Amanda Andrades
Entrevista
NAZIHAAL IDRISSI
HIRAK MUGIMENDUKO KIDEA

«Rifeko matxinada Maroko osora zabalduko da»

Hirak Rifeko giza mugimenduak Madrilen duen egituraren berri ematen du Naziha Al Idrissi ekintzaileak, riftarrek eskatzen dutena esplikatzeaz gain.

Gozo-gozo hitz egiten du Naziha Al Idrissi Rifeko Hirak mugimenduko kideak, lasaitasun osoz, baina bera jaio zen lurraldeko bazterketa eta errepresioa aipatzean berotu egiten da.

Ez du inoiz ahaztuko erietxea urrutiegi dagoelako bere herriko emakume haurdun batzuk erditzean hiltzen direla; Ujda hirira (lau orduko bidea autoan) dialisi tratamendua hartzera zihoan lehengusua bidean zendu zela; bere auzoko gazte bat kiskalita agertu zela Al-Hoceimako Chaabi bankuan beste lau lagunekin batera, 2011ko otsailaren 20an (heriotza haiek argitu gabe daude oraindik; Marokon erregimenaren aurka orduan sortu zen matxinadari horrexegatik deitu zioten Otsailaren 20ko Mugimendua). Al Idrissik badaki egoera hori salatzera kalera irtenez gero, Mohamed el Mejaoui lagunari gertatu zaiona gertatzeko arriskua dagoela: Hirak mugimenduan esku hartzeagatik epaitu egingo dute.

Egunotan Europan lan egiten duten riftar ugari itzuli da bertara eta Hirak mugimendukoek sekulako protestaldiak egiteko asmoa adierazi dute. Horregatik laburbildu dugu Idrissik Amanda Andrades kazetariarekin egin eta Ctxt.es webguneak argitaratu duen elkarrizketa.

Aurki bederatzi hilabete beteko dira Mouhcine Fikri 31 urteko kale saltzailea zabor bilketarako kamioi batean hil zenetik. Poliziak salgai zituen arrainak konfiskatu zizkion, bera produktu hori berreskuratzeko bertara sartu zen, eta zaborra birrintzeko makina lanean hasi zen. Heriotzak, batez ere nola eta zergatik gertatu zen jakiteak, herritar askoren haserrea eragin zuen, eta geroztik era guztietako protestaldiak egiten dira Rifen, batez ere Al-Hoceima hirian.

Edonola ere, Idrissiren iritziz Rifeko matxinada askoz ere lehenago hasi zen, 1958an, Marokok independentzia lortu zuenean. «Rifekoek espainolen eta frantsesen kolonialismoaren aurka borrokatu zuten. Eta independentzia iristean, independentzia deitzea egokia bada, monarkia alauiak riftarrak administraziotik kanpo utzi zituen. Beraiek negoziatzen saiatu ziren, baina Gobernuak uko egin zion hitz egiteari. Orduan manifestazioak egiten hasi ziren eta batzuk mendietara igo ziren. Eta Marokok, negoziatzera eseri beharrean, Armada bidali zuen. Gehiegikeria, bortxaketa, lapurreta eta era guztietako irainak egin zizkieten riftarrei militarrek», esplikatzen du Madrilera errepresioa atzean utzi nahian eta bost hilabeteko umea besoetan zuela 2000n iritsi zen ekintzaileak. Bere senarra, preso politiko ohia, urtebete lehenago iritsi zen bertara. «Senarra berriz atxilotu baino lehen, alde egin behar genuela pentsatu genuen, kartzelan egonda ez baikenuen gauza handirik egingo aldaketa sozialaren alde, eta atzerrian aske egonda, bai», erantsi du.

Hirak mugimenduak Madrilen duen egituran riftarrak eta Rifekoak ez direnak elkartzen dira, protestaldiei laguntza emateko. Al-Hoceima, Imzouren, Nador, Midar eta beste herri eta hirietan egiten diren protestaldiak ia zuzen-zuzenean ikusten dituzte sare sozialen bitartez. Agiriak plazaratzen dituzte; Atzerri Ministerioaren, kontsulatuaren eta enbaxadaren aurrean kontzentrazioak antolatu; hedabideei elkarrizketak eskaini; alderdi politikoekin hitz egin beren sostengua lortzeko...

Europan bizi direnak

Hirakekin bat egin duten alderdiek Rifeko errepresioaren inguruko testu bat Europako Parlamentuan eztabaidatzea nahi zuten, baina proposamenak porrot egin zuen. «Europar Batasunak ez du Rifeko gatazka eztabaidatu nahi. Beraien interes ekonomiko zein politikoak ahaztu behar dituzte, riftarren elkarte eta senideen interesak babestu nahi badituzte», azaldu du Idrissik.

Gogorarazten du riftar ugari bizi dela Herbehereetan, Belgikan zein Estatu espainolean. Bere etxean, esaterako, zortzi seme-alabetako lau Europan bizi dira. Senarraren etxean, berriz, zortzitik bost. «Etxe gehienetan gauza bera gertatzen da. Udan Al-Hoceimara edo Nadorrera joanez gero, munduko hizkuntza guztiak entzuten dituzu!».

Espainol Gobernuak oso garbi utzi du Rabateko agintariekin bat egiten duela, Indefonso Castro Atzerri Gaietarako estatu idazkariak Kongresuan ekainaren 1ean esan zuenez. Hori bai, aurrena formula diplomatikoa erabili zuen: «Exekutiboak elkarrizketa eta legea errespetatzea eskatzen du». Eta ondoren, mamira: Hirak «aldarrikapen sozioekonomikoek eragindako protestaldia da» eta Marokoko Gobernua «arazo horiek konpontzeko neurriak ipintzen saiatzen ari da».

Castroren hitz horiek argi utzi zuten riftarrek eskatutakoari jaramonik ez zaiola egiten. «Nik ez daukat herritartasun espainola, baina espainol sentitzen naiz. Herrialde honetakoa naiz, Marokokoa naizen moduan. Kasu gehiago egitea merezi dugu. Gobernua Venezuelan gertatzen denari begira dago, baina Maroko ondoan du. Zergatik ez digu entzun nahi? Zergatik begiratzen du beste alde batera?», galdetzen du. Bere bi seme-alabek herritartasun espainola dute.

Diru sarrerarik gabeko etxeak

Datu ofizialen arabera, 183 lagun atxilotu edo zigortu dituzte Rifeko manifestazioetan parte hartzeagatik. Horiei baldintzapeko askatasunean dauden beste 18 erantsi behar zaizkie. Nabarmentzekoa da atxilotuetako bakarra dela emakumea.

Eztabaida politikoan eragiteaz gain, Europan dauden Hirakeko ekintzaileak atxilotuen familiei laguntza ekonomikoa ematen saiatzen dira, etxe askotan diru sarrerarik gabe geratu baitira, non eta langabezia ikaragarria den eta emakumeek etxetik kanpo lanposturen bat lortzeko sekulako arazoak izaten dituzten eskualdean. «Familia batzuetan bi lagun atxilotu dituzte. Eta fakturak ordaindu egin behar dira, gastu berriak sortu zaizkien unean, orain Casablancaraino joan behar baitute etxekoak bisitatzeko. Ez dituzte bakarrik atxilotuak zigortzen, familiak ere zigortuta baitaude», Idrissik esan duenez. Dirua biltzeko, tradizioak ezarritako bideak erabiltzen dituzte. «Bakoitzak ahal duena jartzen du. Riftar bati laguntzeko bada, guztiok bat egiten dugu», dio, harro.

Hassan II.a hil eta Mohamed VI.a 1999an errege bihurtuta, bazirudien Rifeko bazterketa historikoa amaitzear zela. Aitak ez zuen Rif inoiz zapaldu, baina semeak urtero bisitatzen du bertako hondartzaren bat. Baina orduan agindutako inbertsioak ez dira iritsi: «Ez dugu lantegirik. Ez dugu ospitale onkologikorik, nahiz eta minbizia tasa Marokoko batez bestekoa baino hamar aldiz handiagoa den Espainiak egin zuen arma kimikoen erabileraren eraginez. Dialisi zentro bakarra dugu, baina beharrezkoak diren baliabiderik gabekoa. Ez dugu unibertsitaterik, eta, ikasi nahi baduzu, Tetuan, Fez, Rabat edo Tangerrera joan behar. Langabezia tasa handia da eta herritar asko Europan bizi direnek bidalitakoarekin bizi dira. Nekazaritza eremuetan osasun zentrorik ere ez dute».

Idrissik aipatutako gabeziok eragin zuten Hiraken sorrera. Otsailean egindako dokumentu batek riftarren eskariak jasotzen ditu. Bertan ez da aipatu ere egiten independentzia, nahiz eta Gobernuaren aldekoek horixe leporatzen dieten. «Hirak Maroko osora zabalduko dela ziur nago. Leku askotan bizi dute geure egoera bera, bazterketa, pobrezia... Majzenak (erregearen inguru ustelak) sinistarazi nahi du riftarrak gainerakoen etsai direla, arriskua ikusten duelako».