Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

GORKA ARBULU

Etxean beti euskararen aldeko giroa bizi izan du, baina Bai Euskarari jaialdian euskaraz bizitzea erabaki zuen, 10 urterekin. 16 urterekin euskara irakasten hasi zen AEKn, eta bertan jarraitzen du ia 30 urte geroago, orain Arabako koordinatzaile gisa. «Bolada kritiko» bat bizi izan ondoren, optimista da, ez dagoelako amore emateko prest.

E uskahalduna. Gaztetik euskara irakaslea, AEKri lotua gazteagotik, 16 urterekin bertan euskara ikasten hasi zenetik, hain zuzen. Gaur egun AEK-ko Arabako koordinatzailea da. Guztiz bat dator betidanik AEKren izaerarekin, euskara irakatsi eta sustatzeko helburuarekin, alegia. «Ez da negozio bat»; hala ere, azpimarratu nahi du erakunde horren profesionaltasuna. Negozio bat ez izateak ez omen du esan nahi inondik inora gauzak ganorarik gabe egiten dituztela. «Baina bihotzez egiten dugu lan, bai AEKn bai oro har euskalduntze sarean». Diru-laguntzek orain arte euskaltegien biziraupena baino ez omen dute bermatu. «Zatiketak egon dira, ikuspuntu desberdinak, baina helburu berari eutsi diote denek», dio.

Zatiketa horietako baten ondorioz hasi zen euskara eskolak ematen, AEK eta IKA banandu zirenean, hain zuzen. Beharrak eragindako kasualitatea izan zen. Bestela ez daki irakasle izango zen. 18 urterekin, euskaltegiko ikas prozesua bukatu berritan, Euskal Filologia ikastea erabaki zuen, eta, AEKn irakasleak behar zirenez, Glotodidaktika ikastaroa egin eta eskolak ematen hasi zen, «EGArik ere ez nuela». Urte hartan bertan aterako zuen, ordea. Garai hartan gazte mugimenduan ere militatzen zuen. «18 urterekin txosneroa nintzen!».

Euskara, iparra

Gorka gasteiztarra da, familia arabarrekoa, Errioxakoa, hain zuzen. Guraso biak erdaldunak dira, baina familian abertzaleak izan dira aspaldidanik eta Euskal Herriarekiko eta euskararekiko atxikimendua aurreko belaunaldietatik datorkio. Oso gazte zela argi ikusi zuen euskara ikasi eta euskaraz bizi behar zuela, izeba Begok Gorkaren arreba eta bera San Mamesera eraman zituenean, Bai Euskarari jaialdira. Arrebak, bera baino sei urte nagusiagoa, AEK ezagutzen zuen, eta haren bidez jakin zuen gau-eskolen berri.

Eta horrek markatu egin zuen, Gasteizen inoiz bere adineko jende asko, abertzaleak izanda ere, «urrun» sumatzeraino, euskara dela eta. Gogoan ditu gaztetan izan zituen irakasleak, gaur egun IKAn daudenak; oso harreman polita du haiekin. «Eta hor jarraitzen dute, Gasteizko helduak euskalduntzen». Bere bizitzan gertatutako gauza askotan, oro har bere bizitzan, euskara nolabait iparra izan dela dio. «Bitxia da hizkuntzak pertsona batengan horren eragin handia izatea».

Amets Arzallusen esaldi bat ekarri du solasera: «Zure ama hizkuntza da zuk aukeratzen duzuna». Gorkak honako hau gehitu du: «Zuk aukeratu eta zure burmuinak asimilatzen duenean. Zuk zeure lehenengo hizkuntza bihurtzen duzunean. Euskara ez da nire ama hizkuntza baina nire lehenengo hizkuntza da».

1996aren hasieran euskaltegia utzi zuen, halabeharrez. Euskal gatazka bere gordinenean zegoen, atxiloketak ohikoak ziren, eta hainbat euskal gazte bezala, kartzelara sartu zuten Gorka ere, hiru urtez. Urte eta erdi kanpoan eman ondoren, beste urte eta erdi bete beharra izan zuen. Gauza asko ulertzeko balio izan omen zion kartzelak, esate baterako, bere burua hobeto ezagutzeko, baina baita besteekiko harremanen arloan ere. «Etorkinekiko nire lehen harremanak kartzelan izan ziren, beste kultura eta hizkuntzak ezagutzeko, oso aberasgarria izan zen». Bere bizitzaren puskatxo bat baino ez dela izan kartzela dio Gorkak, eta gogorra izanda ere, ez du damurik. Ikasgai handiak atera eta pertsona gisa hazi egin zen. Gogoan du azken urtean, Madrilen, «oso izorratuta» egon zela, lagunekin komunikatzeko oztopo handiak zituen, zeldan itxita... Euskararekin ere ahalegin berezia egin behar izan zuen. «Euskara urruntzen zen heinean» Euskal Herria ere urruntzen zitzaiola nabaritzen zuela dio.

Kartzelatik irten eta luze gabe hasi zen berriro euskara irakasle. Zenbait urteren buruan, ordea, «bolada kritikoa» bizi izan zuen. «Ez nuen oso argi zertan ari ginen». Zalantzaz beterik, ez zion Euskal Herri euskaldunari etorkizunik ikusten, ez baitzuen borondaterik sumatzen eragile izan behar zuten sektore soziopolitikoetan.

Ahaldunduta

Gogora ekarri ditu garai batean abian jarri ziren egitasmo mordoa (ikastolak, euskaltegiak, Korrika, Araba Euskaraz, gaztetxeak, irrati libreak...) eta horien bidez euskarak hartu zuen presentzia, «baina puntu batera iritsi zen hura guztia eta gizartean modu hedatuagoan beste jauzi bat eman beharra zegoen». Ezina sumatu zuen Gorkak, ez omen zuen ahalegin berezirik ikusten. Pentsatu zuen inork ez zuela sinisten Euskal Herria benetan euskalduna izan daitekeenik. Baina baita ezin zuela sentimendu hori barneratu ere.

Eta bolada hura gainditu zuen. «Ditugun lege markoak izanda, orain dela gutxi arte gatazka bortitza eta pasatu ditugunak pasatuta, optimista behar dut izan. Ez nago prest amore emateko!».

Bi zutaberen premia sumatzen du Gorkak: gogo pertsonala eta gogo kolektiboa. Eta kolektibotasunaren barruan, herri gogoa eta administrazio egituren eta oro har entitateen gogoa: enpresena, elkarteena… Mesfidantzak baztertu beharra ere nabarmendu du.

Lehenengo geltokia doakotasuna omen da, «ez guretzat, denontzat baizik». Baita lana eta familia bateragarri egitea, edonork euskara ikasi ahal izan dezan. Ezinbestekoak iruditzen zaizkio «aterki juridikoa» eta hizkuntza politika integrala. «Ondo dago normalizazio planetan baliabide nahikorik ez badago lehentasunak jartzea, baina lehentasun horien premiaren aitzakian ezer baztertu gabe». Momentuz euskararen lurraldeak batzen dituen administrazio baten faltan, dagoenarekin lan egin beharra dagoela dio, eta gaur egun inoiz baino aukera handiagoak omen daude, Nafarroako Gobernuaren profila eta Ipar Euskal Herriko Elkargoa kontuan izanda. Hankamotz iruditzen bazaio ere, norabidea hartuta dagoela uste du.

Bat dator euskarak orain duen erronka erabilera dela diotenenekin. «Alde batetik, masa kritikoa pizteko. Baina erabilera bultzatzea bada ere euskaraz bizi nahi dutenei horretarako aukera ematea, euskaldun aktiboenei ingurune bat ematea, eta, aldi berean, erdi-euskaldunak direnei, eta erdaldunei, euskaraz bizi daitekeela eta askok bizi nahi dutela ikusaraztea. Jakina, badaude interesatzen ez zaienak eta kontra daudenak, nazio kontuak direla eta. Zer egingo diogu? Zu senti zaitezke euskalduna, espainola, basko-espainiarra, euskaldun-espainiarra… baina hizkuntzak ez dizu sentimendua aldaraziko. Beste kontu bat da euskara ikasita beharbada beste mundu bat aurkituko duzula, eta buztana eta adarrak zituzten horiek jende maitagarria direla ikusi eta euskaldunei buruzko kontzeptua aldatuko duzula».

Enpatikoa omen da Gorka hizkuntza ikasteko prozesuari dagokionez, denen arazoak ulertzen dituela dio, «baita alferkeria apur bat dutenenak ere». Baina malgutasun horren barruan, «Euskal Herriak euskalduna izan behar duela uste dut, eta izan daitekeela». Beldurraren eta mugaren langa kendu dio bere buruari, gauza askoz osatuta zegoen langa: legeez, pertsonaz, bizipenez… Eta uste du euskaltzale aktiboak ahaldundu egin direla. Bera, behintzat, bai. •