Koldo Sagasti

Halabeharraren kapritxoen menpe

Halabeharrak baldintzatu ditu nire bizitzako une erabakigarrienetako batzuk. Hamazortzi urte bete berritan, garai hartako usadioaren arabera, herri arrotz bateko armadan derrigorrez zerbitzatu behar ote nuen zozketa bidez erabaki nahi izan zuen norbaitek. Loteria makabro haren aurkako jarrera izan zen intsumisio mugimenduarekiko nire lehenengo kontaktua eta nire kontzientzia politikoa esnarazi zuen akuilua. Gerora, urte batzuk geroago, 8812 ekimeneko militantea izan nintzen. Gasteiztar askok ondotxo gogoratuko dute hiria astindu zuen espekulazioaren aurkako herri mugimendu hura. Orduan babes ofizialeko etxebizitzen zozketak ziren gure salaketaren xedea. Izan ere, etxebizitza eskubidea dela aldarrikatzen genuen, eta nekez berma daitekeela eskubide bat merkatuaren logikaren parametroetan kokatzen den bitartean, eta erakundeek eskubideak bermatu egin behar dituztela, eta ez zozketatu.

Egun, beste oinarrizko eskubide bat dakusat kolokan halabeharraren kapritxoen menpe, edo zehazkiago esanda, nire bi urteko alabaren hezkuntzarako eskubidea. Datozen egunotan jakingo dugu auzoko ikastetxe publikoan eskolaratzeko zoria egokitu zaigun; izan ere, eskaera guztiei aurre egiteko plaza nahikorik ezean, zozketaren bidez banatuko dituzte daudenak. Pentsa genezake Hezkuntza Sailaren prebisio falta dela gutxienez ume adina plaza ez eskaintzea, baina erakundeek baliabideak dauzkate auzune batean bi urteko zenbat haur dauden jakiteko, eta zenbat plaza beharko diren aurreikusteko. Hala egiten ez badute, ume guztiak sare publikoan eskolaratzeko eskubidea ez bermatzeko hautu estrategikoa egiten badute, itunpeko ikastetxeak balizko bezeroez elikatzeko delakoan nago. Eta, bide batez, haurrak ahalmen ekonomikoaren eta jatorriaren arabera sare publikoan eta pribatu-itunpekoan bereizteko. Errealitateak horixe erakusten du, behintzat. Bitartean zozketaren esperoan gaude, eskubide-loteriak oraingo honetan zoria ekarriko ote digun zain. •