Nerea GOTI

«ZAILTASUNAK IKUSTEKO IBILBIDEA» BILBOKO GARRAIO PUBLIKOAN BARNA

Ikusmen urritasuna duten hiru lagunekin egindako ibilbide batek guztien begien aurrean jartzen ditu garraio publikoan aurkitzen dituzten zailtasunak. Traba horiek zuzentzea eskubideak bermatzea da; «ez dio inori kalte egiten eta guztientzat da baliagarria», diote irmo.

Edonork esango luke badakiela edo imajina dezakeela urritasunen bat duten lagunek ez dutela batere erraza kalean mugitzea, ez gainontzekoen askatasunarekin behintzat, ezta gutxieneko segurtasunarekin ere. Eta hori guztia imajinatzekoa bada ere, beste gauza bat da egoera horren aurrean izan eta berau baieztatzea. Asko, gehiegi, dira oraindik ere topatzen dituzten oztopoak; batzuk atoan ikusten dira, beste batzuk begi bistan izan arren ez dira hain erraz antzematekoak. Urritasun funtzionala duen lagunaren alboan jarrita arazoaren benetako dimentsioa ezagutzen da, bere azalean kokatzeko aukera da, esaten duena hobeto ulertu eta zenbaitetan bertigoa ere sentitu arteko trantzea bizitzeko okasioa, arriskua sentitu eta zuzenean ikusteko parada.

Ariketa praktikara eraman genuen Bilbon, bertako elkarte batek luzatutako proposamena jarraituz. Aukera Barriak du izena ekimen herritar horrek eta ikusmen dibertsitate funtzionala duten lagunek osatzen dute. Kalean traba asko badago ere, garraio publikoan ipini nahi dute fokua, herritar guztien erabilera ziurtatu beharko luketen hiriko eta hiri inguruetako garraiobideetan, hain zuzen ere.

Gabon giro bete-betean, Plaza Biribilean egin genuen hitzordua elkarteko kideekin. Ibilaldiaren lehen geldialdia Bilboko metroa bera izan zen. Ikusmen urritasuna duten hiru lagun etorri ziren euren egunerokoan bizi dituzten egoerak azaltzera. Bilboko hirigunearen bihotzetik irten gabe, oso eremu txikian egiazta daiteke egiten duten “salaketaren” mamia. Manu Agirre, Carmelo Berdasco eta Iñaki Cornejo izan genituen ondoan, beharrezko azalpenak emateko. Nabarmendu zutenez, salatzea baino traba horiek gainditzeko beharrezko neurriak hartzeko eskaera da egiten dutena. Modu positiboan planteatzen dituzte euren zailtasunak, egiten duten proposamena irisgarritasuna bermatzen joatea dela nabarmenduz. Diotenez, eskubideez hitz egiten ari gara, eta eskubideak jende orori izan behar ditu bermatuta.

Bilboko Kale Nagusiko espaloiak ez dira Alde Zaharrekoak bezain estuak, eta hala ere metro gutxitan egiaztatu dugu zer-nolako estutasunak ager daitezkeen: kartelak, paperontziak, loreontziak, jarlekuak, eskean dagoen jendea, espaloiaren mugak zehaztuta ez dauden puntuak... Ibilbide labur bat egin ostean, “nor dago itsu?” da norberak bere buruari egin ahal dion galdera, hain argiak dira-eta sortzen diren trabak.

Metroko sarbidean aurkitu dute lehendabiziko arazoa Aukera Barriko lagunek. Eskailera zein igogailua erabili, behin nasan sartzeko unea heltzen denean, ez dakite norantz jo behar duten norabide bat edo bestea hartzeko. «Zelan demontre dakit nik Etxebarrirantz edo kontrako noranzkoan noan?», galdetzen dute.

Nora doa datorren trena?

Behin nasara helduta, beste arazo bat dago, datorren metroa nora doan jakiteko modu bakarra dago: nasetan dauden kartelak eta trenetakoak, baina ezin dituzte ikusi. Horren irtenbidea megafonia izan daiteke, trena heldu baino lehen nora doan azalduko lukeen audioa. Antzeko egoeran daude metrotik jaitsi eta irteera bat edo bestea aukeratu behar dutenean. Informazio hori ezin dute euren kabuz eskuratu.

Bidaiatzeko txartela ateratzeko orduan ere, arazo gehiago. Izan ere, laguntza behar dute txartela ateratzeko edo Barik txartela kargatzeko, makinetako pantaila ukigarriak ez baitaude braille hizkuntzan eta ahots laguntzarik ere ez baitago. Normalean, Barik txartela atera edo kargatzeko kalean dauden saltokiak erabiltzen dituzte, baina behin metrora sartuta txartela erabiltzean ezin dute saldoaren gaineko inolako informaziorik jaso. Hala ere, argi utzi dute metroan konpondu beharreko arazoak egon arren, beste garraiobide batzuek ez dituzten neurriak badaudela eskura. Nabarmendu dutenez, adibidez, nasen mugak ondo adierazita daude, marra podosentsorial bat baitago bidaiariak ohartarazteko –zoruak marka batzuk ditu eta horiek zapaltzean konturatzen dira itsuak espazio aldaketaz –. Era berean, metroen barruan erabiltzen den megafonia ere oso lagungarria da, geltoki ezberdinen berri ematen baitu.

«Dauden arazo guztiak konpontzearen eta bat bera ere ez konpontzearen artean erdibide bat dago. Planteatzen duguna da sikieran irtenbide erreza duten arazoak konpontzea», azaldu du Manu Agirrek. Azaldutakoaren arabera, metroko arduradunekin bildu dira, eta hori da hain zuzen ere helarazi nahi izan dieten mezua: erraz konpontzeko moduko kontuetan urratsak egiten hasteko beharra.

Metro Bilbao bertako komunikazio arduradunek eurek jarraitu zuten Aukera Barriak elkarteko kideen ibilbidea lurpeko geltokian. Zehaztu zutenez, elkartearekin bildu dira eta jaso dituzte azaldutako kexak. Hala ere, argitu zuten Garraio Partzuergoarentzat ONCE dela erreferentziazko instituzioa arlo honetan, eta itsuen erakunde horrekin harremanetan daudela beharrezko urratsak emateko orduan.

Errepidea gurutzatzearen arriskua

Metrotik autobus geltokietara abiatu ginen bertan ematen diren bestelako egoerak ezagutzeko asmoz, eta, bidean, espaloian bertan dauden trabak azaldu zituzten Aukera Barriko lagunek. Makila baliatuta aurrera egiten dute, zailtasunetara ohituta. Ondoan doanak gehiago sufri dezake, batez ere konturatu orduko beste arazo bat aurkezten denean: «Kontuz, errepidean sartzen ari gara!».

Kale Nagusiko espaloi zati batzuetan ez dago oinezkoen bidea eta errepidea ezberdintzeko markarik, biak maila berean daudelako. Leku askotan seinale podosentsorialak daude espazio aldaketaz ohartarazteko, baina espaloi tarte batzuetan ez dago horrelako seinalerik. Azaltzen dutenez, espaloien maila jaitsi egin da toki askotan gurpildun aulkien erabilera errazteko, “plataforma bakarra” izeneko eredua jarraituz, baina arazoak planteatzen ditu ikusmen arloko dibertsitate funtzionala duen jendearentzat. «Kalean aurrera egiten badut eta zapaltzean inolako markarik ez badago, zelan dakit nik noiz ari naizen errepidea zapaltzen?», planteatzen dute.

Hurrengo helmuga bat finkatu zuten: autobus bat hartzea. Errepidea gurutzatzeko dauden zebra bideetan dauden zenbait semaforotan ez dago ikusmen urritasuna dutenentzako seinale akustikorik. Batzuetan soinua badago baina beste batzuetan ez; eta, soinudun semaforoak elkarrengandik hurbilegi daudenean, «zaila da jakitea entzuten duzuna zure semaforoa den edo ondoko zebra bidekoa».

Hurtado Amezaga kalean dauden autobus geltokietara helduta, trafikoaren zaratarekin ez dago modurik jakiteko zein autobus den aurrean dagoena, zein irtengo den berehala. Agirrek, Berdascok eta Cornejok urrutiko aginte baten antzeko aparatu bat ateratzen dute poltsikotik. Gailu horrek semaforoaren soinua aktibatzen du, «baina bakarrik funtzionatzen du aktibatuta dauden semaforoekin. Semaforo guztiek ez daukate soinu hori».

Autobus geltoki guztiek ere ez dute ahots bidezko sistema hori, eta, autobus guztiek ez dute megafonia, edo, baldin badute, «beti ez du behar bezala funtzionatzen», azaldu zutenez.

Entzun bai baina ezin ulertu

Geltokiko markesinaren ondoan pantaila bat dago. Horretan azaltzen da heltzear dauden autobusei buruzko informazioa, zein etorriko den hurrena, zenbat minutu falta diren... Gure lagunek duten gailuetan informazio hori ahoz jasotzeko aukera aktibatzen dute, baina kaleko iskanbilarekin ahotsak dioena ez da batere ondo ulertzen. Beste arazo bat ere badago: markesina guztiek ez dute pantaila.

«Irtenbidea pantailak markesinen barruan jartzea litzateke. Teknikoki ez da arazo handia eta ez da kostu ekonomiko izugarria daukan irtenbidea ere», nabarmendu dute Aukera Barriak elkarteko kideek. Gaineratu dutenez, komenigarria izango litzateke braillez idatziriko informazioa ere izatea, jakiteko markesina bakoitzean zein autobus gelditzen diren, noraino joaten diren...

Autobusen inguruko entzunezko informazioa ere aktibatzen du aparatuak. Lehenengo gailua dohainik dute; hortik aurrera, 40 euro balio du horrelako gailu bakoitzak berria behar izatekotan. Beste arazo bat planteatzen du horrek, batzuetan behar denean ezin topatzea, pilarik gabe geratzea... «Autobusetan megafonia ona izatea beharrezko dugu, ez soinu gogaikarria, distortsionatua, batzuetan gertatzen den moduan. Ondo funtzionatzen duen megafoniak ez dio inori kalte egiten; mundu guztiarentzat da baliagarria, ez bakarrik guretzat», azaldu du Cornejok. Horretan, metroa, tranbia eta Renfeko aldiriko trenak eredu direla diote, baina ez autobusak.

Geltokia eta Urduñarako trena

Renfe aipatuta, Bilbo-Urduña linean irisgarritasuna bermatzeko dauden eskaerak aipatu dituzte, eta aldarrikapena erabat babesten dutela nabarmendu. Aldiriko trenen linea horren kasuan, trenera igo eta jaisteko dagoen altuera arazo handia da aniztasun funtzionala duten pertsonentzat. Ikusmen urritasuna duten lagunen kasuan, beste arazo bat ere aurkitzen dute: Abandoko geltokian badaude norabidea gidatzen duten zoru-markak lurrean, baina ez dakite nora doazen. Cornejok argitu bezala, eraikin publiko askotan maketa bat izan badute, «baina gehienetan ez dakigu non dagoen, ez dago sarreran leku ikusgarri batean eta orduan ezin dugu erabili».

Hainbat garraio arduradunekin bildu dira dituzten arazoak azaltzeko, baina momentuz ez dute ondorio positiborik igarri. Duela egun batzuk, Bizkaibusen izandako gorabehera ekarri zuen gogora Agirrek. «Megafoniak Zorrotza aipatu eta Autonomia kalean geunden, pentsa zer gertatzen den megafoniaz fidatu eta autobusetik jaitsiz gero!», planteatu zuen.

Agirreren esanetan, «irisgarritasuna jendearen beharrizanetara egokitu behar da: dinamikoa izan behar da». Bide hori egiten hastea ez da zaila borondatea badago, aipatzen dutenez. Horregatik mezu bat zabaldu nahi dute: «Goazen bide hori elkarrekin egitera eskura ditugun konponbideak eskainiz».

Garraioan dituzten arazoak identifikatu ondoren, enpleguaren arloan duten egoera aztertzen duen txostena ere prestatu du Aukera Barriak elkarteak. Azken horretan jasotako ondorioak alderdi politikoei helarazi nahi dizkiete laster hasiko den kontaktu erronda batean.