Gorka Elejabarrieta

Esandakoaz bi hitz

Hilabetez hilabete “Datorrena” zutabe honen bidez nazioartean eta bereziki Europan emango diren joera politiko nagusiak aztertzen saiatu naiz, eta aitortu beharra daukat joan berri zaigun 2016 honetan ez naizela oso fin ibili. Kolonbian bake akordioa berresteko erreferendumean ezetza irabazteak sorpresaz harrapatu ninduen, nahiz eta gaia gertutik jarraitzen duten hainbat lagunek arrisku horretaz aurrez ohartarazi. Edozein kasutan, 2017 urte klabea izango da Kolonbiako bake prozesuan, 2018an Kolonbian egin beharreko presidentetzarako hauteskundeen aurretik prozesua atzeraezina bilakatuko duten pausoak eman beharko direlako. Nire ustez, bi klabe nagusi daude norabide horretan. Lehena, FARC eta Kolonbiako Gobernuak adosturiko bake akordioaren inplementazioan aurrerapauso garrantzitsuak ematea da, eta, bigarrena, ELNren eta Gobernuaren arteko prozesuak aurrera egitea. Prozesuan inplikaturiko aktoreek nik baino askoz hobeto ezagutzen dituzte urgentzia eta errealitate horiek, eta pentsatzekoa da hartu beharreko erabakiak hartuko dituztela.

Brexitaren inguruan idazteko ere behin baino gehiagotan erabili dut zutabe hau. Bada, kasu honetan ere, nik uste nuenaren kontra, Brexitaren aldekoek irabazi egin zuten. Egia da Eskozian eta Irlandako iparraldean ezetzak irabazi zuela, baina baita Ingalaterran eta Galesen Brexitaren alde bozkatu zuen gehiengoak Erresuma Batu osoa Brexitera daramala ere. Erabakiak lurrikara politikoa piztu du Europan eta Erresuma Batuan, eta ekarriko dituen ondorioak ikusteke daude oraindik. Irlandako iparraldeak eta Eskoziak bide eta estrategia diferenteak hartu dituzte erabakiaren ondorengo lehen hilabeteotan. Sinn Feinek Ipar Irlandarako estatus berezia eskatu du Europar Batasunaren baitan, batetik Brexitak Ostiral Santuko Akordioetan eragin zuzena duelako, bestetik Irlandako iparraldea Europar Batasunetik kanpo geratzea biztanleriaren gehiengoak erabaki duena ez errespetatzea litzatekeelako, eta, azkenik, Brexitak Irlandaren batasunaren norabidean eragin oso negatiboa izan dezakeelako, praktikan uhartearen hegoaldearen eta iparraldearen artean Europar Batasunaren kanpo muga ezarriko litzatekeelako, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Horri buelta emanez, Europar Batasunarekiko atxikimendua uhartearen batasunaren aldeko gasolina politikoa ere bilaka daiteke. Irlandako iparraldean, Martin McGuinnessen dimisioaren ondorioz egingo diren hauteskundeen emaitzek markatuko dute fase berri horretan eragile bakoitzak izango duen pisua.

Esan bezala, Eskoziak bide diferentea hartu du. Brexita modu diferente askotan gauza daiteke, Brexit ahula edo Brexit gogorra izan daiteke, eta hasiera-hasieratik Nicola Sturgeon Eskoziako lehendakariak interlokuzio zuzena ezarri du Europar Batasuneko instituzioekin, negoziazio horretan Eskoziak zeresan handia duela adierazteko. Brexitaren ondorengo egunetan eskoziar abertzaleek Brexitak beste erreferendum bat ekarriko zuela adierazi zuten, baina azkeneko asteetan indartzen ari den mezua ezberdina da, eta ziur aldaketa horretan Europarekin daukaten interlokuzio horrek eragina izan duela. Brexit ahularen aldeko apustua egin du Eskoziako Gobernuak, hori bai, Brexit gogorra emanez gero beste erreferendum bat deitzera behartuta izango direla ohartaraziz. Horrek presio bikoitza ezarri du Erresuma Batuko Gobernuaren baitan, Brexitaren negoziazioetan kanpo harremanek ez ezik barne orekek ere garrantzi handia jokatuko dutelako, erabakitzen denak Erresuma Batuaren apurketa bera ekar dezakeelako. Eta Eskoziaren ikuspegitik, aurreko erreferendumean etsai zuen Europar Batasuna hurrengo erreferendumean aliatu bilaka dezake, horrek izan dezakeen garrantziarekin.

Urte interesgarria hasi berri duguna. Bete daitezen gaur Bilboko kaleak, eta eraman dezagun gure herria ere dagokion tokira. Urte berri on guztioi! •