Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hizkuntza denak eskubidez berdinak

Aurreko batean genion Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatu dela. Protokoloak, Bartzelonan 1996an onartu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren printzipio guztiak bere egin eta han jasotako eskubideak bermatzeko neurri-zerrenda jaso duela aipatu genuen: 185 neurri, horietatik 52 hezkuntza eremuari dagozkionak.

Protokoloak, ezbairik gabe, jendarte eragileen ahalduntze historikoari hasiera eman dio. Eta tamainakoa izan zen Protokoloa aurkezteko Donostiako Kursaal jauregian 2016ko abenduaren 17an egin zen ekitaldia. Oraingoan, ekitaldi hartan plazaratutako zenbait ideia ekarri nahiko nituzke argitara.

Maria Do Pilar Garcia Negredok zenbaiti aspalditik Hizkuntza Unibertsalaren ideia erakargarria egiten zaiola aipatu zuen. Haren aburuz, «hizkuntza aniztasuna, kultur aniztasunarekin batera, gure espeziearen bereizgarria da. Animalien gainetik jartzen gaituena, hain zuzen. Turkiako txakur batek eta Danimarkako batek berdin egiten dute ulu. Argentinako Panpetako zaldi batek eta Bretainiako batek berdin egiten dute irrintzi. Eta badakizue zergatik? –galdetu zuen– Bada, animalia gajoak oraindik ere hizkuntza unibertsalean soilik mintzatzen direlako», erantsi zuen.

Aureli Argemi Roca Bartzelonako Deklarazioaren osatze eta zabaltze lanetan aritu zen Maria Do Pilar Garciarekin batera. Hizkuntza eskubidea Giza Eskubide gisa hartuta aritu zen. Ikuspegi horretatik, hizkuntza gutxitu eta hizkuntza nagusi arteko sailkapena baztertu egin behar dela aldarrikatu zuen. Izan ere, «pertsona guztiek eskubidea dugu gure nortasuna gure hizkuntza propioan adierazteko. Hizkuntzak, pertsonak bezala, banaka zein taldeka adierazten dira. Banakako hizkuntza eskubideak aitor daitezen guztiz ezinbestekoa da komunitatearen eskubide horiek ere bete-betean aitortzea. Hizkuntza gutxitu/nagusi ikuspegi horrek, funtsean, bazterkeria mantendu, iraunarazi egiten du, eta berdintasun ez batetik egiten du eskubideen balorazioa». Bere ustez, «hori da, funtsean, Adierazpen Unibertsal horren edukia eta originaltasuna. Baina ez du lortuko nahiko genukeen eraginkortasuna baldin eta munduko erakunde publiko nagusienek ez badute bere egiten», amaitu zuen.

Donostia 2016ko zuzendari kultural Xabier Payak «naua» esanez (mandan hizkuntzan «kaixo») hasi zuen bere hizketaldia. Egun batzuk lehenago, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean, hain justu, Edwin Benson hil zela gogoratu zuen, mandan hizkuntzako azken hiztuna, baina ez mandan herriko azken kidea. Izan ere, badaude herritar gehiago baina jada ez dute mandan hizkuntza hitz egiten, «nahiago omen dute esatea beren hizkuntza lozorroan dagoela». Hizkuntzak osasun bidean jar daitezen tratamendua behar dutela gaineratu zuen, eta tratamendu horrek ezinbestekoa duela konpromisoa.

Joan Mari Torrealdaik Protokoloaren aurkezpen ekitaldiaren balio sinboliko handia azpimarratu zuen, eta tamaina bereko balio erreala izan dezala eskatu zuen. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, bere aldetik, ekitaldian parte hartzen ari ginenok aurkeztu gintuen: gure hizkuntzan artatzen ez gaituzten pediatrak ditugunak, gida-baimena gure hizkuntzan atera ezin dugunak, derrigorrezko ikasketak egin ezin ditugunak, filmak gure hizkuntzan gozatu ezin ditugunak, eta abar. Eta hori, «Europako bazter guztietan gertatzen da» aipatu zuen.

Aurrekoan Kursaaletik heziguneetara Protokoloak egingo duen bidea gure esku dagoela esan genuen. Etxerako lanak ditugu, hortaz. Lehenik eta behin jakinik hizkuntzak ez direla berez ez gutxituak eta ez nagusiak, eskubidez denak berdinak direla, hainbeste hedatu den erabilera aldatu beharko genuke, hizkuntza eta giza eskubideen balorazioa berdintasun ikuspuntu batetik egiten has gaitezen.

Bestalde, badakigu hizkuntza bateko azken hiztuna desagertu arren, herritarrak ez direla desagertzen. Globalizazioa azken muturrera iristen denean zaldiak, txakurrak eta gainerako animaliei gertatzen zaien gisan, gu ere Hizkuntza Unibertsala hitz egiten ariko gara, haietatik bereizten gintuen aberastasuna ahazturik. •