Aimar Etxeberria Korta
Entrevista
GabrielNadeau-Dubois
Quebec Solidarioa

«Abertzaletasunaren sektore bat populismora gerturatu da, gazteentzat arbuiagarri bilakatuz»

Lurrikara eragin zuen Quebeceko panorama politikoan aktibismo soziala utzi eta alderdi politiko batera salto egitea erabaki zuela adierazi zuenean.

Jean Charest liberalaren gobernuak 2012an bultzatutako matrikula-tasen aurkako ikasle protesten lider izan ostean, liburuak idazten eta konferentziak ematen pasa ditu ondorengo bost urteak Gabriel Nadeau-Duboisek, harik eta Quebec Solidarioa alderdira batu den arte. Alde guztietatik jaso ditu kritikak; izan da ikasle protestak politikara jauzi egiteko «tranpolin» bezala erabili izana leporatu dionik ere. Egun, berea da alderdiak Asanblea Nazionalean dituen hiru aulkietako bat, eta bera da alderdiaren eledun maskulinoa, Manon Masserekin batera. Quebeceko Asanblea Nazionaleko bere bulegoan hartu gaitu, biziki lanpetua suertatzen ari zaion arratsalde batean. Galdera egilearen ezjakintasuna medio, ingelesez egin dugu elkarrizketa, herrialdeko hizkuntza nagusia –eta independentistek aldarrikatua– frantsesa bada ere.

Zerk eraman zintuen ikasle mugimendua utzi eta politikara salto egitera?

Ikasle mugimenduak historia luzea dauka Quebecen; tradizio bilakatu da, esaterako, Gobernuak hezkuntza komunitatearen aurka hartutako neurri bakoitzaren ostean protestara jotzea. Europan oso ohikoa den zerbait da hori, baina ez hainbeste Ipar Amerikan; horra Europarekin dugun beste antzekotasun bat. Oso garrantzitsua da guretzat ikasle mugimenduaren eta alderdi politikoen arteko independentzia bermatzea. Niretzat, ikasle mugimenduko lider gisa, berebizikoa zen inolako alderdi politikorekin ez nahastea. Jardun hura utzi nuenean bost urte eman nituen liburuak idatzi eta konferentziak ematen, eta ondorioztatu nuen garrantzitsua zela Quebeceko ezkerrarentzat aurrera urrats bat ematea; jokatzeko paper bat nuela iruditzen zitzaidan, eta urrats hori eman nuen.

Zergatik Quebec Solidarioa eta ez, adibidez, Alderdi Quebectarra?

Erabakiaren arrazoiak azaltzeko historia pixka bat egin behar da. 2006an sortu zen Quebec Solidarioa, mugimendu sozialak ondorioztatu zuenean Alderdi Quebectarra ez zela gehiago zituen helburuak lortzeko bidean tresna baliagarria izango. Sozialdemokrazia tradizionaletik datorren alderdia da Alderdi Quebectarra, baina neoliberalismotik zetozen ideia guztiak bere egiten hasi zen momentu jakin batean. Esaterako, murrizketa politikak aplikatu izan dituzte Gobernu lanetan aritu diren azken aldietan. 90eko hamarkadaren amaieran ematen da mugimendu sozialaren eta ordura arte quebectarren alderdi nagusia zenaren arteko haustura; gerora, 2006an, sortu zen Quebec Solidarioa, ezkerreko bi alderdi txikiren batura gisa, mugimendu sozialarentzat erreferente izateko bokazioarekin. Historikoki, sakonki txertatua egon da independentismoaren ideia ikasle mugimenduan, sindikatuetan, mugimendu feministan eta abarretan. Ulertu izan da independentzia eta justizia soziala ez direla bereizita joan behar diren bi termino. Horregatik, eta François David alderdiaren baitako nire aurrekoak deitu zidalako politika utzi behar zuela esanez, ezinezkoa egin zitzaidan alderdira gehitzeko urratsari ezezkoa ematea.

Azken urteotan, gainera, indartu egin da Alderdi Quebectarraren baitako sektore kontserbadorea. Esaten dudanaren adibide da 2014an, denbora-tarte labur batez Gobernu lanak hartu zituztenean, garatu zuten politika. “Balioen Agiria” bezala bataiatutako proposamena izan liteke esandakoaren adierazpide nabarmenena. Finean, komunitate erlijioso jakin batzuen aurkako politika zen, zeinaren muina zen sinbolo erlijioso guztien erabilera debekatzea administrazio publikoan. Ekinbide hori musulman komunitatearen aurkako erasotzat hartu zuen zenbaitek, eta sakonki kritikatua izan zen independentismoaren baitan.

Alderdira batu, eledun izendatu eta 5.000 afiliatu gehiago Quebec Solidarioarentzat. Zergatik? Harritu zintuen horrek?

Ustekabeko itzela izan zen, inolaz ere aurreikusten ez nuena. Nire izendatzearekin baino zerikusi gehiago duela uste dut alderdiaren orduko testuinguruarekin: Françóis Davidek politika utzi berri zuen, eta bera zen alderdiaren arima. Alderdiaren etorkizunaren inguruko galdera ugari zeuden airean, eta prentsak ikuspuntu negatiboarekin jorratu zuen gaia. Horrek guztiak lehendik ere alderdiaren jarraitzaile zen jendea pitzarazi zuela iruditzen zait. Nire hautaketa bultzada bat baino ez zen izan; ordurako gertuko genituen horiek abagunetzat hartu zuten testuingurua.

Bi aldiz erabaki dute quebectarrek independentziaren inguruan, eta bi aldiz egin diote uko. Egun, zertan da independentismo quebectarra?

Uste dut justua dela onartzea garai hobeak bizi izan dituela, egungoa baino itxura hobea izan duela behinola. Hamar elkarrizketa beharko nituzke honen zergatia azaltzeko… Hasteko, esan behar da oso zaila dela psikologia kolektiboarentzat bi porrot mingarriri buelta ematea, bereziki bigarrena nola galdu zen ikusita. Gainera, nahiko argi geratu da Kanadako Gobernu federalak iruzurra egin zuela kanpainan zehar gastu ilegalak eginez. Nolanahi ere, eta bigarren porrotaren ostean, urteak eman ditu mugimendu independentistak barne eztabaidetan, independentzia lortzeko estrategia egokienaren bila betiereko eztabaidan sartuta. Aipatu egoera ez da erakargarria mugimendutik kanpoko jendearentzat, eta ematen duen irudia da mugimendua interesatuago dagoela eztabaidatzean gizartea hautabide independentistara erakartzean baino.

Nire kasuan, bost urte baino ez nituen bigarrenez independentziari uko egin genionean. Nire belaunaldiko jendearentzat, beraz, prozesu independentista orduz geroztik etorri dena da. Iraganeko kontuak dira erreferendumak. Horregatik, bereziki zaila egiten zaio nire belaunaldiari proiektu independentista zerbait zehatz gisa irudikatzea, erdietsi dezaketen proiektutzat hartzea.

Bestalde, abertzaletasunaren sektore bat populismora gerturatu da azken urteotan; horrek prentsa txarra dakar. Guk oso argi daukagu ez dugula gutxiengoen aurka egingo, baizik eta eurekin eraikiko dugula independentzia. Zentzu horretan, gertuago sentitzen dugu mugimendu independentista eskoziarra gure mugimendu propioaren sektore bat baino. Hamar urte inguru dira jada Alderdi Quebectarraren baitako sektore bat agenda kontserbadorea garatzen ari dela. Belaunaldi gazteenentzat erabat arbuiagarria den agenda bat ari dira markatzen; ondorioz, gazteek nahiago dute dibertsitateari irekita agertzen den Alderdi Liberalari botoa ematea, dibertsitatearen aurka dagoen alderdi sozialdemokrata bati baino.

Posible ikusten al duzu hirugarren saiakera bat etorkizun hurbilean?

Alderdi politiko bezala gure promesa da balizko Quebec Solidarioaren lehenengo legegintzaldi batean hirugarren independentzia erreferenduma deitzea. Baina galdetzen badidazu ea hori posible ote den epe laburrean ezetz erantzungo nizuke, lan asko baitaukagu egiteko aurretik; independentziaren alde legokeen gehiengo bat dugu konbentzitzeko. Bide horretan, uste dut gure egitekoa dela abertzaletasun kontserbadoreari aurre egitea. Alderdiaren azken konferentzian eztabaidagai izan genuen Alderdi Quebectarrarekiko balizko akordioa, baina atzera bota zen proposamena. Eztabaida politiko denetan daude adostasunerako errazak diren zenbait gai; zerga tasa %15 edo %20koa izan, kasu. Baina badira funtsezkoak diren beste eztabaida batzuk ere, eta horietan ditugu ezberdintasunak Alderdi Quebectarrarekin. Dibertsitatearen aurkako bere estrategiak kale egin zuela onartu ez izana izan zen balizko aliantza bat baztertzeko azken arrazoia. Adostasunerako prest agertu ginen konferentzian, baina handiegiak dira gai horretan bi alderdiok ditugun ezberdintasunak; ezin izan genituen gainditu.

Baina izan liteke ezberdin ere. Jean-François Lisee Alderdi Quebectarraren egungo buruak aitortu izan balu bere alderdiak kale egin zuela dibertsitatearen aurkako politikak aplikatu zituenean, aukerak leudeke aliantzetarako. Gai hori da erreferendumaz geroztik sektore independentista gehien banatu duen afera; bere alderdiaren baitan ere totala izan zen zatiketa.

Maiz entzuten da Euskal Herrian Quebec adibide egokia dela afera konstituzionalak soluziobidean jartzeko. Ados al zaude horrekin?

Ottawa, politikoki, Madril eta Londresen arteko zerbait dela esango nuke. Paperean, agian, nahiko luke Kataluniak Madrilek bere garaian Ottawak izan zuen jarrera izatea. Errealitatea, baina, askoz ere konplexuagoa da. Teknikoki, Gobernu federalak erreferendumaren emaitzak onartuko zituela esan zuen, baina ondoren demokraziaren oinarrietako bat den %50+1 ideia Quebecerako ez zela baliagarria iritzi zion, “Argitasun Legeari” bide emanez. Gehiengo “argi” batez hitz egiten dute, baina zehaztu gabe zertan datzan. Aurrez adierazi bezala, urte batzuen ostean jakin izan zen ezezkoaren aldeko kanpaina indartzeko Kanadako Gobernuak gastu ilegalak egin zituela. Paperean, Ottawa egun Madril dena baino ulerkorrago aritu zen, baina quebectar asko harritu egin ziren Londres Eskoziarekiko hain eskuzabal ikusita.

Nola ari da jarraitzen Quebec Kataluniako afera? Zer iritzi duzu bertan gertatzen ari denaren inguruan?

Egoera gatazkatsua da, oso gainera. Madril izaten ari den jarrera ulertezina da guretzat. Biolentzia maila, errespetu falta eta katalanek oinarrizko askatasun demokratikoak urratuta dituztela ikustea, 2017an eta Europar Batasuna bezalako ustezko erakunde demokratiko batean, sinestezina da. Gainera, Europar Batasunaren zein kontinentean zeharreko ezkerraren erantzuna ulertezina iruditzen zaigu; guretzat ezkerrekoa izatea eta autodeterminazio printzipioaren aurka egitea ez datoz bat. Quebeceko tradizio politikoan autodeterminazio printzipioa ezkertiarra izatearen baitan doa, naturala da. Harrigarria da benetan ikusten ari garena.

Katalunian kide bat dauka gure alderdiak, katalanei elkartasuna adierazte aldera. Elkartasun mozioak ari gara onartzen hala Asanblea Nazionalean nola Kanadako Legebiltzarrean ere. Egin dezakegun guztia ari gara egiten. Baina egia da sinesgaitza egiten zaigula EBren jarrera ikustea. Estatu espainiarraren kasuan aurreikus zitekeen zerbait da, ez ordea EBko estatuengan. Quebecen inork ez luke autodeterminazio printzipioa horrela kriminalizatuko.