Amagoia Mujika Telleria
EMAKUMEA ETA ERREPRESIOA

Gerraren atzeguardian, borreroaren aurpegi latzenak ikusi ditu emakumeak

1936ko gerran fronteko bigarren lerrora bidali zuten emakumea, atzeguardiara. Bigarren lerroko sufrimendua, baina, ez zen bigarren mailakoa izan, errepresio politikoak aurpegi propioak baititu emakumearentzat; bortxaketak, miseria, zaintzaren karga, isilpeko dolua, ahots politikoa ukatzea... Lehen lerrora ekarri beharreko kontakizuna.

Lau hanketan jarrarazi ninduten eta inguratu egin ninduten. Ipurtzuloan gel moduko likido hotz bat eman zidaten, euretako baten zakila ukitzera behartu ninduten bitartean. Iraindu eta mehatxatu egin ninduten, bortxaz».

«Ondoko ziegan nire neskalaguna zegoela esan zidaten eta nire erruz hark jasango zituela bortxaketak».

«Juana Josefa Goñi eta haren sei seme-alaben gorpuzkinak aurkitzeko lanak bukatu ditu Aranzadik Gaztelun. Emakumea eta desberdina zen. Sorginkeria ere leporatzen zioten. Gerra zibilaren testuingurua baliatu zuten leize hartara botatzeko bere seme-alabekin».

«Maravillas Lamberto Yoldi, 14 urteko larragarra, bere aitarekin batera eraman zuten falangistek. Berak eskatu zien eramateko, aitarekin joan nahi zuela. Aita fusilatu egin zuten. Maravillas bortizki behin eta berriro bortxatu eta akabatu egin zuten, eta zakurrei eman jateko».

«Alargun, militante, gudari, iheslari, alaba, emakume. Zer dago horren guztiaren atzean? Zer berezitasun du emakumeenganako bortxak eta errepresio politikoak?».

Pasarte eta galdera horiek mahai gainean jarrita abiatu zuen Jon Maiak “1936-2016, emakumeengan izandako errepresioaren berezitasunak” izenburudun hitzaldia, joan den astean Azpeitian izandako UEUren jardunaldien baitan. “Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea” jardunaldiek gerra eta bakea ertz desberdinetatik begiratu dituzte, tartean errepresioak emakumea nola zapaldu duen jasotzen duen begirada gordina.

Lourdes Herrasti Geografia eta Historian lizentziatua da, Aranzadi zientzia elkarteko ikertzailea eta ostearkeologian espezializatua. Kontatzen ez den historiaren kontaketa egin zuen, urte asko baitaramatza lur azpitik berreskuratutako hezurrek kontatzen dutena ikertzen. Apaldutako ahotsen hezurrak dira, indarrez isilaraziak. Eta emakumeen kasuan, are zapalduagoak. Ez baita askotan kontatzen gerran bigarren lerroan dagoenak egiten duena eta sufritzen duena. Emakumea, nagusiki, bigarren lerrora apartatua izan da gerran, baina bere sufrimendua lehen lerrokoa izan da. Latza.

Errepublikak emakume aurpegia izan zuen. Errepublikak aldarrikatu zuen, lehen aldiz, emakumeen bozkatzeko eskubidea eta sexuen arteko bereizketa zalantzan jartzen hasi zen. Garai hartan analfabetismo handia zegoen, nabarmenagoa emakumeen artean, baina ordura arte emakumeak izandako tokia eta egitekoa zeozer mugitzen hasi zen.

Politikan parte hartzen hastea

Emakumea beti zegoen bigarren lerroan; beti zen norbaiten alaba, norbaiten emaztea edo norbaiten ama eta ezin zituen erabaki propioak hartu. Aitaren mende, senarraren mende edota, alargun geratuz gero, semearen mende zegoen. Baina Bigarren Errepublikan emakumeak politikan sartzen hasi ziren, ezkerretik zein eskuinetik. Clara Campoamor, Victoria Kent eta Margarita Nelken izan ziren Estatu espainolean politikaren lehen lerrora iritsitako lehen emakumeak.

1931ko Errepublika iritsi zenean, emakumeek hautetsi izateko aukera zuten, baina ez botoa emateko. Bi urte geroago, Autonomia Estatutuari buruzko erreferendumean, lehenengo aldiz botatu zuten 23 urtetik gorako euskal emakumeek. Geroago etorri ziren hauteskunde orokorrak.

«Garaiko gizartea oso erlijiosoa zen, Elizarekiko mendekotasun handia zegoen eta emakumeen kasuan nabarmenagoa zen pisu eta zapalketa hori. Horregatik segur aski emaitzek eskuinerantz egin zuten, garaiko emakumeak kontserbadoreagoak zirela esaten baita», nabarmendu zuen Aranzadiko ikertzaileak.

1936an, berriz botoa emateko garaia iritsi zenean, foku guztiak emakumearengan jarri ziren. Boto-emailea zen eta kanpaina guztien erdigunean jarri zuten, hauteskundeen balantzak alde batera edo bestera egitea, neurri handi batean, emakumeen botoetan baitzegoen.

Politikaren lehen lerro horretatik aparte, emakumeak mugitzen eta antolatzen hasiak ziren jada. AMA elkarteak sortu ziren –Agrupacion de Mujeres Antifascistas– eta horietan lan handia egin zen. Euskal Herrian, Emakume Abertzaleen Batza ere lanean ari zen, EAJren inguruan.

Parte hartze politikoak, baina, bazuen bere kostua. Horren adibideetako bat da Evarista Sasianbarrenarena. Emakume Abertzale Batzaren idazkaria zen Amasa-Villabonan. Alkateak Espainiako bandera zintzilikario gisa jartzea agindu zuen eta Sasianbarrenak uko egin zion aginduari. Atxilotua eta zigortua izan zen, «individua roja separatista» omen zelako. Eta zigor modura espainiar bandera eskuetan zuela herriko kaleetan barna ibilarazi zuten bueltaka.

Eskuin aldeko alderdietan ere baziren emakumeak. Margarita izeneko talde karlistak kasu. Eta falangistak ere baziren.

Lehen lerrotik apartatuak

1936ko uztailean gerra lehertu egin zen, gizartea erdibitu eta sufrimendua bazterretan zabaldu. Faxisten kontrako mobilizazioak izan ziren han eta hemen eta emakumeek zein gizonek parte hartu zuten horietan. «Zenbait argazkitan garbi ikusten dira emakumeak, buzoa jantzita eta fusila eskuan hartuta, manifestazioetan parte hartzen. Baina garbi esan behar dugu emakumeak frontearen lehen lerrotik erretiratzera behartu zituztela. Zergatik? Ba, nonbait, soldaduak ‘distraitu’ egiten zituztelako. Oso esanguratsua da hori, garbi adierazten duelako garaiko gizartean nola ikusten zen emakumea, zein irudi zegoen bere inguruan», esan du Lourdes Herrastik.

Emakumeen kontrako erasoak gerrako arma estrategiko izan dira aspaldidanik eta hala izaten segitzen dute. Horren adibide garbia dira Herrastik bere hitzaldian gogora ekarritako hitzok. Queipo de Llano jeneral faxistak 1936ko uztailean Radio Sevillan ondorengoa esan zuen: «Nuestros valientes legionarios y regulares han enseñado a los rojos lo que es ser hombre. De paso también a las mujeres de los rojos que ahora, por fin, han conocido hombre de verdad y no castrados milicianos. Dar patadas y berrear no las salvará».

Emakumea «distraitzeko» eta «entretenitzeko» objektu bezala ikusia zen. Eta gerrak prostituzioa zabaldu zuen bazterretan. Eta prostituzioarekin batera, sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunak. Soldadu asko kutsatu ziren eta emakumeak «etsaiaren balak baino arriskutsuagoak» zirela ohartarazten zuten kartel gordinak jarri zituzten kaleetan.

Aipatu bezala, emakumeak fronteko lehen lerrotik apartatu zituzten eta atzeguardiako lanak egin behar izan zituzten. «Atzeguardian erizain lanetan lan izugarria egin zuten emakumeek, zaurituak artatuz. Alde batekoak zein bestekoak aritu ziren lan horietan. Soldaduen hornikuntzaz ere arduratzen ziren. Bada argazki oso polita, Lasarte-Orian ateratakoa. Soldaduz inguratutako emakume bat ikusten da bertan, tortilla bat eskuetan hartuta. Atzeko lan hori guztia emakumeek egin zuten», esan du historialariak.

Gerran atzeguardiako lana gutxi ez eta etxe bueltan soldadu joandako gizonek egin ezin zituzten lanak ere beren gain hartu behar izan zituzten emakumeek. Gerra uztailean lehertu zen, juxtu uzta biltzeko garaian. Eta bai edo bai uzta jaso beharra zegoen, urte guztiko lana alferrik gal ez zedin. Uzta jasotzen, arrantzan, garbitzen, soldaduen jantziak josten, soldaduei jaten ematen, seme-alaben zaintzan, miseria kudeatzen... Frontearen bigarren lerroan egiteko asko zegoen, ikusten eta baloratzen ez ziren egitekoak gainera.

Doluaren karga, isilpean

Gerra garaian, emakumeen bazuten beste karga bat: dolua. Gizonezkoei, fusilatu aurretik, eskutitz bat idazteko aukera eskaintzen zieten eta eskutitz hori normalean emakume bati zuzendua egoten zen, amari edo emazteari. «Madre, hoy me van a fusilar»; «Querida esposa, hoy me van a fusilar», hasten ziren horietako asko. Oso agur hunkigarriak izaten ziren. Eta heriotza bortitz horien karga, dolu latz horren karga, emakumeak eramaten zuen gainean, isilpean gainera. «Dolua, isiltasuna, sufrimendua, familia aurrera eraman beharra, miseria gorria... Gizonak eramaten zituzten erailtzera, baina emakumeen sufrimendua latza eta isila zen».

Zeharkako erasoak ez ezik, emakumeen kontrako eraso zuzenak ere asko izan ziren. Herri askotan, esaterako, ilea larru arras moztu zieten emakumeei. Gerora, gainera, Estatu espainolean sortutako ohitura bortitz hori Europan barna zabaldu zen, Auschwitz bertaraino.

«Herri askotan moztu zieten ilea emakumeei, baina apenas dagoen argazkirik. Esanguratsuena eta ezagunena Oropesan (Toledo) ateratako bat da. Lau emakume agertzen dira bertan, ilea moztuta. Argazki hori gugana iritsi da argazkilari ingeles batek atera zuelako. Segur aski beste inori ez zioten utziko argazkia ateratzen, oso umiliagarria zelako, baina, atzerritarra zenez, argazkia ateratzen utzi zioten», azaldu du Herrastik.

Bortxaketaren arrasto lausoa

Bortxaketa, zalantzarik gabe, gerrako arma izan da beti. Eta bortxaketa asko eta asko gertatu zirela jakin arren, zaila da horien testigantzak eta arrastoak biltzea. «Emakume asko atxilotu eta bortxatu zituzten. Ez bakarrik emakume horien kontra egiteko, baita zeharka gizonen kontra eta komunitatearen kontra egiteko ere».

Bortxaketen inguruko testigantza gutxi daude. Sufrimenduaren ikono bihurtu den Larragako Maravillas Lamberto Yoldi 14 urteko neskatoaren kasua da ezagunenetakoa. Aitaren bila etorri ziren, baina Maravillas ez zen fio aitarekin zer egingo zuten, eta berarekin joan nahi zuela esan zien guardia zibilei. Behin eta berriro bortxatu zuten eta zakurrei eman zieten bere gorputza, jan zezaten. Ondoren erre egin zuten faxistek, egindako basakeriaren arrastoak ezabatzeko.

Elgetako Antxoni Telleriak, Sosota baserrikoak, gertatu eta 66 urtera kontatu zuen lehen aldiz 1937ko apirilaren 24an bere baserrian ikusi eta jasan zituen krimenak. Intxorta 1937 elkarteko kideei kontatu zizkien bizitza osoa urratu zizkioten gertakariak: «Goizeko hiruretan ezezagun batzuk baserrira etorri ziren; beltz-beltzak ez ziren, gure aldean pixka bat tostatuak, erdaraz ondo moldatzen ziren. Nire iritzia da kanpotar haiek horrelako orduetan bakarrik ezin zutela baserria aurkitu, herrikoek lagunduta etorri zirela. Eztabaida sortu zen ia bortxatu edo ez bortxatu; gero bultzaka hasi ziren eta azkenean aitari buruan tiro egin zioten, odolustu egingo zen; orduan, nik eskua buruan jarri nion; bigarren tiroa egin zioten eta niri eskuko atzamarrak birrindu zizkidaten. Amari, berriz, kulatazoka burua apurtu zioten; konortea galdu eta ez zuen berreskuratu; hamar egunera hil zen. Bortxatzaileek ikusi zuten onean ezin zutela ezer egin, txarrean dena, hilketak, bortxatu eta dena».

Atxilotuak eta erailak

Fusilatutako emakumeak ere izan dira. Kalkulatzen da 1936ko gerran fusilatutakoen %3 emakumeak zirela. Estatu espainolean badira oso kasu sonatuak, hamahiru arrosena adibidez. Juventudes Socialistas Unificadas (JSU) alderdiko hamahiru kide ziren, 18 eta 29 urte bitartekoak, eta frankistek hil zituzten 1939ko abuztuan. Badira antzeko beste kasu batzuk ere, Sevillan fusilatutako hamazazpi emakumeena tartean. Gazteak eta zaharxeagoak zeuden tartean, hiru edo lau 60 urtetik gorakoak. Denak zulo berean hilobiratu zituzten.

Nafarroan ere emakume asko erail zituzten, tartean Iruñeko Uriz ahizpak. Biak irakasleak ziren eta hezkuntza berritzeko lan handia egin zuten. Atxilotu eta fusilatu egin zituzten faxistek.

«Gorpuak hilobietatik ateratzen ditugunean, oso garrantzitsuak izaten dira topatzen ditugun objektuak, pista asko ematen dizkigutelako. Emakumeen kasuan, urkilak, belarritakoak, apain-orraziak eta horrelakoak topatu izan ditugu. Eta horiei esker dakigu hobi horretan emakume bat dagoela», agertu du Lourdes Herrastik.

Valdediosen (Asturias) hamazazpi gorpuzkin atera zituzten duela urte batzuk hobi estu batetik. Horietatik 11 emakumeak ziren, inguruko erietxe bateko erizainak eta langileak. «Horietako askok ‘personal sanitario español’ dioen medaila zuten. Erizainak ziren. Haien artean segur aski gipuzkoarra zen bat ere bazegoen, Arantzazuko Amaren medaila bat zeramalako. Baina ez dakigu nor zen», agertu zuen Herrastik. Falangistekin ibilitako soldadu batek gerora kontatu zuenez, fusilatu aurretik bortxatu egin zituzten erizainak.

«Askotan gizonak gauez fusilatzen zituzten eta, hurrengo egunean, emakumeak. Askok galdetzen dute bakarrik geratu ziren emakume haiekin zer egiten ote zuten ordu horietan. Gauza onik ez. Askoren heriotza agirian alargunak zirela jartzen zuten, nahiz eta senarra ordu batzuk lehenago akabatu», segitu du ikerlariak.

Ezkabako elkartasun sarea

Ezkaba mendian, Iruñean, frankismo garaian bertako presondegian hildakoen 131 gorpu zituen hobi komuna topatu zuten. Horietako bat emakumea zen. «Jakin dugu Ezkabako kartzelaren bueltan emakume sare garrantzitsua zegoela antolatuta, ideologia desberdineko emakumeak biltzen zituena. Presoak Andaluziatik, Extremaduratik, Gaztelatik... ekarriak izan ziren eta kasu askotan beren familiek ez zekiten non zeuden ere. Nonbait emakume sare bat presoak laguntzeaz arduratzen zen, arropa eta jatekoa eramaten zieten, elkartasunez. Tartean baziren lau ahizpa, lauak laguntzen aritzen zirenak. Horietako bat, 105 urteko Petra, bizirik dago eta kontatzen du nola joaten ziren Ezkabara laguntza ematera. Gerora preso eta emakume horietako asko elkarrekin ezkondu omen ziren», azaldu zuen Lourdes Herrastik. Aurreratu zuenez, sare horren inguruko ikerketa martxan dago eta emaitza interesgarria izan daiteke.

Aranzadiko ikerlariak zuzen eta argi jarri zituen mahai gainean errepresioak emakumea zapaltzeko erabili dituen hamaika modu. «Gerran denak omen dira galtzaile. Gizon garaileak agian izango ziren, baina ez zen emakume garailerik izan. Emakumezko guztiek, alde batekoek zein bestekoek, galdu egin zuten. Errepublika garaian izan zezaketen protagonismo politiko gutxi hori galdu egin zuten erabat. Berriro sukaldera erretiratu behar izan zuten, etxe barruko zaintzara. Irain eta dolu jarraitua sufritzera».