Ion Salgado
ERREALITATE IKUSEZINA

Arabako herrietan kezkagarria da indarkeria matxistaren ikusezintasuna

Herri txikietan indarkeria pairatzen duten emakumeek dituzten zailtasunez ohartarazi du Arabako Foru Aldundiak argitaratu berri duen diagnostikoan. Landaguneetan indarkeria matxistaren «ikusezintasuna» kezkagarria dela azaltzen da kaleratutako txostenean, eta emakumeei zuzenduriko sare seguru bat sortzea proposatzen da.

Urriaren 3an emakume baten gorpua agertu zen Miranda de Ebron aparkatuta zegoen auto batean. Ana Belen Jimenez deitzen zen, 44 urte zituen eta Lantaronen bizi zen, zehazki Araba hegoaldeko udalerria osatzen duten hamabi kontzejuetako batean, Turiso izenekoa. Herri txikia. Harriduraz hartu zuten bertakoek auzokidearen heriotza. Ez zuten bere egoera pertsonal latza ezagutzen, askotan gertatzen den bezala, ezin zuten sumatu ere egin bikotekideak hilko zuenik. Inork ez zuen espero matxismoaren kolpea, izan ere, landaguneetan matxismoaren biktimak zailtasun ugari dituzte beraien egoera salatzeko.

Hala nabarmentzen du Arabako Foru Aldundiak argiratu berri duen diagnostikoak. Testu horretan azaltzen denez, «kuadrilla askok herrigune txikiak dituzte eta beraien artean zein Gasteiz hiriburutik isolaturik daude. Eta herrigune txikiak dira emakumeek gizarte presioa eta bizilagunek esango dutenaren gaineko beldurra gehien sufritzen dituzten espazioak». Jarraian nabarmentzen denez, «egoera horrek, epe luzera, biktimak ohiko bizilekua uztea dakar, eta, sarri, hiriburura behin betiko bizitzera joatea. Gizarte presioaren beldurragatik zein erasotzailearekiko distantzia nahikoa jarri ezin izateagatik norberaren herria utzi beharra izateak erasotzaileei sostengua –ez esplizitua– ematea suposatzen du, eta ez biktimei».

Landaguneetan indarkeriaren ikusezintasuna «kezkagarria» dela ohartarazten dute diagnostikoaren egileek. «Biztanleriaren batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da. Datu horrek irudikatzen du tratu txarrak atzean utzi eta bizi duten egoeratik irteteko bidea hasten duten emakumeek uste asko daramatzatela indarkeriari aurre egiten. Indarkeria hori kronifikatu egin dela irudikatzen du», diote. Hala, emakume nagusiekin lanean jardutea lehentasunezkoa dela azpimarratzen dute, «ez bakarrik bikotekideen partetik jasaten duten indarkeriagatik, baizik eta beste senide batzuen partetik ere jasan ditzaketen indarkeria egoerengatik». Hori horrela, adituen ustez, «beharrezkoa da egoerok identifikatzeko eta biktimei laguntzeko sarea handitzea; adibidez, osasun langile eta laguntzaileen bidez».

Baliabide, udal politika eta langile urriko kuadrilletan ere, indarkeriatik ateratzeko prozesuari hasiera ematen dioten emakumeak egon badaudela nabarmentzen dute diagnostikoan jasotako datuek. «Egoera ezin kezkagarriagoa iruditzen zaigu biktimen egoera zailagatik: batetik, laguntza zuzena eta fidagarria ez izanda ere, hitz egitera ausartzen direnengatik; eta bestetik, behar duten laguntzarako tresna instituzional eta sozialak aurkitzen ez dituzten emakumeen ezkutuko kasu guztiengatik. Hil edo bizikoa da kuadrilla guztiek indarkeriaren biktimei laguntzeko langileak, baliabideak, formakuntza eta beharrezko tresnak izatea», diote. Jarraian, honako mezu hau azpimarratzen dute: «Indarkeria matxistari buruz hitz egitean, ‘hil edo bizikoa’ dela esatea ez da metafora hutsa».

Txostenean jasotako gomendioak

Egoerari aurre egiteko, landa-guneetan emakumeei zuzenduriko sare seguru bat sortzea proposatzen da diagnostikoan. «Arreta ibiltaria esku hartze eraginkorrerako bidea izan daiteke, batez ere gizarte presioaren eraginez oztopoak aurkitzen dituzten emakumeentzako», jasotzen da testuan. «Kontzientziatu eta sentsibilizatutako gizarte bat emakumeentzako segurtasun sarea da. Sarea bera da prebentzio kanpainarik onena», gaineratzen da txostenean. Hainbat ekimen zehatz ere proposatzen dituzte egileek, herritar guztiei zuzendutako berdintasunari eta indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak, kasu.

Txostenaren egileen ustez, garrantzitsua da ikastetxeetan bai bikote nerabeen arteko indarkeria bai eskola jazarpena landu dituen “Hitz-kolpez” programarekin egindako ahaleginarekin aurrera jarraitzea. «Halaber, hezkuntza zentroen arteko esperientzia elkar trukea bultzatzea interesgarria izango litzateke; horrela, hezkidetza politikak gutxien garatu dituztenek programok gehien garatu dituztenen emaitzak ezagutzea posible izango litzateke». Prebentzio lanean, indarkeria kasuen detekzioan eta harreran lan egiten duten zerbitzuen eta eragileen arteko koordinazioa zehazteko herrialdeko protokoloak lantzea proposatzen dute. «Protokoloek, ekintza guztien oinarri eta laguntza gisa balio behar lukete».

Osasun zerbitzuak, Ertzaintza eta ikastetxeak kontuan izango dituzten erakundeen arteko koordinazio mekanismoak ezartzea ere gomendatzen dute adituek; «horrek koordinazioa, arreta eta arreta emandako kasuetako datu bilketa bera hobetuko du». Aiarako kuadrillaren kasuan, Artziniega, Aiara eta Okondoko udalen eta Laudio eta Amurrioko udalen arteko elkarlan mekanismoak ezartzea gomendagarria dela diote, «izan ere, azken horiek indarkeriaren biktimei arreta emateko baliabide gehiago dituzte. Esperientzia gehiago ere badute pilatuta».

Halaber, kuadrilla desberdinetako erakundeetako ordezkariei egindako elkarrizketak oinarri, erreparazio sozialaren inguruko hausnarketarik ia ez dela ematen nabarmentzen da diagnostikoan. «Biktimekiko konpromiso sozialaren gaineko hausnarketa bat abiatzea beharrezko da; arreta indibidualetik harago joan eta gizartearen benetako elkartasuna erakusten duena. Indarkeria matxista gizarte egiturei loturik dagoela eta ordena sinbolikoari jarraituz behin eta berriz errepikatzen dela ulertzen dugu, hortaz, kaltearen ordaina ezin dugu soilik epaitegien edota emozioen eremuan kokatu. Biolentziari aurre egin dioten emakumeentzat gizarte-ordaina eta biktimen aitortza bezain garrantzitsuak dira arreta pertsonalean jasotzen dituzten baliabideak».

Formakuntzari dagokionez, txosnaren egileek maila eta interes ezberdinak biltzen dituen programa trinko bat lantzea gomendagarria izango litzatekeela diote, «eta ez izatea soilik noizean behin ematen den ikastaro bat». Haien ustez, «politikariei zuzenduriko formakuntza berdintasunari, generoari eta emakumeen kontrako indarkeriari buruzkoa izan behar da. Eta bertan, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako politikek gizartea eralda dezaketenaren ikuspegia landu behar da».

Era berean, indarkeria kasuak detektatzeko teknikarien formakuntza hobetu daitekeela diote adituek. Eta, elkarte sareari dagokionez, dibertsitatea hartu behar dela kontuan; hortaz, «gaia landu ez duten erakundeak, nolabaiteko sentsibilitate maila dutenak eta indarkeriaren kontrako borroka eginkizun nagusitzat dutenak ezberdindu egin behar dira bakoitzari bideratutako formakuntza espezializatua eskaini ahal izateko. Halaber, landaguneetako elkarteen ezaugarrietara egokitutako diru laguntzak beharrezkoak dira, emakumezko bazkideen ezaugarriei erantzungo dietenak eta beste emakumeekin dituzten harremanen bitartez haien ekintzen inpaktua handituko dutenak».

Datu bilketari so egitea ere oso garrantzitsua dela azaltzen dute txostenaren egileek. Diotenez, datuak biltzeko sistema koordinatzea, eguneratzea eta hobetzea beharrezkoa da, «kuadrilla bakoitzean ematen diren indarkeria matxista adierazpenen erradiografia argia egin ahal izateko. Laguntza jaso dutenen ezaugarriak eta indarkeriatik ateratzeko prozesuen ezaugarriak ezagutzeko ere beharrezkoa da datu bilketa hobetzea». Helburu hori lortzeko, hurrengoa proposatzen dute: «Metodologia edota oinarri komun bat diseinatzea datuak sistematizatzeko. Kasuak bikoiztea saihestuko luke eta zerbitzu desberdinek datuak gurutzatzea ahalbideratuko luke, existitzen diren kasuen benetako informazioa emanez».

Amaitzeko, oso kontuan izan beharreko gomendio bat: «Kuadrilla bakoitzeko diagnostikoek argi uzten dute harreman zuzena dagoela pertsonal politikoa izendatuta izatearen eta ezarritako politiken jarraipena egiten duten berdintasun planak izatearen artean eta indarkeria matxistaren gaineko baliabideak zein laguntza neurriak nola aplikatu ezagutzearen artean».