Maider Iantzi Goienetxe
Entrevista
Elga Prado
Peruko Manuela Ramos mugimendu feminista

«Ez ninduten hezi emakumea erabaki dezakeen herritar gisa ikusteko»

Gaztetxoen artean, bereziki «on line» espazioetan, gertatzen den indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko ikerketa bat hasiko dute Perun eta Gipuzkoan.

Emagina naiz. Baina ez ninduten eskubideetan formatu, arlo klinikoan baizik. Ez ninduten hezi emakumea erabaki dezakeen herritar gisa ikusteko», adierazi du Elga Pradok. Gogoan du karrerako lehendabiziko urteetan, osasun zentroetan lan egin zuenean, nerabe bat joaten bazitzaion abortatu nahi zuela-eta laguntza eske sermoia botatzen ziola erranez nola zen posible, izaki biziduna zela… «Manuela Ramos mugimenduan lanean hasi nintzenean konturatzen hasi nintzen gauzak ez direla hala, emakumeak herritarrak garela eta errespetua merezi dugula. Gauza aunitz desikasi behar izan nituen. Eskola katoliko batean ikasi nuen eta nire ingurukoek eskuak burura eramaten dituzte nirekin. Eskolako zuzendariak erran izan dit: ‘Ze momentutan atera zinen bide zuzenetik!’».

Kontatu duenez, talde feministak 38 urte ditu. «Bost lagun gara antolakuntzan, eta kolektiboan 40ra iritsi gaitezke. Gutxi gara baina iritzi korronteak sortzeko eta gure inguruko agintariak estutzeko gai gara. Gai hauetarako aurrekontuak aurrera ateratzea lortu dugu». Erantsi duenez, jendarteko bertze sareekin elkarlanean ari dira, ez daude bakarrik eta hori hagitz garrantzitsua da.

Bi kiderekin batera etorri da Donostiara Elga Prado, Gipuzkoako Medicus Mundik gonbidatuta, elkarrengandik ikasteko asmoz.

Eman iezaguzu Perun garatzen ari zareten programaren berri.

Egia erran, bi programa dira: bata sexu heziketa integrala, hamabost hezkuntza zentrotan lantzen ari garena. Eta bertzea indarkeria matxistaren prebentzioa nerabe eta gazteen artean.

Nerabeak haurdun gelditzea herrialdeko arazo handietako bat da.

Hala da. Orain dela hogei urtetik ez da jaitsi haurdun gelditzen diren nerabeen kopurua. Mantendu egin da eta gorakadak ere izan ditu; %13,5 eta %16ra ere iritsi da. Manuela Ramos mugimenduan lan egiten dugun eskualdeetan, gainditu egiten dira tasa horiek. Arazoa are larriagoa da. Errealitate horretan, ekintza batzuk egiten ari gara, arazoa ikusarazteko eta Estatuari berari presioa egiteko, gai hauei hel diezaien, nerabeen haurdunaldia, sexu indarkeria eta feminizidioa estalitako arazoak baitira.

«On line» espazioetan gertatzen den indarkeriari aurre hartzeko ikerketa hasiko duzue Medicus Mundirekin elkarlanean.

Izan ere, teknologia berriak, bitarteko hagitz erabilgarria izateaz gain, indarkeria matxistarako tresna bat ere izaten ari dira, kontrolerako bide bat. Hor jarri nahi dugu gure lanaren fokua, eta ikerketa bat abiatu Perun eta Gipuzkoan egoera zein den jakiteko. Bi errealitate erabat ezberdinetan egon arren –Peru hirugarren munduko herrialdea izanik, arazo ugarirekin, eta Gipuzkoa herrialde europarra– agenda bera dugula ikusten ari gara: indarkeria matxistari aurre egiteko lan egitea. Gure herrialdean, agian, gogorragoa da egoera, baina hala ere agenda partekatzen dugu Manuela Ramosek eta Medicus Mundik.

Horixe galdetu behar nizun, beharbada, eman dezakeelako hemen arazoa txikiagoa dela.

Konponduta egonen balitz bezala, eta ez da hala. Hori ere ikasten ari gara. Elkar elikatzen ari gara.

Perun garatzen ari zareten programetara itzuliz, azaldu nola ari zareten lanean.

Euskal Herriko finantziazioarekin gauzatzen ari gara programak, Medicus Mundirekin elkarlanean. Sexu heziketa integralari dagokionez, irakasleak ahalduntzen ditugu, horiek sexu heziketa integrala curriculumaren arlo guztietara zabal dezaten. Hori erronka bat izan da guretzat, herrialde bezala sexu heziketa tutoretza orduan egin baita soilik. Gu harago joan gara, arlo guztietara zabalduz eta nerabeen haurdunaldiaren aurrean alternatibak ematen saiatuz, baita hiesaren aitzinean ere. Iaz hasi genuen indarkeriaren prebentzioa lantzeko programa ere. Nerabe eta gazteengan jartzen du fokua, adin horietan hasten direlako harremantzeko modu horiek eta uste dugulako hor landu behar dela prebentzioa. Indarkeria matxista hor hasten da eta nerabeak ez badu bere autonomiarako eta ahalduntzerako baliabiderik eduki, eta ez badu arazoa identifikatzen, arazoak segitu egiten du eta feminizidioak ere gertatzen dira.

Feminizidio tasa handiak ditu Peruk, ezta?

Urtean 260 feminizidio gertatzen dira batez beste. Lanean ari garen eskualdeetan, sei-zazpi. Amen heriotzak ere hor daude. Arazo horrek sexu eta ugaltze eskubideekin du zerikusia. Eskubideok murriztuta daude. Alde batetik, sexualitateari buruz informazio gutxi dago. Bestetik, nerabeek formazioa eta beren eskubideez jabetzea falta dute. Heziketa sexista eta matxista dago. Programa honetan ikusi dugu irakasleek ez dutela formaziorik akademikotik harago. Matematikako irakasleak poligonoa ebazten irakasten du, eta komunikazio irakasleak testu bat irakurrarazten du testu horrek desberdintasunezko harremanak baieztatzen dituen inporta gabe. Zailtasun bat da hori irakasleak ez duelako harago begiratzen. Sexualitatearekin eta garapen pertsonalarekin lotutako gaiak ez daude beren agendan. Antolakunde bezala formazio kurtso bat eskaintzen diegu irakasleei, beren lan akademikoa egiteaz gain, ikasleei erabakiak hartzen eta aipatutako arriskuak ekiditen laguntzeko jakintzak eman diezazkieten.

Lan hori ikasgai guztietara zabalduko litzateke.

Horretan gabiltza, hain zuzen. Baina inguru hagitz txiki batean. Herrialdeak, dagoen bezala, ez dio arazo horri heltzen. Are gehiago, egoera hagitz konplexuan gaude orain, talde kontserbadoreen indarragatik. Sektore ebanjelikoak eta katolikoak elkartu egin dira. Urte honetarako genero ikuspegia barne hartuko zuen curriculum nazional berria zegoen aurreikusita. Eta horren aurkako mobilizazio bat dago. “Nire umeekin ez sartu” taldea sortu dute. Baliabide pila bat dituzte, Estatuak baino gehiago. Gai hauei buruzko kontzeptuak indargabetu dituzte. Adibidez, uste dute genero ikuspuntua lantzea ikasleak homosexual bihurtzea dela. Ematen duten bertze mezu bat da sexu heziketa integrala lantzea libertinajea sustatzea eta mundu guzia sexu harremanak izaten hastea dela. Bestalde, homofobia izugarria dago. Une konplexuan gaude eta Hezkuntza Sailak urrats batzuk atzera egin ditu jada. Gatazka bat dago; talde batek parekidetasuna defendatzen du baina beste talde bat, aunitzez indartsuagoa, presioa egiten ari da maila guztietan. Jendea bereganatzen segitu eta espazio politikoetan sartu nahi dute, berdintasun politikak, sexu eta ugalketa eskubideak jasotzen dituztenak, erretiratzeko.

Solas egiguzu bertze programaz, indarkeriaren prebentzioa lantzen duenaz.

Egia da herrialdeak aurrera egin duela politiketan. Indarkeriaren prebentziorako lege berri bat dugu, baina fokua biktimaren arretan jartzen du. Gure lana esperientzia batzuk sustatzen hastea da Estatuari erakusteko baliabideak erabiltzen ari dela biktimak artatzen, baina zer gertatzen da prebentzioarekin? Zer gertatzen da teknologiaren eraginarekin eta harremantzeko modu berriekin? Perun eta Gipuzkoan egin behar den ikerketak azalduko du non gauden. Perun analfabetismo tasa altua da. Lan egiten dugun eremuan gurasoak analfabetoak dira. Umeek ez dute Internetik etxean, baina bai kabina publikoetan. Gurasoei erraten diete gauza bat egitera doazela baina ez dago inongo kontrolik eta iragazkirik. Joan den urtean nerabe bat engainatu eta bortxatu zuten bere kideek. Adingabeak ziren. Denak bakarrik bizi ziren eta ez zegoen kontrolik eta informaziorik. Nerabea hil egin da. Bikotekidearenganako kontrola hasten da, sexualitatearena, gorputzarena... Hori lantzen ari gara. Ikerketa eginda gomendio batzuk ematen ahalko dizkiogu gure herrialdeari.

Perun egoera desberdina da zonaldeen arabera, ezta?

Eskualde bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta, hortaz, programak errealitate bakoitzera egokitzen joaten gara. Oihanean, estereotipo eta estigmak lantzen dira. Ni bizi naizen lekua, mendikatea, aunitzez kontserbadoreagoa eta itxiagoa da. Jendeak bi jarrera ditu bakarrik: katolikoak dira, edo ebanjelikoak. Bi taldeok bat egiten dute eta gu bezala pertsonen eskubideen alde dagoen jende gutxi dago. Etengabe borrokan ari gara, bereziki LGTBI komunitatea babestuz, jazarriago baitago.

Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta EHUk ikerketa bat plazaratu zuten San Valentin Eguna zela-eta. Bertan nerabe eta gazteen artean maitasun erromantikoak indarkeria matxistaren sorreran eragina duela azaltzen zen. Zein iritzi duzu horretaz?

Hala da, han ere bai, gertatzen dena da ikusezin egiten dela. Hori argitara ateratzen ari gara. Pertsonen inkontzientean dago. Gurea bezalako kultura matxistagoetan are gehiago: musika, mezuak... Dena hor dago eta emakumeek ezin izan dute erabateko autonomia garatu, ez dituzte etengabe ematen diren kodigo horiek identifikatzen. Hori ikusten dugu feminizidio kasuetan. Bikote harremana eraikitzen joan da “niretzako zara”, “zu gabe ez naiz ezer” eta halako mezuekin. Kolektibitatearen inkontzientean dago hori eta ez da hautsi. Horretan gabiltza. Gai hau ez da agendan egon. Antolakunde bezala urtetan emakume helduengan eta indarkeriaren tratamenduan jarri izan dugu fokua. Orain horri buelta eman eta prebentzioan egiten ari gara indarra. Nerabe eta gazteekin ari gara lanean. 100.000tik 96 ama hiltzen dira haurra izatean. Tasa jaitsi dugu pixka bat (103tik), baina altua da oraindik. Osasun zerbitzuak ez daude eskuragarri nerabeentzat, eta eskolan ez diete informaziorik ematen. Are gehiago, Estatuak ez du informaziorik ematen ikuspuntu laiko batetik. Adibidez, ez dago bermatua nerabeek antisorgailuak eskuragarri izatea. Orduan, gurasoek ez badute informaziorik, eskolan sexualitatea kuestionatu eta perbertsioaren sinonimotzat hartzen bada, osasun zerbitzuek ere ez badute informaziorik ematen, non topatu? Hor daude ondorioak: nerabeen haurdunaldiak, hiesa, amen heriotzak...

Liman, Pamplona Altako El Nazareno eskolan nerabeen haurdunaldiak %15etik zerora jaistea lortu duzue.

Bai. Lehen ikastetxeetara joaten ginenean gure lana kuestionatu egiten zen, libertinajea sustatzen genuela erranez. Baina konturatzen ari dira ezetz eta eskoletan erran digute: «zuek sartu zinetenetik ez da neraberik haurdun gelditu». Esperientzia horiek aukera ematen digute Estatuari frogatzeko prebentzioa landu behar dela eta posible dela gauzak aldatzea.

Baina bertze aldean daude indar kontserbadoreak.

Kardinalaren ahotsa legea da. Emakume bat salatzera joaten bada, poliziek, epaileek, «zergatik jo ote dizu senarrak? Zer egin duzu?» galdetzen diote oraindik. Errudun egiten zaituzte norbaitek bortxatuz gero: «Zer egiten zenuen ordu horretan kalean? Zergatik jantzi zenuen gona motz hori?».

Egoera horretan, zertarako salatu?

Pentsa, feminizidio kasu piloa babes neurriak zituzten emakumeenak izan dira. Benetan egoera larrian daude emakumeak, Estatuak ez dituelako beren eskubideak bermatzen. Aunitzek ez du salatzen, ez dagoelako babes sarerik eta etxera itzultzean senarrak berriro kolpatzen duelako salatzeagatik. Inguru sozialak erraten dizu hori bizitzaren eta emakume izatearen parte dela. Ikaragarria da. Horregatik, sustatzen ari garena da egoera horietara ez iristea, emakumeen autonomia bultzatzea eta indarkeria egoerak identifikatzea.

Noiz eta non eginen duzue «on line» espazioetako ikerketa?

Lau-sei hilabetetan eginen dugula kalkulatzen dut. Martxan jartzeko erremintekin itzuliko gara Perura. Gure lan eremuetan eginen dugu, Ayacucho, Ucayali eta Limako eskualde zehatz batzuetako hamabost eskolatan. Hainbertze behar dituen herri batentzat gutxi da, baina Estatua ez da bere lana egiten ari. Guk egiten duguna da Estatuari erakutsi posible dela lan hori egitea. Hezkuntza Sailak gure lana ikusi du eta egiten dugunari adi dago. Etengabeko erronka da. Antolakunde feminista bat gara talde kontserbadore indartsua duen eskualde batean. Eurek dioten bezala, “ordena naturala” aldatzen dugunak gara. Beti ari gara borrokan talde guztiekin. Ekarpenak egiten ere bai. Historia egin zuten emakumeei begiratzea, printzesen ipuinetatik harago so egin eta bertze zerbait izan gaitezkeela ikustea iraultzailea da.