Juantxo EGAÑA

Euskal herritarrak, I. Mundu Gerrara bidean

I. Mundu Gerra zela-eta (1914-1918), Ipar Euskal Herrian 18 eta 49 urte bitarteko milaka lagun mobilizatu zituzten. Gatazka hartan bizitza galdu zuten euskaldunen kopurua 6.000 eta 7.000 bitartekoa omen da. Europan 11 milioi hildako izan ziren. Hainbat euskal herritarrek, gerratik ihesi, Ameriketara joan edo Pirinioak zeharkatuta desertatzeko aukerari eutsi zioten. Hendaiako komisario bereziak, desertzio horien berri emateko, txosten bat aurkeztu zion Baionako prefetari: «…frontean dauden lagunen gutunek eragindako zirrara itzela da. Herrialdeko lagunentzat baino ulergarri ez den hizkuntza batean idatzitako gutunak, ondo dakit nik, etxez etxe hedatuak eta iruzkinduak dira... Herrialdeko berezitasun etnografikoak agerikoak dira. Denek dakitenez, euskal familiak, hizkuntza berean mintzatu eta elkarren arteko harreman etengabeak dituzten elementuek osatuak, mugaz alde batean eta bestean bizi izaten dira berdinki…». Zenbait landa eremutako hornidura arazoak zirela-eta, frantses Gobernuak uztak eta aziendak konfiskatu zituen. Egile ezezaguneko argazkian, 18. Erregimenturako errekrutatutako euskal herritar talde bat ageri da, Paueko geltokian, frontera abiatzeko zain.