Gorka Elejabarrieta

Beti dirudi ezinezkoa

Nire herrian lehenik kartzelara joaten gara eta ondoren presidente bilakatzen gara», esan zuen behin Nelson Mandelak. Eta badira munduan zehar presidente bilakatu aurretik kartzelatik pasatutako hainbat lagun. Talde txikia dela esan dezakegu, baina historian, beren herrietan eta munduan utzi duten ondarea, handia. Burura datozkit, besteak beste, Nelson Mandela bera, Hugo Chavez, Fidel Castro, Pepe Mujica eta duela gutxi joan zaigun Martin McGuinness.

Askatasuna, berdintasuna eta beren herrien zein herritarren eskubideak defendatu zituzten/dituzte beti, eta bide luze horretan denetarik ezagutzea eta egitea egokitu zaie; beti ere helburu politiko horiek lortzeko bidean unean uneko taktika politiko eraginkorrena aukeratuz, “E eguna” ez dela sekula iritsiko jakinik, eta ondorioz borroka amaigabea dela ulertuz. Ikuspegi horretatik belaunaldi bakoitzaren bizi helburu politiko nagusia bikoitza dela ondoriozta dezakegu; batetik, hurrengo belaunaldiari egoera eta baldintza hobeak uztea eta, bestetik, belaunaldi berri horrek lanean jarraituko duela ziurtatzea. Hau da, borroka grina amatatuko ez dela ziurtatzea, soka eten ez dadin lortzea.

Borroka eta matxinada armatua; oposizio lan sutsua; hasieran gutxi batzuk izatea eta atzean egotea; etsaiaren kontraesanak agerian uztea; norberaren proiektua ezagutaraztea; denbora-urteak aurrera; kartzela; exilioa; tortura; denbora-urteak aurrera; askatasuna; herriratzea; borrokaren egokitzapena; masa borroka; borroka elektorala; gutxi batzuk izatetik gehiengoen babesa lortzera pasatzea; oposiziotik gobernura; norberaren barne kontraesanen kudeaketa; kudeaketa; instituzio lana; denbora-urteak aurrera… Baina beti norberaren hasierako helburuak lortzeko grinaz eta konbentzimendu sendoaz.

Erraza edota laburra izango dela uste duena erratua dago. Noizbait helburu guztiak lortu eta gozatzeko tenorea izango duela uste duena ere erratua dago. Helmugarik gabeko bidean, bidea bera da garrantzitsuena. Hartara, garenarekin eta egiten dugunarekin gozatzen ikasi beharra daukagu. Finean, Pepe Mujicak maiz esaten duen bezala, pertsonen helburu nagusia zoriontsu izatea baita. Esaldi sinplea dirudien arren, ez da horren erraza.

Borrokan jarduteak eta gizarte justuago baten alde lan egiteak zoriontasuna dakarrela sinesten duten milaka pertsona daude gure inguruan. Gure herria –batzuek eta besteek esaten dutenaren kontra– bizirik dagoen herria baita, bizirik dagoen eta aurrera egiteko borondatea duen herria.

Badira, era berean, borroka bide luze horretan presidente izatera iritsi gabe eredu ditugun pertsona eta militante asko, bidean geratutako beste asko, eta, oraindik jaio gabe, etorriko diren guztiak. Gure herriko egoera eta azken gertakariei begiratuz gero, argi dago preso guztien etxeratzea lortzeko garaia iritsi zaigula, gure ondoan behar ditugula, amaierarik gabeko bide horretan aurrera egiten jarraitzeko. Mota guztietako ardura eta lanetan jardungo dute, orain arte bezala baina modu diferentean.

Martin McGuinness gogoan hartuta –bere omenez hasi bainaiz artikulu hau idazten–, seguru nago etxeko lanak ondo eginda joan zaigula. Utzi digun Irlanda aurkitu zuena baino hobea dela dudarik ez daukat, askatasunetik gertuago dagoena. Eta nire belaunaldikoen ondareak zein beharko lukeen ere badakit: gatazkaren konponbide integrala, preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean eta libre eta eta independentzia eskuratuta. Ez gaude horren urruti, nahiz eta askotan kontrakoa iruditu.

Nelson Mandelak esaten zuen moduan, «beti dirudi ezinezkoa, lortu arte». •