Pablo RUIZ DE ARETXABALETA
GAYAK ETA EBANJELIKOAK

Homofobia boteretsuaren aurrean, LGTB fededunei besoak zabaltzen dizkien eliza

Brasilgo mugimendu ultrakontserbadoreen joeraren kontra, eliza ebanjeliko batek beso zabalik hartzen ditu LGBT komunitateko kideak. Beste elizek «berrorientazio sexualeko» terapiak proposatzen dituzten bitartean, Eliza Garaikide Kristaua lesbiana, gay, transexual eta bisexual fededunei ateak irekitzen lehena izan da.

Fabio de Souza Eliza Garaikide Kristauko apaizak mota guztietako ankerkeriak jasan behar izan ditu bere homosexualitatea “sendatzeko”: gatz bainuak, behartutako baraualdiak eta baita exorzismo saioak ere. Haurtzaroan gurasoek eramaten zuten elizan beti esaten zioten gay izatea «deabruaren gauza» zela. «Etengabe nire buruaren kontrako borrokan ari nintzen, asko sufritu dut. Ez nuen nire burua onartzen», gogoratu du 37 urteko gizon altu honek.

Fabioren bizitza egun Eliza Garaikide Kristauko kide diren askoren antzekoa da. «Itxaropenik gabe, bizitzarik gabe, dena galduta izango banu bezala bizi nintzen, ezkutuan. Barruan deabrua daukagula esan eta gu ‘sendatzen’ saiatzen dira. Inoiz iritsiko ez den ‘sendaketa’».

Banketxe bateko langilea, 2006an Eliza Garaikide Kristaua fundatu zuen Fabiok Marcos Gladston senarrarekin batera, Rio de Janeiroko Madureira auzoan. «Jendeak ilearen kolorea alda dezake, baina ez izaera. Homosexualek ez dute tratamendurik behar, maitasuna behar dute», nabarmendu du, elizan sermoia eman baino lehen.

Gayentzako “berrorientazio sexualeko tratamenduen” inguruko eztabaida duela bi aste berpiztu zen Brasilen, epaile batek psikologoei “terapiok” erabiltzeko baimena eman zienean. Epai horrek eskandalu izugarria piztu zuen Brasil osoan zehar eta manifestazio jendetsuak egin ziren irailaren 22an herrialdeko hiri handienetan.

Epailearen erabakiak zalantzen jartzen du Brasilgo Psikologia Kontseilu Federaleko arautegia. Izan ere, arautegiak horrelako praktikak guztiz debekatzen ditu, terapeutei lan egiteko baimen profesionala kentzeko zigorra aurreikusiz besteak beste. Osasunaren Mundu Erakundeak 1990etik ez du homosexualitatea gaixotasuntzat hartzen, baina Brasilgo mugimendu ultraeskuindarrek, eliza mendekostisten laguntzarekin, gayen aurkako gurutzada gogortu egin dute azkenaldian.

«Sendatzeko» terapietatik ihesi

«Hemen ‘gay-ohi-ohi’ asko dago», dio Fabiok ironiaz, bere tenpluan “sendatzeko” errituetan parte hartu duten homosexual ugari hartzen dituelako. «Tenplu hau bisitatzen dutenak bakarrik ez daudela konturatzen dira», nabarmendu du. Horietako bat Diego Fernando da, 29 urtekoa, Jainkoaren Erresumako Eliza Unibertsaleko kide ohia. Gaur egungo Rioko alkate Marcelo Crivellaren eliza, hain zuzen. «Gorputzean deabrua nuela esaten zidaten, amaren sabelean nengoenetik nire baitan bizi zen espiritu gaizto bat», adierazi du.

“Deabrua kanporatzeko”, Diegok azaldu du beste “gaixoekin” batera ilaran jarri zutela eliztarren asanbladaren aurrean, alkoholikoekin edo drogen mende zeudenekin batera, «exorzismo» kolektiboko saioak egiteko. «Batzuk trantzean sartzen ziren, lurrera erortzen ziren, deabruak hartuta bezala. Niri ez zitzaidan horrelakorik gertatu», gogoratu du.

Diego ez da bere fedea eta orientazio sexuala bateratzeko sufritu duen Eliza Garaikide Kristauko kide bakarra. Gizartearen gaitzespena izan dute bidaide, askotan familiarena berarena ere, eta asko euren burua hiltzeko zorian izan dira. «Hemen, besoak irekita hartzen gaituzte, aurreiritzirik gabe», eskertu du Katia Maria Soaresek. Duela bi urte senarra utzi eta Carolinarekin bizitzeko hautua egin zuen. Elkarrekin hezi dituzte Katiak senarrarekin izandako hiru haurrak.

«Eliza honetara etorri izan ez banintz, agian orain bakarrik egongo nintzateke etxean, mozkortuta eta guztiz abandonatuta», onartu du Joao Barbosak. 47 urteko erizaina Eliza Garaikide Kristauko kidea da hasieratik, lehen elizkizun klandestinoak etxeetan egiten zituzten garaitik.

Patricia Soares Carrilhok ere antzeko infernua sufritu du. «Nire buruaz beste egin nahi nuen, drogetan sartuta egon nintzen 22 urtez. Oso harreman konplexua nuen nire bikotekidearekin, baina orain dena ondo dago», kontatu du. «Jainkoari eskerrak emateko» Carrilhok drogak erosten zituen favelan bertan gizarte etxe bat ireki zuen. Han ezagutu zuen bere alaba Ana Beatrizen ama. «Hamar hilabete zituen adoptatu genuenean, eta orain bost urte ditu dagoeneko», adierazi du.

Hamar tenplu Brasilen

Eliza Garaikide Kristauak hamar tenplu ditu gaur egun Brasil osoan. Baina urrun dago beste eliza ebanjelikoek duten boteretik. Adibidez, Jainkoaren Erreinuko Eliza Unibertsalak, duela 30 urte Emir Macedok fundatutako elizak, sei milioi fededun dituela aldarrikatzen du. Horien erdia Brasilen eta beste erdia atzerrian. «Guk Bibliaren berrirakurketa proposatzen dugu, itzulpenek jatorrizko idazkunak aldatu zituztelako», dio Eliza Garaikide Kristauko Marcos Gladstonek. «Eliza gezur hutsean bizi da. Ondo baino hobeto daki homosexualitatea ez dela bekatua, Jainkoak ez duela kondenatzen bi lagunen arteko maitasuna», defendatzen du Eliza Garaikide Kristauko fundatzaileetako batek. «Elizkizunetan gay ezkontzeei buruzko informazioa ere ematen dugu», gaineratu du.

Eskritura Santuen interpretazioa guztiz kontrakoa bada ere, elizkizunak beste eliza ebanjelikoetan ikusten direnen antzekoak dira. Ez dago ez ortzadarraren banderarik ezta LGBT lelorik ere. Abestiak, dantzak abesbatzaren gospel kantuen erritmoan, txaloak, saltoak, irakurketa biblikoak eta diru-bilketa bukaeran. Besterik ez. Brasilen indar handia hartzen ari diren gainontzeko eliza ebanjeliko gehienetan bezalaxe. Baina azken lerroan dauden bi emakumek ez dute jai giroarekin bat egiten. Fabio apaizak azaldu du horietako batek alaba lesbiana dela jakin berri duela eta abesteko oholtzara igotzen denean iskanbila sortuko duela agindu duela. Azkenean, elizkizuna bukatu baino lehen, tenplua utzi du.

Barruan jai giroa nagusi den bitartean, kanpoan hainbat segurtasun agente zaintzaz arduratzen dira. «Ez da auzo arriskutsu batean gaudelako, Jainkoaren Asanblada hurbil dagoelako baizik, eta, Brasilgo beste eliza ebanjelikoak bezala, oso homofoboa da», azaldu du Gladstonek. «Orain arte soilik ‘deabruaren eliza’ garela oihukatzen digute aurretik pasatzerakoan», gaineratu du. «Hemen proposatzen dugun tratamendua aurreiritzien aurkako tratamendua da. Aurreiritziak dira sendatu beharreko gaixotasuna», amaitu du azalpena Fabioren senarrak.