Nerea Goti
BESTELAKO ESKOLAK

Eredu tradizionaletik kanpo ikasteko era asko dago; batzuk Haziz Hazin daude

Eskola tradizionaletik aparte badira ikasteko eredu ezberdinak. Horietako batzuk Haziz Hazi sarean daude, planteamendu berritzaileekin, ikaslearen askatasuna, gaitasunak eta erritmoak errespetatuz. Familiek instituzioen laguntza eskatzen dute, «gizarteak honelako proiektuak behar» dituelako.

Etengabeko aldaketetan murgilduta dagoen mundu batean gero eta gehiago dira hezkuntza sistema tradizionalari buelta eman nahi diotenak, ikasketak erakargarriago egin, edukiak baino gaitasunak baloratuz eta jolasen eta jarduera praktikoen bidez ikasteko grina eta plazera pizten saiatzen ari direnak, eta harago doazen ereduak ere badaude. Hemen “alternatiboak” deitzen zaie, eta ez dute hitza oso gustuko. Hemen arraroa edo ezberdina dena inguruko hainbat herrialdetan esperientzia handikoa eta naturala da.

Eskarmentu handiko eta tradizio luzeko esperientziak daudela zehazten dute. Katalunian bertan pauso batzuk aurretik doaz gai honetan, diotenaren arabera. Aukera hori hartzen duten euskal familiek beste eskola eredu bat dela defenditzen dute edota ikasteko eta irakasteko beste era batzuk dituela. Gurean berritzat hartzen dira, exotismo puntu batekin aipatzen dira, baina gehiegi urrundu gabe onartuak eta oso errespetatuak dira. Hemen eskola horren aukera egotearen bermea baino ez dute eskatzen, baina homologatzeko zailtasun ugari aurkitzen dute, eta ez ikasi beharrekoagatik edo ikasteko moduagatik; traba teknikoak dira, lur zoruak, instalazioak...

Haziz Hazi hezkuntza, haziera eta bidelaguntza sarea duela urte bat sortu zen eta eskola tradizionaletik kanpo dauden hamabost proiektu inguru biltzen ditu. Eskola ez zuzendua ardatz duten egitasmo ezberdinak ezagutzera eman eta instituzioekin harremanetan jartzea dira helburuetako batzuk.

Pluraltasunaren bermea

Sarean dauden hezkuntza egitasmo guztiak ez dira berdinak, baina zenbait oinarrik batzen dituzte: «pertsonaren ikuspegi osoa» kontuan hartzea, «bere gaitasunak, talentuak, emozioak, beharrak, mugak, motibazioak eta interesak» zaintzea eta elikatzea.

«Pertsonaren berezko interesak eta motibazioak irakaskuntzaren motorea» izan behar duela nabarmentzen dute. Nahitaezko beste ideia bat planteatzen dute: «garapen eta ikaskuntza erritmo desberdinak» errespetatzea.

Familiek beste hitz batzuekin marrazten dituzte sistema berritzaileok: «Konfiantza eta umeen askatasuna eta beren artean eta horienganako errespetua lantzearen garrantzia. Presiorik gabe edonork ikasteko duen grina pizteko laguntza eta pazientzia dira gakoa, beraien hitzetan. Profesionalen betebeharrari dagokionez, umea epaitu gabe bere garapenari jarraipena egitea da lana. Ez dira ikasleak, laguntzaileak, bidelagunak, aita-amak, familia...

Aipatutako printzipioekin sistema ezberdinak daude sarean: homeschooling (etxean, familia giroan burutzen den haziera edota hezkuntza prozesua), baso eskolak, «eskola aktiboa»... Azaltzen dutenez, «sistema bakoitzak bere berezitasunak eta formulak ditu eta guztiak ezarrita daude beste herrialde batzuetan, naturaltasunez eta legediak babestuta», eta eredu horien «normalizazioa pluraltasun bermea» ere badela defendatzen dute.

Haziz Hazin biltzen diren proiektuek umeek berez garatzeko dituzten gaitasunetan sinesten dute. «Inguru prestatu bat baino ez dute behar mundua zabaltasunez deskubritzeko eta guk giza potentzial osoa zabal dezaten laguntzeko», planteatzen dute. Hori dela-eta, «bakoitzari deskubritzeko eta konkistatzeko behar duen denbora ematen zaio, eta horrek autoestimua izugarri handitzen du».

Landabaso eskolan bidelaguna den Egoi Urrutxua eskola eredu tradizionalean aritzetik eredu berritzailera igaro da bere ibilbide profesionalean. GAUR8k galdetu zion ingurua aproposa izan arren umearen interesa pizten ez bada zelan jokatzen den, eta azaldu zuen «konplexua» dela ez dakigulako noiz agertuko den baina agertu agertuko dela: «Askotan gertatzen da pazientzia gutxi daukagula, bide labur eta azkarrera jotzen dugula, ‘ikasi duzuna ikusi nahi dugu orain eta azterketa bidez’, baina badago beste bide luzeago bat, pazientzia handiagoarekin interesa agertuko da».

Urrutxua ez zuen konbentzitu eskola tradizionalak. «Pena ematen zidan gizartea horrela antolatuta egoteak eta umeak zelan irteten ziren motibazio, interes edo txispa hori amatatuta».

Beste faktore bat aipatzen dute: zoriona. Ruben Mendez Haziz Haziko presidentearen esanetan, zoriona da aldaketa-mugimenduaren funtsa, «unean uneko zoriona berreskuratzea eta umeek jolasten zoriontsu izateko duten eskubidea» errespetatzea. Horregatik, «inportantea da esku hartzea eta laguntzea beharrezko neurrian eta norberaren autoikaskuntza elikatzeko neurri justuan».

Esaten duenez, «hunkigarria izango zen Euskadin Herri Zoriontasun Gordina areagotzeko helburua finkatuko bagenu abangoardiako hezkuntza ereduak lantuz, etorkizun hobe baten fruituak jasotzeko».

Arrazoi eta argudio ugari dago beste hezkuntza sistema baten aldeko apustua egiteko orduan. Kasu askotan, norberaren konbentzimenduak eta kontzientzia argiak bultzatzen dute erabakia; beste batzuetan, egoera bereziei aurre egiteko beharrak eta nahiak.

«Zoriontsu, lasai»

Leire Mazak seme bat dauka Landabaso eskolan ikasten. Homologazioa lortu duen bakarrenetako bat da Zallako ikastetxe hau. «Eskola aktiboa» aplikatzen dute bertan, eta Montesori sistemaren materiala ere baliatzen dute ikasketa prozesuan. GAUR8ri kontatu dionez, txikitatik eskola jazarpena jasan ostean, seguruenik egoera errepikatuko zela esan zieten adituek, gaitasun handiko umea, berezia... izanda erasoak jasateko arriskua omen zuen. «Lagun batek proiektu honetaz hitz egin zidan eta erabat asmatu dugu», esan du.

«Zoriontsu eta lasai dago, guretzat izugarria izan da. Familia osoa ikasten ari gara berarekin. Hasieran harrigarria egiten zitzaigun dena, eta izatez dena da ezberdina da», kontatu du. Lehendabiziko aipamena errespetua da, nabarmentzekoa da «nola lantzen duten ezberdinarekiko errespetua, eta hori da guztiaren oinarria».

«Etxean gauza guztietan nabaritu diogu aldaketa, guztiz transformatu da –jarraitu du –. Bera ondo egotearekin konformatzen nintzen, baina ikusi dut askoz gehiago ikasten dutela, eta beraiek direla zer ikasi nahi duten erabakitzen dutenak». Ez daukate notarik, «ez dituzte era horretan epaitzen».

Bidelagunak dira umeen prozesuan laguntzen duten profesionalak. Azaldu duenez, argi zehazten dizkiete etapa bakoitzean zer jakin behar duten eta ume bakoitzaren jarraipena egiten dute, baina erabiltzen duten sisteman umearen hausnarketa da helburua, epaitu gabe.

Bestalde, eredu tradizionaletik datozen umeek izaera lehiakor eta oldarkorragoa erakusten dutela egiaztatu dute, eta oso positibotzat jotzen du Mazak erabakiak hartzera heltzeko asanblada eran egiten duten elkarrizketaren balioa, baita familien inplikazioa ere. Ereduaren zutabeak dira biak.

Arazoa da laguntzarik izan ezean, kostu ekonomiko handia daukala, gehi joan-etorrien antolaketa.... Hala ere, Mazak zalantzarik ez dauka: «Askok eskola tradizionalean enkajatzen dute baina beste askok ez, oso beharrezkoak dira eskola hauek, eta zentro erlijiosoak ere kontzertatzen dituzte, ezta?».

Susie izeneko amak ere argi dauka beste eskola eredu batzuk beharrezkoak direla. «Semeak eskolan ezin izan du bera izan, txiki-txikitatik sentitu du ez dizkiotela errespetatu bere erritmoa, sortzeko eta adierazteko era, jarrera aktiboa, iritziak, sentimenduak eta beharrizanak», azaldu du. Amara Berri ereduko zentro batean egon zen Lehen Hezkuntzan eta horrek asetzen zuen neurri batean bere mugitzeko beharra, baina ez zen berarentzat egokia. Institutura salto egitean okerrera egin zuen: «Etxeko lan zama itzela» eta «hau da egin behar dena eta kito, gelan isilik egon, geldi, etxerako lanak egin, azterketak egin eta aprobatu».

Alabak institutuan ikasten du, baina semearen kasuan, inguruan proiektu alternatiborik ez zutenez, unschooling egitea erabaki zuten. «Honetan bere familia eta inguruko helduak, lagunak eta hainbat elkarte, proiektu... bidelagunak dira bere bizitzako prozesu honetan», zehaztu du. «Seme-alabekiko errespetuzko eta maitasunezko harremana izatea lortu» nahi dute, eta bide horretan «semearen beharrizanetara, nahi, pasio eta kezketara» ondoen egokitzen den unschooling delakoa aukeratu dute. «Eskolak eta institutuak ez digute bide honetan asko lagundu»; praktika berria, ordea, familiaren bizimodua aldatzen ari da. «Egonez, begiratuz, marraztuz, erosketak eginez, kozinatuz, lagunekin egonez... ikas daiteke».

 

Asanbladak, proiektuak, tailerrak... «zientziak onesten du eredu hau»

Landabaso eskolaren lehenengo ikasturtea izan da hau; 28 ikaslerekin hasi eta 37rekin bukatu dute, eta 55 matrikulazio dituzte irailerako. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eskaintzen ditu eta ikastetxe homologatua da. Hala ere, ez da bide erraza izan, eskola nekazaritza eremu batean kokatuta egotea eskatzen dute eta lurzoruak irakaskuntza-erabilera izatea. “Eskola txiki” izendapena behar da adin ezberdinetako haurrak batera aritu ahal izateko, eta eraikin bat izatea zehaztutako metro karratu eta beharrezko neurrietako komunekin, aldagelekin... Horren ostean homologazio pedagogikoa lortu behar da, eta azken hau ez da zailena, curriculuma eta helburu batzuk bete behar dira, horietara heltzeko bidea da aldatzen den bakarra. «Gu ez gara hau asmatu dugun lehenengoak, urte piloa darama Euskadi eta Espainia mailan», baina homologazioa garrantzitsua da beste proiektuentzat, frogatzea posible dela.

Landabason ez dago gelarik, gune ezberdinak baizik. Horietako batzuk ezagutza esparru ezberdinak lantzeko bereziki prestatuak dira: irakurmena, eraikuntzak, esperimentu mahaiak... Asanblada batek erabakitzen du funtzionamendua, ikasleak era askean mugitzen dira, eta argi dute ezaguera batzuk hartu behar dituztela. Proiektuak, tailerrak... proposa ditzakete Egoi Urrutxuak eskola tradizionalean irakasle ibili ostean, eredu berrirako prestakuntza jaso zuen. «Gero eta konbentzituago» dago «beste egiteko modu batzuk daudela eta funtzionatzen dutela» eta «neurozientziak onesten» dituela dio. Kezka DBHra heltzean sortzen da. Urrutxuaren esanetan, horra iristean «aspergarriagoa izango da mahai batean jezarrita egotea», baina egoera berrira egokitzeko erremintak garatuta ditu gaztetxoak. «Erabakitzea, iritzi kritikoa... horrek guztiak nortasun bat sortzen du eta izateak laguntzen du bizitza errealeko egoera ezberdinetara egokitzen».

Ruben Mendez

«Instituzioekin irtenbideak aurkitzea da gure erronka, gero eta gehiago baitira martxan jarri eta berehala itxaron zerrenda duten ikastetxeak»

Sare oso gazte baten presidentea da Ruben Mendez, eta erronka handiak ditu aurretik, hezkuntza eredu berritzaileak ezagutzera emateko eta behar duten aitorpen ofiziala jasotzeko. Mundu aldakor honetan talentua eta ikasteko motibazioa piztu eta elikatu behar dela argi azaltzen du, eta hezkuntza eredu berritzaileak aldaketen motorrak izango direla.

Zer da Haziz Hazi? Zein proiektu biltzen ditu eta zeintzuk dira bultzatzen duen hezkuntzaren ardatz nagusiak?

Haziz Hazi hezkuntza, haziera eta bidelaguntza sare bat da. Ikasketa prozesuko etapa guztiak hartzen ditu, eta ohiko hezkuntzaren ondoan alternatibak daudela erakutsi, eta sistemak inposatzen dituen helburu eta beharrak baino pertsona, familia eta komunitate bakoitzaren helburu eta beharrak kontuan hartzen dituen paradigma aldaketarako bidea egitea beharrezkoa dela uste duten familiak, norbanakoak eta hezitzaileak hartzen ditu. Haziz Hazin alaitasuna, autonomia, esperimentazioa, garapen emozionala, kapazitazioa eta naturarekiko kontaktua lehenesten ditugu. Oso egitasmo anitzak biltzen ditu, ohiko sisteman tokia aurkitzen ez dutenak, eta familien eta hezitzaileen beharrei erantzuteko berezko ereduak bilatzen dituztenak eta metodologia mistoak dituztenak. Eredu hauek partekatu, bultzatu eta zabaltzeko elkartzen gara. Gero eta familia gehiagok eskatzen duten lekua aldarrikatzen dugu, garai batean ikastolek egin zuten moduan, baliabide gutxirekin eta zailtasunekin baina sistemaren trakzio-elementu berritzailea bilakatuz.

Zein adinetako haurrak daude gehienbat zuen zentroetan eta zein da ikastetxe hauen hedapena?

Gehienbat hiru eta sei urte bitartekoak dira, baina ikuspuntua globala da. Hasierako hilabeteetatik, familiaren laguntzarekin, haziera proiektuak daude eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe homologatuak. Sei urteko muga horren atzean eskaintza homologaturik ez izatea da. Senideek eta hezitzaileek zailtasun ugari aurkitzen dituzte ikastetxe bat zabaltzeko edota eredu tradizionaletik urrun dagoen familia-hezkuntza proiektu bat aurrera eramateko, honelako proiektuentzat derrigorrezkoak izan beharko ez liratekeen baldintzak eskatzen direlako eta landa eskola edo eskola berritzaileen kategoria malguagoen bidezko sarbidea zailtzen delako.

Erakundeekin irtenbideak bilatzea da gure erronka, batez ere Eusko Jaurlaritza eta udalekin, bai irekiera legalaren arloan bai aprobetxamendu eta erraztasun dotazional arloan, gero eta gehiago baitira martxan jarri eta berehala itxaron zerrenda duten ikastetxeak.

Sistema berritzaileak begi onez ikusten dira hasierako ikasturteetan, baina kezka DBH-rekin heltzen da.

Pertzepzio hori aldatu egiten da proiektuak finlandiar eredutik oso hurbil daudela ikustean. Hezitzaileek lanarekiko pasioa dute eta umeekiko maitasuna. Ume bakoitzaren erritmoa errespetatzen da, eta ez daude proba estandarizatuak. Eskola-jardunaldi laburragoak egin ohi dira eta jolasari garrantzia ematen zaio. Autonomia, autoikaskuntza eta autoebaluazioa bultzatzen dira eta sormena, esperimentazioa eta kolaborazioa baloratzen dira, memorizatzearen gainetik. Familiak inplikatzen dira laguntzen eta eskolako lana osatzen.

Eredu klasikoak edukiak sartzen ditu, burmuinak disko gogorrak balira bezala, edo era finduagoan, irakaskuntza direktiboa modulatzen du erakargarriago egiteko, eta horren ordaina frustrazioa, tentsioak eta motibazio eta talentu galera dira. Langile estandarrak fabrikatzen dira jada existitzen ez den orainerako eta etengabe aldatzen dagoen etorkizunerako. Gaussen kanpaia laua egiten dugu, eta pertsona bakoitza ezberdina, parerik gabea dela ulertzeko, errespetatzeko eta laguntzeko gai ez bagara, itzelezko gaitasuna duela ahazten dugu. Azken hau da, funtsean, Finlandian egiten dutena, eta Euskadiko Haziz Haiz hezkuntza berrikuntzako zeluletan ere ikus dezakegu.

Hezkuntza ereduak pertsonen beharrizanetara egokitu beharko lirateke, hezkuntza pertsonalizatuz eta etengabeko transformazioan dagoen profesionalen mundura egokituz. Arlo biek ez dute ez titulurik ez azterketarik behar, garapen emozionala, sormena, talentua, motibazioa, autonomia eta gaitasuna baizik. Berdin dio zer ikasi duzun edo zein ikasketa gainditu dituzun, jakin nahi dudana da zer egiteko gai zaren, ze talentu dituzun eta zelan gaindi ditzakezun erronkak, eta aurkituko dituzun ezusteak.

Einstein eskolatik bota zuten amari semeak ikasteko balio ez zuela esanda. Ez zuen aski norbaitek berari irakastea, gehiago ikasi nahi zuen eta ez zen eredu direktibora egokitzen. Libre egin zuen bidea eta infinituraino heldu zen. Hori da milaka umeren errealitatea, bakoitzaren talentu eta berezitasunekin, estandarizazioa aniztasun, talentu eta zorionaren antitesia delako.

Posible da hezkuntza eredu hauetan jarraitzea Bigarren Hezkuntzan?

Posible da eta ikusten dugu zelan sortzen ari diren hori gauzatzen duten proiektuak. EHUk berak Leioan apunterik eta azterketarik gabeko proiektu pilotuak garatu ditu 2015etik. Eskatzen duguna da egungo zailtasun artifizialetik erraztasunetara edo irteera naturaletara pasatzea, gero eta familia eta hezitzaile gehiagok eskatzen dituzten eredu errespetutsuago eta berritzaileen beharrari erantzun ahal izateko, guztion artean bultzatzea euskal hezkuntza eredua munduko abangoardiako hezkuntzara eramateko. Arreta ipin dezakegu Haziz Hazi sareko proiektuetan egunero burutzen den sekulako lanean, mota guztietako zailtasun ekonomikoak, azpiegituretakoak, logistikoak eta legezkoak gaindituz.

Aditu batzuek zoriona zaindu behar dela nabarmentzen dute; lotuta dago eredu berritzaileekin?

Egunero indar handiagoz zabaltzen ari den mugimendu honen funtsa da, unean uneko zoriona berreskuratzea eta presiorik gabe eta beharrizan autentikoei erantzuten ez dieten helbururik gabe jolastuz zoriontsu izateko umeen eskubidea errespetatzea. Umeek oraina bizi dute eta helduok ahaztu egiten dugu. Lana dugu buruan –baita kontsumitzeak ematen duen alaitasun faltsua ere–, agian etorriko ez den etorkizun horren promesa. Hausnarketa egiten dugunean konturatzen gara plazera eta bizitzaren zentzua une bakoitza gozatzean dagoela; gauza bakoitza gozatzeak eta zoriontsu egiten gaituenarekin garatzeak erronka liluragarrietan dena ematera motibatzen gaitu.

Horregatik, inportantea esku hartzea da eta beharrezko neurri zehatzetan laguntzea, pertsona bakoitzaren autohezkuntza prozesuak zaindu eta elikatzeko; bere bizitza osoan zoriona aurkitzera eramango duelako horrek eta inguruan dituen lagunengan proiektatuko duelako.

Hunkigarria litzateke, Euskadin “nazio zoriontasun gordina” areagotzearren, abangoardiako hezkuntza ereduak lantzea, etorkizun hobe baten fruituak jasotzeko.