Nerea Ibarzabal Salegi

Kanpora begirako lorategia

Bi egun geratzen dira zure Whatsappeko bertsio hau iraungitzeko. Instala ezazu berria». Espazio gutxiko mugikor batek eman diezazukeen berririk dramatikoena. Terrorea. Laster izango da Whatsappik gabe esnatuko zaren eguna, eta iritsi da, herriko jaietan, ajedun goiz bat da eta paella egitera joan behar duzu kuadrillakoena ordubete barru.

Google Playn sartu zara, beldurrez, badakizulako zer esango dizun. Esan dizu. «Ez dago bertsio berria instalatzeko behar adina leku, ezabatu beste aplikazioren bat». Berak zerrendatzen dizkizu espaziorik handiena kentzen dizutenak, zuk bat aukeratu behar duzu, bide batez zure komunikatzeko modu bat desagerrarazteko. Facebook eta Twitter dira zerrendan lehenak, bat kendu behar duzu. Edo Whatsappik gabe egon. Agian ahalko zenuke… bai zera, nola ba, gainera jaietan? Facebook edo Twitter. Ama edo aita, gehiago nor maite duzun galdetzen zizutenean bezala. Benga, Twitter. Ez, Twitter ez, askoz gauza inteligenteagoak daude hor Facebooken baino. Baina Facebook kendu, jaietan?

Azkenean arnasari eutsi eta Zuckerbergen “F” urdin iluna klikatu duzu. Whatsapp berriak hartu du bere espazio hutsa, eta errenkadan iritsi dira gaueko mezu guzti-guztiak. Horrek lasaitasuna eragin dizu, baina antsietate kume bat sumatzen duzu tripetan, hazten, gehiegi pentsatu gabe hartu duzun erabakia uste baino garrantzitsuagoa dela esaten dizuna.

Kalean zaude eta momentuz ondo. Eskerrak Whatsappa instalatu duzun, bestela ez zenituzke lagunak aurkituko zure 5.000 biztanleko herrian –bilatu egin beharko zenituzke, eta inguruetara begiratuz!–. Laster hasi dira kuadrillan argazkiak ateratzen. Taldekoak, paellarekin, hirunakakoak, binakakoak aurpegi arraroak jartzen, eta batzuetan ondo agertuko zinen eta beste batzuetan ez, baina ezin banan-banan erakusteko eskatzen hasi. Dagoeneko bakarren bat igoko zuten Facebookera, agian oso zatar agertzen zarenen bat, eta zuk ezin ikusi, ezin zure denbora-lerrotik kendu, ezin iruzkin bidez zuritzen saiatu “a ze aje aurpegia daukadana!” idatzita, argi uzteko benetan ez zarela horrelakoa. Gainera, hurrengo goizera arte ezingo duzu ikusi, eta 24 orduren ostean berandu da edozertarako...

Baliteke, gainera, norbaitek mezu garrantzitsuren bat bidali izana, edo erantzun beharreko iruzkinen bat egotea horman. Beharbada unibertsitateko lagunen bat dator jaietara eta hortik abisatzea erabaki du. Eta bihar arte ezin jakin. Ziur gertukoren baten urtebetetzea ere badela, eta agian berarekin hitz egingo duzu aurrez aurre, eta ez duzu zorionduko.

Zuk ere atera dituzu argazkiak, mugikorreko galerian daude eta ez dakizu zer egin ondo agertzen zaren horiekin. Whatsappeko taldeetan elkarbanatu dituzu, baina ez da gauza bera. Eta isiluneetan, komunera zoazenetan, bakarrik geratzen zaren segundo urri horietan mugikorreko pantaila errepasatzen duzu, eta lehen “F” urdin iluna zegoen lekuan dagoen hutsunera joaten zaizu behatza inertziaz. Hain ondo zainduta eta eder mantentzen duzun zure kanpora begirako lorategi hori, sasiek eta satorrek jateko arriskuan dago orain, kontroletik kanpo.

Parranda egin eta beste dependentzia motak kudeatzen saiatu ostean, etxean zaude. Ordenagailua piztu duzu eta begiak erdi itxita sartu zara orrialdean, agertuko denaren beldurretan, beka eman dizuten edo azterketa gainditu duzun ikustean egiten den bezala. Facebook. Uholde bat espero duzu. Orrialdea kargatu da eta… lagun eskaera bat eta argazki bat. Kuadrillakoa, urruti agertzen zara eta ez zaude gaizki. “Atsegin dut” batzuk, denak esperotakoak. Besterik ez. Lasaitasuna sentitu duzu, egonezin puntu batekin. Ondo, baina berez hor agertzen dena baino askoz hobeto pasatu duzue, askoz zoriontsuago izan zarela uste duzu eta ez dela behar bezala islatu. Gehiago zegoen kontatzeko. Hurrengo urteko jaietan aurtengoak oroitzean argazki bakar hau etorriko zaizu memoriara, eta agertzen ez diren bizipen guztiak soinean eraman beharko dituzu, eta ez ahazteko ahalegina egin. Momentua bizitzera kondenatu zaitu memoria gutxiko zure mugikorrak. •