Iñaki Altuna

EAJ-ETA: harreman gatazkatsua

Aitortza: David Plari Urkulluri buruz galdetzerakoan, bagenekien, susmoa bagenuen kontu horrek elkarrizketaren zati handitxo bat hartuko zuela. Estatuen jokabidea azaltzeko, esate baterako, nahikoa izango zituen esaldi pare bat. Lakuakoarenak, ordea, argipen gehiago beharko zuela susmatzen genuen, eta halaxe izan zen. Galdera bat baino gehiago behar izan zuen gaiak, eta erantzunek ere bizpahiru esaldi baino zerbait gehiago eman zuten, nahiz eta elkarrizketaren izenburu nagusiak beste batzuk ziren; Luhuson zabaldutako bideari, presoek abiarazitako eztabaidari eta ETAk, Abian prozesuak jarritako arrastotik, iragarritako hausnarketari lotuak. Baina beti pizten du polemika ETAren eta jelkideen arteko harremanak. Gasteizko Gobernuak inork baino lehen erantzun zien Plaren hitzei, zakar antzera.

Gatazkatsua izan da betidanik EAJren eta ETAren arteko harremana, erakunde armatuaren sorreratik bertatik; finean, Euskal Herriaren taupada amatatzen ari zen jelkideen utzikeriari osoko emendakina egin baitzion ETAren sorrerak. Ondotik, elkar mokoka aritu dira maiz, eta hurbilketa saioek, Xibertan edo Lizarra-Garazin, ez dute amaiera onik izan.

Ezker abertzalea burumakur jarri behar dela uste izatea

Borroka armatua omen zen jelkideentzat aurreko zikloaren arazoa, baina, ETAk arma bidezko ekinbidea behin betiko utzi eta gero, EAJren jokabidea ez da samurtu. Gogorrago ere ekin dio zenbait kontutan, askotan bere desira bakarra ezker abertzaleak bere buruari uko egitea dela azaltzeraino. 2005-2007 negoziazio prozesuan, argi bezain garbi adierazi zuen Josu Jon Imazek, orduko EBBko presidenteak: ez zuten inoiz onartuko Moncloatik ekarritako Estatuaren bidea hartu izana akatsa izan zela ondorioztatzea. Eta horretarako ezker abertzalea burumakur jarri behar duela uste du Ibarretxeren gainbeheraren ondotik indartu zen zuzendaritzak.

Azken bospasei urteotan gatazkaren konponbideak bestelako aldarte eta jokabide bat behar bazuen ere, eskuarki, eta salbuespenak salbuespen, ez da horrela izan. Urrats bat aurrera eta mordoxka bat atzera izan da Urkulluren eredua. Diotenez, 2011ko udan jakin zuen Aieteko Nazioarteko Konferentziak zer zekarren berarekin (ETAren erabaki historikoa) eta horregatik hurbildu zen hainbeste, kasik bere burua aitzindari aurkeztuz. Hilabete gutxira, ordea, Espainiako Kongresuan EAJk PPrekin eta PSOErekin Estatu ituna sinatu zuen. Aieteko irizpideetatik aldentzen azkar hasi zen.

EAJk Sorturekin harremanak hasi eta bide orri bat lantzen hasteko aukera azaldu zen geroxeago. Halere, 2012ko EAEko hauteskundeetan Urkullu nagusi izan zen, eta ez zuen lerro horri segitzeko beharra ikusi.

Nazioarteko eragileen aurrean ere susmabera azaltzen omen zen lehendakaria, beti mantra berarekin: ezin zaio ezker abertzaleari jokoa egin. Harritu ere harritu zuen bat baino gehiago, nonahi aitortzen baitzuen 2014ko urtarrilean Auzitegi Nazionalaren debekuari erantzunez eginiko manifestaziora ez atxikitzeko esan ziola EAJri. Seguru asko, Rajoyk gustura entzungo zituen halakoak, baina gatazkaren konponbidean laguntzeko hurbildutako zenbait aditu ahoa bete hortz utzi zituen.

Urkullu, espero omen zuen agiri baten atzean zimurtuta

Konpromisoa hartu zuen, ordea, armak zenbatzeko eta zigilatzeko prozesuaren hasieran, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin (NEB) harreman txukuna lortuta. Babes ematera ere joan zen Auzitegi Nazionalak batzorde horretako ordezkariak deitu zituenean. Halere, prozesu hari hasiera eman zion lehen urratsak kontrako erreakzio handia izan zuen, eta Urkullu zimurtu egin zen. Aitzakia bila hasi zen orduan, inondik agertu ez zen ETAren agiri bat espero zela argudiatuz. Jonan Fernandezek aste honetan bertan aipatu du «hiru lerroko» agiri «irmo» bat espero zutela. Gaizki-ulertzea edo fede txarra, ez dago jakiterik zer dagoen baieztapen horren atzean. 2014ko otsailaren 21ean NEBk zigilatzea abiarazita zegoela iragartzeko Bilbon agerraldia egin ondoren, ETAk bi egunetara agiri bat argitaratuko zuela zabaldu zuen hainbatek ahopeka. GARAn bagenekien orduan zurrumurru hori ez zela zuzena. Teknikoki ezinezkoa zen. ETAk 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuan ardura ukatzeko egin zuen bezala egiten ez bazuen behintzat. Orduan, GARAko egoitza batera zuzenean joan, txirrina jo, agiria postontzian utzi eta hanka egin zuten, sekulako arriskuak hartuz. 2014ko otsaileko agiri horrena gezurra edo interpretazio okerra zen, nahiz eta oraindik Fernandezek eusten dion. ETAren benetako agiria astebetera zabaldu zen, NEBko azalpenen termino berdinetan. Bi adierazpenak termino berdin-berdinetan. Urkulluren eta Fernandezen bertsioak ez du inongo logikarik.

Orduz geroztik, horien jokabideak 2011tik sortutako gutxienekoak zapuztea ere izan du helburu. Oso esanguratsua izan zen 2014ko abenduan, zigilatze prozesuaz NEBk informazioa emateko agerraldia egin zuen egun berean, Lakuak, lan hori gutxiesteaz gainera, bere armagabetze proposamena publikoki aurkeztu izana, inorekin aurretik hitz egin gabe. Gertaera zinez itsusiak izan ziren hilabete horietan. Adibidez, Urkulluren ordezkari batek bidaiak egin zituen nazioarteko izen oneko pertsonek Euskal Herrira, prozesuari babes ematera, egin behar zituzten bisitak galarazten saiatzeko.

Harremana, beraz, gatazkatsua izan da, David Plak esan berri duenez. Halere, aurreko hori dena atzean utzita, konponbidean beste abiapuntu bat jartzeko aukera ere aipatu du Plak astebukaerako elkarrizketan. Agian Luhusok hori ere ahalbidetu dezake, gutxieneko borondatea badago. Ardura gizarte zibilak hartu du eta gidaritza partekatuen aukera zabal-zabalik dago. •