Jose Angel Oria
JATORRIZKO HERRIAK

Yaneth Urquiaren hilketak Hondurasko agintarien konplizitatea utzi du agerian

Giza eskubideen aldeko ekintzaile izateagatik, beste hildako bat kolpearen ondorengo Hondurasen; mugarik gabeko diruzalekeriari oztopoak jartzeagatik konpainia handiek «garbitutako» beste ekintzaile bat. Berta Caceresen hilketak eragindako kezka guztiak areagotu egin ditu Lesbia Yaneth Urquiarenak.

Lesbia Yaneth Urquia lenka etniako hondurastarrak 49 urte zituen El Salvadorreko mugatik gertu dagoen Marcalako udal zabortegian hilda aurkitu zutenean. Hiru seme-alaba zituen. Bera da hedabideetan ia lekurik izaten ez duen multinazionalen eta herrien arteko borrokaren azken biktimetako bat; giza eskubideen aldeko ekintzaile izateagatik hildakoa, mugarik gabeko diruzalekeriari oztopoak jartzeagatik garbitutakoa.

Copinh Hondurasko Indigenen Herri Erakundeetako Hiritar Kontseiluko zuzendaritzako kidea aihotzez hil zuten. Buruan zuen zauri hilgarria, ingurukoek kontatu dutenez.

Uztailaren 6an aurkitu zuten gorpua. Etxekoek bezperan ikusi zuten azken aldiz, asteartean. Arratsaldeko bostetan atera zen etxetik, bizikletarekin. Iluntzean etxeratu ez zela-eta, senideak kezkatu egin ziren. Eta falta zenaren bila hasi. Goizean aurkitu zuten.

Berta, Nelson, Lesbia...

Berta Caceres ekintzailearen hilketa ekarri dute gogora makina bat begiralek, Lesbia Yaneth Urquiaren kasua aipatzean. «Berta Caceres erail eta egun batzuetara, Nelson Garci a erail –martxoaren 15ean hil zuten bi ezezagunek–, eta hiru hilabete eta erdira, erail dute Yaneth Urquia –diote Ekologistak Martxan taldeko webgunean–. Bertaren hiltzaileen nortasuna jakinarazi zutenean, horrekin ez zela ezer konpontzen esan genuen, Copinhek adierazi bezala, hiltzaileak baino ez zirelako, erailketaren arduradunak beste batzuk zirelako, boteretsuak, alegia. Oraingoan Lesbia hiltzeko agindua eman duten berberak, hain zuzen».

Gero eta Berta, Lesbia eta Nelson gehiago hiltzen dituzte munduan. Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak argitaratu berri du iaz planeta osoan ingurumenaren aldeko lanean aritzeagatik hildako ekintzaileei buruzko txostena: “Lursail arriskutsua”.

Astean hiru pertsona

Iaz 185 ekintzaile hil zituzten; hau da, astean hiru pertsona baino gehiago. «Industria suntsitzailearen aurrean, beren lurra, basoak eta ibaiak defenditzeagatik hil zituzten», irakur daiteke txostenean.

Egoitzak Washingtonen eta Londresen dituen erakundeak nabarmendu du inoiz erregistratu duten hilketa kopururik handiena dela iazkoa, 2014koa baino %59 handiagoa.

Gainera, egileek uste dute benetan hildako ekintzaileen kopurua handiagoa izango dela, pertsona horiek lan egiten duten lekuetan ez baita normalean kazetaririk izaten, eta hedabide handien jarrera multinazionalek abian jarritako edozein proiekturen aldekoa izaten baita. Beraz, erasoak kasu askotan ezkutuan geratzen dira. «Guk dokumentatu dugun kasu bakoitzeko, salatu gabe geratzen diren beste asko daude», adierazi du Billy Kyte Global Witness erakundeko eledunak. «Gobernuek neurriak hartu beharko lituzkete berehala, indarkeria horri amaiera emateko», erantsi du Kytek.

Hilketen mapa

Ekintzaileen hilketen mapari erreparatzea oso interesgarria da, sailkapenaren lehen postuetan ageri diren herrialde gehienak Latinoamerikakoak baitira, Asiako Filipinak eta Afrikako Kongoko Errepublika Demokratikoarekin batera. Zergatik? Agian, herritarrek multinazionalen proiektuen aurka indar handiena egin duten lekuak direlako? Herrialde horietan abian jarri nahi diren proiektuak beste lekuetakoak baino suntsitzaileagoak direlako? Kasu askotan biztanle kaltetuak jatorrizko herrietako kideak direlako? Iaz hildakoen %45 erakunde indigenetako kideak ziren.

Global Witness erakundeko ikertzaileek egin duten lanaren arabera, lurraren aldeko ekintzaile izateko herrialderik arriskutsuena Brasil da, 50 hilketa erregistratu baitziren bertan 2015ean. Harrigarriagoa da bigarren postuan Filipinak egotea (33 hilketa). Ondoren ageri dira Kolonbia (26 hildako), Peru (12), Nikaragua (12) eta Kongoko Errepublika Demokratikoa (11). Edonola ere, Honduras ere goiko postuetan jartzeko modukoa da, 2010etik 2014ra 101 ekintzaile hil baitzituzten bertan.

Billy Kytek esplikatu du gero eta ohikoagoa dela konpainia batek abian jarri nahi duen jardueraren inguruan bertako komunitateek erabakietan esku hartzeko eskubidea exijitzea. «Hori gertatzen denean, enpresaren segurtasun pribatuaren, Estatuaren indarren eta gorantz doan hiltzaileen industriaren jomugan jartzen dituzte herritarrak», azaldu du adituak.

Amazoniaren gainbehera

Amazonia salbatzeko borroka da adibiderik garbiena. Txostenak esplikatzen du baso-soiltzea edo beste jardueraren bat abian jarri nahi duen konpainiak Administrazioko funtzionarioak erosten dituela –usteltzaile aberatsak «usteldu» egiten ditu–, ondoren «delitugile bandek» lurralde horretako biztanleak izutu ditzaten.

Global Witnessek egin dituen kalkuluen arabera, Brasiletik ateratzen den egurraren %80 inguru legez kontra ateratzen da, eta mundu osoan dagoen legez kanpoko egurraren %25 Latinoamerikako estatu erraldoitik ateratakoa izaten da.

«Egur horren proportzio handi bat, gero Ameriketako Estatu Batuetako, Europako eta Txinako erosleei saltzen zaie, munduak duen deforestazio indize handienetako bat lagunduz», diote egileek. Kyteren iritziz, gu ere konplize gara, neurri batean: «Munduaren beste muturreko kontsumitzaileek hartzen dituzten erabakien fruitu dira, oso urruti dauden meatze herrixketan edo oihanaren bihotzean gertatu eta zigorrik gabe geratzen diren erailketak».

Brasil ez da salbuespena, ordea. Kolonbia eta Nikaraguako jatorrizko herriak aipatzen ditu txostenak, «bertako lurra eta baliabideak indar handiko interes politiko eta enpresarialek arpilatu baitituzte, eta arpilatzen jarraitzen dute».

Orain arte hartu izan diren neurriak ez dira eraginkorrak izan, ekintzaileak babeste aldera. Global Witnessek uste du egoera hori alda dadin interes horiei erreparatu behar zaiela: «Delituak ikertzen direnean, buru korporatibo eta politikoak ere kontuan hartu behar dira, egile guztiak Justiziaren aurrera eraman ahal izateko».

«Berta bezala, urtegi baten eraikuntzaren aurka aritu zen Lesbia –nabarmendu dute Euskal Herriko ekologistek sarean–. Baita 2009ko estatu-kolpearen aurka ere». Gogorarazi dute Marcalan herri-kontsulta bat egin baino lehen hil dutela Urquia ekintzailea. Urtegiari ezetz esan zioten herritarrek, baina agintariek ez entzunarena egingo dute, komeni ez zaien zerbait esaten zaien bakoitzean egiten duten moduan.

Feminizidio politikoa

Lesbia Yaneth Urquiaren eta Berta Caceresen kasuan beste faktore bat nabarmendu dute begiraleek: emakumeak zirela. Horregatik diote «feminizidio politiko» deitu behar zaiola bi ekintzaile horiei, eta beste askori, egindakoari. «Sistema patriarkal, arrazista eta kapitalista baten aurka, lurra defenditzen duten emakumeen ahotsa isilarazteko egindako feminizidio politikoa», Claudia Korol Argentinako feminista beteranoak “Pagina 12” egunkarian idatzi duenez.

Ustezko garapenaren izenean proiektu suntsitzaileak abian jarri nahi dituztenek argudio berberak erabiltzen dituzte bazter guztietan, Latinoamerikan zein Euskal Herrian. Horien zerbitzura dauden hedabideek «atzera egitearekin» lotuko dute lurraren defentsa. Korolek egin duen irakurketaren arabera, ekintzaileak kriminalizatzea sistematikoki egiten da gaur egun, eta Latinoamerikako kasu askotan emakumeen aurka era krudelagoan aritzen dira, «lurrarekin, urarekin eta airearekin itun berezi bat baitute. 1970eko hamarkadako diktaduren garaian desagerrarazitakoan bizitza defenditzera atera ziren moduan, XXI. mendeko diktadura instituzionalizatuetan emakumeak dira, batez ere jatorrizko herrietakoak, bizitza zaindariaren rola hartu dutenak. Emakume ikusezinak dira, eroak, sorginak, kapitalismo patriarkal eta kolonialak baztertzeko modukotzat hartzen dituenak».

Konpainia handiek kikilduta nahi dituzten emakume horietako baten lana saritu berri du Dublinen Mary Robinson-Climate Justice Fundazioak. Lenka etniako Ana Mirian Romerori eman zioten ekainaren 10ean Front Line Defenders saria. Berak ere proiektu hidroelektriko bati aurre egin zion, eta orain larri bizi da. Baita etxekoak ere.

Itxura egiteko hiru atxilotu, eta aginduak eman dituztenak, kalean eta lasai asko

Lesbia Yaneth Urquiaren hilketarekin zerikusia zutelakoan, hiru lagun atxilotu ditu Hondurasko Poliziak, baina hildakoaren ingurukoek uste dute agintariek ez dutela gertatutakoa benetan argitzeko borondaterik eta homizidioaren azken arduradunak epaiketarik eta zigorrik gabe utzi nahi dituztela.

Jorge Galindo ATIC Ikerketa Kriminalerako Agentzia Teknikoko eledunak jakinarazi du hiru lagun atxilotu dituztela Urquiaren hilketarekin zerikusia dutelakoan: Manuel Orlando Lopez Ortiz, Jose Adan Rivera eta azken horren anaia gaztea. ATICeko ikertzaileek uste dute Lopez Ortiz izan zela egile intelektuala, baina erantsi dute azkenean epaileek erabaki beharko dutela delituaren arrazoiak zeintzuk izan ziren.

Copinh Hondurasko Indigenen Herri Erakundeetako Hiritar Kontseiluko kideak ez zituzten batere lasaitu eledunaren esplikazioek. Urquiaren heriotzaren berri izan bezain pronto, gogorarazi zuten Urquia Chinacla ibaian abian jarri nahi duten proiektu hidroelektriko baten aurka lanean ari den talde bateko kide zela.

Lesbia Yaneth Urquia hilabete batzuetako epean eraildako Copinh kontseiluko hirugarren kidea denez, munduko hainbat tokitan salatu zen erasoa. Gainera, kasua larriagotzen du Berta Caceres ekintzailearen hilketaren inguruan zer gertatu den ikusteak: bost lagun dauzkate atxilotuta, eta horietako bat Desarrollos Electricos konpainiako langile bat da. Caceresek berak salatu zuen aipatu konpainia, mehatxuak zirela-eta. Baina enpresako goi kargudunei ez diete ezer leporatzen ikertzaile ofizialek, ekintzailea hiltzea langile horiek beraiek erabaki izan balute bezala.

Bertsio ofiziala baino askoz ere argigarriagoak dira Copinhek emandako datuak. Gogorarazten dute 2009ko estatu kolpearen aurkako protesten garaian egin zuela bat Copinhekin Urquiak, eta geroztik herri indigenen eta naturaren defentsan saiatu zela, San Jose udalerrian abian jarri nahi zuten Aurora I proiektu hidroelektrikoak eragingo zituen kalte larriak direla-eta. «Proiektu horrek lotura zuzena du Gladys Aurora Lopez Kongresu Nazionaleko presidenteorde eta Alderdi Nazionaleko presidentearekin», nabarmendu dute.

«Erailketa hau Berta Caceres hil zutenetik lau hilabetera gertatu da eta egiaztatzen digu naturaren ondare komuna defenditzen dugun lagunak desagerrarazteko plana abian jarri dutela», dio Copinhek.

Gainera, plazaratutako agiriak erasoaren erantzukizuna leporatzen die Juan Orlando Hernandez Hondurasko presidenteari, indar militarrei zein polizialei «eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak babestu beharko lituzketen Gobernuko instituzio guztiei». Eransten du Gladys Aurora Lopez eta Arnold Castro senarra ere ikertu beharko lituzketela, etengabe eragin dituzten gatazka eta mehatxuak direla-eta.

Maxima Acuña, azken Nobel berdea: «Nire ura kutsatu ez dezaten besterik ez dut nahi»

Maxima Acuña Peruko ekintzaileari Goldman saria, «Nobel Berdea» ere esaten zaiona, eman zioten apirilaren 18an AEBetako San Frantzisko hirian. Yanacocha izeneko meatze partzuergoari aurre egin zioten herritarretako bat izan zen 49 urteko emakumea, eta lan hari esker Peruko iparraldeko zenbait arro eta sekulako bioaniztasuna duen eremu bat salbatu ziren. «Urrerik gabe bizi egiten gara; urik gabe hil egingo gara», zioten herritarrek proiektuaren aurka egindako mobilizazioetan. «Nire ura kutsatu ez dezaten, nire lursailean lasai bizitzen utz diezadaten, besterik ez dut nahi», esan zien sarituak kazetariei Nobel Berdea jasotzean.

Aurreko urteko Nobel Berdea Berta Caceres Hondurasko ekintzaileari eman zioten, baina sariak ez zuen lortu haren segurtasuna bermatzea eta azkenean hil egin zuten. Lurrikara eragin zuen hilketak eta Euskal Herrian egindako mobilizazioetan ere salatu zen.

Caceresen eta Acuñaren kasuak lotu dituzte begiraleek, tankerako lana egiteagatik saritu baitzituzten. Gainera, Peruko emakumearen kasuan, Honduraskoarekin gertatu moduan, Goldman sariak ez dio segurtasunik bermatu eta proiektu suntsitzaileen atzean dauden konpainiek lurraren zaindariari erasotzen eta mehatxu egiten jarraitu dute.

Esaterako, orain bi aste Yanacocha konpainiako (Peruko Buenaventura enpresak eta AEBetako Newmont multinazionalak sortu zuten) langileak acuñatarren lursailera sartu eta harrapatu zuten guztia suntsitu zuten, bertakoak kikildu nahian. Daniel Chaupe Maxima Acuñaren semea etxean zen erasotzaileak etorri zirenean. Bertatik alde egiteko agindu zioten, eta ereindako guztia txikitu ondoren, marra zuri bat margotu zuten lursailaren erdian.

Familiaren aurkako erasoa Cajamarcako epaile batek Yanacocha konpainiaren aldeko erabaki bat hartu ondoren gertatu da. Meatze proiektuaren aurkakoek adierazi dute erabakia ez dela zuzena izan eta Maxima Acuñaren abokatuak jakinarazi du errekurtso bat aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean, epaileak hartutako erabakia atzera bota dezan.

Maxima Acuña nekazaria analfabetoa den arren, konpainia handiei aurre egiteko sekulako gaitasuna erakutsi du. 2010ean hasi zen metro eta erdira iristen ez den indigenaren borroka. Garai hartan, hiru hilabete egin zituen bere etxetik zortzi ordura zegoen etxola batean, infekzio bat sendatzeko. Osatu zenean, Tragadero Grandeko (4.000 metroko garaieran dago) familiaren lursailera iristean, zerbait aldatuta zegoela konturatu zen. Ordura arte harrizko bide estua zena errepide itxurako bide zabal eta laua bihurtuta zegoen. Osabak jakinarazi zion meatze konpainia bateko langileek egin zutela bide berria, berdingailu batekin.

Haserretu egin zen emakumea, berari ez baitzion inork baimenik eskatu bere lursailean horrelako lanak egiteko. Cajamarca hiriburura joan zen Acuña, bertan Yanacochak zuen bulegora. Baina konpainiaren instalazioetan aurkitu zuen ingeniariak esan zion lursail hori ez zela acuñatarrena, konpainiarena baizik. Eta 1994an eremu hori erosi zuela azaltzen zuen dokumentuak ez zuela ezertarako balio.

Partzuegoak erakutsi zizkion paperen arabera, Maxima Acuña, Jaime Chaupe senarra eta seme-alabak bizi diren lursaila 1996an erosi zioten Sorochuco komunitateari, Conga proiektua aurrera ateratzeko. 48.000 milioi dolarreko aurrekontua, 19 urte urrea ateratzen eta 10.000 langile inguru, proiektuaren bultzatzaileen arabera. Yanacochak berak onartzen zuen lau urmael lehortuko zituela jarduerarekin hasi ahal izateko. Hori bai, urmael horietako ura erabiltzen zuten 40.000 herritarrek ez lukete arazorik izango, konpainiaren arabera, lau depositu handi eraikiko baitzituen.

Proiektuaren gaineko eztabaida 2008an hasita zegoen. Orduan aurkeztu zuten ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa eta herritar batek baino gehiagok aurkako jarrera azaldu zuen. 2012an eskualde mailako mobilizazio bat egin zen meatze proiektuaren aurka. Polizia eta Armada agertu ziren manifestariak egurtzera: bost hildako. Giroa nola gaiztotu zen ikusita, Yanacochak iragarri zuen proiektua bertan behera uzten zuela 2012ko azaroaren 29an.

Baina 2014an, acuñatarrak beren lursailetik bidaltzeko ahalegin guztiek porrot egin ondoren, Yanacochak epaileengana jo zuen, familiari «usurpazio larriagotua» leporatzeko.

Indigenek dagoeneko bi epaiketa galdu dituzte Celendingo auzitegian. Hiru urteko kartzela-zigorra eta 2.000 dolarreko isuna pagatzera zigortu zituzten. Baina Cajamarcako Auzitegi Nagusira joan ziren eta epaileek arrazoia eman zieten, nazioartean kasua salatu ondoren.