari erantzuna ematen zion kooperatiba sortu ondoren enbargatu zizkieten kamioiak erosi zituzten enkante batean, eta gizarte nahiz ekoizpen arloetan aditua zen jendea jarri zuten lanean: gerente bat, administrariak… «Ordura arte kaleko unibertsitatean ikasitakoarekin aritu ginen», dio irribarrez.

«Barne egituran aldaketa bat eman zen orduan. Gauzak ondo egin nahi genituen, modu profesionalean, lortzen genituen eta egiten genituen gauzak ondo kudeatzeko». Objektuak jaso, sailkatu eta zaharberritu edo errekuperatzeaz gain, sentsibilizazioan lanean jarri ziren, ikasleekin, hiritarrekin, erakusketak eginez, kanpainak antolatuz… «Horren ondotik sortu zen Belartzako egoitzara joateko aukera, 2006an». Gaur egun Arrasaten, Bidasoan eta Donostian dituzte Ekocenter deitutako dendak, bigarren eskuko arropa, altzariak eta liburuak saltzeko.

Erein, lehen denda

Emausen historia hamaika pasarte eta bizipenek osatzen dute, baita anekdotek ere. Beraiek une hartan hala zenik ere ez zekiten arren, 1986ko abenduaren 21 hartan Estatu espainiarreko lehen bidezko merkataritza denda ireki zuten. Erein izena zuen, eta Donostiako Alde Zaharreko Konstituzio plazan zegoen. «Komunitatean bizi ginen garaian izan genuen asmoa. Europako talde batzuekin izandako topaketa batzuetan deskubritu genituen bidezko merkataritza sustatzeko ekimenak, baina hemen oraindik kontzeptu hura erabat ezezaguna zen, sekula ez zen halakorik entzun. Hemen ‘garapenerako laguntzaz’ hitz egiten zen, eta guretzat ikuspegi hori oso asistentziala zen, menpekotasuna sortzen zuela uste genuelako. Nahiago genuen ‘zuk ekoizten duzu, eta nik erosi egiten dizut, eta, gainera, duintasunez bizi zaitezen baldintzak bermatuz’ eredua. Horixe zen gure pentsatzeko eta egiteko modua».

Hala, bidezko merkataritza sustatzeko asmoz, Herbeheretara joan ziren, banatzaile handi bati produktuak erostera. Aldrebeskeriaz betetako itzulera bidaiaren ondoren, eta, denda produktuez hornitu bezperan, lapur batzuek kamioia hustu zieten. «Garai hartako milioi bat pezeta inbertitu genituen, kartoia salduz pixkanaka aurreztutakoarekin –gogoratu du–. Gelditzen zitzaizkigun aurrezki apurrekin Belgikara joan ginen berriro produktuak erostera, baina orduan bai, bueltan zuzenean lokalera joan ginen, apalategiak betetzera».

Gizarteratze programak

Iragandako denborak atzean utzita, gaur egun Emausen muina fundazio soziala dela dio Pradinik, bertan garatzen direlako gizarteratze programak. Era berean, gizarteratze enpresetan aukerak sustatzen dituzte Emauseko programetan parte hartzen duten jendearen artean lan aukerak sortzeko. Azaltzen duenez, gizarteratzean laguntzen duten enpresok hondakin eta ehun-gaien kudeaketaz arduratzen dira, oro har.

Emausera heltzen den jendea Gipuzkoako Aldundiaren eta udaletako zerbitzu sozialetatik bideratuta ailegatzen dira helburua pertsonon gizarteratzea bada. Aitzitik, lan munduan txertatzea bada auzia, Lanbidek bideratzen ditu, irizpide jakin batzuk aintzat hartuta identifikatzen denean pertsona hori baztertuta dagoela edo baztertua izateko arriskuan dagoela. «Kasu batzuetan, programa sozialetako erabiltzaile dena lan programetako erabiltzailea ere bada», azaldu du zuzendari nagusiak.

Gizarteratze programek luzera ezberdina dute. Erresidentzia zentroetan, adibidez, programa integralak garatzen dituzte, eta prozesuek urteak iraun ditzakete. Formakuntza, aisialdi jarduerak, sostengu pertsonala, tailerrak eta abar luze bat egiten dira. «Beren prozesua amaitzen duten neurrian, pertsonoi ahalik eta irteera autonomoena ematen saiatzen gara. Batzuetan erresidentzia uztean tutoretzapeko pisuetara joaten dira eta, denborarekin lana topatzen badute, beren kasa bizitzera joan daitezke hala erabakitzen badute». Beste batzuetan, onartzen du, arazoak kroniko bihurtu dira eta pertsona horiek etengabe laguntza behar dute.

Harrera eta arreta zentro mota asko ditu Emausek, ezberdinak, pertsonak eta egoerak bezala, eta beraiengana heltzen den bakoitzaren egoera aintzat hartzen da nora bideratu erabakitzeko, prozesua arrakastatsua izan dadin. «Honakoa berretsi nahi dut, beti-beti, bizi kalitatea sustatzen duen eredua jarraitzen dugu guk, eta bakoitzari autonomia mailarik handiena emango diona». Eta eransten du ez dituztela programak kristalezko kutxak edo ghettoak bezala planteatzen, irekiak dira, molda daitezkeenak, Emausen ikusten dutena eta egunero bizi dutena «bizitza bera delako».

«Ekoizpen arloan egiten dugunak ez luke zentzurik izango atzean ez balu funtzio sozialik izango. Honetan aritzea erraza da. Esan nahi dut, krisiarekin ugaritu egin dira bigarren eskuko dendak, altzari zaharberrituen salmentak… Zaila, baina, programa sozialak mantentzea da, horrek ezberdintzen gaitu», uste du Pradinik.

Emausen helburua, hala ere, ez da beti jendea lan munduan txertatzea, onartzen baitute hori beti ez dela posible izaten pertsona guztiekin. «Pertsonak gugana heltzen dira lan munduan txertatzeko edo, besterik gabe, bizitzan txertatzeko. Inklusioak ez du ezinbestean lana izatea esan nahi. Elementu garrantzitsua da –onartzen du–, baina ez erabakigarria, ezta bakarra ere. Badira inoiz lan merkatuan sartzeko aukerarik izango ez duten pertsonak. Hori halda da. Eta horiekin ez da ezer egin behar? Kontrakoa. Ikusi egin beharko da zein beste jarduera mota egin daitekeen bazterketa eta horren inguruan gizarteak eraikitzen duen distantzia saihesteko, eta gizarte inklusibo bat lortzeko».

Lan merkatuan sartzeko aukerarik ez duten pertsonei dagokionez, ez du esan nahi ezer egiten ez dakitenik, jakina. «Ezingo du lanik egin gaur egungo ekoizpen tasa edo erritmotik begiratuta, baina gauzak egiten jakin badaki. Erritmoak beste batzuk dira, hori besterik ez. Donostiako Muntoko egoitza ikusi besterik ez dago hala dela frogatzeko», aipatu du adibide gisa.

Oinarrizko eskubideak bermatzea da Emausen helburu nagusi: etxea eta janaria, aisialdia eta kultura, baita harreman sare bat ere. Denok behar dugu konpainia, maitatuak sentitzea, behar gaituztela sumatzea… Finean, sentimenduak, solasaldiak, egunerokotasun bat partekatzea.

Lan merkatuan txertatzeko aukerak dituzten pertsonei dagokionez, horien ezaugarriak ez dira bereziak. Pradinik hala azaltzen du: «Gugana heltzen den jendearen profilak oso normalizatuak dira. Hainbeste, lan elkarrizketa egiten duen eta elkarrizketatua denaren artean dagoen ezberdintasuna bakarra zera dela, hitzordura nor heldu den lehenago». Kontatzen duenez, guraso bakarreko familiak gero eta ugariagoak dira beren artean, bereziki seme-alabak beren zaintzapean dituzten emakumeenak. Horregatik,lana eta familia uztartu ahal izatea ahalbidetzeko, askok 08.00etatik 16.00etara egiten dute lan.

Lanpostuak sortzea beste lehentasunetako bat denez, Emausek ez du boluntarioekin lan egiten, Etorri aholkularitza juridikoa eskaintzen duen abokatu taldea salbu. «Beti izan dugu eztabaida hori. Zerbitzu berezi batzuek profil tekniko bat behar dute, profesional batek egon behar du atzean. Gainera, zer neurriraino ariko ginateke lanpostu gutxiago sortzen boluntarioekin lan egingo bagenu? Gure hautua lana sortzea da, aldi berean jendea lan merkatuan txertatzeko balio duen lana. Gaurko langileak garai batean zerbitzuetako erabiltzaileak izandakoak dira kasu askotan», jarri du adibidetzat.

Etorkizuna, gazteen esku

Hiru hamarkada baino gehiago lanean, munduari eraldaketa ekartzeko, edo mundua aldatzeko, hobea egiteko, justuagoa, abegitsuagoa. Eta nola ikusten ditu Emausek egungo garai nahasiok? Pradinik gazteengan jarri du arreta, beraiek dutelako giltza eta grina. «Zenbat aldiz entzun dugu gazteek ez dutela balorerik? Baieztatuko nuke ez dela egia. Interesatuta daude gertatzen den horretan, kritikoak dira, hausnarketarako gaitasuna dute. Zailtasuna ezinegonak bideratzen asmatzea da».

Jende gazteak «freskotasuna» transmititzen du, gauzak egiteko «modu ezberdinak» dituzte, eta, ezaugarri horiek, Pradiniren ustez, ezinbestekoak dira belaunaldien artean erreleboa eman eta, behar zuenari laguntzeko asmoz, 1980an gazte batzuen eskutik sortu zen proiektuaren biziraupena bermatzeko.

Ekin eta irabazi, atzerapausoen arduradunei aurrea hartzeko

Lau urtetik behin duten hitzordua betez, Emausek mundu mailako biltzarra egin berri du Veneziako Jesolo herrian, Italian. Bertan bat egin zuten 37 herrialdetako 450 parte hartzailek. Bestek beste, talde guztien presidente berria hautatu zuten: Beningo Patrick Atohun. Afrikarrak elkarrekin lan egitera deitu zuen, eta hitza eman zuen «herri guztietako ahotsak» entzungo dituela. Jakintsuen Batzarreko kide berriak ere aukeratu zituzten: Koudbi Koala (Afrika), Luis Tenderini brasildarra (Amerika), Oswald Quintal indiarra (Asia) eta Birgitta Göranson-Iliste (Europa).

Barne antolakuntzarekin zerikusia duten betebeharrez harago, batzarra mamitsua izan dela dio Begoña Cabaleirok, Emauseko Komunikazio arduradunak. Bide orria diseinatu dute, datozen lau urteei begira zein norabidetan ibiliko diren definitu, alegia. Egoerak «okerrera» egin duela ondorioztatu dute, «hori begi bistakoa da», eransten du. «Pertsonekin lan egiten dugu, baina baita egoera jakin batzuk eragiten dituzten arrazoiekin ere. Egungo egoera ikusita, gure helburua politikoki eragitea da, hortik etor daiteke eraldaketa soziala, pobrezia eta ezberdintasunekin amaitzeko. Guk nahiko genuke existituko ez bagina, baina mundua aldatzen ez den bitartean beharrezkoak izango gara», uste du.

Ekonomian ere eragin nahi dute, indarrean den eredua iraultzeko. Batzarrean denen artean adostu zuten testuan finantzen zerbitzura dagoen ekonomia eredua salatzen dute: «Indartsuenaren legean» oinarrituta dagoena, «gizakiak alde batera utzi eta ingurugiroa suntsitzen duena». Emausek solidarioak diren jarduera ekonomikoak garatzen jarraitzea proposatzen du, gizakia eta natura errespetatuz. «Finantza etikoa», dio, hitz gutxitan.

Errefuxiatuen errealitatea ere mintzagai izan zuten goi bilkuran. Pertsonen askatasuna aldarrikatu zuten, joan-etorriak egiteko gizakiak izan beharko lukeen eskubidea.

«Mahai gainean ideia asko jarri dira. Oso aberasgarriak izan ziren egun haiek, baina orain lanean jartzeko unea da, entzun genuen guztia aztertu eta bakoitzak bere eremutik nola eragin dezakegun pentsatu», dio Cabaleirok.

Ekintzak ekintza, Emausek idatziz berretsi zuen pobreziarekin amaitzeko duen konpromisoa. Horretarako «berekoikeria alde batera utzi» eta bat egitera deitu dituzte munduan txirotasunaren aurka lan egiten duten eragileak, adibidez, eztabaida foro bat sortzeko baztertuak diren pertsona guztiekin batera. «Ez da nahikoa egitea, irabazi egin behar dugu, alegia, atzerapausoen arduradun diren indarrei aurrea hartu behar diegu».