Laura Mintegi

Istanbulgo Protokoloaren garrantzia

Leku itxi batean pertsona batek, edo batzuek, atxiki dute pertsona bat, indarrez, bortitz. Lekukorik ez. Pertsona batek, edo batzuek, kolpatu, torturatu edo bortxatu dezakete atxiki dutena. Erail ere bai. Trantzetik bizirik ateratzen bada, atxikiak konta dezake jasandakoa. Esan dezake indarrez eraman dutela, kolpatu dutela, torturatu dutela, bortxatu dutela. Esan dezake ez diotela utzi lorik egiten, behartu dutela ariketa fisiko etengabeak egiten, ito nahi izan dutela uretan, edo arnasa eragotziz. Baina lekukorik ez du. Bere errelatoa baiezta dezaketen pertsona bakarrak dira oinazea eragin dioten pertsona berberak. Inpotentzia. Babesgabetasuna. Inpunitatea.

Frogatu ezin izateak ez du esan nahi gertatu ez denik. Froga fisikoak baino harantzago doazen froga psikologikoak uzten dituzte kolpeek, torturak, bortxaketak.

2000. urtean Giza Eskubideen Nazio Batuetako Goi Komisariotzak bere egin zuen “Tortura, zigor eta tratamendu krudel, anker edo iraingarriei buruzko dokumentazio eraginkorra eta ikerketa eskuliburua”, Istanbulgo Protokoloa bezala ezagutzen duguna. Egia da ez dela loteslea. Egia da ez duela nazioarteko lege baten izaera. Baina tresna baliagarria da tortura egon den erabakitzen laguntzeko. Zeren nazioarteko legeak bai behartzen baititu estatuak tortura ikertzera. Legez, estatuek dokumentatu beharra dute noiz egon den tortura edo tratu txarra, eta, egon baldin bada, arduradunak «zigortu behar ditu modu eraginkor eta inpartzialez».

Istanbulgo Protokoloa 75 adituk sortu zuten 1984an. Abokatuak ziren, osasun arloko adituak eta giza eskubideetako ekintzaileak. Hiru urtez egin zuten lan bi erakunderen babespean, Turkiako Giza Eskubideen Fundazioa eta Ameriketako Estatu Batuetako Giza Eskubideen Aldeko Medikuak. Turkia eta Ameriketako Estatu Batuak. Ez da kasualitatea.

Euskal Herrira etorrita, aspaldi salatu da tortura, baina ez da egon daturik. Batetik, Estatuak eta alderdi espainiarrek esaten zutelako ETAren estrategia zela tortura salatzea eta gezurra zela torturatzen zela. Bestetik, erakunde batek ere ez zion heldu nahi patata beroari. EHUko ikerlari talde batek 2014an hasi zuen ikerketa sistematikoa, eta 2016an Jaurlaritzak bere egin zuen txostena: “Euskadin gertatutako tortura kasuak ikertzeko proiektua 1960-2013”. Txostenean 4.009 kasu bildu zituzten eta 202 kasuri aplikatu zioten Istanbulgo Protokoloa.

Faktore psikologikoak eta medikuak konbinatu ondoren ebaluazioen sinesgarritasun globala neurtu zuten: %11k koherentziarik handiena zuten, %46 oso koherenteak ziren, %41 koherenteak eta %2 koherentziarik gabekoak. Aditu forentseen ustez, 202 pertsona horietatik 197k egiazko kontakizuna egin zuten tortura-esperientzia kontatzean, Protokoloak eskatzen dituen zaintza eta neurri guztiak aplikatuta. Adituek frogatu dute kasuon %97,52k sinesgarritasuna dutela.

Euskal Memoria erakundeak segitu zuen testigantzak biltzen eta kopuru berria eskaini du: 5.657 pertsona torturatu dituzte Euskal Herrian, nahiz eta aitortzen duten oraindik ez dituztela behin betiko datuak, hilero dozenaka kasu berri azaltzen direlako. Proiekzioa eginda, uste dute 10.000 pertsona inguru izan daitezkeela torturatuak.

Datuak ikusita begi bistakoa da tortura salatzea ez dela ETAren agindua. Batetik, ETAk ez ditu horrenbeste ekintzaile izan. Bestetik, torturatu dituztenetatik %42 libre utzi dituztelako, zigorrik gabe. Torturatu ondoren ez dute argumenturik ikusi atxilotuok kartzelara bidaltzeko.

Protokoloaren arabera tortura da pertsona bati nahita eragitea min edo sufrimendu larria, fisikoa nahiz mentala, horren helburua dela informazioa edo aitortza lortzea, ustez gauzatu duen egintza batengatik zigortzea, eta pertsona hori edo beste batzuk ikaratzea edo derrigortzea, betiere sufrimendu horiek funtzionario publiko batek bultzatuta. Nik gehituko nuke tortura dela disidentzia azpiratzeko tresna ankerra. •