Amagoia Mujika eta Maider Iantzi
Entrevista
Eneko Lazkoz Martinez

«Aukeraz disfrutatu eta ahalik eta bertso onenak botatzea da asmoa»

Bere bertso lagunei bezala Eneko Lazkozi ere (Etxarri Aranatz, 1983) ongi etorri zitzaion astelehenean Anaitasunan, finalaren agertokian, biltzea, talde giroa sortzeko, batez ere.

Nola ikusten duzu finaleko zortzikotea?

Ongi. Azken finaletatik ez da gehiegi aldatu. Xabi Maiak lehendabiziko aldiz kantatuko du, baina gainontzeko zazpiak aurreko finalean ere han ginen. Orokorrean bertso maila ona dugula uste dut eta orain behar dena da guztiok gure onenetik ematea. Hala final on bat egingo dugu.

Baduzu helburu berezirik finalerako? Zein asmorekin joanen zara?

Asmoa ahalik eta bertso onenak botatzea izanen da. Ez dut neure buruarentzat helburu zehatzik markatu nahi. Nire onena eman eta horren ondorioz gero saritxoren bat iristen bada, ongi etorria izango da.

Aurkezpenean aipatu zenuen sentsazio polit batekin gelditu nahiko zenukeela.

Bai, azkenean lau finaletan kantatu dut eta zeure burua estututa joaten bazara zaila izaten da bertsotan gustura aritzea eta azkenean halako plaza polit batean kantatzeko aukera beti ez duzu. Pena da behin edukita sufritzen egotea. Bertan zaudenean gozatzen egotea pozgarriagoa da. Eta gozatzen baduzu normalean bertsotan ongi ari zarelako da eta horrek izaten ditu bere ondorioak.

Aitzinekoetan sufritzea pasa izan zaizu?

Azken finala oso gustura kantatu nuen, baina pentsamendu horrekin joan nintzelako pixka bat: Joan, aukera horretaz disfrutatu eta bertsotan egin. Oso oroitzapen ona daukat. Aldiz, duela lau urtekoan Euskal Herriko txapelketara sailkatzeko kontu hori nuen buruan eta nahi gabe neure burua behar baino gehiago estutu nuen. Kasik gehiago egon nintzen horretan pentsatzen zetorren bertsoan baino eta azkenean ez nintzen gustura aritu.

Bai. Gainera, gero ez zinen pasatu eta kolpea hartu zenuen.

Bai, bai, gainera gero hori! [dio barrez]. Gutxigatik kanpoan gelditu nintzen. Baina hortik ere ikasten da.

Aurtengo finala intentsitate ttikiagoz bizitzen ari zarela ere aditu dizut.

Bai, duela gutxi alaba bat izan genuen etxean eta burua beste kontu batzuetara daukat. Lehen asko bizitzen nuen txapelketa, ia saio guztietan egoten nintzen. Aurten, ordea, nire saioetara besterik ez naiz joan eta urrutixeagotik bezala segitu dut. Beste bizitzeko modu bat.

Grazia egin dit erraten zenuelako zeure burua urduri ez ikusita urduri jarri zarela.

Bai, bai, bertsotan ongi egiteko tentsio puntu bat behar da. Oso lasai zaudenean burua ez da berdin martxan jartzen eta hain lasai egoteak larritzen ninduen gero agian behar adinako tentsio hori ez nuelako izango kantatzeko orduan. Gero oholtzara igo eta normalean tripak pixka bat nahasten dira.

Lehendabiziko finalaurrekoan, Beran izan nintzen eta animoa baxu samar sumatu nuen bai bertsolarien artean bai entzuleen artean. Galdetu nahi nizun zein sentsazio izan zenituzten zuek oholtzan.

Bai, nahiko saio arraroa izan zen. Ni pertsonalki nahiko arraro sentitu nintzen eta publikoa ere hotz samar sumatu nuen, beharbada oso erosoak zirelako aulkiak edo ez dakit zergatik. Denon artean kutsatu zen halako giro arraro samar bat. Nik ez nekien ongi ala gaizki ari nintzen ere eta gero kartzelara joan ginenean, ingurukoekin hizketan, beraiek ere antzeko sentsazioak zituztela ikusi nuen. Nahiko giro hotza egon zen, baina saioa hain txarra izan zenik ez dut uste.

Bertze saioa non kantatu zenuen?

Lakuntzan, eta han oso giro polita izan zen. Saioa nahiko bizi eta polit joan zen.

Zer nolako finala aurreikusten duzu? Anaitasunan ez da girorik faltako.

Nik duela lau urtetik dudan oroitzapena da plaza oso beroa izan daitekeela, baina agian duela lau urte ez genuen sekulako bertso saioa ere egin. Ez zen agian egin genezakeen mailakoa izan. Eta nik pertsonalki oso oroitzapen ona ez daukat alde horretatik. Baina plaza bezala giroa sortzeko oso ona dela iruditzen zait. Duela bi urte giroa oso ona izan zen eta saioa ere ona izan zen. Azkenean publikoa pozik egoteak bertsolariei eragiten die eta bertsolariek ongi egiten ez badute publikoari ere eragiten dio. Denon arteko lan bat da finean. Bertsoa komunikazioa da eta guztiok egiten dugu jaso eta eman. Kutsadura horretan etor daitezke gauza onak eta txarrak.