Aimar Etxeberria
analisia

Azeleratu edo frenatu, edo noiz arte itxaron

Hauteskunde orokor britainiarretan SNPk lortutako emaitzek iritzia aldarazi ote diote Nicola Sturgeon lehen ministro eskoziarrari? Edo aurrera egingo du bigarren independentzia erreferendumarekin? Baldintzak, behintzat, aldatu dira; ondorioak, ikusteke dago.

Lineala eta malkarrik gabea bada, ez du graziarik bidea egiteak. Halako ideiaren bat behar dute izan Eskozian independentzia prozesuari tiraka ari direnek, hau bidegurutze berri batean dela ikusita. Orain urtebeteko Brexitaren aldeko erreferendumak joko-arauak aldatu bazituen, ez da gutxiagorako izan Britainia Handiko hauteskunde orokorrek prozesu independentistarengan izan duten eragina; hark hauspotu zituen urak, eta honek baretu. Baina ez zuten eskoziarrek independentzia behatz puntekin ukitzen britainiarrek Europar Batasuna uztea erabaki zutenean, eta ez die trenak behin betiko alde egin SNPk Westminsterren hogeiren bat eserleku galdu dituenean. Aukerak bere horretan dirau, eta etorkizunak baino ez du esango balantzak zein aldetara egiten duen. Bien bitartean, eman diezaiogun gainbegiratu bat ireki den aroari.

Iragan ekainaren 8an hauteskunde orokorrak egin ziren Britainia Handian, ondorioz, eskoziarrek Westminsterreko euren 59 ordezkariak hautatzeko parada izan zuten. Eskozian, batez ere, SNPren eta Alderdi Kontserbadorearen artean zentratu zen lehia kanpainan, baina emaitzek laborismo eskoziarra ez dela erabat itzali erakutsi zuten.

Bigarren independentzia erreferendumak baldintzatu zuen askoren botoa, eta emaitzetatik tiraka hainbat ondorio atera daitezke: ukaezina den gehiengo osoa lortu zuen SNPk aulkiei dagokienez (35), baina botoek independentziaren aurkakoen garaipen argia erakusten dute (unionismoak 1.654.017 boto, %62,71 vs independentismoak 983.455 boto, %37,28). Emaitzek bigarren independentzia erreferendumaren gaineko eztabaida ireki dute berriro, hautetsontzietatik pasatu aurretik itxia zirudien eztabaida; orduan, galdeketa “bai edo ez” baino “noiz” egin zen eztabaidagai.

Egoerak mugimendu independentistaren artean ere eragin ditu arrakalak, eta bigarren galdeketaz –eta bien bitartean egin beharreko bideaz– ikuspegi ezberdinak aireratu dira. Bada Nicola Sturgeon lehen ministro eskoziarrak gidatutako lantaldearen ildoa babesten duenik. Michael Russell Eskoziaren Brexiterako ministroa izan daiteke horietako bat, zeinak bigarren galdeketa Londres eta Bruselak garatuko duten negoziazio prozesuaren amaieran egitea defendatzen duen. Ildo horretan harago doa, adibidez, Alyn Smith SNPko eurodiputatua, independentzia erreferenduma eta Europar Batasunaren baitako pertenentzia batera bozkatzea defendatzen baitu.

Baina ez da independentzia zale oro eroso aurkitzen aukera independentista zuzenean Brexitarekin lotuta ikustean, gutxiago Brexit “gogorrak” automatikoki eskoziarrak hautabide independentistara erakarriko dituela dioen ustearen aurrean. Victoria Heaney Women for Independence mugimenduko kideak independentzia esanahi eta balioz betetzearen alde egiten du. 2014an independentziaren barkura gehitutako unionista bera, nahiago du estatu batek politika aurrerakoiak garatzeko orduan dituen baliabideez hitz egitea, Brexitaren ondorioez baino. Eta antzerako ikuspuntua plazaratzen du Colin Fox Scottish Socialist Partyko kideak, zeina “SNP & independentzia prozesua” binomioarekin apurtu eta abertzaleek garatzen dituzten politikak modu irekian kritikatzearen alde agertzen den.

Ahots optimisten artean Dennis Canavan azpimarratu daiteke. Yes Scotland mugimenduko buruzagi ohia bera, Alderdi Kontserbadorearen politikek eta Brexitaren negoziazioek Eskozia zuzenean independentziara eramango dutela aldarrikatzen du, nahiz eta stand by egoeran aurkitzen den mugimendu herritarraren aktibaziorako deia egiten duen.

 

Mezuak etxe barrutik

Lehen mailako dimentsio politikoa hartu dute asteon Tommy Sheppard SNPren Westminsterreko diputatuak egin dituen hitzek. Ahots autorizatua da Sheppardena alderdiaren baitan, ez baita alferrik aurkeztu alderdiko lehendakariorde eta Westminsterren bozeramaile izateko, nahiz eta ez den hautatua izan ez baterako ez besterako. Sheppard, baina, SNPren adar independentistan kokatzen delako da ezagun, eta bigarren erreferendumaren harira egin dituen adierazpenek hautsak harrotu dituzte.

Galdeketa berriaz gehiago ez hitz egitea gomendatu dio diputatuak Sturgeoni: «Zuzen egin genituen gauzak martxoan independentzia erreferendum berria agindu genuenean. Gobernu britainiarrak ez zituen aintzat hartu eskoziarrak eginiko proposamenak, eta, Brexitaren ondorioak direnak direla, garbi dago baldintza objektiboetan funtsezko aldaketak izango direla». Orduan bere Gobernuak hartutako erabakiarekin ados egonagatik, baina, aho bizarrik gabe onartzen du hauteskunde britainiarrek ere gauzak aldatu dituztela: «Emaitzak aztertuta iruditzen zait Brexitaren negoziazioek ematen dutena garbi ikusi arte itxaron beharko genukeela, eta ondoren erabaki bigarrenez galdeketa egitea nahi dugun edo ez. Denboretan pause botoiari sakatzeaz ari naiz hizketan, zehazki non aurkitzen garen ikusi bitartean». Gainera, tory-en gutxiengoko Gobernuak bigunagoa litzatekeen Brexit bati ateak irekitzen dizkiola uste du Sheppardek, baita hortik Holyroodera eskumen berriak etor daitezkeela ere.

Nolabaiteko babesa izan dute Shepparden hitzek SNPren baitako bestelako figura batzuen artean. Abertzaleentzat aholkulari lanetan aritu zen Alex Bell, besteak beste, Shepparden ildoan kokatu da, eta Sturgeonen Gobernuari independentzia erreferendumari dagokionez ahoa ixteko eskatu dio: «Erresuma Batua benetako krisi batean dago murgilduta. Sturgeonek bere eskumenekoak diren hezkuntza eta osasungintzan zentratu beharko luke, nahiz eta gaur ereindako uztaren emaitzak urte batzuen buruan jasoko diren, erakutsiz epe laburrean hartzen diren arriskuek epe luzera ematen dituztela irabaziak. Bitartean isilik, eta utz diezaiola Brexita biguntzeko ahaleginari ere; zentratu dadila Holyroodeko bere eguneroko lanean».

Badira euren adierazpenekin urrunago joan direnak ere, eta pause botoia ez ezik independentzia erreferendumaren siwtch off botoia ere zapaltzea eskatu dutenak. Bere garaian Justizia idazkari izan zen Kenny MacAskillen kasua litzateke, adibidez. Honek bigarren galdeketaren aukera bertan behera uzteko eskatu dio Sturgeoni, horretarako «ez babesik ez gogorik« ez dagoela adieraziz: «Ezin da SNPk hauteskunde orokorretan erdietsitako emaitzen aurrean ez-ikusiarena egin eta galera hori alderdi unionisten boto taktiko moduan ulertu».

 

Sturgeonen txanda

Bueltan-bueltan, Sturgeonen teilatu gainean pausatu da berriro ere pilota. Berari tokatzen zaio arre edo so egitea, azeleragailua edo frenoa zanpatzea, aurrera edo atzera egitea erabakitzea. Zantzu guztien arabera, datorren aste honetan bertan emango du lehen ministro eskoziarrak bere asmoen berri, Holyrood uda sasoiko oporraldian sartu aurretik. Kontua, baina, nahi baino gehiago luzatu zaio Sturgeoni, eta baldintza subjektiboak ez dira martxoan bigarren independentzia erreferenduma agindu zueneko berberak. Bizkorra izan zen orduan Londresen erantzuna: «Ez da orain galdeketa berri baterako momentua». Horrek plan aldaketa eragin zion, baina are ustekabe handiagoa izan zen Theresa May lehen ministro britainiarrak hauteskunde aurreratuak deitu zituenean. Hauteskundeak begi bistan, bozketa egunaren ondorenerako utzi zuen Sturgeonek Aste Santuen itzuleran prozesu independentistaren urrats berrien berri emateko agindua zuen agerraldia. Bi hilabeteko atzerapenarekin bada ere, badirudi oraingoan baietz, uxatuko dituela batzuen zein besteen zalantzak, batzuen zein besteen poz edo tristurarako.

Hala agindu du, bederen, Sturgeon berak asteon. Gaia mahai gainean izan zuen bere kabineteak hauteskunde osteko lehen bilkura egin zuenean, eta lehen ministroaren bozeramailea izan da bilkuraren nondik norakoen berri eman duena: «Lehen ministroak gidatuta, bigarren independentzia erreferendumaz hitz egin zen bilkuran. Hauteskunde ostean berak abiatutako jardunaren parte izan zen eztabaida, eta Gobernuko zein alderdiko kideekin gaiaren inguruan hizketan jarraituko du lehen ministroak aurrerantzean ere».

Kazetariek Sturgeonen hitzartzea Holyroodek bere oporrak hartu aurretik, hots, ekainaren 29aren aurretik egingo ote duen galdetzean, honela erantzun zuen bere bozeramaileak: «Litekeena da aipatu dataren aurretik izatea, nire ustez». Hortik aurrera ez zuen argibide gehiagorik eman Eskoziako lehen ministroaren eledunak.