Dabid LAZKANOITURBURU
IKUSMIRA

ALEPO, DRESDEN ETA «ARTE DEGENERATUA»

Aliatuen bonbardaketek Dresden hiri alemaniarra guztiz suntsitu zuteneko 72. urteurrena beroa izan da aurtengoan. Eta ez soilik jada II. Munduko Gerra azken arnas odoltsuak ematen ari zenean AEBek eta Britainia Handiak egindako sarraskia (25.000 hildako tartean) gogoratu dutelako. Manaf Halbouni artistak, jatorriz siriarra, Alepo hiriaren aurkako bonbardaketak salatuz, zutik jarritako hiru autobusez osatutako lana jarri du egunotan Dresdengo enparantza nagusian. Hiriko Udalak berak bultzatutako ekimenak haserrea eragin du Pegida mugimendu xenofobo eta ultraeskuindarrean, azpiko argazkian ikusten den bezala. Artistak Alepoko matxinoek Siriako Armadari bidea ixteko erabili zuten hiru autobusez osatutako barrikada (goiko argazkia) hartu du oinarri bezala. Antza, Pegidako kideei ez zaie gustatu Dresdengo alemaniar petoak eta siriarrak nolabait parekatzea, bonbardaketen azpian bada ere. Halbounirena «arte degeneratua» dela salatu dute. Hitler eta bere aldekoen duela 72 urteko hizkera berbera.