Ane URKIRI ANSOLA
SAKONEKO ERALDAKETA

Emakumezkoen kirolean ematen diren oztopoen inguruko mahai ingurua EHUren Udako Ikastaroetan

Ur azpian dagoen izebergaren koskor handienetik hasten da eraldaketa. Bat etorri ziren EHUk antolatutako Udako Ikastarora bertaratu zirenak, hizlari zein ikus-entzule. «Mikromatxismoak, hedabideak eta kirola» izenpean aritu ziren, gizartean iltzatuta dauden ohiturak ezabatu eta pentsaeraren birmoldaketa funtsezkoa dela nabarmenduz.

Gu geu gure burua berriro hezteko beharrean gaude», aitortu zuen Itsaso Nabaskuesek, Oiartzun Kirol Elkarteko futbolaria eta EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasleak. Emakumeen kirolak dituen traba eta oztopoei buruz aritu zen EHUk Donostiako Miramar jauregian antolaturiko Udako Ikastaroan, Eli Pinedo eta Paloma Zancajo eskubaloi jokalari ohiak, Paloma del Rio kazetaria eta Susana Guerrero irakaslea mahaian lagun zituela, “Mikromatxismoak, hedabideak eta kirola” izenpean. Kirol eskoletako haurrek eta bere ikasleek –«egunen batean kirol irakasle izango direnek»– zer pentsatzen duten jakitea funtsezko jotzen du, eta oharkabetasuna zabalduta dagoela jabetu da. «Jarrera matxistek gazteengan segida dute», abisatu zuen, «nahiz eta sarri konturatu gabe izan, oso barneratuta dituzte». Hala, kirolean emakumeak gutxiestea umetatik hasten den kontua dela nabarmendu zuen Nabaskuesek. Horregatik, gainontzeko hizlariek bezala, formakuntza ezinbestekotzat jo zuen.

«Beste hainbat lanbidetan bezala, kirolean ere ematen den gizonen eta emakumeen arteko soldata ezberdintasun itzela izebergaren tontorra besterik ez da; ur azpian, zatirik handienean, matxismoa, androzentrismoa, patriarkatua... daude», gaineratu zuen Nabaskuesek. Eta fakultate zein eskoletan gaiok ez tratatzea arazo larria dela azaleratu zuen: «Hausnarketarako guneak izan beharko lukete». Era berean, eskola kirola eraldaketarako giltzarri dela oroitarazi zuen futbol jokalariak. Horretarako, ordea, federazioen interesak aztertu behar direla nabarmendu zuen, izan ere, bere esanetan, «kirola negozio nazkagarri bilakatu da». «Tresna sozial gisa, gauza txar gehiago ditu onak baino», azpimarratu zuen.

Eli Pinedok, bestalde, kirol profesionalean bizitako esperientziak azaldu zituen, betiere «pribilegiatu bat» izan dela argi utzi nahian. Dena den, Liga irabazi eta Txapeldunen Liga ezin jokatzea finantzazio falta tarteko, autobusez eginiko bidaia luzeak egunean bertan neurketa bat jokatzeko, eta antzeko beste hainbat egoera, askotan normaltzat jotzen direnak baina ohikoak behar ez luketenak, jarri zituen adibidetzat: «Gizonezko futbolariak hor ikusten dituzu nezeser txiki batekin entrenatzera joaten, guk arropaz betetako poltsak, izugarrizko pisuarekin, aurrera eta atzera ibiltzen ditugunean!». Xehetasun txikiak dira, baina detaile ñimiñoetatik hasten dira ezberdintasunak. «Kulturan iltzatuta dagoen pentsamendua da eta nekagarria da hainbeste desberdintasun ikustea. Beste herrialde batzuetatik ikasi beharko genuke», ziurtatu zuen Pinedok, Danimarkan eman zuen denboraldia gogora ekarriz.

«Tituluak lortzeko gai garela erakutsi dugu eta babesleek emakumeen kirola babestea balioen merkatu bat bultzatzea bezala ikusi beharko lukete», nabarmendu zuen Pinedok. Argitu zuen berak ia hogei urte eman zituela goi mailan lehiatzen, eta hobekuntza nabariak eman direla denbora horretan, «oraindik egiteko asko dagoen arren».

«Hedabideen aldetik ikusgarritasunik ez badago, ez dago babeslerik, eta, beraz, kirol garapena zailtzen da», azaldu zuen Paloma del Rio kirol kazetariak. «Tokio 2020 heldu bitartean, desagertu egingo dira emakumeak komunikabideetatik. Arrakasta lortzearen menpe daude medioetan ateratzeko», kexatu zen. Kazetaritzari estuki lotuta, oso kritiko azaldu zen Susana Guerrero Malagako Unibertsitateko irakaslea: «Genero perspektibarekin lotutako inolako irakasgairik ez dago, eta hezten zailena den kolektiboa kazetariena da». Nabaskues ados agertu zen fakultateetan generoaren inguruko arazoez gutxi hitz egiten den ideiarekin: «Ez da hitz egiten dauzkagun muturreko desberdintasunez, ezta gizarteratzeaz edo desgaitasunez».

Kazeten tratamendua

Erreferenteen kontzeptuaz ere mintzatu ziren. «Emakume erreferenteak eraiki behar dira, baina ez neskentzat soilik, izan daitezela erreferente neska zein mutilentzat, kirolari gizonekin gertatzen den legez», aireratu zuen Guerrerok. Eredu izateko bide horretan, baina, kazetaritza forma egokiak erabiltzea funtsezkotzat jo zuen, izan ere, «askotan infantilizatu egiten dira emakume kirolarien garaipenak». “Sirenita”, “printzesa”, “dama” eta kirol kazetek erabilitako bestelako adjektiboak jarri zituen adibide. Behin jarrera sexisten putzuan murgilduta, hedabideen praktika eskasen beste adibide ugari ere jarri zituen mahai gainean: irainekin lotuak –«mutil bat era femeninoan iraintzean, badirudi indar biderkatzailea duela, ‘neskatila batek moduan jokatu’ esaera, esaterako»–; ipuin batetik ateratako espresioak, erotismoarekin lotutakoak, gutxiesteko txikigarriak erabiltzea... «Emakume kirolariak deskribatzeko gehien erabiltzen diren adjektiboak ‘polita’, ‘ederra’, ‘femeninoa’, ‘gaztea’ eta ‘ilehoria’ dira; mutilak deskribatzeko, berriz, ‘borrokatzailea’ edo ‘gudaria’ bezalako hitzak». Eta ezin ahaztu 2016ko Olinpiar Jokoetan “El Mundo” egunkariak, besteak beste, egindako argazki galeria, “Emakume kirolari ederrenak” izenburu.

Zerrenda luze horretan emakume kirolariak izendatzeko erabilitako modu ezberdinak ere izan zuen lekua. «Ez dira agertzen igerilari edo tenislari bezala, baizik eta ‘emakume’ hitza eramaten dute aurretik, erredundantzia sortu arren», zehaztu zuen Guerrerok. Bestetik, askotan gizonei loturiko erreferentziak egiten direla salatu zuen, adibidez, kirolariaren bikotekidea edo entrenatzailea kirolariaren gainetik aipatuz.

Bide beretik, Paloma Zancajo eskubaloi jokalari ohi eta kazetaria emakumeek solasaldia baino bi asteburu lehenago lorturiko balentriei buruz aritu zen, Garbiñe Muguruza tenislariak Wimblendonen lorturiko garaipenak bakarrik izan zuela oihartzuna azpimarratzeko. Hala, igande eta astelehenean komunikabideetan ia inolako aipamenik gabe igaro ziren espainiar emakumezko kirolariek lorturiko emaitza bikainak, besteak beste, Ona Carbonell igerilariak Munduko Txapelketan lorturiko zilarrezko domina, 4x100 metroko txandakako Espainiako 23 urtez azpiko selekzioaren urrezko domina eta Ana Peleteiroren zilarra Europako Atletismo Txapelketan, Maria Vicentek Munduko Atletismo Txapelketan heptatlonean gazte mailan lortutako urrea, Eva Barrios piraguistak Europako Txapelketan lortutako bigarren postua... «Lehen aitzakiatzat jartzen zuten neskek ez zutela ezer irabazten. Bada, egun, jada ederki gezurtatuta dago hori. Audientziarik ez dutela lortzen ere gutxika-gutxika gezurtatzen ari gara», aipatu zuen Zancajok, domina horiek guztiak futbol ligarik gabeko asteburu batean irabaziak izan zirela gogoratuz.

“Lideras” izeneko aldizkari digitala sortu zuen Zancajok, emakumezkoen kirolari merezi duen tratamendua emateko helburuarekin: «Hutsunea ikusi nuen, espainiar Estatuan 12 milioi lagunek praktikatzen baitute kirolen bat. 700.000 federatu daude, 65.000 klub eta 70 erakunde edo federazio».

Zancajok finantzazioaren gaian sakondu nahi izan zuen, izan ere, bere ustez emakumezkoen kirolak ez du diru sarrerarik. «CSD Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak ‘Emakumea eta Kirola’ planaren bitartez ematen ditu laguntzak, baina urtetik urtera jaisten ari dira», jakinarazi zuen. Hala, eskubaloira bideratzen da gehien (82.000 euro). Txirrindularitzak (77.000 euro) eta saskibaloiak (74.000 euro) osatzen dute podiuma. Era berean, soldatan bakarrik ez, tituluren bat irabazteagatik ere ezberdintasunak nabariak direla ohartarazi zuen. BBC hedabide anglosaxoiak eginiko ikerketa baten arabera, federazioen %83k garaikur bera ematen diete gizon zein emakumeei. Hori bai, «garaikurrez mintzo da, ez diru kopuruaz». «Amaitu berri den denboraldian Atletico Madrilek eta Real Madrilek irabazi dituzte futbol ligak. Bada, emakumeek 1.300 euroko prima eskuratu dute, hau da, 55 euro pertsonako gutxi gorabehera, eta, gizonenezkoek, aldiz, 300.000 eurokoa bakoitzak», azaldu zuen.

Eraldaketarako aktoreak

EHUko Udako Ikastaroan, Miramar jauregiko aretoetako bat, txikia izanik ere, ez zen guztiz bete, eta entzuleen gehiengoa emakumeen kirola gertutik ezagutzen duten lagunek bete zuten: Matxalen Ziarsolo edo Maria Mentxaka bezalako kirolari ohiak, Teresa Perales igerilari paralinpikoa, Reala eta Bera Bera bezalako klubetako ordezkariak, Gipuzkoa Basketeko presidente Nekane Arzallus... Hau da, ideia eraldatzaileak jada barneratuta dituztenak. Beraz, ondorio modura, mahaigaineratu ziren kexa eta aldaketarako proposamen asko airean geratu ziren sentsazioarekin amaitu zuten, jarrera aldatu behar luketenak falta baitziren bertan, errealitatea aldatzeko giltzarri izan daitezkeenak. «Kazetari gehiagoren presentzia bota dut faltan», zioen Zancajok. Hizlariek beraiek ere aipatu zuten ideiok jorratzeko lan saioak egitearen garrantzia, «ideiok gal ez daitezen eta eztabaidok jendearengana helarazten saiatzeko», gaineratu zuen Nabaskuesek.

Era berean, mahai inguru guztian zehar gaia aipatu ez bazen ere, kirolarien jarduna ikustera bertaratzearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen Mentxakak galderen garaian, agian oraindik hain argi ez dagoen ikusgarritasun katearen hasiera hor egon daitekeelako. Kiroldegi, futbol zelai, igerileku edo atletismo pistetara gerturatzetik harago, Paloma del Riok telebista publikoek bete beharreko papera aztertu zuen goizez emandako hitzaldi batean: «Zergatik eman zen irekian Roland Garroseko Rafa Nadalen neurketa eta ez Garbiñe Muguruzarena? Interes komertzialengatik ez baitago eguneratuta espainiar Estatuko Ekitaldi Nagusien Legea!». Berak galdetu eta berak erantzuna eskuan. Muguruzaren neurketak Movistar+ zerbitzu pribatuak eman zuen, «biztanleriaren %24k bakarrik izan zuen, ber ikusteko aukera».

«Hezkuntza –ikastetxe zein etxean–, gaiaren ezagutza, zentzua eta ausardia izan daitezke emakumeen kirolean dauden oztopoei aurre egin eta egoera aldatzeko lau giltzarriak», esan zuen mahai ingurura zein bi egunez egindako aurkezpenetara gerturatu zen entzule batek, aurretiaz egin zen galderari erantzuna emateko asmoz. Hitzak esan bai, baina ekintzak falta direla adierazi zuten. «Esaterako, zergatik txikitan bereizten dira neska eta mutilak kirola egiteko garaian, jolas ordua izanik ere?», bota zuen airera Nabaskuesek. Mutilek diote neskek ez dutela jolastu nahi, baina hor arazo sakonago bat dagoelakoan dago: «Zergatik ez dute nahi neskek mutilekin jolastu?». Hortik hausnartzen hasi behar dela abisatu zuen. Hala, eliteko kirolean gizonezko eredua nagusi dela adierazi zuten, eta guztia aldatzea denon lana dela adierazi zuen Nabaskuesek, autokritika egin eta aipatuz agian berak ere bizitzan izan dituela jarrera desegoki batzuk. Legean ezarrita dago berdintasuna egon behar dela, «baina, legea ez bada betetzen, ideologikoki aldaketa baten beharra egon liteke».

Sare sozialen onura

Eraldaketa prozesuaren barnean, Paloma del Riok sare sozialen erabilera zuzena aipatu zuen. «Ni saiatzen naiz edozein emakume kirolariren emaitzak argitaratzen. Hor inor ez daukazu zer idatzi behar duzun eta zer ez esaten, beraz, aukera hori baliatu behar da emakumezkoen kirola hauspotzeko. Ondo erabilita, izugarri indartsuak dira sare sozialak. Beraz, erabili!», gaineratu zuen.

Sare sozialak, ordea, genero desberdintasunaren adibide ere badira egun. Del Riok esan legez, informazioa helarazteko tresna baliagarria izan daitezke, hedabideetan lekurik ez duten albisteak argitaratu eta bide luzea izan dezaten akuilu. Dena den, eta kirolari famatuek daukaten eraginari dagokionez, 21. postura arte ez da emakumerik ageri jarraitzaile gehien dituztenen artean. Serena Williams da aurreneko emakumea, eta, lehenengo hogeien artetik hamazazpi, gizonezko futbolariak dira. Hor ere badago zer egin erreferenteen kontura itzuliz...

Sare sozialen onurez gain, konferentzia zein mahai inguruen balioa goraipatu zuen Del Riok, eta, hori kontuan izanda, Eskandinaviako herriak AEBak edo Kanada baino aurrerakoiagoak direla baieztatzen ausartu zen: «Emakume eta Kirolaren VI. Munduko Konferentzia Helsinki Finlandiako hiriburuan egin zen eta 2020ra begira egutegi bat zehaztu zen, askotariko ikuspuntuak batuta». Udako Ikastaroetan eztabaidatutakoa erabilgarri izan daitekeela baieztatu zuten hizlariek.