Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

MAIDER OLEAGA

Gaztetan aktorea izan nahi zuen, baina zinema aktoreak baino gehiago dela konturatu zenean, asmo hura baztertu eta zuzendaritzari eta gidoigintzari heldu zien. «Iragan gunea. Berlin» filma egin ondoren, aspaldiko proiektu bat bukatzeko asmoa du Elbira Zipitriaren arrastoari jarraituta: «IRA 26-2», dokumentalaren eta fikzioaren arteko lana.

Bilbotarrak nahi duten lekuan jaiotzen omen dira. Hala izatera, Maider Oleaga ere bai, baina polemikazalea izan ez, nonbait, eta Bilbon bertan jaiotzea erabaki zuen. Hala ere, Gasteizen bizi izan da hiruzpalau urte zituenetik Iruñera unibertsitate ikasketak egitera joan zen arte. Lauzpabost urte Madrilen eta zazpi Mexikon eman ostean, Donostiara jo zuen eta hantxe bizi da egun. GAUR8k Gasteizen topatu du, ordea. Bertan bizi dira haren gurasoak, Jesus eta Esther, dagoeneko erretiroa hartuta, 70eko hamarkadaren bukaeran Haiztogile kalean Anboto Oleagarena taberna eta ondoren Oleaga jatetxea zabaldu zituztenak. Maiderren anaia Hasier ere, konpositore eta bateria jotzailea, sobera ezaguna da. Hainbat disko argitaratu eta talde eta abeslari handi ugarirekin jo eta grabatu izan du.

Alde zaharrean elkartu gara, 16:30ean, bertan dagoen Oihaneder Euskararen Etxean “Iragan gunea. Berlin” bere azken filma emango baitute iluntzean, Maiderrek berak aurkeztuta. Filma, iazko Donostiako Zinemaldirako hautatua, ETBk proposatuta egin zuen. 2016an Jose Antonio Agirreren Gobernua sortu zeneko 80. urteurrena zela eta, lehendakariak Ameriketan idatzi zuen “Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz” laneko lau hiririk garrantzitsuetan dokumental bana filmatzea erabaki zuen ETBk: Gernikan, Parisen, New Yorken... «eta niri egokitu zitzaidan Berlinen», dio Maiderrek. «Bakardadea, leku arrotzera ohitzea, migrante edo eta iheslari gisa bizitzea zer den» erakutsi nahi izan du. «Agirrek hiru hilabete eta erdi eman zituen Berlinen, Bigarren Mundu Gerra bete-betean, identitate faltsuarekin, Ameriketara eramango zuen barkuaren zain. Ez zekien alemanez, familia Belgikan zuen... eta, egoera horretan, egunkari bat idatzi zuen», kontatu du. Egunkari hori irakurri eta esanguratsuak iruditu zitzaizkion gauzak barneratu zituen Maiderrek; esate baterako, Agirrek maiz aipatzen duen bakardadea edo itxaronaldiko ezinegona. Dokumentaleko protagonistak Siriako errefuxiatu bat, Alemanian denbora luze daraman Kurdistango emakume bat eta bi euskaldun dira. «Atzerritarrak, iheslariak, Agirre Berlinen izan zen bezala».

ETBren proposamena jaso zuenerako, baina, ibilbide oparoa egina zuen Oleagak. Besteak beste, “Sarah” (2001), “Amaren ideia” (2010), “Sitios prestados al aire” (2011) eta “Esperanza” (2012) dokumental eta fikzio lanak egin ditu. Berak zuzendutako film guztien gidoilaria da, eta, horrez gain, beste batzuentzako gidoi ugari ere egin ditu.

Betiko gaia: identitatea

Maiderren lanak gai bertsuaren gainekoak dira beti, identitatearen gainekoak, hain zuzen. «Naziotasuna ez ezik, emakumea izatea ere, esate baterako, horixe da eta». Ikuspuntu feministak sekulako buelta ematen dio guztiari, eta horretaz nola konturatu zen gogoratu du.

2012an elikadura subiranotasunaren gaineko erreportaje bat egitera joan zen Boliviako inguru menditsu batera, hirietatik urrun. Han antzinako bizimodua topatu eta bertako indigena kitxuen gaineko erreportajea egin zuen. Ondoren, Esperanza topatu zuen, gaztelaniaz egiten ez zuen neskatila, eta film labur bat egitea erabaki zuen. Boliviatik itzulita, film hura egiteko grabatu zuen materialaren aurrean jartzeak gogoeta asko eragin zizkion, «galdera potoloak sortarazi zizkidan Boliviako esperientziak, kameraren botereaz, nire begirada etnozentrikoaz, emakumeaz...». Zazpi minutuko film laburra da; hala ere, ikaragarri kostatu omen zitzaion muntatzea. Boliviara itzultzea pentsatu zuen, emakume indigenen esperientziaz dokumental luzeago bat egiteko, eta, hartarako dosierra prestatzen ari zela, bere buruari galdetu omen zion: «Nor naiz ni hara joateko, hemen emakumea izateaz hausnartu gabe?».

Garai hartan Ikasketa Feministak masterra topatu zuen EHUn, eta oso interesgarria gertatu zitzaion; izan ere, hortik abiatuta emakumearen eta migrazioaren inguruko tesina bat egin zuen. «Azken batez, hor nire betiko gaiak agertu ziren: migrazioa, atzerritarrak, emakumea, identitatea. Errealitatearen irakurketa bat eman digute. Munduaren gaineko iritzi propioak izaten ditugu, baina beti gure kulturak eta hazi garen gizarteak baldintzatuak, eta hori zalantzan jartzea funtsezkoa da. Buruan ditugun dogma batzuk zalantzan jartzeko balio izan zidan master horrek, errealitatearen ikuspuntu desberdinak ikusi eta ulertzeko. Hausnarketa erruz egin behar dugu», dio benazki.

Gaztetatik zuen Maiderrek zinemarako grina, Hollywoodeko zinema klasikoarekin «liluratuta», aktorea izan nahi zuen, horregatik joan zen Iruñera Ikus-entzunezko Komunikazioa ikastera. Telebista eta irratiko kazetaritzaz gainera, zinemari lotutako hainbat irakasgai zituen, eta, zinema aktoreak baino askoz gehiago dela ikusita, aktore izateko asmoa baztertzen hasi zen.

Karrera bukatutakoan Madrilgo ECAM zine eta ikus-entzunezkoen eskolan zenbait proba egin eta hartu egin zuten. Bertan Zuzendaritza ikasi zuen. Ondoren, denboralditxo bat eman zuen Madrilen, baina «gogaitu» egin zen, «etapa bat erre nuen». Eta 2002an Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Lagunek burutik al zegoen galdetu omen zioten, zinema han egiten zela esanez. Eta, zer diren gauzak, luze gabe Koldo Zuazua ekoizleak deitu zion. «Oso ona da Zuazua», dio jarraitu baino lehen. Film bat ekoizten ari zen: “Euskal pilota. Larrua harriaren kontra”. Sekulako ilusioa eman zion ekoizle donostiarraren deiak. Denetarik egin zuen, hasieran elkarrizketatzeko jendea bilatu –euskarazko elkarrizketak berak egin zituen–, pertsonaien gaineko informazioa bildu, dokumentazio eta edizio lanak... Asko ikasi zuen, nahiz eta «gogorra ere» izan zen. «Gaia ez zen erraza». Eta Julio Medemen ausardia goraipatu du, «berak bazuen izen bat, prestigio bat zinemagile bezala; hala ere, egin behar zuela uste zuen».

Denboraldi bat ETBn gidoilari eman ostean, Mexikora joan zen, hilabetez. Eta hilabeteko egonaldia zazpi urtez luzatu zitzaion. Denetariko lanak egin zituen han: zuzendari laguntzaile, publizista, gidoilari edo script doctor (gidoiak irakurri eta balorazioa egin). Besteak beste, Mel Gibsonen “Apocalypto” filmean parte hartu zuen, zuzendari laguntzailearen taldean. Eta han zela berak film bat egiteko aukera iritsi zitzaion. Oso bitarteko gutxi bazituen ere, istorio bat zuen, film bihurtu zuena: “Amaren ideia”, Euskal Herritik Mexikora umetan eramandako bi emakume eta gizon baten lekukotasunak jasotzen dituena. “Nor naiz ni? Nongoa naiz, hemengoa, hangoa…?” bezalako gogoetak jorratzen ditu, Maiderrek berak urte haietan –«nire egoerak haienarekin zerikusirik ez zuen arren»– bere buruari egin izan zizkion galderak. Horregatik, uste du “Amaren ideia” identitate gatazka horrekiko identifikazioa dela.

Elbira Zipitria

“Iragan gunea. Berlin” egitea proposatu ziotenean, duela lau bat urte hasitako proiektua utzi behar izan zuen, “IRA 26-2”. Eta orain hari ekin behar dio bete-betean. Ira Elbira Zipitriaren izengoitia da, “26” haren etxeko atariaren zenbakia eta “2”, bizi zen solairua.

Duela bospasei urte gidoilari lan bat eskaini zioten Donostian, eta, lagun baten laguntzaz, etxe bat topatu zuen, jabeek «konfiantzazko norbaiti» alokatu nahi ziotena. «Hemen bizi nahi dut», esan omen zuen ikusi orduko. Bazekien han Elbira Zipitria bizi izan zela, baina ez zekien benetan nor izan zen emakume hura.

Denbora igarota, haren gainean irakurtzen hasi eta euskararen eta Euskal Herriaren alde egin zuen lanaren berri jakin zuen, etxe hartan 30 urtean euskarazko eskola klandestinoak eman zituela, «Francoren garaian, nire saloian…», eta kontatu egin behar zuela pentsatu zuen. «Gainera Elbira Zipitria ez da oso pertsona ezaguna Euskal Herrian eta pentsatzen dut ezagutu behar dugula, emakume aparta da eta», dio sutsu. «Nork jarri zuen etxe hori nire bidean? Patuak edo dena delakoak, baina Elbira Zipitria nire bizitzan agertu egin zen, nik ez nuen bilatu. Eta berdin ‘Amaren ideia’ edo Berlingo film kasuan: istorioak agertu egiten dira».

Eta bilaketa hasi zen. Nor da Elbira Zipitria? Zer egin zuen, nola egin zuen? Baina filma ez da haren bizitzaren kronografia bat bakarrik: «Niri interesatzen zaidana pertsonak dira. Nor zen pertsona hura, zerk mugitzen zuen, zein ziren haren kezkak, minak… dena. Eta Elbira Zipitria, hasteko, emakumea zen». Ez dago haren gaineko informazio asko; beraz, ibilbide luzea egin du Maiderrek «haren aztarnak jarraitzen, aztarnak, hemen gauzatxo bat topatu eta hari tiraka, hor beste bat...».

Orain filma egiten hasiko da, baina ez omen daki zer-nolako filma izango den, bilaketa bat izaten jarraituko baitu. Elbira nor zen jakiteko bilaketa ez ezik, bilaketa zinematografikoa ere izango baita, hori guztia nola kontatu asmatzeko. «Eta gustatzen zait hori, zeren, orain, adibidez, Berlingo esperientzian asko gozatu dut film hori egiten, esplorazio bat zelako. Hara joan, bilatu, begiratu, beti gauzei sakonago begiratu, eta pentsatu nola grabatu».

Dokumentala ala fikzioa izango den galdetuta, «tarteko zer edo zer» erantzun du. «Ez da epokako filma izango. Niretzat fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak lausoak dira. Azken batean, egiazko pertsonaia baten inguruan berba egingo dut. Baina, aldi berean, hilda dago, eta memoriarekin jolastu behar dut, eta nire irudimenarekin, eta hor fikzioa sartzen da. Ez da fikziozko film ortodoxoa izango, baina ezta dokumental ortodoxoa ere». Ez du datarik finkatu, baina aurten bukatzea espero du, filmazioa eta produkzioa bai behintzat. «‘IRA 26-2’ lanarekin zerbait berezia sortu da, eta, grina hori desagertzen bada, filma desagertuko da, denbora gehiegi pasatzen bada».

Maider Oleaga, aktore izan nahi zuen neskato hura, zinema zuzendari heldua da gaur egun. Kontalari aparta eta solaskide ezin atseginagoa. •