Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Kartografia burujabea

Planoek eta mapek ez dute errealitatea ordezkatzen, papera baino ez baitira. Kasu batzuetan, ordea, errealitatea eraldatzen lagun dezakete. Eta ez soilik eraikuntzaren mundu profesionalean, arkitektoen, ingeniarien eta bestelakoen eremuan. Proiektu soziopolitikoak ere osatzeko balia daitezke. Horren adibide gertuena da existitzen uzten ez zaion Euskal Herria. Baduena, batetik, bere existentzia historikoaren berri ematen digun kartografia bat, ukatu ezin daitekeena, eta, bestetik, herritarron artean egunero proiektatu, landu eta edukiz bete beharreko beste bat.

Ez da kasualitatea Euskal Herriko azkenetariko liburu kartografikoak, Jose Mari Esparzaren “Nazio batentzako mapak” (Txalaparta, 2012) eta Eneko Del Castilloren “Nafarroako atlas historikoa” (Pamiela, 2016), Nafarroa Garaian argitaratu izana, hain zuzen ere gure lurraldea egunero ukatua den herrialdean. Batzuei berdin zaie Euskal Herriko zazpi lurraldeak irudikatzen dituzten XVIII. mende hasierako mapak egotea, adibidez, A. H. Jaillot kartografo frantsesarena: Euskal Herria entelekia bat da, Espainia edo Frantzia ez bezala. Horregatik dira hain garrantzitsu halako testigantza kartografiko historikoak biltzea, egungo diskurtso asimilazionista ugari erabat desmuntatzen dituztelako.

 

Hala ere, antzinako lekuko grafikoek baino gehiago kezkatu beharko gintuzke egun erabiltzen dugun kartografiak. Eta ez soilik ETBren eguraldi-mapak, egunero-egunero Trebiñu Euskal Herritik kanpo adierazten tematzen dena, edo gure seme-alaben ikasliburuetan ageri den estatu handien kartografia ofizialak, Euskal Herria bitan (edo hirutan) ebakitzen duena, munduaren sorreratik natural-natural hala izan balitz bezala. Hedabideetako zein hezkuntzako mapak bezain garrantzitsuak edo are garrantzitsuagoak izan daitezke mapak sortu ahal izateko datu geografikoak. Geografia Informazioko Sistema (GIS) delako programa informatikoen bidez eralda daitezkeenak, eta, ondorioz, mapen sorkuntzarako erabil.

 

Euskal Herriko datu geografiko espazialak zatikatuta daude. Eusko Jaurlaritzak GeoEuskadi zerbitzua du; Nafarroako Gobernuak, SITNA plataforma; eta, Akitania Berriak, PIGMA. Ezberdinak oso, haien artean. Euskal Herriko osotasuna landu nahi duen mapagileak, hortaz, jai izango luke, Gaindegia behategiagatik ez balitz. Gaindegiaren Euskalgeo datu espazialen azpiegitura da, hain zuzen ere, Euskal Herri osoa espazialki aztertzeko aukera ematen duen plataforma bakarra. Kartografia burujabean sakontzeko parada ematen duen bakarra. Eta are gehiago garatu beharko litzatekeena, bestelako tresna batzuen moduan (Udalbiltza, esaterako), nazio ikuspegitik. Datu estatistikoekin beste hainbeste gertatzen delako: Eustat batetik, NEE/IEN bestetik, INSEE… Gaindegia da Euskal Herri osoko datu estatistikoak kontuan hartzen dituen behategi bakarra. Kartografia askea gehiago indartzeko baliabide gehiago bideratu beharko lirateke. Gure zergak horretarako ere badira.•