Oihane Larretxea
infraganti

MAITE BASTERRA

Garai batean egunero erabiltzen ziren tresnak eta objektuak gurera ekartzen ditu Maite Basterrak, ikuspuntu garaikide batekin: artzainen oporra edota arratzaleen kriseilua. Informazioa bilatu, ikertu eta pieza bakoitza egiteko artisaurik onena bilatzen du. Istorioak kontatzen dituzten piezak direla dio. Eta ez zaio arrazoirik falta donostiarrari.

H istoria eta istorioak kontatzen ditu Maite Basterrak (Donostia, 1980) bere piezen bidez. Mendeetan atzera begiratzen du, gure arbasoek, gure ondareak, aurrera egin dezan; ahanzturatik atera eta gaurko sukalde eta etxeetara ekarri, esnea edateko, garai bateko artzainen edo ikazkinen moldean. Kaikua, oporra eta abatza antzinako ontziak edota arrantzaleek gau ilunak argitzeko itsasontzian eramaten zituzten olio-kriseiluak.

Argazkilaritzan ere aritzen da, eta ogibidez barne diseinatzailea da, baina orain bi urte inguru Kinka Objects proiektua jarri zuen martxan, garai batean Euskal Herrian ohikoak ziren hainbat tresna ikuspuntu garaikide batetik berreskuratzeko. Prozesua luzea eta aberatsa da eta emaitza begi-bistakoa: pieza zainduak, mimoz eginak, diseinu delikatuaz, eta estetikoki oso erakargarriak.

Objektu bakoitza ikerketa batekin abiatzen du: zer zen, non eta zertarako erabiltzen zen, zein materialez egina zegoen, zein forma zuen… Donostiako San Telmo museoa eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa bezalako lekuetan informazioa bilatu, ikertu, jaso, eta horrekin guztiarekin irudi gaurkotuak egiten ditu. Dokumentazioarena oinarrizko fasea dela dio; ezin aurrera egin hori gabe. «Datu piloa biltzen dut eta horrekin abiatzen dut bidea; kosmos moduko bat garatzen dut. Gainera, askoz ere errazagoa da informazioarekin lan egitea, bestela ezinezkoa litzateke, formarekin soilik ezin delako jolastu». Garai bateko objektuak bere begiez ikustea ere oso lagungarria zaio, finean, objektuen esentzia harrapatu ahal izateko.

Prozesua oso aberasgarria da, inplikatzen duen artisau kopuruagatik, bakoitza egiteko beharrezkoa duen profesionala bilatzen baitu. Kaiku, abatz eta opor katiluak egiteko, Elosuko (Araba) Ollerias Euskal Buztingintza Museoko Blanca Gomez de Segura artisauaren laguntza izan du. «Dokumentazio fasea amaitzean artisauarengana noa elkarrekin prototipo batzuk egin eta neurriak egokitzeko. Koloreak eta esmalteak aztertzen ditugu… formak gehiago garatzen dira eta guztia erabakita dagoenean, produkzioa hasten da».

Ekoizpena oso mugatua da. Objektu bakoitzetik 30 pieza baino ez dira egiten, eta bakoitzaren azpialdean egilearen izena eta seriearen zenbatgarren alea den zehazten da. Hura ikustean, nolabait, esku artean altxorra duela sentitu dezake erosten duenak. Eta, Basterrak dioenez, etxean ale bat dutenek mimo handiz gordetzen dute, baina begi-bistan, ikus dadin.

«Eduki genuena estimatzea da esentzia. Balio handiagoa ematen diot horri, denetik edukitzeari baino. Ondo egina dagoen zerbait, mimo eta maitasun handiz, berezia da, eta estimatzeko egina dago. Gainera, oso gauza erabilgarriak dira –zehaztu du–, egunerokoan erraz txertatzen direnak eta funtzio bat betetzen dutenak».

Ontzietarako gresa erabili du, oso material sendoa eta gogorra, eta kanpotik esmalte zuria dute, euskal zeramikaren berezitasunetako bat delako.

Aba, kua, ora eta klua

Abatzari «aba» izena jarri dio, kaikuari «kua» eta oporrari «ora». Kriseiluari, «klua». Izen berriekin sustraiei egin nahi izan die keinu. Bi kirten ditu lehenengoak, eta guztietan handiena da. Jatorrian, 12 eta 25 litro esne artean sartzen ziren eta bereziki gazta egiteko prozesuan erabiltzen zituzten artzainek.

Ardiak jeztean esnea jasotzeko, berriz, kaikua zuten. Bi kirtentxo ditu Maite Basterrarenak, eta formak ederki asko ekartzen du gogora egurrezko jatorrizkoaren forma elikptikoa eta alde batera zuen inklinazio arina. Dioenez, litro bat eta hogei arteko edukiera zuten.

Oporra zen guztietan txikiena, eta hori ere errespetatu egin du donostiarrak. Kirten bakarrarekin, artzainek esne bete opor edaten zuten, jaten zuten taloa laguntzeko.

Kriseilua egiteko, bestalde, brontzea erabili du, eta horregaik beste artisau baten eskuak eta jakintza baliatu ditu, Gasteizeko Bronzeder tailerrekoarenak. Azken lan hau konplexuagoa izan dela aitortu du, teknologia berriak sartzen saiatu direlako 3D inprimagailuarekin prototipo azkarrak egiteko, baina materiala eta teknika direla-eta ez da posible izan. Prozesu guztiak Euskal Herrian eginak daudela aipatu du, bertako profesionalekin.

Zaila da, dioenez, hain lan zehatzak egiten dituzten pertsonak topatzea, ogibideak pixkanaka galtzen doazelako. Horregatik, halako profesionalen sarea sortzea oso garrantzitsua dela uste du. «Sarea sortzen saiatu naiz, ikertu dut non zegoen behar nuen artisau bakoitza eta ateak jo ditut. Euren artean ez da aliantzarik sortu, baina elkar ezagutu dute, badakite hor dagoela bestea eta ez da gutxi, etorkizunean batak bestea beharko balu… talentu asko dago, baina ezkutuan bezala», kontatu du. Horregatik, apustuetako bat du sarea handitzea, jendeak bere egitasmoak aurrera ateratzeko beste baten laguntza behar badu jakiteko beste aldean badagoela inor.

Sostengua, libre izateko

Ilusio handia du jarrita, nahiz bidea erraza ez izan. Diru laguntza bati esker jarri ahal izan zuen martxan, baina erakundeez harago, sostenguak beste alde batetik iritsi beharko lukeela uste du: herritarrengandik, pertsonengandik. «Zure oinarria erakundeak izango badira, ez zara inoiz libre izango», esan du. «Kontsumitzaileak erakutsiko balu grina, interesa, gauza hauekiko saltoki-gune handiez harago, bata bestearen atzetik superprodukzioan egiten diren objektuez harago… Prezio horiek, gainera, ez dira errealak, eta atzean dauden lan baldintzak ere zalantzan jartzeko modukoak dira…».

Kinka bisualki erakargarria egiten zaio jendeari, baina kontatzen duenez, oro har, salneurria muga gisa sentitzen du gerturatzen denak. «Eta muga hori da ulertzen uzten ez diena zer den esku artean dutena, nondik datorren, atzean duen guztia… karga sinbolikoaz, historikoaz eta artistikoaz aparte. Eta hain justu hori baloratzea da gakoa duen salneurria ulertu ahal izateko».

Ekinean jarraituko du, salmenta bakoitzarekin batzen dituen etekinak berriro beste objektu bat egiten inbertitzeko. Badu hurrengoa labean eta ziur aski crowfunding bidez saiatuko da ateratzen: brontzea, latoia eta altzairua dituen lanpara eder bat. Garai batean legez, gure egunak goxo argitzeko•