Nerea Goti
EUSKARA BADA ABENTURA

Euskal Udalekuak, aisialdia naturan eta euskaraz bizitzeko parada

Bada aukera bat uda abenturaz bete eta abentura horiek euskaraz bizitzeko, auzolanetik eta euskal kulturatik edanaz. Osagai horiekin, Euskal Udalekuek egonaldiak prestatu dituzte Goñi eta Bernedoko etxeetan adin tarte ezberdinei egokitutako planekin. Ondo pasatzea da helmuga; euskara eta natura, garraiobideak.

Udak bizipen berezien zaporea utzi ahal du, urteetan dastatzen den oroitzapen gozo horrena. Negu epelaren erdian, oporrek ekarriko dituzten aukerekin amets egiteko parada dago, behin oporrak heldutakoan egunak berehala doazen sentsazioak apurtuko dituen plan horien bila ibiltzekoa. Gogoan gordetzeko uda berezi horrekin ametsetan, oporraldi luzeetan naturan bizitako abenturek, lagunekin gozatutako uneek xarma berezia dute, egun luze eta gau ederretako uztail eta abuztuetan bizitako esperientziak ahaztezinak baitira. Bada, goizetik gauera naturan bizitako oporren usain berezi hori dute Nafarroan eta Araban proposatzen diren Euskal Udalekuek. Ibilbide luzea dute jada, lau hamarkada baino gehiagoko eskarmentua baitauka egitasmoak.

Ez dira udalekuok haur eta gazteentzako egonaldi entretenigarri hutsak. Aurkezpen txartel modura proiektuan lan egiten dutenek hiru zutabe nagusi zehazten dituzte: euskara, natura eta elkarbizitza. Nabarmentzen dutenez, gainera, egonaldion egunerokoaren osagai nagusiak diren hiru elementu horiez gain, berdintasuna eta kooperazioa bezalako beste balore batzuk ere lantzen dituzte. Horrez gain, beste datu bat da kontuan hartzekoa: begiraleak Euskal Herriko zazpi herrialdeetako gazteak dira eta boluntario lana egiten dute, sukaldariek bezala. Ez dute egonaldiengatik dirusaririk jasotzen, «gozatu eta gozaraztea» da saria.

Arestian aipatutako hitzok Josu Agirre 28 urteko algortarrarenak dira. Bederatzi urte eman ditu Goñin begirale gisa. Nafarroako herri horretan dago familiek aukeratu dezaketen egonaldietako bat. Beste aterpetxe bat Arabako Bernedon dago kokatuta, eta hirugarren etxe batek osatzen du eskaintza, Lizarraldeko Abaigar herrian. Aldiz, azken horretan aurten ez da talderik izango, konponketa lan batzuk egiten ari dira eta.

Nabarmentzen du Agirrek Euskal Udalekuek aukera paregabea ematen dutela «aisialdia euskaraz goza daitekeela demostratzeko». Hiru etxeek inguruan duten paraje natural aparta beste erakargarritasun bat da, eta imajinatzekoa da herrixka horiek zenbat plan egiteko parada ematen duten.

«Ilusioa, gogoa eta barre egitea»

Ilusioa, gogoa eta ondo pasatzea egonaldion abiapuntua direla azaltzen dute garbi. Diotenez, ondo pasatzea izan behar da esperientziaren motorra, eta hortik abiatuta haur eta nerabeek eurek egiazta dezakete euskaraz eta euskal kulturatik edanaz 24 orduz bizi daitekeela, primeran pasatzen gainera. Sarean dauden bideoetako batean begirale batek aitortzen duenez, «amesten dugun Euskal Herri hori irudikatzen» du udalekuon eguneroko bizimoduak.

Euskara eta euskal kultura erregai nagusi izanik, bidean beste balore batzuk ere lantzen dira. Elkarlana eta aniztasuna bereziki mimatzen dira udalekuetan, kontuan hartuta Euskal Herri osoko 6 eta 17 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta daudela eta bereziki zaintzen direla euskalki eta errealitate ezberdinak, horrek udalekuei ematen dien aberastasuna kontuan hartuta.

«Bidean sorturiko esperientzietatik, haurrek eta gaztetxoek baloreak bereganatzen» dituztela nabarmentzen dute hezitzaileek, eta zehazten dute «ondokoa errespetatzen, laguntzen, berdintasunean bizitzen, ingurua zaintzen eta maitatzen» ikasten dutela. Arregik nabarmendutakoaren arabera, hezkidetza ere bada egunerokoan praktikan jartzen duten baloreetako bat.

«Ekintzak ezberdinak dira etxearen arabera», azaldu du Agirrek. Izan ere, etxe bakoitzak «talde motor» bat dauka, eta, printzipio berdinak konpartitzen badituzte ere, era autonomoan funtzionatzen dute.

Bederatzi urteko esperientziak ematen duen perspektibarekin, algortarraren ustez nabaria da haurrek eta gaztetxoek lortzen duten euskararekiko eta euskal kulturarekiko lotura. «Euskal Herriko alde ezberdinetatik etorritako parte hartzaileak direnez, saiatzen gara euskalki ezberdinetan bizitzen. Hala, euskaldunen artean sortzen den kohesio hori oso berezia eta aberasgarria da». Euskararen erabilera ahula duten tokietatik joandako gazteentzat, gainera, bai hizkuntza mailan aurrera egiteko bai hizkuntza aisialdian erabiltzeko aukera paregabea da. Izan ere, tamalez, gazte horientzat euskarak ikastetxeetako hormak gainditu eta aisialdira eta eguneroko bizimodura salto egitea ez baita ohikoa.

Adin bakoitzarentzat magia bat

Etxe bakoitzean adin tarte ezberdinei egokitutako txandak aurreikusten ditu eskaintzak, eta txanda bakoitzean bizpahiru urte tarteko haur eta gazteek hartzen dute parte. Era berean, luzera ezberdineko egonaldiak aurki daitezke; bederatzi egunekoa da oporraldi txikiena eta 15 eta 16 egunekoak ere badaude.

Mendi ibilbideek, jolasek, gaubelek, tailerrek, kantek eta hamaika jarduera ezberdinek osatzen dute eguneroko egitaraua udalekuotan. Jarduerak adin tarteka egokitzen dituzte, noski. Taldean lo egin, esnatu, gosaldu, eguneko plana komentatu eta, hortik aurrera, euskarari dedikatutako eguna topera gozatu; oreka lantzeko jolasen batean arituz, pistak jarraituz altxor bat bilatuz, mendian barna naturari erreparatuz, Goñiko trikuharria ederra ezagutu eta euskal mitologiako pertsonaien kondairetan barneratuz... Barrez beteriko une magikoak kantoiaren bueltan egon daitezke. «Irudimenari ateak irekitzea» da beste helburuetako bat, hortik aurrera udako oporrak beste era batera bizitzeko proposamen ugari ager daitezke-eta.

Bernedon bost txandetan 400 haur eta gaztetxo inguru igarotzen dira urtero, eta hogei bat gehiago Goñin, hiru txandatan. Abaigarreko etxearekin batera, beraz, urtero mila lagun inguru hartzen ditu egitasmoak.

Euskal Udalekuetan izena emateko epea martxoaren 6an zabalduko da. Bost txanda ezberdin eskaintzen dira Bernedon, uztailaren 1ean hasita; Goñin, berriz, beste hiru txanda, uztailaren 8an hasita. Informazio guztia www.udalekuak.eus webgunean dago eskuragai.

 

Egonaldiak, Bernedo, Abaigar eta Goñiko etxeetan

Iruñetik 25 kilometrotara dagoen Goñi herrixka da Euskal Udalekuen egonaldi posibleetako bat. Antolatzaileek nabarmentzen dutenez, inguruko paraje naturalak aukera paregabea ematen du balioak landu eta mendiarekin eta orokorrean ingurunearekin lotutako jarduerak burutzeko. Udan bertaratuko denak jakin beharko luke Manu Piratak Teodosio Goñiko jaunaren eskuetatik jaso zituela «toki izugarri hau» ezagutzeko mapa eta pistak. «Nahi beste altxor, istorio, misterio eta abentura» biltzen dituen parajean, neska-mutilek zain dituzte Manu Pirata bera, eta sorginak, lamiak eta basoko beste biztanleak.

Arabako Mendialdeko Bernedo herrian antzeko abenturak bizi ahal izateko parada ematen du udalekuen beste etxeetako batek. Goñin bezala, mendiak, zelaiak eta inguruko igerilekuak dira bertako egonaldien agertoki nagusiak. Aterpetxe handiak adin ezberdineko umeak txandaka hartzen ditu uztailean eta abuztuan, plan berdinarekin: «udaldi zoragarri bat euskaraz igarotzea».

Hirugarren txoko bat dute Abaigarren, baina aurten ezinezkoa izango da bertan egonaldirik antolatzea, etxea berriz erabili ahal izateko ezinbestekoak diren hobekuntza lanak egin behar baitituzte. Azken etxe horrek bost logela eta 110 lagunentzako azpiegitura trinkoa du, bestelako zerbitzuez gain. Herriko pilotaleku, kirol zelai, igerileku eta errekak inguru naturalak ematen dituen aukera bikainak aberasten dituzte.