Isidro Esnaola

Munduko baserritarrek bizirik diraute

Aste honetan Via Campesina nazioarteko baserritar mugimendua bildu da Euskal Herrian, bere VII. konferentzia ospatzeko. Via Campesina nekazaritza arloko nazioarteko erakunde handiena da eta mundu osoko baserritarrak ordezkatzen ditu. Gaur egun, mundu osoan zehar, globalizazio neoliberalaren aurkako borrokan lehen lerroan daude nekazariak. Kasu askotan ez da baserritarren aukera baten ondorio, joera ekonomiko eta politiko nagusiek nekazarien bizimodua guztiz suntsitu izanaren ondorio baizik. Nekazaritza arloko industrien esku hartzea, lurra pilatzeko mugimenduak, merkataritza libreko hitzarmenak, laguntza politikak, ingeniaritza genetikoa, aldaketa klimatikoa… baserritarren bizimodua arriskuan jartzen duten joeretako batzuk besterik ez dira. Horiek guztiek familia ustiapen txikien oinarriak urratzen dituzte.

Ekonomialariek eta garapen arloko bestelako adituek aspaldi iragarri zuten nekazaritza arloko familia ustiapenen desagerpena. Nekazaritza industrialak uzta handiagoak emango zituela aurreikusten zuten teoriko horiek guztiek. Hala ere, ekoizpen industrialak ez ditu esperotako emaitzak ekarri. Eta baserritarren esplotazioek bizirik irauten dute mundu osoan zehar. Uste orokorraren aurka, baina, pertsona asko ere aritu dira. Lehenetako bat Aleksandr Vasilievitx Txaianov izan zen. Ekonomialari errusiar horrek nekazaritzako ustiapenen funtzionamendua aztertu zuen eta konturatu zen esplotazio familiarretan erabakiak hartzeko sistema oso konplexua zela. Hala ere, bere lanek ez zuten zabalpen handirik izan, Errusiako Alderdi Komunistaren nekazaritza arloko politikarekin talka egiten zutelako. Garai hartako komunistak ere ekoizpen handien ustezko abantailekin liluratuta zeuden. 1930ean Txaianov atxilotu egin zuten, eta, zazpi urte geroago, 1937an, fusilatu. 1987ko uztailaren 16an, orain dela 30 urte, Sobietar Batasuneko Auzitegi Gorenak bere izena birgaitu zuen.

Txaianoven ikerketak arras interesgarriak dira. Ekonomialari konbentzionalek edozein enpresa edo jarduera parametro baten arabera baloratzen dute: bideragarritasuna balioesteko irizpide nagusia esplotazioren etekin maila da. Ikuspegi hori, baina, nahiko murritza da. Txaianov konturatu zen familia esplotazioetan gauza gehiago baloratzen zirela ekoizpenarekin lotutako erabakiak hartzeko, besteak beste, kudeatutako lurra, kapitala, lana, senideen laguntza... Baserritar txikiek ez zituzten etekinak beste guztiaren gainetik jartzen. Txaianoven aburuz, beren esku zeuden baliabideen erabilera hobeezina izatea zuten xede. Esate baterako, baserritar batek ez zuen makina bat erosiko neguko lan gutxi batzuk egiteko soilik. Makina erabiltzeak inbertsioa bueltatzeko adina diru sarrera emanagatik, neguan zereginik gabe geldituko zen nekazaria. Makinak, etekinen aldetik mesede egiten bazion ere, lan antolaketaren ikuspuntutik kalteak soilik ekarriko zizkiola ikusten zuen nekazariak. Horrelako hausnarketen araberako erabakiek iraunkortasun handia ematen zieten nekazaritzako ustiapen txikiei.

Egun ere nekazaritzako ustiapen txikien iraunkortasuna nabarmena da. Kontrako testuinguru batean bizirik diraute mundu osoan zehar. Nekazaritzako ustiapen familiarrak agroindustriaren porrotaren erakusle dira. Egia da, hori bai, gero eta egoera zailagoan daudela. Zenbait lurraldetan, Europa kasu, gero eta gutxiago gelditzen dira. Hala ere, lur eremu zabalak kudeatzen dituzte modu iraunkorrean eta horrek kapitalaren jomugan jartzen ditu. Zenbait lekutan enpresa handiak izugarrizko indarkeria erabiltzen ari dira baserritarrak eta nekazari komunitateak beraien lurretatik botatzeko. Borroken zerrenda amaigabea da.

Tokiko baldintzetara egokitzeko gaitasuna, erabakiak hartzeko ikuspegi zabala, iraunkortasunean oinarritutako ekoizpena, aniztasuna, norbanakoaren neurriko ustiapena... Anitza da nekazari txikiek eskain dezaketen eskarmentua arazo globalei irtenbidea emateko, elikadura burujabetza edo aldaketa klimatikoa izan. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko, porrot egin du egun nagusi den ikuspegi ekonomizistak. Hurbilketa alternatiboak behar ditugu eta baserritar txikiena da horietako bat. •