Joxean AGIRRE
Entrevista
NikolasSegurola
fraide, artzain eta bertsolaria

«Arantzazura joan bezperan negar egin nuen mendian uzten nituen ardiei begira»

Lehen etxeko tontoena izaten zen artzain eta estimu gutxitan zuen bere burua. Ofizioari prestigioa ematea lortu da, eta horretan parte handia dauka Segurolak.

Badu dohainen bat Nikolas Segurolak ibili den lekuetan adiskideak egin, egitasmoetara jendea bildu eta are inguruko batzuk liluratuta uzteko. Gaur Gandiaga Topagunean egingo dioten omenaldirako prestatu duten liburuan (“Nikolas Segurola. Fraide, artzain, bertsolari”, nagusiki Iñaki Beristain, Eduardo Urarte eta Xabier Euzkitzeren artean egina), Feli Arrese Ardiekin elkarteko arduradunak dio tamalgarria dela bera bezalako pertsonek seme-alabarik ez izatea, haien antza balute, mundua hobea izango litzatekeelako.

Ardi latxaren hobekuntza genetikoan, Idiazabal jatorri izenaren, gaztandegi eta jezteko gela berrien diseinu eta garapenean edo Artzain Eskolaren sorreran eta bilakabidean bete-betean hartu du parte eta arrastoa utzi du. Baina antzeko gauzak esaten dituzte bertso munduan berarekin ibili edo fraide bezala ezagutu dutenek ere. Sentibera da oso, baina berak makala dela dio eta negar errazekoa. Bazkalosteren batean ezagutu dugunok badakigu zeinen erraz kateatzen dituen pasadizoak, txisteak eta ateraldiak. Euskal kirol gehienak maite ditu, baina guztien gainetik pilota. Realzalea ere bada, nahiz eta gutxitan lortu duen telebistaren aurrean partida bat osorik ikusterik, urduri jartzen delako. Irrati eta telebista kate hainbatetan hitz egin du Gomiztegiko Artzain Eskolaz edo Idiazabal gaztaz.

Sariei dagokienez, 2007ko World Cheese Award (berriki Donostian egin dena) lehiaketako Zilarrezko Domina bat irabazi zuen. Behinola Miguel Arias Cañete ministroarengana joan behar izan zuen sari horietako bat jasotzera. Protokoloko norbaitek esan zion saria jasotzeko unean txapela kentzea izango zuela onena eta berak txapela elizan bakarrik kentzen zuela erantzun zion eta ministroari ere arrazoizkoa iruditu zitzaion erantzuna.

Txinatik ere etorri zaizkio kazetariak Artzain Eskolaz erreportajea egitera. 77 urte ditu, osasun arazo txiki batzuk ere baditu gainean, eta, gaur bilduko zaion jende andana ikusirik, beldur da malkoren batzuk ere ez ote zaizkion jaulkiko.

Ardi latxaren ugalketa, hobekuntza genetikoa, elikadura, esnearen eta gaztaren kalitatea... bultzatzeko asmoz hasi zineten lanean Gomiztegin orain 40 urte. Nolakoa izan da gauzatu den aldaketa?

Lehen etxeko tontoena izaten zen artzain eta estimu gutxitan zuten beren burua. Ofizioari prestigioa ematea lortu da, baina hori ez da gutxi batzuen lana izan, artzain, teknikari eta politikarien elkarlanaren fruitua baizik. Artzain elkarteak egiteko bilerak egiten hasi ginenetik denok elkarrekin ibili gara, nahiz eta aurrera atera diren proiektuen artean badiren batzuk, Gomiztegiko Artzain Eskola esate baterako, neureagoak izan direnak. Bertatik 260 ikasle baino gehiago pasatu dira eta, hau ere kontuan hartzeko datua da, horien artean bederatzi bikote osatu ziren geroztik artzain munduan lan ikusgarria egiten ari direnak.

Batis Otaegi Artzain Eskolako arduradunak dio Gomiztegiko egongelako mahai handiaren bueltan txistorra kilometroka eta gazta kiloka jaten zirela, ardo merkearekin bustita, eta handik egitasmo asko atera zirela. Zer dohain zenuen jendea egitasmoetara biltzeko?

Ardiak maitatzea dela uste dut garrantzizkoena, eta, nik, umetatik maitatu ditut ardiak. Arantzazura etorri behar nuen egunaren bezperan, eguraldi epela egin zuen eta aitak agindu zidan artaldea malda laiotz batera eramateko. Eraman nituen eta ardiak eta arkumeak lasterka maldan behera ikusi nituenean sartu zitzaidan tristurarekin negarrari eman nion. Lehengusuarekin nindoan eta ea zergatik egiten nuen negar galdetu zidan, eta ardiak utzi behar nituelako egiten nuela erantzun nion. Arantzazun ere izango nituela ardiak esan zidan, baina ez zirela nireak izango erantzun nion. Uste dut zaletasun horrek lagundu didala gero ardiekin lan egiten.

Eduardo Urartek bere lanean ematen dituen datuen arabera, 1982tik 2009ra bitartean Gomiztegiko ardiak egunean litro erdi esne ematetik litro eta erdi ematera pasatu ziren. Zuk egindako ardien kontrolerako datuekin doktore tesiak eta nazioarteko egitasmoak burutu zirela dio.

Bera albaiteroa da eta badakit doktore tesia egiteko nik hartutako datuak erabili zituela, baina hortik aurrerakorik ez dakit. Egia da gaur egun Idiazabal gaztak eta ardi latxak mundu mailako izena dutela, baina hori jende askoren lanari esker lortu da.

Zuk 300 ardiko artaldea zenuenean ere ardi bakoitzari bere izenez deitzen jarraitu zenuen. Behinola nazioarteko batzar batean kontatu omen zenuen izenak nola jartzen zenizkien. Eta batzarkideak barrezka eduki omen zenituen.

Umetan ere jaiotetxean ardiei izenak jartzen genizkien, bakoitzaren izaera edo fisikoaren arabera. Aitari esaten bagenion Adarmotx errekan zebilela, berak bazekien zein ardi zen. Eta ohitura horrekin jarraitu nuen Gomiztegin ardiekin lanean hasi ginenean. 300 ardiko artaldea genuelarik ere, bakoitzak bere txipa zuen, baina baita bere izena ere. Arantzazun egin zen batzar batean kontatu nuen behin zer irizpide erabiltzen genituen izenak jartzeko. Nolako ilea duen, nolako muturra, nolako hankak, begiak, lepoa, kolorea edo tamaina. Ilea kizkurra badu, kizkur jarriko diogu, baina bati buruarekin ondo jotzen zuelako Maradona jarri genion; jezterakoan etengabe dantzan egiten zuen ardi bati Carmen Sevilla jarri genion eta laburtu beharrez Sevillarekin gelditu zen; errape handia zuen bati Sabrina deitzen genion, beste bati Juan Carlos eta besteari Sofia…. Hirukiak jaio zirenean, berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasar deitu genien, agintzea gustatzen zitzaion bati Churchil, Beethoven besteari ahots ona zuelako...

Sektorea berritzeko artzain, teknikari eta politikoekin lan egin duzue. Zer moduz konpondu zara politikoekin?

Ez dut politikaren mundua gehiegi ezagutzen, baina guri egokitu zitzaizkigun politikoak oso konprometituak ziren, gehienak gainera artzaintzarekin loturaren bat zutenak. Joxe Manuel Goikoetxea aipatuko dut. Ama hil zenean edo aita hil zenean negar egin nuen, baina Joxe Manuel Goikoetxea hil zenean askoz okerrago pasatu nuen. Haren agurrean bertso batzuk botatzen hasi eta negarrak hartu ninduen. Eta Telesforo Zuriarrain gure nagusia hil zenean ere berdintsu.

Zuriarrain izan zen Gomiztegin ardiak jartzeko aholkatu zizuna.

Ez nuen aholkatu behar handirik. Gomiztegin behitegia izaten genuen, baina 6.000 oilo izatera iritsi ginen eta baita 1.200 txerri ere ondoren. Seminarioa hustu egin zen, eta, lanerako laguntzailerik gabe gelditu ginenean, baserriaren geroa birplanteatu beharrean aurkitu ginen. Hala, behin Telesforo Zuriarrain eta biok Arabako pentsu fabrika batera gindoazela, honakoa galdetu zidan: «zergatik ez ditugu ardiak jartzen?». Nik orduan bi begiak nituen ondo, gero galdu nuen bat hesi bat egiten ari nintzela, eta bi begiak zabal-zabalik gelditu nintzen. Niri zerua ireki zidan galdera horrek.

Izenik ez dugu aipatuko, baina zurekin hogei urtez lan egindako Lurgintzako emakume batek dio EAEn ardi-aziendaren hobekuntzari ekarpen handienak egin dizkion pertsona izateaz gain, bere ibilbide profesionalean eta pertsonalean eraginik gehien izan duena zarela. Azken esaldi horrek harritu nau.

Gehiagok ere esan izan dizkit horrelako gauzak, baina ez ditut oso ondo ulertzen.

Liburuan barrena argazkietan agertzen zara han eta hemen sariak jasotzen, Londresen esate baterako 2007ko World Cheese Award lehiaketan.

Gazta horiek Gomiztegikoak dira, baina ez dira nik egindakoak. Churcill esaten diogun Arabako artzain bati beti adarra jotzen nion gaztak emazteak egiten zituela baina sariak berak jasotzen zituelako. Niri ere horrelako zerbait gertatu izan zait. Gomiztegiko arduraduna izan naiz, baina ez gaztagilea. Koldo izan da gurean gaztak egiten dituena.

Pasadizo asko agertzen da liburuan. Izan zenituzten kontrabandoan ekarritako ahari batzuk ere.

Harreman estua genuen Bellokeko beneditarrekin. Haiek gu baino aurreratuagoak zeuden intseminazioaren arloan eta ahari batzuk eskatu genizkien. Mixel Lekuona ere tartean ibili zen, hark Nafarroa Beherako artzain bat ezagutzen baitzuen ardiekin Nafarroa Garaian ere ibiltzen zena eta muga etengabe pasatzen zuena. Hark pasatu zizkigun. Ahari horietatik bi Arabara eraman genituen eta beste bi Antxon Perez Callejak hartu zituen Aretxabaletan zuen artalderako, eta, onena, berriz, guk hartu genuen, famatua egin zen EX552. Zuberotarra zen, eta, genituen datuen arabera, sekulako ahalmenak zituen. Ahari horren umeek ere fama izan zuten. Batengatik 80.000 pezeta eskaini zizkidaten garai hartan eta ez nuen saldu. Beste bat Arkautera eraman genuen.

Pasa gaitezen oso labur bertsolari bezala egin duzun ibilbidea gainetik aipatzera. Zein da txapelketetan zure palmaresa?

Nire inguruko txapelketa askotan ateratzen nintzen, baina ez dut bakar ere irabazi. Bigarren geratu nintzen Deba Garaiko txapelketa batean, eta, hirugarren, Xanti Iparragirre geratu zen. Antza, eztabaia handia izan omen zuten bigarren posturako hura edo ni aukeratu ezinik, baina epaimahaian fraide bat omen zegoen eta hari eskerrak lortu omen nuen postu hori. Lehen aldiz atera nintzenean, Oñatiko txapelketan, abituarekin kantatu nuen. Derrigortu egin ninduten. Harritzen nauena da nola bultzatzen ninduten txapelketetan parte hartzera. Jon Zubieta zegoen orduan Arantzazun buru, lagun asko zituen bertsozaleak, txapelketa antolatzen zebiltzanak ere bai tartean, eta haiekin ondo gelditzeko bidali ninduen beharbada. Ondoko urte batzuetan Arrasaten egiten zen Debagoieneko Txapelketan ere parte hartu nuen.

Etxetik al zenekarren bertsotarako zaletasuna?

Etxetik. Umetan etxean koplari ezagutu nituen garaiko bertsolari handienak eta lehengusu batekin aritzen nintzen kantuan. Arantzazura joan eta Demetrio Garmendia zegoen nagusi eta ni baino bertsozaleagoa zen. Anjel Martikorena, gerora Nafarroako txapelketetan ibili zena, ikaskide nuen eta elkarren artean aritzen ginen; geure arteko txapelketa bat antolatzera ere iritsi ginen. Bailarako txapelketa horien buruan gai-jartzaile ibili nintzen. [Imanol] Lazkanok behin esan zidan 25 urtetan segidan kantatu zuela Oñatiko San Lorentzo auzoan eta guztietan ni neu izan ninduela gai-jartzaile. Eta txapelketa nagusi batzuetan ere epaile izatea egokitu izan zait. Bertsoak lagunarte izugarria eman dit.

Txisteak kontatzen ere ona zara. Zenbat denbora egin zenuen Radio Euskadin ostiralero goizeko seietan artzaintzari buruz hitz egin eta txisteak gazteleraz kontatzen? Gordeta al dituzu txiste horiek?

Lau urte egin nituen eta oihartzun handia izan zuen irratsaioak. Ni neu ez nintzen txiste bila ibiltzen, baina handik eta hemendik deitzen zidaten kontatzeko eta Arantzazuko fraideen nagusiak ere ematen zizkidan batzuk Interneten bilatua.

Zure bizitzako pasarte batzuk irakurrita, zalantza bat gelditzen zaigu: fraide izan nahi zenuelako etorri zinen Arantzazura edo Arantzazu leku ederra delako?

Neuk ere askotan egin diot galdera hori neure buruari. Umetan gurasoekin etorri eta tipleak elizan kantuan entzun nituenetik nuen hona etortzeko gogoa, baina parajeak ere erakartzen ninduen.

Zer moduz zabiltza osasunez?

77 urte ditut eta aje batzuk aspaldikoak dira: begi bat galdu nuen hesia egiten ari nintzela alanbreak jota eta bestea begia ere jaisten ari zait. Entzumenarekin ere arazoak ditut. Orain maskurian tumore txiki bat aurkitu didate eta kendu beharrean nago.

Larunbateko omenaldian hunkitzeko arriskua izango duzu.

Familiakoak datoz, bertsolari lagunak, [Andoni] Egaña eta [Sebastian] Lizaso kantuan izango dira, artzain munduko jendea ere badator eta Oñatiko abesbatzak kantatuko du. Oso garbi utzi nuen nik ez nuela hitz egingo, zerbait esaten hasten banaiz negarrez hasteko arriskua baitut, oso makala naizelako.

 

«Zenbat oroitzapen on ditudan Nafarroan eskean ibiltzen ginenekoak!»

Nikolas 1939ko martxoaren 27an jaio zen elizako kanpaiak gerraren amaiera ospatzen ari zirenean, Matxinbentako Largarate baserrian. Seme-alaben zerrendan zortzigarrena izan zen. 11 urterekin joan zen Arantzazura eta bost urteko ikasketak egin ondoren gaixotu eta itzuli behar izan zuen etxera. 19 urterekin erabaki zuen berriro Arantzazura itzultzea, baina mezarik gabeko fraide izateko asmoarekin.

Bere bizimodu gorabeheratsuan pasarte deigarri asko daude, baina deigarrienetako bat fraideak eskean ibiltzen zirenekoak dira. Berari utziko diogu kontatzen:

«Oso oroitzapen onak ditut eskekoa izan nintzen garaikoak. 19 urterekin Arantzazura iritsi nintzen eta 20 urterekin Arabara bidali ninduten patata bila. Orduan ohitura zen ikasleak zituzten herrietan eskean egitea, ikasle horietako askok ezin baitzuten ezer ordaindu. Eske leku gogorra zen Araba, eta, gainera, gazteleraz hitz egin behar izaten genuen. Pare bat urte eman nituen hor eta ondoren Zarautzera bidali ninduten. Eskean dirua ematen zuten, baina jatekoa ere bai. Zarauzko kalean ez nintzen moldatzen, kanpotar asko ere bazegoelako, baina baserrietan lagun asko egin nituen. [Jose Angel] Iribar atezainaren aitak, esaterako, egurra eta simaurra ekartzen zituen komentura. Ni gustuena Nafarroako mendialdean ibili nintzen. 60ko hamarkada bukaerako kontuak dira hauek. Baserri bakoitzeko urtean ardi bat emateko ohitura zuten eta ikusita nago oso baserri pobreetan ere nola saiatzen ziren ardi hori guri emateko, nahiz eta nik esaten nien ez zutela inolako obligaziorik. Bidenabar gurekin hitz aspertuak egiteko baliatzen zuten bisita. Leku batzuetan, Leitzan esate baterako, festa ere antolatzen zuten gindoazenerako, soinu eta guzti. Herriko farmazian uzten genuen abisua eta handik pasatzen zieten albistea. Leitzan, Ezkurran, Erasunen, Goizuetan edo Berastegin asko ibili nintzen, eta, urte batean agertzen ez baginen, badakit tristatu egiten zirela. Seminarioa hustu zenean utzi genion eskean ibiltzeari».