Pablo L. Orosa
KANBODIA

Adingabeak erabiltzen dituzte umezurtz faltsu moduan turisten dohaintzak biltzeko

Kanbodian turismoaren inguruan mugitzen den sektoreko (hotelak, jatetxeak, gidariak, establezimenduak…) hainbat eragilek atzerriko bidaiari ugariren borondate ona baliatzen dute negozioa egiteko. «Negozio zikina», umezurtzak erabiltzen baitituzte bihotz oneko turistei iruzur egiteko. Ezberdintasun ekonomikoek eragindako fenomenoa da.

Lighthouse Orphanage? Lehen turista asko eramaten nituen haraino, baina orain ez dut horrelakorik egiten. Iruzur hutsa zela jakin nuenetik ez ditut turistak bertara eraman nahi», esan digu Pho izeneko gidariak.

Metro batzuk aurrerago, ordea, Phnom Penh Kanbodiako hiriburuko erdiguneko Independentziaren monumentuaren inguruan eguerdian itzaletan dauden eremu gutxi horietako batean, tuk-tuk (hiru gurpil, bat aurrean eta bi atzean, dituen ibilgailua) bat gidatzen duen beste gazte batek ez du horrenbesteko eskrupulurik.

Kanbodiako hiriburuak duen eskaintza turistikoaren zati garrantzitsu bihurtu dira umezurtzak. Turismoaren inguruan mugitzen den sektoreak (hotelak, jatetxeak, gidariak, establezimenduak…) Mendebaldeko bidaiari askoren borondate ona baliatzen du negozio egiteko: turista batek baino gehiagok bere dohaintzak egin nahi ditu bisita egitean, edo zurtzak hartzen dituzten zentroetan boluntario moduan lan egin.

Negozio zikina

«Oso negozio zikina da», Phoren arabera. Turistak erakartzeko amarru bihurtu dituzte adingabeak. Dolar batzuen truke irri tristea eskaintzen dutenak armada dira, nahiz eta horrela erabiltzen dituzten ustezko lau zurtzetako hiru ez diren egiatan umezurtz.

Goizeko hamaikak dira. Rashek ile lisoa du, beltza, kopeta-ilea eskuin aldera duela. Eskuarekin agurtzen du bisitaria. Ezpain lodiak ditu, irribarreari indar gehiago emateko. «Oraintxe iritsi naiz eskolatik», adierazi digu. Goizegi da eskolako lanak bukatuta edukitzeko, baina inguruan ez dugu inor gazteak esandakoa egia ote den ala ez baieztatzeko. 20 urterekin, bera da Lighthouse umezurtz-etxean bizi diren hogeiren bat mutiletako zaharrena. Phnom Penh hiriburuaren kanpoaldean dago zentroa.

Kanbodiako hiriburuan herritar guztiek ezagutzen dute Lighthouse. Hiriko kafetegi eta hotel askotan banatzen dute “Orphanage Tours” izeneko ekimenari buruzko propaganda: Phnom Penheko hospizio garrantzitsuenetara eramango zaituen ibilaldia. Bost zentro arratsalde bakar batean bisitatzeko aukera, 20 dolar ordainduz gero.

Bidaia hastean, tuk-tuk trizikloak gidatzen dituztenek turistei aditzera ematen diete arroz zaku bat, freskagarriak edo beste edozein elikagai erostea interesgarria dela, «umeei laguntzeko». Iruzur hutsa hori ere. Kasu gehienetan, turistak erositakoa ez zaie umezurtzei iritsiko, berehala establezimendura itzuliko baitituzte produktu guztiak. Normalean, dendaria, umezurtz-etxea eta gidaria bat eginda daude, bidaiariarekin negozioa egiteko.

Erregistratutako etxeak

2005az geroztik, Kanbodiara iristen den nazioarteko turismoak sekulako hazkundea izan zuenetik alegia (%250eko hazkundea aipatzen dute adituek), herrialdeko hospizio kopuruak ere gora egin du: %75 zehazki.

Gaur egun erregistratutako 225 umezurtz-etxe daude herrialdean, eta horiei ezkutuan lan egiten dutenak (erregistratu gabe) erantsiz gero, zenbakia izugarri igotzen da.

Zentro horietako arduradunek herrialdeko nekazaritza eremurik pobreenak bisitatzen dituzte egunero, beraien irri tristekoen armadarako kide berrien bila.

Adingabeko hautagaiaren etxekoei esaten diete umeari baldintzarik onenak eskainiko dizkiotela hiriburuan: etxe duin bat, nahikoa janari eta hezkuntza egokia. Hiru herritarretik bik eguna pasatzeko bi dolar edo gutxiago baino ez dituen herrialdean (hamar milioi biztanle daude egoera horretan, hamabost milioi biztanleko Kanbodian), oso zaila da horrelako eskaintza bati ezezkoa ematea.

Baina behin hiriburura iristean, beren herrian agindutakoak Phnom Pehnen benetan zain dutenarekin zerikusirik ez duela konturatzen dira umeak. Instalazio zaharkituetan bizi behar izaten dute, janaria ez da inoiz nahikoa izaten eta irakasle lanak egiten atzerritik iritsitako gazte boluntarioak aritzen dira, aste gutxi batzuetara beren herrietara itzultzen direnak.

Azken urteotan Gobernuak tankerako umezurtz-etxe ugari itxi ditu, adingabeei arreta egokirik ez eskaintzeagatik. Handik egun gutxi batzuetara, ordea, izena eta kokalekua aldatu eta zentroak berriz lanean jartzen dituzte.

Hodeiek momentu batez eguzkia estali badute ere, Lighthouse umezurtz-etxeko haurrak zuhaitzen itzalpean dira. Jolastoki nagusiko eserleku guztiak beteta dauzkate.

Ondokoak baino zaharragoa den neska batek sekulako esplikazioak ematen dizkie besteei, eta gazteenek arreta handiz entzuten dute hark esandakoa. Mutilak, berriz, baloi batekin jolasten ari dira hondarrezko eremu batean, kartoi puskak, plastikozko botilak eta kolore ugariko fruta hondakinak nagusi diren patioan.

Rash da anfitrioia. Kotoizko barruko kamiseta zuri bat, praka beltzak eta berehala hautsez betetzen zaizkion sandaliak jantzita dago gaur. Ondo egiten du ingelesez, Lighthouse etxean dozenaka turistekin hizketan ordu asko pasa eta gero ikasi baitzuen.

Unicef Nazio Batuen agentziak eta Kanbodiako Gai Sozialetarako Ministerioak egindako txosten baten arabera, tankerako zentroetan adingabeek esku hartzen dute instalazioei eta beren zaintzari eusteko diru bilketan: turistek argazkiak egin ditzaten posatzen dute kameren aurrean, gidari lanak egiten dituzte atzerritarrentzat eta apsara Kanbodiako erritmo tradizionala dantzatzen dute. Iluntzean, umezurtz horietako batzuk erdiguneko Riversidera bidaltzen dituzte bidaiarien mahaien artean eskean ibil daitezen, turista ugari elkartzen baita bertan Mekong ibaiaren brisa hezeaz gozatuz garagardo hotza edateko. «7 urte besterik ez dituzten haurrek Pub Street zeharkatzen dute gaueko hamarretan karteltxo bat eskuetan dutela: ‘Mesedez, lagundu’. Propaganda banatzen dute eta instrumentuak jotzen dituzte. Taberna guztietatik pasatzen dira eta kasu askotan mozkor-mozkor egindako atzerritarrek hamar edo hogei dolarreko billeteak ematen dizkiete», esan zien Unicefeko ikerlariei fenomenoa ezaguna zuen herritar batek.

«Hemendik, hemendik», esaten digu Rashek. Umezurtz-etxea osatzen duten blokeetako batera eramaten gaitu. Jangelak dira. Solairu bakarreko eraikin txikiak dira, patio nagusiaren inguruan kokatuta daude eta horietako batean jende asko ikusten dugu. Egurrezko atea zabalik, janaria banatzen ari diren bi gazte ikusten ditugu. Beste batek plater zikinak jaso ditu. Kanpoaldean, leihoaren kontra jarrita, ume batek hatzak erabiltzen ditu lagunari keinu bat egiteko. Besteak arroz zuria darama jarleku batera. Bien artean hustuko dute platera.

Logelak metro batzuk gorago daude. «Neskenak aurrean daude, han», zehazten du Rashek. Gazteak hospizioko ohituren berri ematen digu. Dena araututa dute: noiz ikasi, noiz jan, zertan jolastu, musika eta ingelesezko eskolak… «Orain bukatu egin dira ikastaroak, dohaintzarik ez baitugu jaso», onartu digu anfitrioiak. Izan ere, zentroa gainbeheran dago. Bere izen ona pikutara joan zen negozio hutsa dela zabaldu zenean, umeak behar bezala ez dituztela zaintzen jakin zen eta berria bidaiarien foro gehienetara iritsi zen. Bidaiarien bisita liburuak dohaintza bakarra erregistratu du azken astean. Alemaniako neska batek 25 dolar utzi zituen. «Gaur egun 60ren bat lagun gara hemen, baina une honetan ikastetxean daude gehienak», esplikatu digu Rashek. Zentroan bertan ez dago zeregin handirik. Informatika gela itxita dago. Musikakoan, berriz, hautsak aspaldi estali zituen leihotik ikusten diren instrumentuak. Otordua amaitzean, adingabe batzuk berriz baloiarekin hasi dira. Atzeko patioan dagoen baratzeko freskuraren bila doaz beste asko.

Beste eredu bat

Handik kilometro batzuetara bestelako eredu bat aurkitu dugu. Zurtzentzako Emirerrien etxean bizimodu errazagoa dutela kontatu digu Ramsey 14 urteko umeak: «Guk ez dugu ezer ordaintzen, gastu guztiak komunitateak pagatzen ditu». 70en bat adingabe bizi diren zentroa kolektibo musulman batek finantzatzen du. «Gaur zaharrenak ez dira hemen, erdigunera joan baitira», esan digu. Instalaziootan badirudi gazteak ondo zaintzen dituztela, behar dituzten gauza eta arreta guztiak dituztela. Hospizioa sare publikoan sartuta dago eta inguruko ikastetxe batera joaten dira umeak. Garai batean zuriak izan ziren hormak garbi daude, nahiz eta ordena handirik ez dagoen. Hemen ez dago dohaintza erregistrorik. Ezta oroitzapenezko kamisetarik ere. Hemen umezurtzak baino ez daude. Dolar batzuen truke beren irribarrea eman beharrik ez duten horietakoak.

Pederasten biktima

Datu ofizialen arabera, Kanbodiak 550.000 zurtz ditu, haur guztien %8,8. Gehienak ez dira benetako zurtzak, gurasoetako bat gutxienez bizirik baitute. Etxe askotan, seme-alabak aurrera ateratzeko gauza ez direnez, harrera zentroen esku uztea erabakitzen dute. Edo iruzur egin beste helbururik ez duten bitartekarien esku. Legearen aurkako eremuetan aritzen diren erakundeen esku amaitzen dute askok. Pederasten harrapakin bihurtzen dira. Zentroen eta agintarien axolagabekeria lagun, sexu-harremanak haurrekin izan nahi dituzten gizonezkoen biktima. Unicefek salatu duenez, «harrera zentroetan bizi diren haurrek besteek baino aukera gehiago dituzte abusuen biktima bihurtzeko».

2011n, Nick Griffin britainiarrari bi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Siem Reap hiri turistikoan eraiki zuen hospizioko adingabeak bortxatzeagatik zigortu zuten. Sei urte lehenago iritsi zen Kanbodiara, garapen proiektu batzuk abian jartzera. Urte berean, pedofiliaren aurkako gobernuz kanpoko erakunde bateko zuzendari ohi bat hiriburuko zentro batean umeak bortxatzeagatik atxilotu zuten.