Ramon Sola

Aurretik ekiteak beti errazten du bidea

Azken asteotan Kataluniako gertaera politikoak bertatik bertara bizi izanaren pribilegioa irakaspen iturri etengabea ere bada. Egun zirraragarri asko, zenbait pasarte txundigarri eta ondorio harrigarri ugari atera dira bidera. Politikagintzaren alorrean bat bakarra aukeratu behar izatekotan, iniziatiba izatearen balioa nabarmenduko nuke; aurrera egiteko, aurretik ekitearen komenigarritasuna, alegia.

Ikus dezagun bestela Urriaren 1ekoa. “Ezina ekinez egina” euskal esaera zaharra, “Inpossible is nothing” nazioarteko eslogan bilakaturik 2017an. Aurreko egunetan erreferenduma bultzatzeko buru belarri lanean zebiltzanei ustez gaindiezinezko oztopoez galdetzen genienean, «lasai egon, ezin dizuegu ezer aurreratu baina dena aurreikusita dago», erantzuten ziguten ia aho batez. Nahi hutsa adierazten, errealitate faltsua irudikatzen ari zirela uste izan genuen orduan. Baina benetan ari ziren. Eta jakin bazekiten, noski, matxinada miresgarri hori beraiek ari zirelako altxatzen, azpitik eta ezkutuan. Bete-betean asmatu zuten, lelo zaharrekin segituz “Hecha la ley, hecha la trampa” beti eskura den aukera delako, eta Mossoen eta beste eragileen kasuan, “pase forala” ere bertan delako, erabilgarri.

Ez hain handia, baina, Urriaren 10ean, pasa den asteartean, ustekabea hartu genuen berriz Parlament-ean, oraingoan ez herritarrek baizik eta Carles Puigdemont berak emana. Denborak esango du jokaldi hori irabazlea den ala ez, baina dudarik ez da espainiar agintariei espero ez zuten agertokia jarri ziela aurrean. Horrekin berriro bistarazi da iniziatiba izatearen balio erantsia. Tresna hori erabiltzen duenak abantaila garbia du, beste aldean norberak zer egingo duen zain egotera autokondenatuta dagoenaren aurrean. Iniziatibarik ez duenak, gainera, beti ezinbestean pentsatzen du A eta B aukerak baino ez dituela aurretik doanak, bai ala ez, zuri ala beltz, independentzia adierazpena ala independentzia adierazpenik eza. Baina bien artean normalean erdiko aukerak, saihesbideak, zirrikituak... egon badaude, eta horiek aurretik doanak baino ez ditu aurreikusten.

Katalunian gauza batean ados dira alde batekoak zein bestekoak. Aurretik eta urrats sendoz ibiltzeak onura handiak ekarri dizkie independentziazaleei. Estatua boteretsuagoa izanik ere, atzean ibili da beti, segika, askotan harrapatu ezinean. Horregatik ireki berri den agertokian, Puigdemont berak galga zapaldu ostean, iniziatiba galduko ote den kezka da. Ikusiko dugu.

Euskal Herrira etorrita, azken urteotako geldialdiak –Iñigo Urkullu adierazle nagusi duena– iniziatiba galtze horrekin zerikusi handia du. Madrilen atzean kokatuta, ez dago bidea argi ikusterik. Ezker abertzaleari ere gertatu zitzaion, barne hausnarketetan aitortu duenez; Estatu espainolari aurrea hartu izan zionean, ausardiaz eta erabakitasunez, eskuratu zituen lorpenik handienak; eta Estatuari begira gelditu zenean, ordea, etorri zen motelaldia.

Iniziatiba horrek, jakina, aldebakartasuna du sinonimo, baina askoz ere ulergarriagoa da lehendabiziko hitza. Eta ezinbesteko oinarri, beldurrik eza, Kataluniako “no tenim por” entzutetsu hori. Azken finean, eta honakoa ere bertako irakaspena da, Estatu handi batek gure bi herriek baino askozaz gehiago duelako galtzeko. •