joseangel.oria@gaur8.info
BRITAINIA HANDIA

Araurik gabeko munduan, goikoen negozioak behekoen negarra eragiten du

Londresko Grenfell dorrea bertan bizi zirenentzako tranpa bihurtu zen orain hamar egun, iazko berrikuntza lanetan jarri zuten estaldura sukoi, merke eta legez kontrako baten eraginez. Esperientzia handiko suhiltzaileek ere ez dute gogoan eraikin handi bat hain bizkor suntsitzen ikustea. Auzotarrek beren haserrea adierazi dute.

Grenfell dorreko sute tragikoak Britainia Handiko gabezia batzuk erarik okerrenean jarri ditu agerian eta badirudi ondorioak izango dituela. Edo izan beharko lituzkeela. Sadiq Khan Londresko alkateak berak aditzera eman du 1960ko eta 1970eko hamarkadetan eraikitako bizitegi-dorre gehienak (milaka dira Britainia Handian) behera bota beharko liratekeela, gaizki eginak baitaude, ezinbestekoak diren prebentzio neurriak hartu gabe.

Desagertutzat emandako pertsonen erretratuak bazter guztietan jarri dituzte Latimer Road-eko metro geltokian eta inguruetan. Batzuek etxean falta dutenaren erretratuarekin kamisetak egin dituzte, bizirik aurkitzeko itxaropenari eusten baitiote, nahiz eta Poliziak esan duen aukera hori oso zaila izango dela.

Grenfelleko dorrean herritar pobreak bizi ziren, 600en bat, 24 solairu eta 120 etxebizitzako blokean. Babes ofizialeko etxebizitza horiek auzo aberats baten erdian kokatuta daude eta auzotar batzuek uste dute horregatik erabaki zuela eraikina kudeatzen duen Kensington and Chelsea Tenant Management Organisation (KCTMO) erakundeak kanpoko aldea apaintzea.

Aberatsen kapritxoa

Alia Al-Ghabani harreragileak bat egin zuen auzotarren protestaldiarekin, eta kazetariei esplikatu zien edonor haserretzeko modukoa dela iaz dorrea apaintzeko argudioa, inguruan bizi diren pertsona aberatsen «kapritxo bat» izatea: «Blokearen parean dauden etxe ikaragarri garestietako jabeei munstrokeria iruditu zitzaielako apaindu zuten dorrea eta hori ez da onartzeko modukoa».

Grenfell dorrea merkatuan dagoen materialik merkeen eta sukoienarekin estali zuten iaz, “The Guardian” egunkariaren arabera. Omnis Exteriors konpainiak entregatu zuen erabili zen aluminiozko konposatua, Reynobond PE izenekoa. Enpresak onartu du materialik merkeena eskatu zitzaiola, eta horregatik baztertu zuela Reynobond FR izenekoa, sutea izanez gero askoz ere hobea dena baina metro koadroko 2,3 euro garestiagoa, John Cowley zuzendariak azaldu duenez.

Philip Hammond Ekonomia ministroak berak ontzat eman du informazio hori, erabilitako materiala debekatuta dagoela adieraziz: «Europan eta AEBetan debekatuta dagoen estaldura sukoi hori hemen ere debekatuta dagoela ulertzen dut», esan zion igandean BBC kateari, tankerako tragedia baten aurrean agintariek erakutsi beharko luketen ziurtasuna beste baterako utzita. Hammonden arabera, «hemen bereizi beharreko bi kontu daude. Gure araudiak egokiak al dira eta material aproposak baimentzen al dituzte? Egokiak ez diren gaiak debekatzen al dituzte?».

«Burokrazia» eta arauak

Indarrean dauden araudiak egokiak ote diren galdetzen zuen ministroak, araudi horien aurka bere joera politikoko (kontserbadorea) agintariek abian jarri dituzten politiken inguruan galderarik egin gabe.

George Monbiot idazleak azken urteotako gobernuei (kontserbadoreei zein laboristei) leporatu die erantzukizuna, azken hamarkadetan nagusitu diren «burokraziaren aurkako politikek» herritarrak, batez ere pobreak, babestea helburu duten arauak bete gabe uztea eragin baitute. Egoera esplikatzeko, R. H. Tawney historialariaren esaldi bat erabili du Monbiotek “The Guardian” kazetan: «Arrain handiaren askatasuna arrain txikien heriotza da».

Britainia Handian bezala, gaur egun herrialde askotan nagusitu da joera bera, «burokraziak» askatasuna eta produktibitatea kaltetzen dituela esanez. Trump AEBetako presidenteak beste inork baino garbiago esango du, baina gauza bera pentsatzen dute beste askok. Baita Rajoyk eta Macronek berak ere.

Estaldura kanpoko aldean duten eraikinen sute arriskuaren inguruko txostenak aspaldikoak dira, baina testu horietan esaten dena betetzeko garaian sortzen dira arazoak, kontserbadoreek zein Tony Blairren garaiko laboristek ez baitzioten negozio aukera bati inolako oztoporik jarri nahi: pentsamolde horren arabera, herritarrak babesteko diseinatutako neurri horiek etekin ekonomikoak murriztu baino ez dute egiten.

«Uste dut eraikuntzaren sektoreak ez duela ulertzen eraikinetan suteak nola sortzen diren eta zein arriskutsuak izan daitezkeen. Ezer ez arautzeko Gobernuak duen joerak eragiten du milaka lagun segurtasun neurriak betetzen ez dituzten eraikinetan bizitzea», esplikatu du Sam Webb arkitektoak, Grenfell dorreko tragediak bera ez duela harritu esan ondoren.

Arkitektoaren iritziz, agintariek ez dute gauza handirik ikasi azken urteotako esperientziatik. Esaterako, orain zortzi urte Lakanal House 14 solairuko eraikinak su hartu zuen Londresko hego-ekialdeko Camberwell auzoan (sei hildako). 1958an zutitutako blokeko bederatzigarren pisuan zirkuitulabur bat izan zen eta, ondorioz, eraikin osoa kiskali zen. Lehen sua sortu zenetik lau minutu nahikoa izan ziren kanpoko aldeko estaldura osoa sutan egoteko. Grenfellen bezala, bertan bizi zirenei gomendatu zitzaien pisuan geratzeko. Ikerketak ondorioztatu zuen eraikinean egindako berrikuntzetan suaren kontrako materiala kendu egin zutela.

George Monbiot idazleak gogora ekarri du orain hiru urte Brandon Lewis garaiko Etxebizitza ministrordeak (gaur egun Immigrazio ministrordea da) eraikuntza konpainiak ur-ihinztagailu automatikoen bidez sua itzaltzeko sistemak jartzera behartzeko ekimen bat baztertu egin zuela, argudio xelebre bat erabilita: «Erregulazioa murrizten duen lehen Gobernua izateko hartu genuen konpromisoa dela-eta, ‘bat sartu, bi atera’ araua sartu dugu araudien inguruan: Gobernuak sartzen duen araudi bakoitzeko, kentzeko moduko bi aurkitu behar ditugu. Komunitateetako Ministerioak eta Udalak arau horrek eskatzen duena baino gehiago egin dute araudiak

ezabatzeko».

Autorregulazioa

Onartzen zuen Lewisek ur-ihinztagailuak oso eraginkorrak direla suteei eusteko garaian, baina eraikuntza konpainiak behartzea beste kontu bat da. Ministrordeak eskuak garbitu eta jabeei uzten die erantzukizuna, hartu beharreko neurriak har ditzaten. «Autorregulazioa», araudiek negozioari enbarazu egiten diotela esaten dutenek gustuko duten eufemismoa, prebentzio neurririk hartzeko asmorik ez dutela garbi esatea mingarri edo gordinegi gerta daitekeelakoan.

Grenfell dorrekoek eta tankerako eraikinetan bizi diren herritarrek beren haserrea adierazi dute. Theresa May lehen ministroa bera larri ibili zen auzora egindako bisita batean eta Poliziaren laguntza behar izan zuen bertatik irteteko. Udaletxera ere joan ziren protesta egitera, «justizia nahi dugu» oihukatuz. Batzuek «hiltzaile» deitu zieten agintariei. «Erantzunak behar ditugu, ez gara istilu-sortzaileak», esan zien kazetariei Salwa Buamani 25 urteko emakumeak, ondoan iloba txikia zuela. «Orain gu gaiztoak garela esango digute», erantsi zuen. Ez du inoiz ahaztuko suntsitutako dorreak eskailera bakarra zeukala, suaren kontrako aterik ez zuela, eta toki askotan ikusten diren –eta guztiek gomendatzen dituzten– ur-ihinztagailu automatikoen bidez sua itzaltzeko sistemarik gabe zegoela.

Errefuxiatuak eta porrota

Hildakoei dagokienez, lehen identifikatua Mohammed Alhajali Siriatik ihes egindako 23 urteko errefuxiatua izan da. West Londongo Unibertsitatean Ingeniaritza ikasketak egiten ari zen eta bere helburua Siriara itzuli eta herrialdea berreraikitzen laguntzea zen. Anaiarekin zegoen suteak dorrean harrapatu zituenean. Anaiak bizirik irtetea lortu zuen (erietxean dago) eta orain agintarien porrota salatzen du: «Oso bidaia arriskutsua egin zuen Mohammedek Siriako gerra eta heriotza atzean uzteko, azkenean hemen, Erresuma Batuan, bere etxean, heriotza aurkitzeko. Segurtasun bila etorri zen herrialde honetara eta Erresuma Batuak porrot egin du bera babesteko garaian».