GAUR8
IKERKETA GEOLOGIKOA

Jaten duguna eta mugitzen garena, hortzetan eta hezurretan grabatuta

Gure hortzek eta gure hezurrek jaten dugunaren inguruko gauza asko kontatzen dituzte. Hala jaso du EHUko ikertalde batek egindako lanak: «Dieta eta mugikortasuna gure hezurretan eta hortzetan grabatuta geratzen dira». Tausteko (Zaragoza) aztarnategian topatutako 44 eskeleto aztertuz aritu dira lanean.

Samuel Epstein geologoak argi eta garbi esan zuen: «Jaten duguna gara». Isotopo egonkorren azterketa metodoak garatu zituelako egin zen ezagun Epstein eta, bere hitzetan, «irensten duguna gure gorputzen zati bilakatzen da eta gure gorputzean grabatuta geratzen den balio handiko informazioa eskaintzen digu». Bide horretan doa EHUko ikertalde batek egin duen ikerketa. Ondorioztatu duenez, «dieta eta mugikortasuna gure hezurretan eta hortzetan grabatuta geratzen dira».

Iranzu Laura Guede geologoa doktorego tesia egiten ari da Iberiar penintsularen iparraldean Erdi Aroan zuten dietari eta mugikortasunari buruz. Hain juxtu doktorego tesi horren zati bat da aipatutako ikerketa. Lan horrek Tausteko (Zaragoza) aztarnategi batean aurkitutako gizabanako islamiarren dieta aztertu eta sexuaren eta adinaren arabera elikaduran dauden ezberdintasunak zehaztu ditu.

Tauste, aztarnategi garrantzitsua

Tausteko aztarnategia bide publikoan egindako lan batzuen ondorioz aurkitu zuten. Bertan egindako indusketa batzuei esker VIII. eta X. mendea bitartean bizi izan ziren 44 gizabanako islamiarren eskeletoak azaleratu ziren. Aurkikuntza horretatik abiatuta, EHUko Geologia ataleko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertalde batek giza aztarna horien hortzak aztertu ditu, Erdi Aroko komunitate islamiar horren elikadura zehaztu ahal izateko. Emaitza klinikoek agerian utzi dutenez, alde nabariak daude gizon helduen elikaduraren eta emakume eta gazteen elikaduraren artean. Ikusi ahal izan denez, gizon helduek animalia jatorriko proteina gehiago jaten zituzten. Emakumeek eta gazteek, aldiz, lekale eta barazki gehiago jaten zituzten.

Ikerketa horrek mahai gainean jarritako datuak historiagileen, antropologoen eta arkeologoen azterketetan oinarritu eta horiekin alderatu beharra dago. «Zenbakizko datu hutsek ez dute baliorik, baina funtsezkoak dira arkeologoen eta historiagileen hipotesiak eta aurkikuntzak babesteko», nabarmendu du Guederen doktorego tesiaren zuzendarietako bat den Mari Cruz Zuluaga doktoreak. Horrenbestez, «analisi horiek animalia jatorriko proteinaren jatorri zehatza ezagutarazten ez badute ere, idatzizko testuetan eta Erdi Aroko komunitate islamiarraren inguruko antropologia ezagutzan oinarrituta, gehienbat ahuntz eta ardietatik etorriko litzatekeela esan genezake».

Ikerketak dentinan jarri du arreta, Iranzu Guede geologoaren iritziz hortzetako esmaltea baino «egokiagoa» baita dieta zehazteko: «Dentinaren kimika osaera bizitzan zehar birmoldatzen joaten da, eta, ondorioz, norbanakoen azken bizitza urteetan, beraien elikadura osatzen zuten osagaiak grabatuta geratzen dira».

Belarritakoa zeraman emakumea

Elikadurarekin lotuta egindako lanaz aparte, ikerketak beste aurkikuntza garrantzitsu batzuk ere azaleratu ditu: lau eskeletoren dentinan aurkitutako berun kontzentrazio handiak, esaterako. «Pentsa, berun kontzentrazioa hain da handia, ezen osagai horrekin intoxikatuta zeudela uste baitugu», nabarmendu du ikertzaile gazteak. Osagai horren jatorria antropogenoa da, eta, ikerketa ezberdinen arabera, berun mineralak maneiatuz egiten zuten lanaren ondorio izan daiteke, zeramikentzako beiradurak egiten ziurrenik.

Bada beste berezitasunik. Aurkitutako eskeletoen artean belarritako bat zeramala lurperatutako emakume bat dago. «Gauza oso bitxia da hori, islamiarrek ez baitzuten bitxirik edo bizitzako osagairik lurperatzen hildakoekin batera», azaldu du Iranzu Guedek. Egin dituen mugikortasun azterketen arabera, «emakume hori Tausten jaio zela, denbora luzez herritik kanpo bizi izan zela eta hil baino urte batzuk lehenago herrira bueltatu zela frogatu ahal izan dugu; bidaia horren arrazoiak, ordea, ezezagunak izango dira betirako».

Ikerketa horiei esker jakin ahal izan da ere komunitate islamiar hori komunitate egonkorra zela, norbanako gehienak Tausten jaio eta hil baitziren, kanpoko bi gizon eta bi emakume kenduta.

Tausteko aztarnategia oso interesgarria da. Bertan indusketa lanetan aritu diren adituek uste dute bi hektareako azalera izan dezakeen nekropoli bat egon daitekeela eta 4.500 hilobi inguru jaso ditzakeela.