Mikel Zubimendi Berastegi
XAMANA BERE HAMAKAN

Michael Taussig, antropologiaren ardatz deskribapena baino kitzikapena egin duen autore magiko iraultzailea

Antropologiaren generoa aztoratu duen Columbiako Unibertsitateko Michael Taussig irakasle eta autore oparoa Euskal Herrian izan dugu. Askok miretsia, beste askok gorrotatua, fikzioa eta errealitatea lotzen ditu. Eklektiko, ikonoklasta eta bihurri, herri indigenen magiaz beteriko pentsamendu eder eta erradikala dakarkigu.

Michael Taussig
Michael Taussig

Euskal Herrian izan dugu berriki Michael Taussig antropologoa. “Gorpuzkinaren mendekuaren magia eta bere desagerpen bitxia” izenburua zuen hitzaldia eskaini zuen Donostian. Hitzaldia Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan izan zen, eta, bertan, afroamerikarren kontrako biolentziaren erro antropologikoez aritu zen. Honakoa bezalako hausnarketak planteatuz: «AEBetan ematen ari den ‘drogen aurkako gerra’ afroamerikarrak kartzelatzeko aitzakia berri bat bilakatzen ari da, ahaztu gabe, batez beste, egunean poliziak hiru beltz hiltzen dituela. ‘Primitibo’ izendatzen ditugun herrialde horietan, pertsona edo animalia baten hilketak, biktimaren eta hiltzailearen arteko lotura bat ezartzen du. Batasun horren inguruan hitz egin nahiko nuke, eta hausnartu ba ote den horrelako harremanen presentzia edo absentzia gaur egun AEBetan poliziak herritar afroamerikar bat hiltzen duenean».

Ondorengo lerroak ez dira Taussigen obra guztia aztertu eta berreraikitzeko saiakera, besteak beste gure ahalmenei ihes egingo liokeelako horrelako ahalegin batek –bere bibliografiak, beste askoren artean, honako lanok biltzen ditu: “The Devil and Commodity Fetishism in South America” (1980); “Shamanism, Colonialism, and the Wild Man: A Study in Terror and Healing” (1987); “The Magic of the State” (1997) eta “My cocaine museum” (2004)–. Haatik, berak egindako ekarria, asmatutako bideak eta izan duen eraginaren inguruan ohar batzuk egin daitezke. Hori, trazu potoloan bada ere, egiten saiatzera goaz jarraian.

Michael Thomas Taussig sortzez australiarra da, Sydneykoa. Hirugarren Reichak Austria anexionatu ondoren ihes egin zuten aita judu sekular baten eta ama katoliko baten semea da. Gazte-gaztetatik sukar erreumatiko eraso gogorrak jasaten hasi zen, eta, hala, nerabezaro erdia ohean etzanda pasa behar izan zuen. Egoera horretan urteak eman behar izatetik datorkio irakurzaletasun amorratua, amak Sydneyko liburutegi publiko ia guztiak hustu zituen-eta semearen irakurzaletasun gosea asetzeko.

Ikasketaz medikua da, eta ikasle garaian zirkulu anarkistetan aritu zen. Politikarekiko interesak medikuntza eta Sydney atzean utzi eta Londresera eraman zuen. Bertako London School of Economics prestigiotsuan antropologian doktoratu zen. Vietnamgo Gerra eta 60ko hamarkadako mugimendu kontrakulturalak izan zituen irakasle. Orduko gazte askok egin zuten bezala, eta Mao Zedong berak iradoki bezala Hirugarren Munduak Lehen Mundua garaituko zuela sinetsita, Hego Amerikara jo zuten iraultzarekin bat egitera. Gehienek Kuba aukeratu zuten, iraultzaren garaipenak sortzen zuen lilurak bultzaturik. Taussigek, baina, iraultza garaile irten ez zen herrialde bat hautatu zuen, gerra odoltsu batean kateatuta geratu zen Kolonbia, nekazariak nekazarien kontra, horroreak bata bestearen atzetik bizi izan zituen herrialdea.

Bihurria eta espirituala

Horrelaxe iritsi zen bada Taussig Kolonbiara, zehazki Putumayo eskualdera: erraietatik marxistak ziren ideiekin, espainiera jakiteke, gerrillariak laguntzea xede. Bertan, baina, deabruarekin egiten ziren kontratuekin aurkitu zen, xamanekin, boterea eta bizitza zuten objektuen fetixismoarekin, ayahuasca edo yagé edabe haluzinogeno indartsuaren kontsumoarekin, bere edertasun eta agoniekin…

Lau hamarkadetan ibili da Kolonbiatik sartu-irtenak egiten, bertako indigena, xaman eta komunitateekin biziz, ikaragarri zabala den obra idatziz eta Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate ospetsuenetan antropologia ikasketen buru izaten.

Karisma handikoa da Taussig, Columbiako Unibertsitateko ikasleen artean glamour berezia duen irakaslea, besteak ez bezalakoa. Bere bulegoan ortzadarraren koloreko hamaka batean etzanda hartzen ditu bisitariak, eta, adibidez, artista dadaista baten omenez paperezko zorroa buruan jarrita eman izan ditu klaseak. Antropologoen artean, baina, adostasuna ez da hain handia. Maitatua edo gorrotatua, polarizazioa eragiten duen figura da, bai modu bihurri eta espiritualean ikertu dituen gaiengatik (deabruari gurtua, xamanismoa edo estatuaren terrorea), bai etnografiara, beste kulturen ikerketara, egindako hurbilpen esperimentalagatik ere. Eta noski, baita beste antropologo “tradizionalago” batzuen lanen kontra egindako diatribengatik ere.

Antropologiaren muturreko abangoardian kokatu izan dute Taussig. Postmodernoen artean, bera da ezkerreranzko joera nabariena duena, eta collage-aren eta muntaketa eklektikoaren erabilera sinbolikoaren bidez, antropologiaren eta etnografiaren autoritatea bera leherrarazi duela esaten da.

Berritzailea eta erradikala

Bai, oso modu eklektikoan hurbildu da Taussig antropologiaren ikasketara. Medikuntza du jatorrizko formazio, baino iturri askotatik edandakoa da: marxismotik errealismo magikora, frantziar postestrukturalismotik Walter Benjamin bezalako pentsalarietaraino. Subjektibotasunak eta literatur etnografiak lehentasuna dute Taussigen ekarpenean, analisi kulturaletan ohikoak ziren estiloen gainetik. Nolabait “estasizko egiaren” jarraitzailea da, hots, errealitateaz bakoitzak egiten duen kontakizunaren esajerazio edo anplifikazioaren bitartez, sakonagoa den egia bat errebela daitekeen ideiarena.

Berritzailea eta erradikala, fenomeno kultural baten gaineko deskripzioa baino harridura eta eszitazioa lehenetsi dituen antropologoa da Taussig. Hizkuntza poetikoa darabil, mundua berriro enkantatzeko bere ahaleginaren akuilu. Antropologo esperimental gisa eruditua da bere erara, eta, garaiko filosofiarekin, berdinetik berdinera, maila berean, hitz egiten du. Gonzo antropologoa deitu izan diote, maltzurki, neutrala den ikuslea izan beharrean, lehen pertsona erabili eta gertakizunetan parte hartzen duen kazetariari gonzo”kazetaria deitzen zaion bezala. Fikzioa eta errealitatea nahita nahasten ditu eta bere lanak beste kulturen analisi orekatu eta serio bat baino Jack Kerouacen beatnik eleberri bat bezala irakurtzen dira.

Taussigentzat denak balio du zerbaitetarako, baina ez denetarako. Espiritu anarkista aldarrikatzen du, antigualeko mitoak eta aurreiritzi modernoak, adituen burutazioak eta zoroen fantasiak. Ez dio uko egiten ideia bat bera ere esploratzeari, itxura batean denetan absurduena izanagatik ere.

Bere narratiba ederraren metodoa bihurria da oso: arrotza familiar egitea eta familiarra arrotz. Jendeari eta kontzeptuei buruz komunikatzeko, narrazioa egiten du metodo eraginkorrena, memorian irauteko eta imajinazioa lanean jartzeko daukan ahalmenagatik. Hartara, fikzioa eta kritika batzen ditu esperimentu hibrido batean, umore eta tonu aproposa eskainiz, letrak juntatzea, idaztea, ekintza antropologiko edo kultural legez ulertuz. Antropologia tradizionalaren oinarriak astintzea lortu du, alternatiba erradikal bat landuz.

Tabuak eta irudi mentalak

Zinez kuriosoak diren loturak proposatzen ditu idazkietan: deabruaren botere askatzailea marxismoaren botere analitikoaren antzekoa dela kasu, biak direlako arrazoi analogikoaren menpeko. Taussigentzat fetixismoa ez da sinbolismoaren eremuan kokatu behar den kontua, produkzio, esplotazio eta truke harremanen testuinguruan kokatzen du. Pentsamendu indigenaren defentsa egiten du, gure gizarteko teoria sozialen errespetua merezi duela konbentzituta, eta zorrotz kritikatzen ditu metodo etnografikoak. Berarentzat, etnografiaren ardatza ez da izan behar “guk” zer esaten dugun “haiei” buruz, “haiek” beren sinesmenetan inplizituki “guri” buruz zer dioten baizik.

Beste adibide bat jarriz, yagé edabearen erabilera sendagarria ikertu du Taussigek. Sortzen dituen hotzikarak, goragaleak, tentsioak, gauaren iluntasuna, dir-dir egiten duten kandelen argia, xamanen kantak, abanikoaren hotsa, oihuak, malkoak… Hor sortzen diren irudi mentalak, ahoz transmiti daitezkeenak, eta, sarri, itzulinguruka ibiltzeke gaixotasuna edo sendabidea adierazten dutenak, nahiz eta beste batzuetan dekodifikatu egin behar diren.

Edertasunaren prezioak kezkatuta, Kolonbiako kirurgia plastikoaren kultura ikertu du, bereizgarria zaion metafisika, harrigarriki herrialdeko gerran etsaien gorpuen mutilazioaren eta perfekzio fisikoa lortzeko gorputz propioari egindako mutilazioaren arteko paralelismoak azpimarratuz, mutilazioren auzi estetiko eta sakratuak txanpon beraren bi aurpegitzat hartuz. Edo hildakoak aztertu ditu, bizitasun magikoa, grazia eta botere iturri handia duten heinean. Aztertu du nola kultura ezberdinetan lehen lurperatzeetatik presente izan den hori, nola ebidentzia arkeologiko eta antropologia fisikoaren begietara gorpua tabu sortzaile izan den, hildakoekiko errespetua dela gizakiak eta animaliak bereizten dituena. Eta hari horretatik tiraka, imajinazio ariketa txundigarria eginez, heriotzaren eta gerraren makinaria erraldoia den Estatuak beregana dezakeen boterea aztertzeari ekiten dio.

Magia, magia beti

Taussigek marxismoa apur bat alboratuz, edo osatuz, indigenen magia aztertu du, jakintza eta hitzek gauzengan eragiteko duten ahalmena. Eskuraezin jarraitu behar duen jakintzan murgiltzean, magiaz, espirituen posesioaz, gordea denera sarrera azkar bat izatearen beharraz aritzean, ondo daki kolonizazioa eta arraza eta genero hierarkiekiko oso menpekoa dela. Alegia, “emakumeak intuitiboak dira”, “zientzian ez dira hain ondo moldatzen”, “etxean galdutako gauzak aurkitzen lehenak dira” eta gisako estereotipoen menpeko. Berarentzat, primitibo deitzen ditugun gizarte eta pentsamenduak magiak bedeinkaturikoak dira. Eta gomendioa ere uzten digu: “zibilizatuok” ustiatu beharreko lehengaia da.