Amagoia Mujika Telleria
OTHER WORDS

Hizkuntza txikietan aritzen diren autoreentzat sorkuntza-egonaldiak

Hizkuntza txikietan edota gutxituetan aritzen direnen sarea ehuntzen ari da Other Words proiektua. Euskal Herria, Mazedonia, Irlanda, Eslovenia eta Frisia ari dira josketan, hizkuntza txikietan aritzen diren idazleentzat sorkuntza-egonaldiak atonduz. Zortzi asteko egonaldiak, norbere hitzak sortzeko eta besteenak jasotzeko.

Bazkide taldea, Donostian
Bazkide taldea, Donostian

Europa mailako hizkuntza txiki edota txikituak ikusaraztea, bultzatzea eta beren artean harremanetan jartzea. Horixe da, hain justu, Other Words izeneko proiektuaren helburu nagusia. Donostia Kultura eta Donostia 2016 hasi ziren proiektua josten –Euskal Herria da bazkide liderra– eta sarean nazioarteko beste lau bazkide ere badaude: Irlanda, Mazedonia, Eslovenia eta Frisia.

«Hizkuntza txikiak edota txikituak dira ardatza. Hiztun gutxi dituzten hizkuntzei buruz ari gara, bai berez txikiak direlako edota baita inguruko hizkuntza handiagoek txiki bihurtu dituztelako ere», azaldu du Idoia Noblek, proiektuaren zuzendari artistikoak.

Proiektua josteko haria, berriz, literatura da eta, jostorratza, idazleen egonaldiak. Urtero, lurralde parte hartzaile bakoitzak bi idazle bidaltzen ditu beste herrialdeetara, eta beste bi idazle jasotzen ditu berean. Idazle bakoitzak zortzi asteko egonaldia egiten du eta egonaldi horretan aurretik proposatutako literatur lan bat ondu behar du. Hori da tratua. Era berean, egonaldi horretan jasotzen ari dena partekatu behar du proiektuaren blogean. «Sorkuntza lana egiteaz gain, idazle bakoitzak bloga elikatu behar du. Zure hiztun komunitateari kontatu behar diozu zertan ari zaren, zer topatu duzun...», zehaztu du zuzendari artistikoak. Finean, zure hitzak eraman eta besteenak ekarri.

Literatur trukerako sarea da, finean, Other Words eta egonaldi horietan sortzen diren lanak komunitate parte hartzaileen hizkuntzetara eta ingelesera itzultzen dira, eta webgunean zein paperean zabaltzen.

Hizkuntza aniztasuna

Idoia Noblek proiektuaren helburu nagusiak aipatu ditu; «hizkuntza gutxituetako literaturari nazioartean zabaltzeko aukera eskaintzea; hizkuntza aniztasunari garrantzia ematea; literatur sorkuntza prozesuak ikusaraztea eta hizkuntza gutxituen arloko literatur eragileen elkarlana gauzatzea», besteren artean.

Egonaldiak egiteko idazleak lehiaketa publiko baten bidez hautatzen dira. Hain justu, oraintxe martxan dago hirugarren euskal idazlea hautatzeko prozesua. Hautatutako idazleak zortzi astetako sorkuntza-egonaldia osatuko du Eslovenian datorren ekainaren eta uztailaren artean.

Euskal Herriko egonaldiak, berriz, Pasai Donibaneko Hugo Enean izaten dira. «Baditugu beste egoitza posible batzuk, baina oraingoz Hugo Enean ari dira ostatu hartzen idazleak», zehaztu du Noblek.

«Hautaketa deialdi horretan parte hartzeko idazle bakoitzak proiektu bat aurkeztu behar du, zortzi astetako egonaldian zer egingo duen azaltzeko. Aurkezten den proposamen hori batzuetan egonaldian zehar egokitu egiten da, moldatu edota aldatu», zehaztu du proiektuaren gidariak.

Lan horiek proiektuaren web orrialdean argitaratzen dira, sei hizkuntzatan. Eta asmoa da amaieran lan guztiak bilduko dituen antologia bat egitea. «Horretan ari gara orain, antologia hori nola egin pentsatzen, ez baita erraza. Urtean hamar egonaldi, hiru urtetan zehar, eta sei hizkuntzatan. Guztira 180 testu. Ea zein antologia klase argitaratzen dugun... Baina proiektuaren konpromisoa hori da eta nola edo hala antolatu behar dugu bilduma hori».

Izan ere, Other Words proiektuak sei hizkuntza hitz egiten ditu: ingelesa (bazkide guztiek elkar ulertzeko), frisiera, euskara, mazedoniera, esloveniera eta irlandera (gaelikoa). Bazkide berriak jasotzeko atea, baina, irekita dago. «Lan bat egin beharra dago norabide horretan eta asmoa da bazkide berriak egitea. Horregatik, adibidez, bazkide ez diren hizkuntzetako ordezkariak ere gonbidatzen dira proiektura. Adibidez, egun pare bat barru Euskal Herrira etorriko den Gerard De Jong Herbeheretakoa da eta bildts hizkuntzaren errealitatea ekarriko digu, 6.000 hiztun dituen hizkuntza. Kasu honetan lehiaketa Herbehereetara zabaldu zen, han dauden hizkuntza txiki horietako idazleren bat gonbidatzeko aukera ikusten zelako. Eta halaxe egin da».

Orain arteko egonaldiak

Aipatu bezala, norako bakoitzak bi idazle bidali eta hartzen ditu urtero. Idazleen zeregin nagusia lanak pentsatzea izaten da, baina harrera egiten dieten herrialdeetako kulturarekin eta literaturarekin lotutako jardueratan ere parte hartzen dute.

Euskal Herritik, oraingoz, bi idazle abiatu dira: Ekaitz Goienetxea kazetari bermeotarra Eslovenian izan zen 2016ko udaberrian eta Yoseba Peña Dublinen izan zen 2016ko udazkenean. Eta Donostiak, era berean, bi idazle jaso ditu bueltan: Viktor Jakimovski (1994) Kazetaritza ikaslea Skopje hirian, Mazedoniako hiriburuan. Eta Bart Kingmak (Wommels, 1970) Herbehereetako kazetaria, frisieraren inguruan jarduten duena.

«Egonaldia asko baldintzatzen du idazleak berak. Badira denbora guztian idazten egon nahi dutenak eta badira era guztietako ekitaldietan parte hartzeko gogoz daudenak. Esaterako, gurean egon den bigarren idazlea, Barkt Kingman, kazetaria da eta frisieraz lan asko egin ditu. Bere proiektuaren ardatza honakoa zen: trauma handi bat pasatu eta gero, Euskal Herrira datorren musikari bat. Sormen blokeo bat dauka eta Euskal Herrira etortzen da egoera hori gainditzeko gogoz. Hartara, asko interesatzen zitzaion musika eta txango pila bat egin genituen kontzertuetara. Horrez gain, traumaren gaian adituak direnekin ere elkartu zen. Kingman kazetaria da eta asko eskatzen zuen aurrez aurreko hartu emana. Idazlearen lanerako moduak eta jarrerak asko baldintzatzen dute egonaldia», kontatu du Idoia Noblek.

2017. urteko Euskal Herriko lehen egonaldia Gerard de Jong kazetariak osatuko du eta egun gutxi barru iritsiko da Pasaiako Hugo Enea etxera.

Donostian dagoen bitartean, narrazio bat ondu nahi du bere ama hizkuntzan, bildts izenekoan. Bildts erabilera oso urriko hizkuntza da, XVI. mendetik aurrera garatu zena. Herbehereetako nekazariek eta dikeak eraikitzen ziharduten langileek erabiltzen zuten bildts hizkuntza, eta eurekin eraman zuten Frisiako lurretara abiatu zirenean, itsasoari lurra irabaztea helburu.

“Blau fan dagen, griis fan onrust” (Egunen urdina, ezinegonaren grisa) izena du De Jongek buruan darabilkien narrazioak, eta literatur arloan egingo duen lehen lana izango da. Bildts hizkuntzaren inguruko kontzientzia hartuko du oinarri, eta hiru belaunaldik hizkuntzaren eta kulturaren arloan ezagutu dituzten aurrerapenak zein mehatxuak deskribatuko ditu.

 

 

Gerard de Jong

«Ni bildts hizkuntza naiz, hezurretan eta bihotzean»

Herbehereetako kazetaria, “Bildtse Post” egunkariko zuzendaria, egun gutxi barru da Donostiara iristekoa zortzi asteko bere egonaldia abiatzeko.

«Bildtse Post» egunkariaren berri emango zeniguke?

“Bildtse Post” gure birraitonak sortu zuen, 1935. urtean. Bigarren Mundu Gerran, uko egin zion indar okupatzaile alemaniarren propaganda argitaratzeari. Zigor moduan, papera, tinta eta argindarra kendu zizkioten; eta, ondorioz, 1945eko maiatza arte etenda geratu zen agerkariaren jarduna. Gerra ostean, Gerry Dirks de Jong, gure aitona, aitaren egunkarira joan zen lanera. Gero eta ardura gehiago hartzen joan zen, eta, 2000. urtean hil arte, zuzendari lanetan aritu zen. Tokiko kazetaritzaren eredu bikaina izan zen aitona, egunkariaren gorputz eta arima. Kazetaritza ikasketak amaitzen ari nintzen unibertsitatean. Aitona hil zenean, ikasketak bertan behera uztea erabaki nuen, eta egunkariaren ardura hartzea. 21 urterekin, “Bildtse Post” egunkariaren zuzendari bihurtu nintzen, eta geroztik harrotasunez eutsi diot zeregin horri. Aitaren aulkian esertzen naiz egun, eta zorionekoa izan naiz, hil aurretik egunkaria kudeatzen irakatsi baitzidan, eta baita bildts hizkuntza eta kultura ulertzen ere. Bera dut inspirazio iturri, hizkuntzaren alde nola borrokatu erakutsi baitzidan.

Konta iezaguzu zure hizkuntzaren berri. Nondik dator? Non dago orain? Nora eraman nahiko zenuke?

1505. urtean, aristokrata batek agindu zuen Herbehereetako iparraldean itsasoarengandik 8.000 hektarea lur berreskuratzea. Lan hori egiteko, Frisiako eta Holanda hegoaldeko dike eraikitzaileak kontratatu zituen. Urte asko eman zituzten elkarrekin langileek, eta nahasten joan ziren. Familiak osatu zituzten, eta bertan geratu ziren bizitzen. Frisieraren eta hego nederlanderaren “elkar polinizatze” horretatik, hizkuntza berri bat sortu zen lur emankor haietan: bildts. Belaunetaraino lur barruan ibili ziren haiek gure lurrak sortu zituzten; eta, haiekin batera, baita hizkuntza berri bat ere. Beharrak bultzatuta, lur komuna aurkitu zuten, eta hizkuntzaren garapenetik bildts hizkuntza sortu zen.

500 urte geroago, arrasto txiki bat geratzen da Frisian: Het Bildt 10.500 biztanleko udalerri autonomo bat da, eta bertan, 6.000 lagun –zahar nahiz gazte– bildts hitz eginez hazi dira. Ama hizkuntza dute, identitate iturri. Arriskuak agerikoak dira, baina: 2018tik aurrera, Het Bildt ez da jada udalerri autonomo bat izango. Beste bi udalerrirekin bat egingo du (frisiar hiztunak biak), horixe baita Herbehereetako lurralde-politika, udalerri multzo handiagoak sortzea lehengo txikietatik abiatuta. 512 urteren buruan, Het Bildt ez da jada udalerri autonomoa izango, eta Het Bildt izena ofizialki desagertu egingo da.

Frisiera nagusi izango den udalerri baten baitan bildts hizkuntza zaintzeko moduak kezkatzen gaitu. Une historiko hau oso garrantzitsua da bildts hizkuntzarentzat: nola eutsiko diogu gure hizkuntzari –Herbehereetako ministro baten interes faltaren ondorioz Europako hizkuntza txikien kartan ageri ez dena–, nola mantenduko dugu gure identitatea eta hizkuntza (frisiar) lurralde handiago batean?

Bildts hizkuntza nora eraman nahi dudan galdetzen didazu. Argi daukat bildts hizkuntza dela nire identitatearen muina. Ni bildts naiz, hezurretan eta bihotzean. Bildts hizkuntza bakana da, parekorik ez duena. Autonomia politikoa galtzearen arriskuak izan du emaitza onik, hala ere, zenbait jendek eta erakundek pauso bat eman baitute aurrera. Bildts mapan dago berriz ere, eta herrialde osoan interesa eragin du. Baina horiek epe laburreko arrakastak dira. Epe luzera begira, bildts hizkuntzak inoizko borroka handienari egin beharko dio aurre: bizirauteko beharrari.

Badut, baina, beste uste sendo bat: hizkuntza erabiltzeko dagoela, eta ez bizirauteko. Hizkuntza ez da museoko pieza bat, ez dago harri gainean zizelkatuta. Hizkuntza guztiak bezala, bildts bera ere garatzen joan da urteetan zehar. Baina ezin dugu ametitu hizkuntza hori ahaztea, ez jendeak, ezta inolaz ere, erakundeek. Hori izan da egunkaria zuzentzeko lanean beti gidatu nauen indarra: bildts jendeari ahots bat eskaintzea, bere ama hizkuntzan, sehaskatik berea duen hizkuntz horretan.

Zure egonaldian ondu nahi zenukeen lanari buruz zer esan dezakezu?

Beste ororen gainetik, nire lehen eleberria landuko dut. “Egun urdina, ezinegon grisa” litzateke itzulpena. Bildts mugimendua izango du mintzagai, hizkuntzaren eskubideen alde borroka egin zuena. Zenbait pertsonaia garrantzitsuren istorioak izango dira nagusi; besteak beste, gure aitonarena.

Baina izango ditut bestelako zereginak ere! Kazetaria naizen aldetik, izugarri gustatuko litzaidake tokiko euskal hedabideek beren hizkuntza ezin bereziagoa nola erabiltzen duten ikustea. Zer garrantzia dauka egunkarientzat? Eta irakurle komunitatearentzat? Gaiari buruzko ideia asko ditut, nik gidatzen dudan egunkariak gure hizkuntza txikia azpimarratzen baitu, baina nire lankide euskaldunen ikuspegia eta ideiak ezagutzea oso estimatuko nuke. Nire ametsa da gure egunkariaren eta euskal egunkari baten arteko harreman iraunkorra sortzea; azken batean, borroka bera baita gurea.

Zure hizkuntzari literatur gaitasuna aitortu nahi diozula diozu.

Nik uste dut, teorian behintzat, hizkuntza bakoitzak bere literatur tradizio izan dezakeela. Historikoki, bildts hizkuntzak argi utzi du poesiarako egokia dela: poesia tradizional eta moderno dezente dago. Esango nuke hori lotuta dagoela hizkuntzaren “gordintasunarekin”, horrek egiten duela poesiarako aproposa. Nahiko biluzia da, soila, agerikoa. Poesiak egin du, beraz, bere bidea. Eta gauza bera gertatzen da gure historiarekin: zorionez, Het Bildt udalerriaren eta bildts hizkuntzaren historia ondo dokumentatuta dago.

Baina bildts hizkuntzak ez dauka benetako literatur tradiziorik. Oso gutxi dira bildts hizkuntzan idatzitako eleberriak. Esango nuke gehien bat hartzaileengan dagoela gakoa: literatur anbizio handiko jendeak atzera egingo du 6.000 hiztun besterik ez dituen hizkuntza batean liburu bat idazterakoan. Eta saiatzen direnek ez dute editoreen nahiz erakundeen laguntza handirik aurkituko: ez dago etekinik, eta publikoa oso urria da. Nire barne sentipena da hori konpondu beharreko zerbait dela. Nire lehen eleberria Donostian sortzeko aukera ezin bereziagoa da: asko ikas dezaket hizkuntzaren alde borroka egitea zer den dakien jendearengandik.

Yoseba Peña

«Sekulako aukera izan da bi hilabetez idazle baten moduan bizi ahal izatea»

Yoseba Peña idazlea –Sodupen jaioa eta egun Zarautzen bizi dena– izan da Other Words proiektuaren baitan bigarren egonaldia osatu duena. Joan den urteko urritik abendura bitartean egon zen Dublinen. Esku artean duen eleberriaren azken partea ontzeko baliatu zuen egonaldia eta lanaren azken zuzenketak egiten harrapatu dugu.

Proiektuko bigarren egonaldia egiteko aukeratu zintuzten. Baina lehenengo deialdira ere aurkeztu zinen. Hasieratik tentatu zaitu.

Lehen deialdian ez ninduten hautatu. Ekaitz Goienetxea aukeratu zuten. Nik ezagutzen nuen Ekaitz, idazle eskolatik. Espero nuen idazle famatuagoren bat edo aterako zela eta pentsatu nuen akaso idazle xumeentzat zela deialdia, edo akaso xumeok bakarrik egin genuela aproba. Horregatik bigarren deialdian are indar handiagoz saiatu nintzen. Oso ondo pentsatu nuen egonaldian zer egingo nuen, nola lotu idazten ari nintzen nobelarekin, zeozer erakargarria nola eskaini...

Esku artean duzun eleberriaren hirugarren zatia ontzea. Horixe egonaldiari lotu zenion helburu nagusia.

Eleberriak hiru zati ditu eta garai desberdineko hiru emakumeren istorioak jasotzen ditu. Nire familia inguruko kontuak dira. Lehen emakumearen istorioa Bigarren Errepublika inguruan kokatuta dago; bigarrenarena, frankismo amaieran, eta, hirugarrenarena, 80ko hamarkadan. Denak familia berekoak dira eta bakoitzaren bizitza kontatzen joan naiz.

Gerraren lehen lerroko kontaketa egiten da gehienetan. Bigarren lerrokoa, atzeguardiakoa, gutxiagotan kontatzen da.

Bai, eta askoz ere gordinagoa da askotan. Badaude gerraren inguruko argitalpenak, baina denak gizonezkoen kontaketa jasotzen dutenak. Kontaketa horretan gerra kontatzen da; nora joan ziren, nola izan zen erasoa, zein hil zen...

Svetlana Aleksievitx Nobel saridunaren lana irakurtzen ari nintzen –“Gerrak ez dauka emakume aurpegia” liburua– eta bertan autoreak esaten du berak jaso duen gerraren kontaketa emakumeen ahotik jaso duela eta konturatu nintzen nire istorioa ere horrela dela. Nik ez dut aititarik ezagutu, baina birramama eta amama ezagutzeko aukera izan dut eta etxean entzun ditudan gerrako istorioak eta frankismoaren ingurukoak emakumeek kontatuak izan dira. Gure aitak ez du inoiz horren inguruan berba egiten, baina gure ama bai izan da kontatzearen zaleagoa. Aleksievitx irakurtzen ari nintzela konturatu nintzen hori zela nire ikuspuntua ere, hori zela nik kontatu nahi nuena. Nire eleberrian gizonak badaude, baina garrantzitsuena emakumeek kontatzen dutena eta emakumeen bizitza da.

Intrahistoria esaten zaio horri. Niretzat Napoleonek Waterloon zer egin zuen baino askoz garrantzitsuagoa da intrahistoria hori.

Egonaldiari begira jarritako helburuak eta asmoak bete al dituzu?

Bai, zintzo-zintzo. Egia esan sekulako luxua da bi hilabetez idazle izatea, egunean zortzi-hamar orduz idatzi ahal izatea. Egonaldian amaitu nuen eleberria eta orain zuzenketa lanetan ari naiz. Nik beti eskuz idazten dut eta orain papereko zuzenketak ordenagailura pasatzen ari naiz.

Eskuz idazten duzu?

Bai, informatikaria naiz, baina nahiago dut eskuz idatzi. Ordenagailuan idazten dudanean ez naiz berdin kontzentratzen eta denbora galtzen dut tontakeriatan. Finean idazteko metodoak dira. Liburuxka txikietan idazten dut eta nire burua behartzen dut egunero, gutxienez, orrialde bat idaztera. Idatzi eta gero, data jartzen dut orrialde bakoitzean. Metodo psikologiko bat da.

Dublineko egonaldiko emaitzarik ez dago oraindik proiektuaren webgunean.

Oraindik ez. Eleberria erabat bukatzean jarriko dut, behin betiko bertsioa izan dadin. Idatzita dago, baina zuzentzen ari naiz. Ea udararako jartzen dudan.

Zuretzat zergatik zen hain tentagarria egonaldi hori?

Irakaslea naiz eta sekulako aukera iruditzen zitzaidan bi hilabetez idazle baten moduan bizi ahal izatea. Hori da nire borroka umetatik. Bi hilabete Dublinen, maite dudan hiri batean, eta idazteko aukerarekin, sekulako pagotxa zen niretzat.

Gaelikoaren inguruan ibili zara, gainera. Besteen hitzak izena du proiektuak. Zuretik zer eraman duzu eta zer dakarzu bueltan?

Nik euskaldunen kemena eraman dut. Hangoei kontatu diet Euskal Herrian lortu den guztia, oztopo guztien gainetik, gobernu guztien gainetik... Pilak kargatuta etorri naiz, ikusi dudalako guk aurrera egingo dugula euskararekin eta beste hizkuntza batzuek ez dutela lortuko, eurek adibidez. Gaelikoa oso gutxi entzuten da Dublinen. Hegoalderago gehixeago entzuten da. Hunkitu ere egin nintzen haur batzuk natural-natural gaelikoz entzun nituenean. Baina Dublinen gaelikoa oso galduta dago, erabat gainbeheran. Sentimendu tristea eragin dit horrek. Politikariek ez dute batere maite gaelikoa eta identitatea ez dute hizkuntzarekin lotzen, ezin dutelako. Ia ehun urte dira independentzia lortu zutela eta egin duten gauza garrantzitsuena hizkuntza akabatzea izan da.