Miren Azkarate Badiola

Estremera, bost izar

Ze gogo sartu zaidan toki hori ezagutzeko! Zuei ez? Luxua, gela indibiduala edo lagun batekin elkarbanatua, igerilekua, liburutegia, gosaria, bazkaria eta afaria dena barne, antzerkia, dena garbi-garbia, mediku zerbitzu ezin hobeak! “Marina d’Or Ciudad de vacaciones” ematen du, ezta? Edo are hobea!

Ba hau berria omen da, lehengoan Espainiako Atzerri ministroari entzun nion Estremera delako leku batez horrelako hitz politak eta deskribapen zoragarri hori egiten.

Ezin nuen sinetsi kartzela batez horrelako azalpen bat egin zitekeenik. Baina bai, hor zegoen Alfonso Dastis ministroa ahoan irribarre batekin, ez presoek bakarrik, edozeinek nahiko lukeela horrelako leku batean bizi esanez. Aurpegia behar da gero, eta barrena, horrelako baieztapenak egiteko. Errespetu gutxia edo eza aipatu gabe noski! Espetxeaz ari zen. Pertsona bati bere askatasuna kenduko dion leku batez. Luxutik ezer ez duena, espazio zikinez osatua, bizileku bezala bederatzi pausu aurrera eta atzera egin dezakezuna, ez duzuna gainera aukeratzen zeinekin partekatzen duzun, ezezagun baten aurrean dutxatu eta kaka egitera behartuta zauden ziega batean, beste 143 pertsonarekin banatuko dituzun espazio komun eta txikietan, igerilekua bi hilabetean zehar astean behin ikusiko duzuna (kasurik onenean), antzerkia berdin, medikua ez dakizunean mediku den edo iturgina (hori bere aurrera iristea lortzen duzunean), eta abar luze bat.

Hain zoragarria izanik Estremera, halaxe salduko al die bere alderdiko auzipetu guztiei? •