Isidro Esnaola

Ikasgai batzuk Brexitaren urteurrenean

Europar Batasuneko Lehiakortasun komisarioak, Neelie Kroes andereak, telefono enpresek norberaren estatutik kanpo deiak egiteagatik edo datuak jasotzeagatik kobratzen zituzten gainprezioak ezabatzeko proposamena luzatu zuen 2010ean. Azkenean, rooming-a aurtengo ekainaren 15ean ezabatu dute, orain dela hamar egun eskas. Zazpi urte behar izan ditu Europar Batasunak gainprezio horiekin amaitzeko. Eta hori herritarren poltsikoan eragin zuzena zuen zentzugabeko ordainketa bati buruz ari garela. Brexitaren erreferendumaren emaitzak erabakia gauzatu eta epeak murriztean nola eragin duen ikusteke dago oraindik. Brexita egon ez balitz, ziurrenik, itxaroten egongo ginateke oraindik.

Europar Batasunaren proiektua herritarren mesederako egitasmo gisa saldu nahi izan dute, baina praktikak behin eta berriz erakusten du kapitalaren zerbitzura sortutako merkatu komuna besterik ez dela. Ez dago arnas politikorik negozio ekonomiko hutsetatik harago. Herritarren babesa zuzenean indar dezaketen aldaketek ere kapitalaren filtroak eta lobby indartsuen presioak gainditu behar dituzte. Europar Batasunaren eraikuntzan erabakigarriagoa gertatzen ari da interes ekonomikoa eragin politikoa baino.

Abiapuntu horrekin ez da harritzekoa Britainia Handiko herritarrek Europar Batasunetik alde egitearen aldeko botoa eman izana orain dela urtebete egindako erreferendumean. Aste honetan hasi dira banaketa egiteko moduaren gaineko negoziazioak, baina urtebetean gauza asko mugitu dira. Aipagarriena, beharbada, laboristen liderrak, Jeremy Corbynek, jasotako bultzada. Brexitaren aurreko bere posizio epelagatik bere lidergoa zalantza jarri bazuten ere, pasa den urteko udazkenean militantziak babesa berretsi zion eta lidergoa mantendu zuen. Hori ez da izan gainditu behar izan duen azterketa bakarra. Aurreratutako hauteskundeak bere hilobi politikoa izango zirela iragarri zuten askok, baina erronka horretatik ere indartuta atera da. Bere proposamenak herritarren kezka diren kontuetan zentratzeak ekarri dio arrakasta Corbyni.

Europar Batasunaren ideia, bere horretan, ez da ona edo txarra. Beste gauza bat da zertarako eta noren mesedetan erabiltzen ari den. Roaming-aren inguruko gorabeherek ondo islatzen dute gauzak okertzen ez diren artean herritarrek ez dutela ezer pintatzen. Corbynek, baina, argi utzi du herritarren ongizatea ez dagoela besteen esku, are gutxiago Bruselako burokraten esku. Oinarrian herritarren ongizatearen funtsa estatu bakoitzean hartzen diren erabakietan dago: unibertsitateko tasak ezarri ala kendu; zerga erreforma egin ala ez; zerbitzu publikoak indartu ala pribatizatu… Horiek dira funtsezko erabakiak eta estatuetan hartzen dira, hau da, burujabetza izatea eskatzen dute. Ideia sinple horrekin laboristen alternatiba indartzea lortu du.

Mantxako kanalaren beste aldean, europar eraikuntzaren krisiaren eta herritarren egonezinaren aurrean, «koalizio handiak» izan dira eliteen irtenbide politikoa. Batzuk esplizituak, Alemanian bezala; beste batzuk, inplizituak, Estatu frantsesa adibide. Koalizio horiek bi ondorio dituzte: alde batetik, ongizate estatua kudeatu duten alderdi sozialdemokraten desagertzea; eta, bestetik, demokrazia hautatzeko aukera baldin bada, itxuraz ezberdinen artean, koalizio handiekin aukeratzeko posibilitatea bera desagertu egiten da, demokrazia kolokan jarriz.

Kontuak kontu, Europako buruzagiek Brexitarekin ikasgairik atera dutenik ez da antzematen. Estatu handienek orain arteko norabidean jarraitzea erabaki dute, adostasunaren aldeko apusturik egin gabe. Beraien artean onartuko denak aurrera egin du. Orain, gainontzeko estatuek erabakietara gehitu edo ez erabaki beharko dute; bakoitzak ikusiko du. Funtsean, hemendik aurrera Europa bi abiaduratan eraikiko da. Berrikuntza handia da hori. Hala ere, ez da argi ikusten modu horretan zer eraiki daitekeen komunean. Epe luzeko plana zein den ez da antzematen. Ematen du atakatik ateratzeko modua bilatzen ari direla ondorioetan gehiegi pentsatu gabe. Beraientzat funtsezkoa dirudi egungoari nola edo hala eustea, herritarrei leku eman gabe. •