Ion Salgado
FAXISMOAREN AZTARNAK

Gasteizen politikari frankisten izena daramaten sei kale daude oraindik ere

Pasa den hilean Memoria Historikoaren Lantaldeak egindako txostena onartu zuen Gasteizko Udalbatzak. Testuak frankismoarekin zerikusia duen sinbologia kentzea edo testuinguruan jartzea gomendatzen du. Halaber, kale izendegia aldatzearen aukera agertzen da, baina Gorka Urtaranek iragarri du jada ez dituela kaleen izenak aldatuko.

Urtarrilaren 30ean izenik jarri ezin izan zaien 36ko gerrako gorpuzkiak hartzeko Duintasunaren Kolunbarioa ireki zuten Elgoibarren. Egun berean, Gasteizko Udalbatzak pauso bat eman zuen hiriko memoria historikoa berreskuratzeko. EH Bildu, EAJ, PSE, Ahal Dugu eta Irabaziko zinegotziek Memoria Historikoaren Lantaldeak Gasteizko Udalari bidalitako irizpena onartu zuten. PPko zinegotziak abstenitu egin ziren.

Udalbatzak onartutako mozioan azaltzen zenez, Memora Historikoaren Lantaldeak aurkeztu eta zehaztutako hainbat ekintza gauzatu dira azken urteetan. 2015eko martxoaren 18an, esaterako, Estepan Urkiaga Lauaxeta idazlearen bustoa Karmeldarren Komentuaren sarrerako plazan jarri zen, hortxe izan baitzen kartzela frankista. Eta Martxoak 3 elkartearekin batera, 1976ko sarraskia gogoratzeko monolitoa jarri zen 2013ko azaroaren 18an.

Baina egindakoa ez da nahikoa, eta lantaldeak Valentin de Foronda Institutuaren laguntzarekin egindako dokumentuan memoriaren tokiak adieraztea gomendatzen da. Santa Isabel hilerriko atzealdeko horma txukuntzea eta duintzea, bertako historia azaltzen duen monolitoa jarrita, eta Bakea kalean, Gasteizko kartzela zaharra zegoen kalean, monolito bat jartzea proposatzen da. Halaber, Maria Sortzez Garbia Katedralean dagoen ikur frankista bertan zergatik dagoen azaldu beharra dagoela dio lantaldeak, «une historikoaren testuinguruan eta sinbologia horren iraupenean arreta jarrita». Olagibel kalean dagoen ikurra kentzea edo haren presentzia azaltzea ere proposatzen du, eta Olarizu mendiaren tontorreko gurutzearen izatea testuinguruan jarri behar dela ohartarazten du.

Kale izenen gaineko eztabaida

Lantaldeak ohorezko karguetan eta kale izendegi frankistan esku hartzea ere proposatzen du. Zehazki, frankismoari lotutako pertsonei eskainitako titulu, ohorezko kargu, domina eta aipamen guztiak kentzea proposatzen du, eta zenbait kaleren izenak aldatzea edo testuinguruan jartzea gomendatzen du. Ballester Apezpikuaren kalea, Bueno Monreal kalea, Pedro Orbea kalea, Jose Lejarreta kalea, Vicente Abreu Margolariaren kalea eta Luis Maria Uriarte kalea aipatzen dira zehazki.

Sei kaleon izenak aldatzeko aukerak eztabaida sakona sortu zuen Gasteizko Udalean. Izan ere, Gorka Urtaran alkateak dagoeneko iragarri du ez dituela izenok ukituko. «Ez dut uste Gasteizko kaleen izenak aldatu behar direnik. Alkate bezala, ez ditut hiriko kaleen izenak aldatuko. Are gutxiago Jose Lejarreta bezalako pertsonei aitortza egiten dieten kaleen izenak; nahiz eta Francoren garaiko alkatea izan, pertsona ona izan zen eta gauza asko egin zituen hiriaren eta gasteiztarren alde», azaldu zuen sare sozialetan zabaldutako mezuan.

EH Bilduren udal taldeak kritikatu egin zuen alkatearen jarrera, eta Urtaranek memoria historikoaren inguruan dagoen adostasuna arriskuan jarri zuela salatu zuen. «Alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, adostu dugun txostenean argi azaltzen da Gasteizko sei kaleren izenak aldatu edo testuinguruan jartzeko borondatea. Kontsentsu hori kolokan jarri du Urtaranek, bere kabuz hartu duen erabakiarekin bi urteko lana hondatuz. Adierazpen horrekin alkatea PPrengana hurbildu da eta baliorik gabe utzi du bilkurara eramango den txostena», salatu zuen Ane Aristi zinegotziak.

Udal Gobernuko iturriek adierazi zutenez, Urtaranek ez ditu aipatutako kaleen izenak aldatuko, baina testuinguruan jarriko ditu, Memoria Historikoaren lantaldearen irizpideak jasotzen duen bezala. Hala, 30eko Udalbatzan PPk bakarri geratu zen, abstenitu egin zen eta bere proposamenaren alde bozkatu zuen. Beraien testuan ez ziren frankisten izenak daramatzaten kaleak aipatzen.

Ernaik kalean erantzun zuen Urtaranek hartutako erabakia. Gazteek frankisten izenak jasotzen zituzten plakak kendu zituzten kaleetatik eta Araba Buru Batzarraren egoitzaren atean utzi zituzten. «Gasteizko zenbait kaleren izenak aldatzeko deiari uko egin eta frankismoaren babesle izandakoak goraipatzen jarraitzearen alde egin duen honetan, Gorka Urtaran alkatea interpelatu nahi dugu zuzenean, eta, aldi berean, gaiaren inguruan herriaren aldebakarreko erabakitzeko eskubidea aldarrikatu», esan zuen Ernaik.

«Horregatik, Urtaranek gaiarekiko hartutako jarrera ikusita, gure hiriaz lotsatzea eragiten duten kaleen izenak kentzea erabaki dugu. Hark ez baditu kaleen izenak aldatzen, herriak berak aldatuko ditu: argi daukagu frankismoaren arrastorik minimoena ere behin betiko suntsitzea ezinbestekoa dela. Horregatik, Ballester Apezpikua edo Pedro Orbea bezalako frankistak, beste batzuen artean, gogoratzen dituzten kaleen plakak kendu ditugu», nabarmendu zuen Ernaik ohar batean.

Testu horretan adierazi zuenez, «Gasteizek bat egin zuen Maroto bezalako alkate faxista bat botatzeko, baina halako erabakien bitartez argi ikus daiteke aurpegi aldaketa besterik ez zela izan: espainola ikurrinagatik, baina elite berdinen mendeko. Horrenbestez, argi utzi nahi dugu diktaduraren aldeko keinurik egiten duen edonork aurrez aurre izango gaituela, erdibideko jarrerarik ez dugu onartuko: ez da justifikaziorik frankismoaren alde egin zutenak gogoratzen jarraitzeko».

Lander Garcia Memoria Gasteiz ekimenaren koordinatzaileak parte hartu du Udalbatzak onartutako txostena idatzi zuen lantaldean. Frankisten izenak daramatzaten kaleen izenak ez aldatzeko aukera testuan agertzen dela onartu zuen AleaFM irrati saioan, baina, bere iritziz, «frankistek ez dute inolako omenaldirik izan behar».

«Argi daukagu frankismoa diktadura bat izan zela, giza eskubideak sistematikoki urratu zituen diktadura bat. Hortaz, diktadura horretan ardurak izan zituztenek ez dute inolako omenaldirik jaso behar», azaldu zuen. Ildo horretan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, EAJkoa bera ere, frankisten izenak zeramatzaten hiru kaleren izenak aldatu dituela gogoratu zuen. Aldaketa horrek ere eztabaida sortu du, PPk Sabino Araba EAJren sortzailearen izena, Dolores Ibarrurri buruzagi komunista historikoarena eta Tomas Zumalakarregi jeneral karlistarena ere hiriko kale izendegitik kentzea proposatu baitzuen. Azkenean, PPk atzera egin eta mozioa kendu zuen sortutako erreakzio «sutsuak» ikusita.

Beste neurriak

Gasteizen onartutako mozioak gomendio gehiago ere jasotzen ditu. Esaterako, oraindik plaka frankistak dituzten etxebizitza-blokeen errolda eguneratzea plakok kendu ahal izateko. Udal Gobernuak eskutitza bidaliko die auzotarren elkarteei eta etxejabeei Memoria Historikoaren Legea betetzeko gonbidapena luzatu eta sinbolo horiek kentzeko eskatuz.

Urtebeteko epean frankismoak Gasteizen eragindako biktimen errolda ofiziala lantzea ere proposatzen du irizpenak, gaur egun ez baitago horrelakorik. Baita zigortutako eta eraildako udalbatzako kide guztiei, eta, hedaduraz, errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar guztiei omenaldia eskaintzeko data zehatza ezartzea ere. Zentzu horretan, Teodoro Gonzalez de Zarate falangistek fusilatutako alkatearen oroimenez zein errepresio frankistaren biktima izandako gasteiztar guztien oroimenez plaka edo monolitoak jartzea proposatzen du.

Neurriok errepresioa pairatu zuten herritarrak omentzea dute helburu. Gertatu zena gogoratzea, berriz errepika ez dadin.