joseangel.oria@gaur8.info
KLIMA ALDAKETA

Ozeanoetako plastikoari gerra deklaratu dio Nazio Batuen Erakundeak

Zortzi milioi tona plastiko iristen dira itsasoetara urtero; hau da, minutuero gai horretaz betetako kamioi baten edukia uretara botako bagenu bezala. Nazio Batuek antolatuta egin berri den Ozeanoen Konferentzian nabarmendu dute itsasoen kutsadurari aurre egiteko hondakin horiek murriztea ezinbestekoa dela.

Ozeanoen kutsadurari aurre egitea osasun publikoa babestea ere bada, New Yorken egin den konferentzian adituek behin eta berriz gogorarazi dutenez. Gainera, egungo erritmoari eutsiz gero eta bestelako neurririk hartu ezean, 2050. urterako itsasoetako plastiko pusken kopurua arrainena baino handiagoa izango da.

«Dagoeneko ez dira ezjakinaren itxurak egiteko garaiak, plastikozko poltsak eta botilak erabiliz gero horien hondakinak ozeanoetara iritsiko direla, arrainek irentsiko dituztela eta azkenean gizakion gorputzean bukatuko dutela gauza jakina baita», esan zuen Peter Thomson Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko presidenteak.

NBEko Batzar Nagusiak hilaren 9an onartu zuen kontsentsuz 2030 Agendaren 14. helburua betetzea nahi duen deklarazio ofizial bat, gizakion jarduerak eragindako kutsadura azpimarratuz (gas toxikoen eta gai arriskutsuen isurketak, batez ere plastiko eta mikroplastiko zatienak).

Nazio Batuek nabarmendu dute egungo egoera aldatzen ez bada, 2050ean plastiko pusken kopurua arrainena baino handiagoa izango dela ozeanoetan, baina horrek ez du esan nahi ordura arte lasai egoteko moduan gaudenik. Ozeano eta itsaso guztietako hondoak dagoeneko kutsatuta daude, baita Artikokoa ere.

Plastikozko mikroesferak

Zentzu horretan, Peter Thomsonek plastikozko mikroesferekin egiten diren produktu gutxiago merkaturatzeko neurrien garrantzia nabarmendu zuen.

Gaur egun, plastiko zati handiagoen degradazioak sortutako mikroplastikoez gain, erabilera industrialerako propio ere sortzen dira tamaina txikiko plastikoak. Kosmetika konpainia ugarik, adibidez, plastikozko mikroesferak erabiltzen dituzte krema eta esfoliatzaileetarako. Ondorioz, milioika mikroesferak itsasoetan bukatzen dute egunero, gizakion saneamendu sistemen bidez. Egoera itzularazi nahi du Batzar Nagusiko presidenteak.

New Yorkeko ekitaldian zertxobait aurreratu dela esan daiteke. Gobernuek, konpainiek eta elkarteek 1.300 konpromiso sinatu dituzte, itsasoak kutsatzen dituzten arazoak konpontzen hasteko borondatea dutelako, inork behartu gabe. «Ozeanoarekin dugun harremana aldatu du konferentziak –erantsi zuen Thomsonek–. Dagoeneko inork ezin du esan gizakiok ozeanoetan eragiten dugun kalteaz kontziente ez denik».

Urrats batzuk egiten hasiak dira han-hemenka. Kenyako Nairobin egoitza duen NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak mundu osoa nahastu nahi du orain lau hilabete abian jarri zuen ekimen batean. Itsasoak kutsatzen dituzten faktore nagusiak indargabetu nahi dituzte 2022rako, eta orduan ere kosmetikagintzak erabiltzen dituen mikroesferek eta erabilera bakarreko produktuek eragiten duten arazoa nabarmendu zuten.

Produktuak aurkezteko moduak

Gainera, “The Economist” astekari britainiarrak Indonesiako Bali hirian joan den otsailean antolatu zuen Ozeanoen Munduko Gailurrean, Itsaso Garbiak izenburuko kanpaina aurkeztu zuten, gobernuek plastikoaren erabilera murrizten duten neurriak har ditzaten.

Industriak kontuan hartu beharko lituzke neurri horiek, produktuak aurkezteko modu berriak diseinatu ditzan. Gainera, kontsumitzaileoi eskatu zitzaigun plastikozko bilgarriak edo poltsak alde batera uzteko produktu bat aukeratzeko garaian.

«Gure ozeanoetan kalte handiak eragiten dituen plastikoaren arazoari heltzeko garaia da», esan zuen orduan Erik Solheim NBIP programako zuzendariak. «Indonesiako hondartzetatik barrena bidaiatzen du kutsadura plastikoak, ondoren Ipar Poloko ozeanoaren hondoan uzteko, eta gure mahaietara iristen da azkenean kate trofikoaren bitartez. Zain denbora gehiegi egin dugu eta arazoak okerrera egin du. Egoera horri amaiera eman behar zaio», erantsi zuen Solheimek Balin egindako Ozeanoen Munduko Gailurrean.

Isabella Lovin Suediako Klima ministroak bideo bat plazaratu zuen otsailean sare sozial baten bitartez Ozeanoen Konferentziaren garrantzia nabarmentzeko. «Ez dugu beste ezer negoziatu behar, dagoeneko adostu- ta duguna inplementatzea da egin behar dugun gauza bakarra» esan zuen suediarrak, zientzialarien, ekologisten eta gizarte zibileko erakunde askoren pentsaerarekin bat eginez.

Gizakion biziraupena

Suediak berak eta Fiji Ozeano Bareko estatu txikiak antolatu dute ekaineko Ozeanoen Konferentzia. «Oso garbi ikusi da ozeanoak babesteko egitasmoa eta agenda klimatikoa erabat lotuta daudela. Lehen aldiz onartu dugu gai honek gizakion biziraupena baldintzatu dezakeela», eman zuen jakitera Isabella Lovinek New Yorken.

Ozeanoen Konferentzian esku hartu dutenek bost egun izan dituzte beren esperientziak eta hausnarketak trukatzeko. Hortik abiatuta egin dute «ekintzarako deialdia», egungo egoerari buelta emateko.

Gizakion jarduera dago azken urteotako ozeanoen degradazioaren atzean, Donald Trump AEBetako presidentea bezalako agintari batzuek oraindik kontrakoari eusten badiote ere.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak agiri baten bitartez esplikatu zuenez, «klima aldaketak, azidotzeak, kutsadurak eta arrantza jarduera jasangaitz eta suntsitzaileak gure ozeanoen geroa mehatxatzen dute. Baita mehatxu horiei aurre egiteko ezgaitasunak ere».

Guterresek azpimarratu zuen itsas baliabideen erabilera jasangarria oso faktore garrantzitsua dela helburu ekonomiko zein ekologikoak lortu ahal izateko, gizakion jardueraren eragina xurgatzeko ozeanoen gaitasuna «bere mugatik gertu edo mugan bertan» dagoenean, politikari portugesaren arabera.

Zabortegiak eta itsasoa

Fiji Uharteetako Errepublikako antolatzaileen kezken antzekoak dituzte Ozeaniako beste herrialdeetako biztanleek ere, itsasoko uraren mailak gora egiteak sekulako kalteak eragiten baitizkie. Peter Christian Mikronesiako Estatu Federatuen presidenteak ozeanoa «zabortegi moduan» erabiltzeko joera salatu zuen. Baita itsasoak arma berriak probatzeko eremu bezala erabiltzea ere.

Christianek Parisko Ituna adosteko egin zen «ahalegin kolektiboa» goraipatu zuen, «itsasoen ongizatearentzat» onuragarria delakoan. Adostutako dokumentuak «kausa honen alde era justuan laguntzeko nazio bakoitzak duen gaitasunarekiko duen tolerantzia» nabarmendu zuen Mikronesiakoak.

Donald Trump presidenteak AEBak Parisko Itunetik ateratzeko hartutako erabakiari buruz ari zen Christian: «Gure ozeanoen alde eta klima aldaketaren aurka nazio moduan egin dezaketena egiteko eskatzen diet AEBei. Mikronesiarrengatik ez bada, egin ezazue AEBen eta estatubatuarren alde».

Ranil Wickremesinghe Sri Lankako lehen ministroak ere nazioarteko elkarlana eskatu zuen; «gure geroa geure esku bakarrik ez dagoela badakigulako. Horregatik ingurumenaren aldeko nazioarteko ekintzen alde gaude».

Boliviaren eskaria

Ozeanoen egoera garrantzitsua da itsasertzik ez duten herrialdeentzat ere. Evo Morales Boliviako presidenteak gogorarazi zuen bere herrialdea itsasoarekin lotura zuzenik gabe «era injustuan» geratu zela eta horrek garapen ekonomikoa oztopatzen duela. Horregatik agintari aimarak eskatu zuen «itsasorik gabeko herrialdeei ere mesede egingo dien itsas baliabideen kudeaketa».

Moralesek eskatutakoa eta New Yorken zein Balin adituek exijitutakoa lortzetik oso urrun gaude oraindik, ordea, Isabella Lovin suediarraren arabera. «Kontrako bidean doa oraindik mundua», esan zion IPS agentziari orain lau hilabete.

«Joerei erreparatzen badiegu, gero eta gehiegizko arrantza gehiago ikusten dugu, ozeanoetara zabor eta kutsadura asko iristen dela, klima aldaketaren eta azidotzearen eraginez ozeanoek jasaten duten estresa... Gainera, beroketak eta itsasoko uraren mailak gora egiten dutela. Faktore horiek guztiek sekulako presioa eragiten diete gure ozeanoei», esplikatu zuen suediar ministroak.

Ozeanoen Konferentziaren webguneak estatuek, konpainiek eta elkarteek hartu dituzten konpromisoen berri ematen du. Dagoeneko 1.370 ageri dira eta ekarpen gehien egin dituzten estatuen artean Zeelanda Berria, Australia eta Singapur ageri dira, bakoitzak hamarretik gora konpromiso hartu baititu.

Zerga berria Uruguain

Indonesiako agintariek agindu dute 2025erako itsasora iristen den zabor kopurua %70 murriztuko dutela.

Uruguaik, berriz, aurten jarriko du abian erabilera bakarreko plastikozko poltsengatik ordaindu beharko den zerga. Costa Ricak ere poltsa horien aurkako gerra deklaratu du eta horien kopurua murriztu nahi du hondakinen kudeaketa egokiagoaren eta hezkuntzaren bitartez.

Vidar Helgesen Norvegiako Klima eta Ingurumen ministroak otsailean adierazi zuenez, «gure herrialdearentzat itsasoa eta bertako bizitza babestea premiazko kontua da. Zaborrak eragiten du itsasoko bizitzak eta itsaski zein arrainek jasaten duten arriskuak gora egitea. Eta mundu osoko itsasertzetan bizi diren populazioei ere kalte egiten die».

Eneida de Leon Uruguaiko Ingurumen ministroak, berriz, beraien estrategiaren berri eman zuen: «Araudien bitartez herritarrei plastikozko poltsak erabiltzeko gogoa kentzea da gure helburua. Gainera, zabor biltzaileei alternatibak eskaini nahi dizkiegu, eta plastikozko poltsek ingurumenean eragiten duten kaltearen inguruko hezkuntza programak garatzea».

Emozioak eta sentsazioak

Ozeanoen Konferentzia NBEren egoitzan egiten ari zen bitartean, kanpoan, Laura Anderson Barbata artista mexikarrak diseinatutako dantzaz eta kolorez betetako protestaldia egin zen, adituen zenbaki eta hausnarketa arrazionalek «emozioen eta sentsazioen» beharra dutelakoan. Papua Ginea Berriko, Jamaikako eta Venezuelako erritmoak eta ohiturak nahastuta, zango-makilen gaineko dantzariak eta jantzi ezin ikusgarriagoak erakutsi zituzten “Ocean Calling” (ozeanoaren deialdia) lanaren protagonistek.

«Itsasoaren barruan dagoen bizitzari buruz hitz egiten du performanceak, itsasoari lotuta bizi diren kulturei buruz, guztiongan eragina duen bizitzaren inguruan», esplikatu du New Yorken bizi den artistak.

Artisten eta zientzialarien elkarlana sustatu nahi duen TBA21-Academy elkarteak enkargatu zion lana Anderson Barbatari. «Babestu nahi dugun orekaren garrantzia eta edertasuna ezagutzea da lanaren helburua», adierazi du.

 

Arrain handien kopurua %90 jaitsi da

Brian Skerry “National Geographic” aldizkariko kontserbazionistak planetako puntu esanguratsuenak bisitatuak ditu, baita oso urruti eta populaziorik gabe daudenak ere. Berak Ozeanoen Konferentzian esan zuenez, itsasoan dauden arrain handien kopurua %90 inguru murriztu da gehiegizko arrantzaren eraginez: «Garai batean hondartza garbiak eta ur gardenak zituzten leku batzuetan orain plastikozko hondakinen artean ibili behar duzu. Ozeanoen arazoak inoiz ez dira hain agerikoak izan. Itsasoko abereentzat heriotza-zigorra da plastikoa».

Norena da itsasoa? Nork du ozeanoa kutsatzeko eskubidea? Peter Thomson Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko presidentearen iritziz, «ozeanoa ez da pertsona edo herrialde jakin batzuen jabetza; gizadi osoaren ondare bat da, babestu beharrekoa eta datozen belaunaldientzat era jasangarrian gobernatu beharrekoa».

Arrantza jasangarriaren inguruko estrategiak abian jartzea aipatzen da New Yorkeko konferentzian onartutako dokumentuan. Legez kontrako arrantzari amaiera ematea litzateke helburuetako bat, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen da leku batzuetan ematen diren diru-laguntzak desagertzea, araurik gabeko arrantza bultzatzen dutelakoan.