Amaia Nausia Pimoulier

Aitatasun berriak. Ongi etorriak Zaintza Planetara

XVI. mendeko moralisten arabera, haur bat ongi hezteko –izan mutikoa edo neskatoa– komenigarria zen bere lehen urteak amarekin eta etxeko emakumeekin –amonarekin, izebekin, arreba zaharragoekin– igarotzea. Izan ere, eta garaiko pentsalarien arabera, ama batek bakarrik izan zezakeen haur baten zaintza fisikoarekin zerikusia zuen guztia egiteko gaitasuna; bularra ematea, ongi elikatzea, gaixotasunean laguntzea eta, orokorrean, haur txiki hori etxean ongi zainduta egotea. Neskatoen kasuan amaren ardura handiagoa zen, bere betebeharra baitzen emakume kristau on baten identitatearen balioak alabari transmititzea. Horretarako, behar bezalako etxekoandre batek nolakoa izan behar zuen erakutsi behar zion; kozinatzen, anai-arreba gaztetxoagoak ongi zaintzen, otoi egiten eta, orokorrean, etxearen kudeaketarekin zerikusia zuen guztia transmititu behar zion ama on batek bere alabatxoari. Bazegoen garaiko esaera bat, talis mater talis filia, hau da, “nolakoa ama halakoa alaba”.

Mutikoen kasuan amaren eredua ezkorra bihurtzen zen momentu batetik aurrera, idazle batzuen arabera bost urtetik aurrera, beste batzuen arabera zazpi urtetik aurrera. Hau da, gaitasun intelektualak garrantzia hartzen zuen momentutik aurrera. Orduan ezinbestekoa zen aitaren papera: amarengatik aldendu behar zuen haurra probetxuzko gizona bihurtzea nahi bazuen behintzat. Kontu fisikoak amarenak ziren, horretarako sortu gintuen Jaungoikoak, baina heziketa intelektualak gizonen kontua izan behar zuen.

Aro Modernoko medikuntzaren arabera, emakumearen sabela hotzegia zegoenean neska bat sortzen zen, eta, horregatik, por defecto de calor vivo, naturalki emakumeok tontoagoak ginen. Emakumeak intelektualki ahulagoak izanda eta gaitasun fisikoei bakarrik lotuak egonda, oso baliotsuak ginen zaintzaren inguruko lanak garatzeko, baina gure haurrak hezteko moduak malguegiak ziren. Komenigarria baino gehiago zen gizontxoak amarengatik aldentzea. Mutikoa lotsagabekoa izanez gero edo mimatua, criado de viuda edo “alargun batek hazitakoa” esaerarekin irainduko zuten kalean, ulertzen zelako etxean gizon indartsu baten presentzia ezak sortzen zituela horrelako haurrak. Aitak erakutsi behar zizkion haurrari zeintzuk ziren familiaren balioak, bere ogibidearen nondik norakoak edo sozializazio on baten sekretu guztiak. Amak ematen zuen epeltasuna hozteko, gizonen ardura zen etorkizunera begira baliagarriak eginen zitzaizkion tresnak eskaintzea.

Martxoaren 19ko Aitaren Egunaren harira, gaur egungo eredua eta diskurtsoa aurrekoarengatik aldendu den galdetu diot nire buruari. Azken finean mendeetako mezuengatik aldentzea zaila egiten zaigu guztioi. Telebista eta irratiko iragarkietan, esate baterako, Amaren Egunean gaixotasunen aurrean hor egon izanagatik amak eskertzen dituzten mezuak entzuten ditudan bitartean, aitaren kasuan bizitzaren aurrean izandako zalantzak edo zailtasunak konpontzen lagundu izanagatik aitari zuzendutako esker onak entzun ditut. Loteria saltzeko mezuak besterik ez direla esanen dute batzuek, baina datuek diote, gure euskal gizartean, kasuen ia %90ean emakumeak direla haurrak zaintzeko eszedentziak, lehen urteetan, eta ordutegi murrizketak, hurrengo urteetan, eskatzen dituztenak. Zer esanik ez etxeko lanaren banaketaren datu tristeak aztertzen baditugu. Baina, estatistikak alde batera utziz, parkeetan haurrak zaintzen zeintzuk gauden begiratzearekin ere aski litzateke.

Hala eta guztiz ere, ez naiz ezkor agertuko. Aitaren eredu tradizionalaren aurrean, etxetik kanpo lana besterik egiten ez duen gizonaren aurrean eta igandetan futbol partida ikustera haurrak eramaten dituen aita ereduaren aurrean, beste aitatasunak sortu direlako: zaintza fisikoarekin konprometituta daudenak, edoskitzearen garrantziaz jabetu direnak, emozioen garrantziarekin kezkatuta daudenak, amaren paper intelektuala defendatzen dutenak, parekidetasunaren aldeko borrokan gurekin buru-belarri dabiltzanak, guztion mesederako euren pribilegioak baztertzeko prest daudenak. Horien aldarrikapena egin nahiko nuke gaur, ongi etorriak Zaintza Planetara. Zuen seme-alabek egindako bidaia eskertzen dizuete. •