Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea

Facebook, Google, Amazon… finantza erakunde

Ez da asko hitz egin finantza sektorean dagoen nahasmenaren gainean. Batetik, azken urteotan ematen ari diren gertakariek eragindako iritzi aldaketa dago. Hipotekekin, preferenteekin eta etxegabetze aginduen kontuarekin, banketxeekiko gure pertzepzioa edo sentimendua aldatu da. Jada “toki ez seguru” gisa ikusten ditugu, eta, hortaz, bezeroa ez da lehen bezain fidela. Ez dago lehen bezain lotua. Horrek guztiak min handia egin dio finantza sektoreari. Baina, bestetik, bada horrek baino beldur gehiago ematen dien aldaketarik: finantza sektorearen transformazio digitala.

Internetekin, finantza erakundeekin dugun harremana aldatu egin da. Eragiketak edozein lekutatik egin daitezke. Eta sukurtsalak irekita daudenean ere, askok eta askok, transakzio elektronikoak egiten dituzte. Nabaria da ere gazteak ez direla sukurtsaletara gerturatzen. Gazteen segmentuarentzat arrotza den formatua dela sukurtsalarena. Egun ezagutzen dugun sukurtsalarena, bederen.

Horregatik, auzitan dago sukurtsalen egungo funtzioa, sukurtsal kantitatea eta egun duten ordutegia. Lehen ahalik eta sukurtsal gehien irekitzen ziren. Indar erakustaldi bat ere bazen. Orain asko soberan daude. Eta, bestetik, sukurtsalen ordutegia da, zenbait azterketen arabera, transakzio elektronikoetara jotzeko arrazoi nagusietako bat. Hau da, sukurtsalak irekita dauden orduetan ezin bertaratu ahal izatea. Eta horregatik, antza, ez dago urrun sukurtsalen ordutegiaren aldaketa. Ikusiko dugu.

Sukurtsalen funtzioa ere aldatu beharko da. Ziur aski, etorkizun hurbilean, sukurtsalak ez dira transakzio arruntak egiteko erabiliko. Bai, agian, transakzio handiak edo konplexuak egiteko. Edota aholkularitza zerbitzua eskaintzeko. Baina egun dituen funtzioetako asko testuinguru digitalean egingo dira. Eta horrek sukurtsalen funtzio eta formatuen eraldaketa ekarriko du, halabeharrez.

Testuinguru digitalak, halere, ez dio zuzenki banku baten on line zerbitzuari erreferentzia egiten. Izan daiteke. Baina transformazio digitalarena, finantza erakunde berrien eskutik ere badator. Eta bidea jada argitzen hasi da. 2011tik, Google diru elektronikoko erakunde gisa onartua dago Estatu espainiarrean. 2012tik, Amazon. Eta 2016ko abenduaren 30etik, Facebook. Eta Estatu espainiarra da, gainera, Facebooken estrategiaren baitan, Europan lehenbizikoa (Ameriketako Estatu Batuetan duela urte eta erdi hasi zen zerbitzuok eskaintzen). Oraingoz, partikularren arteko diru-trukaketak eta karitateko dohaintzak egitea ahalbidetuko du. Baina hau hasiera bat besterik ez da.

Oraindik ikusteke dago finantza sektorean agertzen ari diren agente teknologiko handi hauek, ohiko erakundeen lehiakide soil izango diren edota lankidetzarako agenteak izango diren. Hau da, ohiko bankuen lekua betetzeko estrategia osoak garatuko dituzten, edota hauen eskutik lan egingo duten. Agian, noizbait, Facebook Mailegua deituko zaion produktu bat eskainiko du Euskal Herriko banku pribaturen batek. Nork daki. Diru fisikoa ere, noiz arte erabiliko dugun, ezin da jakin.

Argi dagoena, gaur-gaurkoz, finantza sektorean ematen ari den mugimendua ez dela geldituko da. Eta Facebook, Google, Amazon eta Apple sektore horren bila doazela errealitatea da dagoeneko.

Hortaz, finantza sektorearen transformazio digitala jada martxan da. Oraindik nahasmena handia da eta galdera handienak erantzuteke daude. Baina egungo eta etorkizuneko bankak ezin dio digitalizazioari bizkar eman. Eta, hortaz, banka publiko eta solidarioaz hitz egiten dugunean ere, transformazio digitalaren begirada ezinbestekoa izango da. •