Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

BORRAGOMA BERRIAREN USAINA, BAINA IKASTURTE ZAHARRA

Juanan Ruiz|Argazki Press
Juanan Ruiz|Argazki Press

Lapitza zorroztu berri eta borragoma perfektua, formaz eta kolorez. Borragoma berriaren usaina dauka ikasturte berriak. Ikasgelan, dena bere tokian. Margoen kaxa erabat osatua, kolorerik falta ez zaiola, eta plastilinak distiraz beteta, artean plastikotxo horretan babestuta. Haurren begi-belarriak zabalik, irrika eta urduritasuna ahal bezala eusten. Lagun zaharrak aurpegi berriz, oporretan ikasitako guztia belztutako azalean pegatuta. Irakaslea ere aurpegi berriz, atsedenak ematen duen argi berezi horrekin.

Ederra litzateke ikasturtea egiatan berria izango balitz. Baina, zaharrak berri. Bestela zergatik ekarri du berriz irakasleak kamiseta hori? Eta zergatik atera dituzte hezkuntza arloko sindikatuek berriz beren protestak eta pankartak tiraderatik? Lakuako agintariek espaloian geldirik segitzen dute, semaforoa gorrian utzita. Halako baten konturatuko ote dira kalitatezko hezkuntza behar dugula eta beren lan baldintzekin konforme dauden irakasleak behar ditugula? Gauza serioa da etorkizuneko herritarrak heztea, aizue. Tira, ea behingoz espaloitik mugitu eta sindikatuekin hizketan hasten diren agintari horiek. Guk, bitartean, plastilina berriak ireki eta lanean segituko dugu, handitzean herri bat eraiki beharra dugu-eta.