Arnaitz Gorriti Barruetabeña
PRIMERAN BAINO HOBE?

Egoera ekonomiko gogorra nozitu arren, eliteko euskal kirolak loraldia bizi du

Bost euskal talde izango dira datorren urtean Lehen Mailan, Alaves eta Osasunak «izarren liga» entzutetsura jauzia ematea lortu ostean. Ez dira, alabaina, aurten arrakasta erdietsi duten euskal talde bakarrak, inoiz baino anitzagoa izan baita «garrantzirik ez duen gauzarik garrantzitsuenak» aurten ekarritako albiste on kopurua.

Larunbata, ekainaren 18a. Gironaren eta Osasunaren arteko partida amaitzear da, nafarrak 0-1 irabazten direla. Euskadi Irratiko kazetari Aritz Gallastegi atzerako kontaketa egiten hasi da. «Hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei...», baina, «zero» esan aurretik, epaile jaunak partida amaitutzat jo du. «Osasuna Lehen Mailako taldea da!», ospatu du Elgetako kazetariak, ohi duen moduan, eztarria eten beharrean. Donostiako estudioetatik, barrezka eta hasperenka, adarra jotzen diote. «Presta gaitezen datorren urterako, euskal talde bakoitzak zortzi derbi izango ditu-eta. Zortzi derbi!». Athletic, Reala eta Eibar gutxi ez balira, Alaves eta Osasuna ere Espainiako Lehen Mailako Ligan izango dira.

Gutxiagogatik abesten zuten Pantxoa eta Peiok «euskaldunek munduan ez dugu parerik», eta, hala, behingoagatik, kirolzale euskaldunak folkloriko jartzeko motiborik izan dezake, mailarik gorenean bost euskal talde ikustea ez baita eguneroko kontua. Ez da egunerokoa, baina ezta berria ere. 1930 eta 1932 bitartean, halaxe tokatu baitzen, bi urtetan segidan. Gaur egun Lehen Mailako taldeen laurdena Euskal Herrikoa izatea gauza handia bada, sasoi hartan, Ligak hamar talde baino ez zeuzkala, are handiagoa izan zen balentria. Hala, 1930-31 sasoian, Athletic Liga txapeldun izan zen; Agustin Sauto Bata eta Guillermo Gorostiza izan ziren Ligako golegile nagusiak, eta, hemezortzi neurketetan 73 gol sartu eta 33 jasota, Real Racing Club Santander eta Donostiako Realarekin zuten berdinketa beren alde jarri zuten zuri-gorriek. Getxoko Arenas, Alaves eta Irungo Real Union ere gorengo kategorian mantendu ziren beste urtebetez.

Hurrengo denboraldian, Espainiako Bigarren Errepublikaren pean jokatu zen lehenengoan, Irungo Union Clubek maila galdu zuen, Alaves eta Donostia Futbol Club taldeekin jaitsiera saihesteko borroka latzaren ostean. Getxoko Arenasek Liga bosgarren postuan amaitu zuen, eta, Athletic, aldiz, bigarren izan zen, Madrilen atzetik.

Beste mundu bat

Historiaurreaz ari gara, egia esan, joan den mendeko 30eko hamarkadari buruz ari bagara. Egungo futbolak, areago, eliteko kirolak, ez du ia antzekotasunik garai hartakotik. Ez bakarrik sortu eta egonkortu diren futbol klub kopuruari dagokionez, baizik eta, profesionaltasunaren bidean, eratu den amaraunari erreparatzen badiogu ere. Bada, duela 80 urtetik gora egindakoak meritua baldin badu, ez da txikiagoa 2016/17 denboraldian bost euskal talde Lehen Mailan ikusi ahal izatea

Esan gabe doa Athletic eta Reala gailendu direla besteen gainetik historian zehar. Harrobi lana hobesten dute bi taldeek eta euskal jokalarien gehiengoa Lezamatik ez bada Zubietatik pasatzen da, Eibar, Alaves edo Osasunari beren lana egiteko zailtasunak sortuz. Esaterako, Athleticek Euskal Herri osoko 175 klubekin ditu hitzarmenak. Realak, berriz, Gipuzkoako 62 klubekin ditu hitzarmenak, eta, horrez gain, bere lurralde historikotik kanpoko beste hamabost talderekin ere baditu akordioak Donostiako taldeak.

Azpiegitura trinkoagoa izateak ez du emaitza hoberik berez ekartzen, baina, noski, bidea errazten du. Athleticek ez zuen finalik jokatu 1985 eta 2009 artean, baina ordutik Kopako hiru final, Europa Ligako beste bat eta Superkopako bi jokatu ditu, baita 2015eko Superkopa irabazi ere. Realak, 2003an Liga eskuratzear egon ostean, Bigarren Mailako «infernua» ezagutu zuen, baina azkenaldian Europako postuetatik hurreago geratu da beheko zulotik baino. Alavesek, Osasunak eta Eibarrek, talde bakoitzak ibilbide ezberdina eraman badu ere, gorabehera handiagoak izan dituzte. Talde armagina aparte lagata, Alaves eta Realak duela gutxi gainditu dituzte hartzekodunen konkurtsoak. Osasunak, berriz, oraintxe kitatu gura du Nafarroako Foru Ogasunarekin duen 10 milioi euroko zorra. Zorionekoa telebista plataformen aldetik datorren dirua, futbola puztu baino puztuago dagoen negozio bihurtu baitu.

Enrique Martin Monreal Osasuna taldeko entrenatzailearen hitzek ondo baino hobeto erakusten dute nafarren izaera. «Talde honen sabaia non den ez dakigu, baina gure errealitatea zera da: Lehen Mailako azken hamarren eta Bigarren Mailako aurreneko zortzien artean dagoela gure lekua. Bideaz gozatuz, iazko jarrera berberari eusten badiogu, ez dugu maila mantentzeko arazorik edukiko». Alavesek beste bide bat jorratu nahi du maila gorenera iritsi den honetan: hamasei jokalari berri fitxatuko ditu, baita Jose Bordalas entrenatzailearen ordezkoa ere. «Talde ausarta izatea nahiko genuke: zer garen ahazteke baino noraino irits gaitezkeen jakiteko gogotsu», Eibartik Gasteiza joan den Sergio Fernandez kirol zuzendari berriaren hitzetan.

“Eibartxarrek”, aldiz, bide arras ezberdina eraman dute; mailaz igotzeko azpiegitura sendotu behar izan zuten kapital handitze baten bidez, “Eibar eredua” sortu eta garatu behar izan dute, Alex Aranzabalen eskutik lehenik eta Amaia Gorostiza buru duen proiektuarekin orain; «zintzotasuna, zuhurtasuna, ahalegina eta ongi egindako lana» ei dira “Eibar ereduaren” ezaugarriak. Hirugarren denboraldia segidan Lehen Mailan beteko duten honetan, jada ez da ezustekoa edo exotikoa Jose Luis Mendilibar zaldibartarrak gidatzen duen taldea onenen artean ikustea

Zerotik Lauko Finalera

Futboleko 42.000 lizentziatik gora zeuden Hego Euskal Herrian 2015ean, Espainiako Futbol Federazioaren arabera. Saskibaloiak 38.000 lizentzia ditu eta ia 15.000 eskubaloiak. Euskal kirola ez da futboletik bakarrik bizi.

Saskibaloian, harrobi politika zehatzik izan gabe edo talde hasiberria izanik, zaila da euskal jokalariak elitean ikustea. Hala, Laboral Kutxa Baskoniak euskal jokalaririk gabe jarraitu du bere bidea –ez baditugu Diop anaiak Senegalen sortutako gasteiztartzat hartu nahi–, Euroligako Lauko Finaleko finalerdietan luzapenean galdu arte, bidean Bartzelona, Real Madril, Panathinaikos edo Khimki aurrekontu handiagoko taldeak atzean utzita. «Taldeak izaera lehiakorra berreskuratu du, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu», nabarmendu zuen denboraldi amaierako agerraldian Josean Kerejeta presidenteak. Baskoniaren harrobia mundua da, eta, Natxo Mendaza kazetari gasteiztarraren ustez, «aurtengo Baskoniak zale mordoa pilatu ditu, ez soilik Gasteizen edo Euskal Herrian, Europan baizik. Lanari esker gorenera irits daitekeela erakutsi du taldeak».

Bilbao Basket eta Gipuzkoa Basket ere elitean daude, donostiarrek kantxan horretarako merezimendurik egin ez duten arren. Desberdina da Bilbao Basketen bidea: Gorka Arrinda akziodun nagusi ohiak pilaturiko zorrek hilzorian izan dute kluba beste behin, baina, azken unean, salbatu egin da. «Kluba bideragarri bihurtu eta Europa mailan oihartzuna sortuko duen taldea eratu nahi dugu», dio Xabier Jon Davalillo klubeko presidenteak. Datorren urterako Javi Salgado Santutxuko antolatzailea berreskura dezake taldeak, Miribillako sabaian egun zintzilikatuta dagoen “14” zenbakia berriz kantxan ikusteko.

Gipuzkoa Basketek, diru arazoei aurre egiteaz gain, hausnarketa sakona ere egin behar du. Duela hamar urteko ilusioa bidean galdu da, eta ez diru faltagatik bakarrik. Kirol zuzendari baten faltak eta ilusioa sortzeko gaitasun faltak jendea ihesean bidali du Illunbetik. Gasteizko Araberrik, aldiz, Urrezko LEB Ligan bere baliabideei esker sartu du burua, elitera iristeko benetako aukerarik gabe, baina lan zintzo eta gogorrari esker oso gora irits litekeela erakutsita.

Historikoak eskubaloian

Pilota, txirrindularitza, igeriketa, arrauna, atletismoa... ia kirol orotan badu Euskal Herriak ordezkaririk elitean. Nekez, ordea, eskubaloian Bidasoa edo Anaitasuna bezalakorik. Tituluek urrun jarraituko dute, baina gora iristeko bidean, bizirautea da lehenengo betebeharra. Anaitasunak Europan jokatuko du bigarren urtez jarraian, eta Bidasoak aspaldiko partez Artaleku bete du Asobal Ligara bidean.

Egoera ez da erraza, eta “Primeran” gaudela esatea friboloa da, baina lanari esker ezinezkoa ere suerta liteke, lantzean behin.

 

Agur eta ohore bide bazterra betetzen dutenei

Arrakasta da kirolaren memoria, Historia garaileekin oheratu beharra duen puta den bezala. Ez da soilik krisi ekonomikoa edo oparotasun sasoian egindako desmasiak; hiltzen laga diren proiektuak ere oroitu behar dira, berriz berdina gerta ez dadin. Realak, Alavesek eta Osasunak estutasun galantak pasa badituzte, futbolean mugitzen den dirutzarekin, zer esango dute gainontzekoek?

Hondarribia-Irun emakumeen saskibaloi taldeak milioi bat eurotik gorako aurrekontua izan zuen 2007an, eta 2013an hondoa jo zuen. Urte hartan bertan Iruñeko UNB Obenasa desagertu zen, Emakumeen Ligako titulurako kanporaketak jokatu zituen urte berean. Valentziako Ros Casaresen kasua are latzagoa da: 2012an Europako txapeldun izan eta bi asteren buruan talde profesionala desegin egin zen. Gizonetan, Bilbao Basket bizpahiru bider egon da jada desagertzear, duela hamar egun azkenekoz.

Eskubaloian, Lizarrako Itxako, 2011n Europako txapeldunorde izatetik 2013an desagertzera pasa zen. Eibarko Arrate, 64 urteko historia eta gero, 2012an desagertu zen, bi milioi euroko zorrek itota. Aurrez, emakumeen eskubaloi taldea ere izan zuen, Arrate-Amaña, babeslerik ez eta desagertu egin zen arte, nahiz eta Europan jokatzeko txartela lortu.

Eliteko kirola zen horixe guztia ere.

 

Euskal kirolak «emakume aurpegia» du

«Kirol femeninoa ez da ez kirola ez femeninoa» dioen diskurtso zaharkituak zutik dirau oraindik askoren buruetan. Eta aurrerapausoak eman badira ere, gizonen kirolarekiko parekidetasuna zientzia fikzioa da oraindik; azken batean, 2012ko EAEko datuen arabera, 163.119 kirol lizentziatik %20 baino ez ziren emakumeenak. Baina Lakuako kirol zuzendari Jon Redondok esana da duela gutxi: «Rioko Olinpiar Jokoetara doazen euskal kirolarien erdia baino gehiago emakumeak dira. Euskal kirolak emakume aurpegia du».

Athleticek, 2007az geroztik aurreneko Liga irabazi ostean, gabarrarekin ospatu ala ez eztabaida sortzea bera ere zerbait mugitzen ari den seinale da. Orain arte ez da eztabaidarik planteatu ere egin. Urrutia presidenteak, besteak beste, jokalariak Gizarte Segurantzan alta emanda daudela edo Liga partida oro streaming bidez ikusi daitekeela erantzun zuen. Bide egokian emandako pausuak izanda ere... zer gutxiago kirolari profesionalentzat? Realak eta Oiartzunek, beren mailan, antzera egitea ez litzateke meritua, logikoa baino.

Bera Bera eskubaloi taldeko Tati Garmendiari malkoek ihes egiten zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Realari eskerrak ematean, bi urtez Txapeldunen Ligari ezetz esan ostean, aurten itzuliko baitira. Zer gutxiago, ordea, Liga, Kopa eta Superkopa irabazi ondoren? Zer gutxiago profesional izateari sekula uko egin ez dion talde batentzat? Bide horretan dago Zuazo Barakaldo ere. Elitean finkatu nahi dute bizkaitarrek, fitxaketa onak –Steinbach– eta harrobia –Ainhoa Hernandez– uztartuz. Aurten Europa bertan izan dute.

Saskibaloian, Gernika Bizkaia oraindik ez da Europara iritsi, baina urratsak ematen ari da. IDK Gipuzkoaren garaipena, berriz, herrialdeko kluben arteko hitzarmena lotzea izan da, harrobiko lanak mailarik gorenean isla izan dezan. Gasteizko Araskik Arabako saskibaloian antzeko lana egin du, baina elitean aritzeko 200.000 bat euroko aurrekontua beharko du; lan txarra aurten maila bat beherago 90.000 eurorekin konpondu bada eta diru laguntza publikoetatik bizi behar badu. Pobreziak ere emakume aurpegia du eliteko kirolean.