Nerea GOTI
ESTAZIO HURA...

Durangoko tren geltoki zaharraren historiaren zenbait zertzelada

Durangoko estazio zaharretik geratzen den azken eraikina eraitsi zain dago. Trenbidea lurperatuta, geltoki berri batek ordezkatzen du zaharra. Komunikazioetan iraultza suposatu zuen linearen zentro neuralgikoa izan zen estazioa, eta historiaren lehen mailako protagonista. Berarekin batera Durangoko historia zati bat ere badoa.

Ukaezina da tren geltokiek duten magnetismoa, izango da seguruenik pasadizo ugariren nahitaezko paisaia direlako, eta, horregatik, ukitu erromantikoa ezin zaielako ukatu. Trenaren zain dauden milioika bidaiarien aterpe diren eraikinak, hormak, nasak, tailerrak, kafetegiak, dendak... une historiko ugariren paisaia dira, eta milioika dira ere bertatik bertara bizi izan dituzten istorio arruntak, umilak... Baina horiek ere egiten dute herri baten historia.

Geltokiak begiratzeko modu asko dago. Zer paper jokatu duten une historiko ezberdinetan, zer suposatu duten ekonomiarako, zer-nolako eragina izan duten bizilagunen mugimenduetan, bizitzan... Galdera potoloek erantzun sakonak behar dituzte. Helburu horrekin, analisi sakonak baino oroitzapenak bilatu ditu GAUR8k. Durangoko geltoki zaharrera hurbilduta, geratzen dena eta laster desagertuko den horretara azken bisita eginez, herriko paisaiatik guztiz ezabatuko den horrekin zer joango da galdetu diegu gertutik ezagutu dutenei.

Komunikazioen iraultza

Denboran oso atzera begiratu behar da geltokia inauguratu zuten 1882ko maiatzaren 30a gogoratzeko. Bilbo eta Durango arteko lehen trenbidearen jaiotza zen. Gero beste linea batzuk etorriko ziren, estazioa handitu ahala. Argi dagoena da, bildutako testigantza guztien arabera, benetako iraultza izan zela linea bai industriaren garapenerako bai herritarren mugikortasunerako. Besteak beste, inguruetako herrietako bizilagunen arteko harremanak izugarri areagotzeko aukera eman baitzuen.

«Bilbotik Durangora ordubete eta 26 minutu. Kristorena zen hori, egungo abiadura handiko edozein tren baino askoz handiagoa!», nabarmendu du Jose Mari Uriarte Gerediaga elkarteko kideak. Kontuan hartu ordura arte «gurdiz, zaldiz edo oinez baino ezin zela Bilbora joan, eta ia egun osoa behar zela joan eta itzultzeko», azaldu du lineak suposatu zuen aurrerapenaz jabe gaitezen.

Zentro neuralgikoa

Trenaren mundua izugarri maite duen Uriartek eta Juanjo Olaizola adituak berehala argitu duten bezala, “geltokia” eta “estazioa” terminoak argi bereizi behar dira. Ez dira gauza bera. Durangokoa ez zen bidaiarientzako aterpe den geltokia hutsa. Biek nabarmendu bezala, bertan tailerrak, nasak, subestazioak, biltegiak, kotxerak eta beste hainbat instalazio zeuden, eta hori «bidaiarien eraikin huts bat baino askoz gehiago da». Berez, linea osoaren zentro neuralgikoa Durangoko estazioa zen, eta horrek bestelako dimentsio bat ematen dio galduko den gune osoari.

Itzul gaitezen XIX. mende bukaera hartara eta koka gaitezen Bizkaiak izan zuen garapen industrialean, Bilbotik Durangora heldu ziren lehen trenek izandako garrantzi historikoa ulertzeko. Testuinguru horretan ulertu behar da zergatik eta zelan jaio zen 32 kilometroko bide estuko trenbide hau, Kantauri osoko lehena. Olaizolak azaldu duenez, meategiek, siderurgiak, banketxeek... ekarritako garapen handiak komunikazio berriak behar zituen. Aurretik martxan jarritako beste trenbide proiektu erraldoi batzuek, bide zabalekoak, kostu ekonomiko handia suposatu zuten; horien porrotak eta eragindako galera ekonomikoak proiektu berrientzako oztopo ziren. Orografiak ere ez zuen laguntzen, eta trenbidearen eraikuntza merkatu behar zen. «Frantzian oso modan zegoen kontzeptua ekarri zuten: 3x15, 15 kiloko errailak (gaur egun 54koak), 15 tonako lokomotorrak (oso txikiak, egungoak 60 tonakoak dira) eta 15 kilometro orduko abiadura komertziala. Trenbide ekonomikoak ziren eta hori zen bilatu nahi zutena, ahalik eta merkeen izatea inbertsioa amortizatu eta dirua irabazteko, trenbideak inbertsio pribatuak baitziren», zehaztu du Olaizolak.

Linea berriak

Aipatzekoa da linea Bilboko kapitalarekin egin zela, hori ez baitzen ohikoa. Bada, sekulako arrakasta izan zuen hasieratik. Izan ere, berehala ugaldu ziren antzeko proiektuak, La Roblako trenbidea kasu. Egun Euskal Herrian mantentzen diren bide estuko trenbideak inspiratu zituen Durango eta Bilbo arteko lineak, eta laster gehitu zitzaizkion egitasmo berriak.

Horren adibide da Durango bertatik Zumarragarainoko linea, Gipuzkoarekin lotura estrategikoa egin eta Irunera bitarteko sistema azkar bat osatzea ekarri zuena ibilbide laburtuz. Izan ere, aurretik bilbotarrek Mirandaraino joan behar zuten, gero Gasteizera, Altsasura eta, azkenik, Irunera.

Garaiko bidaiarientzako kristoren modernitatea izan zen trena. Olaizolak hasierako tren horiek zelakoak ziren gogoratu du. Lehenik, bigarren eta hirugarren klaseko bagoiak zeudela kontatu du. Bagoiek departamentuak zituzten, eta bakoitzean hamar lagun inguru kabitzen ziren. Egurrezko eserlekuak eta leiho txiki bat ziren barruko erosotasun bakarra. Hirugarren klasekoak ziren gehien erabiltzen ziren bagoiak, baina, zehaztu duenez, kontuan hartu behar da orduan trena ez zela erabiltzen egun egiten dugun modura; hau da, ez zen egunero erabiltzen.

Hala ere, martxan jarri bezain pronto sekulako ospea hartu zuen trenak bai Bizkaian bai bertatik kanpo. Izan ere, zerbitzu berria oso goraipatua izan zen Estatu espainoleko garaiko prentsan, batez ere zeukan maiztasun handiagatik: bost tren zeuden Bilbo eta Durango artean, bost tren noranzko bakoitzean –normalean bi izaten ziren egunean eta, gehienez, hiru–.

Baserritarrak eta langileak

Erabiltzaile gehienak baserritarrak ziren. Garai hartan langileen mugimenduak ez ziren hain ohikoak, gehienak lanpostutik gertu bizi baitziren. Industriaren pizkundearekin langileek trenez egindako joan-etorriak asko areagotuko ziren, baina hasierako trenbide hura baserritarrek erabiltzen zuten batik bat, euren produktuak Bilbora saltzen eramateko erabiltzen baitzuten. Asteburuetako aisialdirako ere erabiltzen zen hein batean, jaiegunetan Durangora joateko, Urkiola bisitatzeko...

Jon Irazabal historiagile eta Gerediaga elkarteko kideak argi du Durangoko estazioak eragin itzela izan duela Durangoko historian. «Herriko historia sozial, politiko eta ekonomikoaren lekuko eta ikur izan da», nabarmendu du. 1934ko Urriko Iraultzak Durangon oihartzun handia izan zuela gogoratu du, eta matxinada horretako protagonista nagusiak trenbideko langileak izan zirela. Hildakoak ere izan ziren Durangon astebeteko greba horrekin lotuta izandako istiluetan. Herriko PSOE, UGT, CCOO edota CNTren sorrera ere trenbidearekin lotutako langileei oso lotuta izan zen.

Irazabalek dioenez, lanbide, ofizio, zerbitzu... ugari biltzen ziren estazioaren inguruan. Olaizolak berak eta Uriartek nabarmendu bezala, zehaztu du estazio gune hartan bazeudela tailer handi bat, makineria, kotxerak... baina baita langileentzako ekonomatoa ere. «Ferrocarriles Vascongados enpresak 1905ean eraiki zituen tailerrak han zeuden, orain gutxi bota direnak. Baina bertan ez ziren bakarrik trenen mantentze lanak egiten, tren berriak, bidaiari zein merkantzientzat bagoiak, automotor elektrikoak... ere egiten ziren», zehaztu du Olaizolak. «Enpresaren bihotza zen, tailerrez gain aginte postuak ere Durangon zeuden, bidaiariak hartzeko eraikinaren goiko partean. Handik kontrolatzen zen Bilbo eta Donostiaren arteko linea guztia».

Errekadistak

Merkantzia mugimendu handia ere izan zen Durangoko estazioaren inguruan. Inguruan zeuden lantegi askotan trenbidea barruraino sartzen zen, bagoiak lantegian bertan kargatzeko. Irazabalek Mendizabal enpresaren kasua aipatu du, Europa osora zabaltzen zen produkzioarekin kargatzen baitzituzten bagoiak.

Langileen trena bihurtzeaz gain, baserritarrena izaten ere jarraitu zuen. Inguruan “esne-saltzaileen trena” izenarekin ezagutzen zuten, baina Durangoko merkataritzan ere eragin handia izan zuen. Inguruko herrietako beste jarduera batzuetan ere eragin nabarmena izan zuen, Zaldibarko bainuetxea edota Elgoibarko labe garaiak kasu.

Uriartek gogoratu duenez, trenbideak ofizio berri asko ekarri zituen Durangora. Errekadisten kasua nabarmendu du. «Errekadistak oso ezagunak ziren Durangon. Egunero-egunero joaten ziren Bilbora, eta arduratzen ziren enkargatutako tramiteak egiteaz, erosketak... Gehienbat paketeak eraman eta ekartzen zituzten, oihal bat erosi behar bazen erosi egiten zuten...», azaldu du Uriartek.

Gaurko egunera itzulita, gehienek etsipenez hartzen dute geltokiaren desagertzea. Tailerrak-eta aspaldi bota zituzten trenbidearen lurperatze lanei bide emateko, eta orain bidaiarien geltokia baino ez da geratzen, laster desagertuko dena. Horma horiek desagertzearekin batera, «garai bateko ikur bat desagertuko da, Durangon oso inportantea izan den gune bat, eta subestazio elektrikoa baino ez da geratuko», azaldu du Jose Mari Uriartek.

Irazabalen ustez, era berean, herriko historiaren zati bat galduko da geltokiarekin. 135 urte izan dira, baian ez edonolakoak, Euskal Herriak bizi dituen gertaera historiko gehienek aztarnaren bat utzi baitute komunikazio mailan estrategikoa izan zen linea horretan. «Durangoko historia politiko, sozialean eta ekonomikoan garrantzitsua izan den zerbait desagertuko da. Hurrengo durangarrek ez dute ezagutuko, subestazioa eta burdinazko zubi bi geldituko dira soilik. Hainbat palazio eta eraikin erlijioso kontserbatu ditugu, eta, aldiz, langileen katedralak, lantegi guztiak, langileen etxeak... desagertu egin dira».

Garrantzizko ondarea

Durangoko estazioaren galera gelditzeko altxatu den ahots argienetako bat EH Bildurena izan da, «garrantzizko ondare» baten desagertzea geldiaraztea helburu. Koalizioren udal taldeak milioi bat euro baino gehiagoko kostu ekonomikoa izango duen geltokiaren eraispena bertan behera uzteko proposamena egin zuen Durangoko Udalean, eta, salatu duenez, aurrez aurre eraikinaren balio arkitektoniko ezaren argudioa baino ez zuen aurkitu. Zinegotzi independentisten iritziz, irizpide «pobre» eta «subjektiboa» da, «historia kolektiboaren parte den eraikin» bati buruz hitz egiten denean. Hala, munduan barnako hainbat esperientzia oinarri, «benetako azterketa eta eztabaida» eskatu eta eraikina berrerabiltzeko deia luzatu zuen.

EH Bilduko Durangoko zinegotzia den Dani Maeztuk artikulu batean salatu duenez, «garapen urbanistiko basatiak» elementu asko «irentsi» ditu herrian. Hori eta beste hainbat arlo kontuan izanda, Durangoko estazio zaharra eraisteko proiektua birpentsatzea proposatu du.

Iñaki Uriarte arkitektoak ere gogor kritikatu du herriko historiaren garai baten «azken aztarna» den estazioa eraisteko egitasmoa. Durangoko estazioak eta zerbitzua eman zion lineak izandako garrantzia nabarmendu ditu, historian zehar Ferrocarril Central de Bilbao enpresak lehenik, gero Ferrocarriles Vascongadosek eta azkenik Euskotrenek kudeatutako trenbide linearen ibilbide luzea nabarmenduz. Subestazio elektrikoaren kalitate arkitektonikoa aipatu du bereziki, baina, nabarmendu duenez, linea osoa, izan zuen eragina eta utzi duen memoria ezin dira besterik gabe ezabatu.

 

Faxisten bonbek suntsitu bai baina ez zuten desagerrarazi

Guda bete-betean, Durangoko estazioa bonben jomuga izan zen 1937ko martxoaren 31n. Juanjo Olaizolak, Gerediaga elkarteko kideak, azaldu duenez, «motibazio terrorista» argia izan zuen erasoak. Goizeko lehen bonbardaketa baten ostean, 15.45ak inguruan kanpai hotsak entzun ziren berriro. Nabaria zen hegazkinek bilatzen zuten puntua zein zen: geltokirantz zihoazen. Gerediaga elkarteak egindako dokumental historikoan jasotzen denez, hegazkinek trenbideko zabalgunea, tailerrak eta maristen ikastetxearen inguruak bonbardatu zituzten. «Herritarrak izutzea eta helburu militarrak kaltetzea» zen xedea, eta, zalantzarik ez, trenbidea lehen mailako helburu militarra zen. Olaizolak kontatu bezala, tropen mugimendu handia zegoen Bilbo eta Durango arteko trenbidean, bertatik hainbat gerra frontera joaten baitziren gudariak: Otxandio, Elgeta... Era berean, zenbait batailoik Durangon zeukaten kokalekua. Tropak mugitzeko ez ezik, elikagai eta armen hornidura ziurtatzeko ere funtsezkoa zen trenbidea.

Jon Irazabalek baieztatu bezala, trenbidea «komunikazio bide estrategikoa» zenez, guztia txikitzen aritu ziren hegazkinak, ez bakarrik linea bera: «Tailerrak ere helburu argia ziren, bertan ez ziren bakarrik mantentze lanak egiten, bagoiak ere bazeuden...».

Arratsaldean, estazioa eta tailerrak

Goizeko bonbardaketaren lehen helburua herritar zibilak izan ziren, baina arratsaldean estazioa eta tailerrak izan ziren sarraskiaren helburu nagusiak. «Txikituta geratu zen guztia, bonbak geltokian erori ziren, tailerretan... Geltokiak estaltzeko zeukan markesina metalikoa ere desagertu egin zen gerra ondoren», gogoratu du Olaizolak.

Garaiko errealitate soziopolitiko eta ekonomikoan Durangoko geltokiak zeukan protagonismo argia aipatzen da bonbardaketaren inguruan Gerediaga elkarteak egindako dokumental historikoan. Bertan gogoratzen denez, udalerria lehen mailako bidegurutze bihurtu zen, eta, hala, XX. mendeko 30eko hamarkadan eskualdeko udalerri garrantzitsuena bezala finkatu zen. Nekazaritza eta abeltzaintza oraindik jarduera ekonomiko nagusiak baziren ere, industriak pisu handia zeukan jada. 8.800 biztanle inguru zituen dagoeneko Durangok eta Ferrocarriles Vascongados enpresako lantegia inguruetako garrantzitsuenetakoa zen jada.