Martxelo Diaz Aristizabal
Entrevista
Xabier Zubialde
Energian aditua

«Burujabetza politikoa nahi duen herri batek energia ereduaz hausnartu behar du»

Energia arloan erabakitzea oinarri izango duen eredu baten alde lan egiten du Xabier Zubialdek, egungo oligopolioen kontrola gaindituz

Burujabetza energetikoaren aldeko hautu garbia egiten du Xabier Zubialdek. Eredu aldaketarik egiten ez bada egoerak okerrera egingo duela eta pairatu ditugun krisiak gero eta larriagoak eta sarriagoak izanen direla nabarmentzen du. Energia eskuratzea gero eta zailagoa eta gero eta garestiagoa da, baina kontsumoak gora egiten du etengabe. Txalapartak argitaratu duen “Hacia la soberanía energética. Crisis y soluciones desde Euskal Herria” liburuan gai honen gainean azken urteotan bildutako gogoetak biltzen ditu. Azaleko neurrietatik harago joan beharra dagoela azpimarratzen du.

Burujabetza energetikoa. Hitz potoloak dira. Zertaz ari gara esamolde hori erabiltzen dugunean?

Arlo guztietan bezala, abizena kendu ahal dugu. Burujabetza energetikoa; abizena kentzen baldin badiogu, izenarekin gelditzen gara: burujabetza. Burujabetza energetikoa, burujabetza elikaduran, burujabetza politikoa... Burujabetza kontzeptua eremu energetikora aplikatzea izango litzateke. Kasu honetan, gehiegi sakondu gabe, baliabideak nork kudeatzen dituen edo nork hartzen dituen erabakiak kontuan hartzen da. Eta badaude irizpide etiko batzuk ere. Ez dira irizpide ekonomikoak soilik: ondorioak, kalteak, alternatibak...

Askotan, hitzaldietan galdera hori egiten didatenean, argi eta garbi esaten dut Francoren garaian orain baino burujabetza energetiko handiagoa genuela. Zalantzarik gabe. Hor daude datu guztiak. Francoren garaian Nafarroan elektrizitatea sortzeko 60ren bat errota zeuden. Publikoak edo kolektiboak ziren. Herritarren errotak ziren. Sortzen zen elektrizitatea beraiek saltzen edo kudeatzen zuten. Garralda Aezkoan, Bakaiku Sakanan, Garesen... Nafarroan toki ugaritan zeuden. Gaur, berriz, batzuek amets egiten dute ea lortzen dugun horretara heltzea. Goiener kooperatiba, adibidez, horrelako adibideak lortzen saiatzen ari da. Ametsa da gaur egun, baina lehen horrelako 60ren bat genituen.

Aurrerabideak kasu batzuetan atzera eramaten gaitu.

Horregatik aipatzen dut Francoren garaiko hori. Horrela izan da errealitatea. Azken urteotan izandakoari begiratuta, aldiz, oligopolioak baino ez dira azaltzen. Eskatzen duguna inbentatuta dago. Energia burujabetza gero eta gutxiago dugu gure artean.

Oligopolioak aipatu dituzu. Azken finean, energia iturrien jabetza giltzarria da. Ez dago burujabetzerik energia esku gutxi batzuetan badago.

Bai. Zaila da eredu energetikoa azaltzea. Eta hori ez da kasualitatea. Apropos egiten dute zaila izatea. Nire ustez, gauzak askoz ere errazagoak egin ahal dira. Hainbeste urte pasatu ondoren eta hainbeste jendek horrelako oligopolio batean lan egin ondoren, gero eta zailagoa da. Ezin da kasualitatea izan, kausalitatea da. Konplexua da azaltzeko, baina alde batetik Euskal Herrian dauden baliabide energetikoak daude. Gure kasuan ez dira asko. Bertzetik, kudeaketa dago. Energia motei buruz hitz egin ahal dugu, baina garrantzitsuagoa da kudeaketari buruz aritzea. Nahiz eta gasa edo petrolioa erabili nork hartzen ditu erabakiak? Nork kudeatzen du eredua? Zein erabakirekin? Zein interesekin? Jabetza klabea da.

Adibide itsusi bat erabiltzen ohi dut hausnarketa sortzeko. Pentsazazu Castejon bezalako herri batean. Zentral termikoa dute. Gasa erosten dute Aljerian edo Errusian. Erretzen dute gasa. Kutsadura sortzen da puntualki herri batean, oso kontzentratua. Aljerian eta Castejonen. 400 megawatt ekoizten dute. Energia eredu bera erabiltzen badugu –gasa erretzea elektrizitatea sortzeko– baina 400 zentral txikirekin, bakoitza megawatt batekoa, elektrizitate kopuru bera sortzen dugu baina 400 tokitan, Nafarroan. Publikoak edo kolektiboak izanen balira eredua oso desberdina izango litzateke. Hasteko, erabakiak jendarteak hartuko lituzke. Edo erakunde publikoek behintzat. Bertzalde, Castejonen sortzen diren kalteak banatu egiten dira. Ondorioak oso desberdinak dira kasu horretan. Ez dira sortzen beste helburu batzuk. Produkzioa kontsumitzaileengandik hurbil dago. Ez dira tentsio altuko sare erraldoiak behar elektrizitatea Alemanian saltzeko. 400 instalakuntza horiek elektrizitate beharra egonez gero baino ez lirateke martxan jarriko. Eredua oso desberdina da, nahiz eta egun Aljeriatik ekartzen dugun gas bera erabiliko genukeen.

Tomatearen adibidea aipatzen duzu maiz, gaur egun eredu jasanezin batean murgilduta gaudela irudikatzeko.

Metafora bat da, baina jendartearen beharra eta kontsumoa desberdintzeko balio dezake. Jendarte guztietan behar berberak ditugu. Ume batek hemen, Ameriketako Estatu Batuetan edo Afganistanen behar berak ditu: janaria, jostailuak... Kontua da jendarte bat nola antolatzen den pertsona baten beharrak asetzeko. Kontsumitzen duguna desberdina da hiru kasuetan, baina beharrak berdinak dira. Kontsumoa behar horiek asetzeko antolakuntza izango litzateke. Euskal herritar batek pozik bizitzeko orain behar duena eta duela 40 urte behar zuena desberdinak dira. Ez zuen smartphonerik edo internetik behar. Tomate gorriarena antzekoa da. Lehen, neguan ez zen jaten eta orain egunero eskatzen dugu. Jendarte bezala eskatzen duguna aldatu egin da. Zein da antolamendua, abenduan mahaian tomate gorri bat izateko? Marokon edo Malagan sortzen da, petrolioz egindako negutegi batean, petroliotik ekoitzitako fitosanitarioak erabiltzen dira, baldintza oso txarretan dauden etorkinak ari dira hor lanean merkeago atera dadin, kamioi batek hartzen ditu tomate guztiak eta milaka kilometrora eramaten ditu, egunak pasatzen direnez agian tomatea transgenikoa izango da azal gogorragoa izateko, logistika gune batera eramaten dituzte, gero hipermerkatu batera, haraino autoz joaten gara... Tomatea mahaian dugu, baina ez gara ohartzen egin duen bide luzeaz. Eta erdi txantxetan esaten dudanez, “ekologistak” garenez zakarrontzi aurrean bandeja nola birziklatu behar den zalantzan egoten gara. Metafora honetan ikusten da jendarteak eskatzen duen hori dela arazoa. Eredu energetikoak jendarteak eskatzen duena ematen du. Asko kostatzen zaigu ispilu aurrean jartzea. Jendarte honek eskatzen duena tomatea izateko hori da.

Eredu jasangarriago batean logikoagoa izango litzateke neguan Nafarroako kardua jatea eta tomate gorri hori udarako uztea.

Esate baterako. Hori da esaten ari naizena. Euskal Herrian kontsumo energetikoaren bilakaerari begiratzen badiogu, urtetik urtera hazten ari dela ikusiko dugu. Eraginkortasuna, energia berriztagarriak eta abar aipatzen dira azken urteotan. Nahiz eta eraginkortasuna garatu, kontsumoa hazten ari da. Esate baterako, kamioi batek tomatearen mila kilometro horiek egiteko behar duen gasolioa orain dela hogei urte baino gutxiago da. Bonbillek ere energia gutxiago behar dute. Baina zer gertatzen da? Gero eta energia gehiago erabiltzen dugula tomate bera ekoizteko. Bide guztia gero eta luzeagoa delako. Urtez urte gauzak ekoizteko bide guztiak gero eta luzeagoak dira. Hori da izan dugun garapena. Zatitxo bat neurtzen badugu, kamioi batek ehun kilometro egiteko behar duen gasolioa, gutxiago erabiltzen dugu. Baina ez dugu prozesu osoa neurtzen. Orduan, jendarte bezala, gero eta energia gehiago kontsumitzen ari gara. Soilik eraginkortasunarekin ezinezkoa izango zaigu joera aldatzea.

Garapen ekonomikoaren eta barne produktu gordinaren (BPG) hazkundea etengabe gora doaz eta horrek gero eta energia gehiago eskatzen du. Hori ere aldatu beharreko beste kontzeptu bat izango litzateke eredu jasangarriago bat lortzeko.

Euskal Herrian eta munduan orokorrean azken urteotan gertatu dena aztertzen badugu, kontsumo energetikoa gorantz doala ikusten dugu. Eta, aldi berean, BPGa ere gorantz doa. Batera doaz beti, gutxi gorabehera. Ez da kasualitatea. Oso garrantzitsua da hori ulertzea. Jendarte eredua BPGaren menpe dago. BPGa %2 edo %3 igotzen bada urtero, gauzak ondo doazela diote. BPGa, berriz, energia kontsumoaren menpe dago. Ezin da banandu. 2005. urtetik hona argi dago ezin dugula orain arte erabili izan dugun energia kantitatea erabili. Ez mundu mailan ez Euskal Herri mailan. 2008tik aurrera ikusi da krisi ekonomikoa, baina azpian krisi energetikoa zegoen. Etorkizuna 2008. urtean hasi zela esaten ohi dut. Horrelakoa izango da gure etorkizuna. Energia ez da merkea eta eskuragarria. BPGak batzuetan gora eta besteetan behera egingo du. Krisi ekonomikoa sintoma da. 2008an gure jendartean sentitu genuen, petrolioaren prezioa oso altu zegoelako eta menpekotasuna handia delako. Orain petrolioaren prezioa oso merke dago hemen eta arnasten dugu, makroekonomian. Beharbada, kalean ez da hainbeste nabaritzen. Baina krisi ekonomiko hori petrolioa saltzen duten herrietara joan da, Venezuelara. Ezagutu izan dugun krisi ekonomikoa ez da desagertuko. Han edo hemen izango da.

Gatazka horiek gero eta maizago gertatuko direla aurreikusten duzu. Energia eskuratzea ez da hain erraza, baina urtetik urtera gehiago behar dugu.

Horrexegatik aipatzen dut burujabetza politikoa nahi duen herri batek horrelako hausnarketa batzuk egin beharko lituzkeela etorkizunean horrelako loturak apurtu ahal izateko.

Krisia delakoan Nafarroan energiaren kostuaren igoerak suposatu duena egin diren murrizketa sozialen adinakoa izan da. Horrek argitzen du zein tamainakoa den arazoa eta zein eragin duen gugan.

Bai, hori da 2009, 2010, 2011 eta 2012an gertatu zena. Ikusten dugu energiaren kontsumoa lehen aldiz historian mantendu eta pixka bat jaitsi zela krisi ekonomikoarekin eta BPGaren beherakadarekin lotuta. Halere, jendarte bezala ordaindu genuen prezioa urtero 400 eta piko milioi hazi zen. Izan ziren murrizketen aldekoa. Hori Nafarroan. Gertatu zena itzalean dago, ez gara konturatzen. Kasu honetan, Nafarroako energia-fakturaz ari gara; guztion artean, enpresak barne, energiaren truke ordaintzen dugunaz.

Beraz, eredu aldaketa hori premiazkoa da. Horrelako krisi berri bat etortzen bazaigu, eta etorriko dela diozu, berriro garai horietan jasan genituen murrizketen antzekoak izango ditugu.

Euskal Herri mailan urtero 9.000 milioi euro ordaintzen ditugu guztion artean. Esango nuke aberastasuna sortzeko aukerarik hoberena energia aurreztea dela. Zalantzarik gabe. Bestetik, menpekotasunaren kontzeptua dugu mahai gainean. Berriro gertatzen baldin bada horrelako krisi ekonomiko bat, horrelako egoera batean egongo gara berriz eta ez dugu tresnarik izango ezer egiteko. Ezin izango dugu egoera hori kudeatu. Eskatzen digutena ordaindu beharko dugu. Eta ez dute aldatu nahi. Zoritxarrez, nire ustez, datozen hiru urte hauetan krisi ekonomikoaren bigarren olatua etorriko zaigu. 2018. urtea aipatzen ari naiz mintzaldietan, baina datozen hiru urte hauetan etorriko zaigula segurua da. Zergatik? Aurreko krisiaren antzeko baldintzak sortzen ari direlako munduan zehar. Aztertzen badugu energia kontsumoa munduan zehar etengabeko hazkundea gertatzen ari da. Lehen olatutik hona ez da ezer egin. Ez da pausorik eman aldaketak egiteko norabidean. Berriz azalduko digute krisi ekonomikoa dela, baina itzalean kontzeptu hauek guztiak izango ditugu: menpekotasuna, kontsumo energetiko oso altua... Horregatik behin eta berriz nabarmentzen dut jendarte eredua BPGaren hazkundetik banandu beharko genukeela. Etorkizunera begira inportantea da dagoena nola banatu behar den aztertzea, lana adibidez, baina era berean hori nola egiten den aztertu behar da, errezeta berri bat behar dugu. Irudika dezagun pastel bat, euskal pastel bat. Pastela nola banatu erabaki behar da. Orain arte goitik behera eta eskuinetik ezkerrera egin da. Hobe litzateke behetik gora eta ezkerretik eskuinera egitea. Baina beste errezeta bat asmatu behar dugu pastela egiteko. Ezin dugu jarraitu errezeta berberarekin.

Berriztagarriak aipatu izan dituzu, baina oso kritikoa zara horiekin. Arazoa ez dutela konpontzen aipatu duzu. Berriztagarrien kopurua handitzen badugu baina eredua aldatzen ez bada, ez dago aurrerapausorik.

Kritikoa naiz. 17 urte daramatzat berriztagarriekin lanean eta agian alor hori barnetik ezagutzen dudalako naiz kritikoa. Ez dut ezer berriztagarrien kontra, alderantziz, aldekoa naiz. Amorratua. Baina denetatik dago berriztagarrien munduan. Abiapuntu bezala ezagutzen dugun jendarte eredua berriztagarriekin ezin dela mantendu hartu behar dugu. Ezin da. Kito. Eraikin bat soilik berriztagarriekin bizi ahal den galdetzen badidazu, baietz erantzungo nizuke. Baina jendarte bezala ezin dugu. Tomatearen bidea ezin da berriztagarriekin garatu. Hori da arazoa. Ezin da; beraz, lasai nago alde horretatik hori esateagatik.

Berriztagarriak komunikabideetan azaltzen diren moduarekin harrituta nago. Nafarroan mota guztietako berriztagarriak izan ditugu: indibidualak edo kolektiboak; publikoak eta pribatuak; zentralizatuak eta kalte askokoak eta sakabanatuak eta kalte txikikoak; etikoak eta espekulatiboak. “Berriztagarri” hitzak ez du gehiegi esaten. Abizena jarri behar diogu; kasu honetan bai; zein motatako berriztagarria den jakiteko. Besteak beste, maila global batetik hitz egiten badugu, Nafarroan izan dugu egoera nahiko berezia Europan zehar. Bagenuen EHN izeneko enpresa bat eta Nafarroako Aurrezki Kutxa genuen. Enpresa finantzario bat eta berriztagarrien munduan Europan zegoen enpresa aurreratuenetakoa. Eta zer gertatu zen bi kasu hauetan? Desagertu egin dira, diru publikoa esku pribatuetara joan da. Lotsagarria da. Eta berriztagarriekin egin da. Hor daude errota guztiak. Ze eredu bultzatu nahi dugu? Nafarroaren kasua oso gordina da. Orain entzuten badituzu Madrilen egin dituzten proposamen zenbait, berriztagarriak garatzeko enpresa publikoak sortu behar direla diote. Hemen izan dugu, baina politikoki bultzatu izan den eredua kritikagarria da.

Askotan marketin berderako erabiltzen dira, ereduan aldaketa sakonak ez egiteko aitzakia gisa.

Noski. Beste adibide bat aipatzen dut, I+G+I delakoa. Politikagintzan «I+G+I-ren alde gaude» edo «I+G+I bultzatu behar dugu» eta halakoak askotan entzuten ditugu. Egunero esaten dituzte. Baina I+G+I zertarako? Ikerketa, garapena eta inbertsioa, baina zertarako? Hemen ere abizena behar dugu. Norabidea inportantea da. Baina ez dute esaten. Ideologikoki ez dira markatzen ez berriztagarriak ez I+G+I. Zertarako nahi ditugu? Garraio publikoa bultzatzeko edo autoa gehiago erabiltzeko? Autoak gutxiago kontsumitzeko ala autoak sei edo zazpi urtean zahar geratu eta beste bat erosteko?