Ion Salgado
HERRIEN DESPOPULAZIOA

Gaubeak mila biztanleko langa berriro gainditzeko kanpaina jarri du martxan

Arabako zenbait herri populazio galera nabarmena pairatzen ari dira azken urteotan. Gaubea, adibidez, mila biztanle baino gutxiago dituzten udalerrien klubean sartu da duela gutxi, eta horrek ondorio ekonomikoak eragingo ditu herriarentzat. Izan ere, datorren urtean 60.000 euro gutxiago jasoko ditu Udalak Arabako Foru Aldunditik.

Zaila da azaltzea, baita ulertzea ere, nola antolatzen diren Arabako toki erakundeak. Zortzi kuadrillek osatzen dute herrialdea, Trebiñu barne, eta horien barruan 51 udalerri eta 18 ermandade daude. Guztira 417 herrigune biltzen ditu Arabak, 349 kontzejutan banatuta. Gehienak herri txikiak dira, eta makrozefalia geografikoa indartu egin da azken hamarkadotan. Gasteizek gero eta biztanle gehiago ditu, eta, herri ugariren etorkizuna, aldiz, kolokan dago. 2006an Añanak 182 biztanle zituen, 2016an 159; Arraia-Maeztuk ere galdu ditu auzotarrak, eta berdina gertatu da Mañuetan, Bernedon, Kanpezun, Haranan, Kripanen, Lagranen, Moredan, Villabuenan edo Gaubean.

Azken udalerri horren kasua aipatzeko modukoa da. Hedaduraz, Gaubea Euskal Herriko udalerri handienetarikoa da, baina, aldiz, biztanleriari dagokionez, zerrendaren azkenen postuetan dago. Iragan mendearen erdialdera bitarte, 3.000 biztanle baino gehiago bizi ziren udalerria osatzen duten 30 herrietan. Gaur egun mila biztanle baino gutxiago dira. «Beti egon gara 1.000 biztanletik gora, baina azkenen hiru urteotan biztanleria galdu dugu eta gaur egun 997 biztanle ditugu», azaldu du Juan Carlos Remirez-Escudero alkateak, kanpaina berri bat martxan jarri duena biztanleak berreskuratzeko. Gutuna bidali die herriko bizilagunei egoeraz ohartarazi eta mesede bat eskatzeko: «Gaubean erroldatzea eskatzen dizugu ahal baduzu; inportantea da mila biztanleko langa gainditzea. Zure herriari mesede bat egitea eskatzen dizugu, hain zuzen».

Izan ere, 1.000 biztanletik behera edukitzeak berehalako ondorio ekonomikoak ditu: 60.000 euro gutxiago jasoko ditu Gaubeako Udalak Arabako Foru Aldundiaren aldetik. Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Sailak urtarrilean onartutako ebazpenean azaltzen denez, 2017ko Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsean udalen partizipazio osagarrian behin-behinean banatu beharreko zenbatekoa 150 milioi eurokoa da, eta 21.035 euroko zenbateko finko bana bideratzen da Arabako 51 udalerrientzat.

Partizipazio osagarritik aurreko zenbateko finkoa kendu ondoren gelditzen den dirua, berriz, jarraian zehaztu bezala banatzen da: 2,9 milioi euro (diruaren %2), Arabako Foru Aldundiari konpentsatzen zaizkio Toki Erakundeen Partizipazioa Egonkortzeko Funtseko saldo ordaindu gabetik; 87,9 milioi euro (%59), udal bakoitzaren zuzenbidezko biztanleriaren arabera banatzen dira; 7,4 milioi euro (%5), udal bakoitzak biztanle bakoitzeko egiten duen ahalegin fiskalaren arabera banatzen dira, «betiere zuzenbidezko biztanleriarekin haztatuta»; 18,2 milioi euro (%12,25), 1.000 biztanle baino gehiago dituzten udalen artean banatzen dira; 14,1 milioi euro (%9,5), 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalen artean; 13,7 milioi euro (%9,25), Laudiok jasotzen ditu, 15.000 biztanle behiago gehiago dituelako; eta, azkenik, 4,4 milioi euro (%3) Gasteizko Udalera joaten dira, 50.000 biztanle baino gehiago dituelako. Zehazki, hiriburuan 244.000 biztanle bizi dira.

Dena den, Gaubeako alkate Remirez-Escuderok dionez, dirua ez da inolaz ere garrantzitsuena. «60.000 eurok aurrekontuan duten eragina txikia da, %2,5 besterik ez da. Guri inporta zaiguna berriro 1.000 biztanletik gora izatea da. Zenbaki sinboliko hori berreskuratzea», azaldu du. Eta badirudi martxan jarritako kanpaina eraginkorra izaten ari dela, hamar lagun erroldatu baitira azken egunetan. Gaubeako Udalaren helburua da populazioa 25 biztanle igotzea, eta horretarako Espejo eta beste kontzejuetan etxea dutenak konbentzitu beharko ditu. «Gasteizen eta Bilbon erroldatuta dauden bizilagunak herrian erroldatu daitezke hirietan konpromisoak ez badituzte», gaineratu du.

Alkateak gogoratzen duen bezala, udaberrian eta udan Gaubearen populazioa biderkatu egiten da, «eta hona etortzen direnek harreman zuzena eta estua dute udalerriarekin. Beraiei eskatzen diegu hemen erroldatzea». Remirez-Escuderok argi dauka pertsona batzuentzako zaila dela pauso hori ematea, Gasteizko erdigunean aparkatzeko eskumena mantendu nahi dutelako eta hirian hipoteka bat dutelako. «Baina beste askok ez dute arazorik Gaubean erroldatzeko. Hemen eskubide berdinak izango dituzte, eta zenbait kasutan abantailak daude, zirkulazio udal-zerga, esaterako, merkeagoa da hemen hirian baino», gaineratu du udalerriaren arazorik handienetariko bat gizartearen zahartzea dela nabarmendu ostean.

«Bizilagunen herenak 65 urte baino gehiago dituzte, eta ez dago erreleborik. Jendea hirietan bizi da eta herrietan gero eta lagun gutxiago bizi gara», nabarmendu du arazoa Euskal Herriko herri txiki askotan errepikatzen dela gaineratu baino lehen. Eta datuak ikusita egia dela esan daiteke, erreportaje honen hasieran azaldu bezala, asko baitira biztanleria galdu duten Arabako udalerri txikiak. Egoera txarragoa da kontzeju batzuetan, zenbait tokitan familia bat edo bi bizi direlako soilik.

Kontzejuen egoera

Javier Argote Arabako Kontzejuen Elkarteko presidenteak ezagutarazi duenez, elkarteak ikerketa bat martxan jarri du populazioaren galera aztertzeko. «Ikertu nahi dugu zergatik joaten den jendea herri batzuetatik, eta esan dezakegu ez dagoela harreman zuzena enpleguarekin. Dirudienez, jendeari ez zaio inporta bere herritik edo hiritik kanpo lan egitea», azaldu du, eta despopulatzea zerbitzu faltaren ondorioa dela ohartarazi du. «Garraio publikoaren falta, baita beste zerbitzuen falta ere, eskola eta medikua esaterako, oztopa larriak dira kontzejuen hazkunderako», gaineratu du Gasteizko Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak jasotzeko hiriburuan erroldatuta egon behar zarela ohartarazi ostean.

Arazo horri aurre egiteko, Argotek aldaketak proposatzen ditu erroldan. Haren ustez, Arabako Foru Aldundiak sortu beharko luke errolda berri bat edozein herritako biztanleak Gasteizko Udalak eskaintzen dituen zerbitzuez disfrutatzeko. «Horrela lortuko genuke jendea bere herrian erroldatuta egotea», esan du, Gasteizko Udalak hainbat zerbitzu eskaintzeko Foru Aldundiaren dirua jasotzen duela gogoratuz. «Gaur egungo egoerak ez du inolako zentsurik. Aldatu egin beharko lukete herri eta kontzeju ugariren errolda benetan fidagarria izateko», nabarmendu du. Izan ere, bere ustez herrien arazoa ez da populazioak behera edo gora egitea soilik. Arabako udalerri askoren arazoek erroldarekin zerikusia dutela uste du.

Arabako Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsari dagokionez, elkartearen presidenteak kritikatzen du nola egiten den banaketa, kontzejuek eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera jasotzen dutelako dirua, ez populazioaren arabera. «Gaubearen kasuan esaten dute Udalak 60.000 euro gutxiago jasoko dituela. Agian udal batentzako ez da izango diru asko, baina kontzeju baterako diru asko da», ohartarazi du. Kontzeju ertainek, 200 edo 300 biztanlekoak, 25.000 eta 30.000 euro bitartean jasotzen dituzte bizilagunei zerbitzu guztiak eskainiz gero: argi indar publikoa, ura eta gizarte zentroa, besteak beste.

Etorkizunari begira, Argotek esperantza badu. Egia da herri batzuetan gero eta jende gutxiago bizi dela, baina bere ustez Arabako kontzejuak ez dira desagertuko. «Araban despopulatze fenomeno bat ematen ari da, baina herriak ez daude guztiz hutsik. Kasu askotan, zahartzean, herritarrak Gasteizera joaten dira erresidentzia batean bizitzeko, eta herriko etxea senideen esku geratzen da. Hauek asteburuetan joaten dira herrira eta horri esker mantentzen dira bizirik kontzeju txikiak», gaineratu du. Dena den, benetako erronka jende gaztea herrietara bizitzera joatea da. Familia berriak kontzeju eta udalerrietan erroldatzea eta beraien seme-alabak herrietan haztea.

Horretarako, Argotek azaldu duen bezala, Aldundiak garraiobideak hobetu beharko lituzke, baita herrietako zerbitzuak ere. Hala ere, Remirezek zalantzak ditu. Errepide berri bat eginez gero, uste du jendea, Gaubean bizi beharrean, Gasteizen biziko litzatekeela.