Ramon Sola

Udaberri antzuaren ostean, udazken freskagarriaren zain

Udaberri itxuraz antzua joan da. Esparru politikoan, albiste nagusia EAJren eta PPren arteko argazki gabeko ezkontza izan dela gogoratzearekin dena laburbilduta dago. 80ko hamarkadako EAJ-PSE koalizioen berpizteari orain 90eko hamarkadako txin-txin hotseko itunen errepikapena erantsi zaio. Zaharrak berri. Aste honetan, uda astun, ziplo, erori zaigu gainera: apokalipsi itxurako agertokia kanpoan (nonahi eta noiznahiko eraso jihadistak, errefuxiatuen etengabeko tragedia, klima aldaketak azkarturiko sute ikaragarriak, Trump eta bere trumpkerien zirku kezkagarria...), baina hori guztia burutik aldenduz gero, barealdi nabarmenegia gurean, gero eta luzeagoa den oporraldi garaiko deskonexioaren eta herriko jaien jira-bueltaren hastapenean. Sargori garai honek dena hibernatzen jarri aurretik, batere urruti ez den udazkenak freskotasun handia ekar diezagukeela aurreikustea guztiz komenigarria da, udaren bueltan ustekaberik ez hartzeko.

Kataluniatik datoz, jakina, haize berri osasuntsuenak. Hitzordu nagusia jarrita dago, erronka gogorrena botata. Urriak 1 edo 1-o deitu den horrek jada prozesuaren markagailua aldarazi duela uste dut: Kataluniak 1-Espainiak o irudika dezake datak. Partida amaitzeko oraindik falta da, izerdia bota beharko dute batzuek zein besteek, baina, ezina ekinez egiten dela garbi izanik, burujabetzaren aldekoek Estatuari aurrea hartu diote, eta, Moncloakoen mehatxuzko hitz potoloetatik harago, ez da antzematen praktikan norgehiagoka nola irauli nahi duten. Erreferenduma ekidingo lukeen –nolabait berdinketa berrezar lezakeen– eskaintza politikoa egiteko tarterik ez da sumatzen, ez eta horretarako inolako gogorik ere. Baina hautetsontziak dagoeneko egon badira, bozketa egiteko eta boza emateko jendetza prest ere bai, Kataluniako gehiengo politikoa eta erakundeen erabakitasuna aski frogatuta utzi ditu azken urratsak, eta sortu den joko-zelai berrian ostikoka hastea, errepresioa erabiltzea alegia, tentazio erraza baina tresna guztiz galtzailea da Madrilentzat, Kataluniari begira eta nazioarteari begira ere bai.

Erreferenduma ez dutela egingo esan du Xabier Arzalluzek, baina hori nola gertatuko den arrazoitu gabe: ez dakigu Rajoy benetan dena baino indartsuagotzat duen ala katalanak direna baino ahulagotzat hartzen dituen, eta, batez ere, ez dakigu esaldi horrekin benetako ustea ala bere alderdiko nahia ari den adierazten. Izan ere, posizio ezin okerragoa hartu dute Sabin Etxeak eta Lakuak, historikoki erabili duten zuhurtzia (denbora alfer-alferrik pasatzen uzteko trebezia miresgarria) oraingoan erakutsi gabe. Bidegurutzean zein bide nabarmentzen zen itxoiten ez dira gelditu, aurretik norabide txarretik abiatu dira PPren eskutik. Iñigo Urkulluren hainbat keinutan (EHUko Udako Ikastaroen inaugurazioan eginiko hitzaldia esaterako), jada atzera egiten hasi eta PSOE berriaren aterkipean jartzeko gogoa ageri da, Kataluniako talkak gehiegi kalte ez dezan, baina plurinacionalidad antzu hori ere ez da aterpe nahikoa izango. Gauzak horrela, arrazoi guztia du Arzalluzek: erreferendumik ez gertatzea du aukera duin eta on bakarra alderdiak (ez Euskal Herriak, noski).

Erakundeetan duten indarra, epe motzean eragiteko gaitasuna, apalagoa izanik ere, ideiak argiago eta kokapen egokiagoa dute ezkerreko burujabetzaren aldeko indarrek. EH Bilduk eraginkorrago izateko etxeko lanak ez ditu udarako utzi. Izen-abizenei eta norberaren sexu eta jatorriari buruz dezente hitz egin da, baina adierazgarriagoa da etorkizunari aurre egiteko egitura osatu duela: Larraitz Ugarte arduradun duen estatu eraikuntzarako idazkaritzaren sorrera da adibiderik garbiena, baina ez bakarra. Beren aldetik, ELAk eta LABek orrialde zuriaren gainean beltzez jarri duten burujabetzaren eta aldebakartasunaren aldeko konpromiso komunak Katalunian gerta daitekeenari aurrea hartzen dio ere, eta Urkulluren asmoak –PPrekin izan, PSOErekin izan ala biekin izanda ere– gauzatzeko tartea asko murrizten du. •