Maider Iantzi Goienetxe
Entrevista
Sebastian Lizaso
Txapela jarriko duen txapelduna

«Aitarentzat esker on bat da. Lizasotarren familiarentzat ohore bat»

Bertsoa eta bularra batera hartu zituen. Hizketan bezala egiten du bertsotan, bertsotan bezala hizketan. Bizkorra da erantzuten. Jaialdi borobil baten brotxea izatea nahi du txapela jartzea.

Aita Joxe hazi zen auzoan bere oroitarri bat dago, eta bisita egin behar ziola eta Azpeitira joan behar zuela aipatu zion Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak Sebastian Lizasori. Ailegatu zirenean, Sebastiani ez zion kasurik egin. Aitari hasi zen kontuak erraten: «Kaixo, Joxe. Aspalditik zor nizun bisita hau eta etorri naiz. Hor zaude, zeure txapel eta guzi, dotore asko. Lehen ere bizitzan zehar hamaika aldiz jantzi eta erantziko zenuen txapela, baina ez zenion txapeldun bati inoiz txapelik jantzi. Baina ondorengoak utzi dituzu eta bat txapelduna, gainera. Eta aurten hau izango da txapeldun berriari txapela jarriko diona».

Pasa-pasa eginda gelditu zen Sebastian. «Inoiz ez zitzaidan burutik pasa halako gauzarik egin behar nuenik ere. Zeharo emozionatu nintzen eta pixkanaka-pixkanaka sustoa irensten joan behar. Gutxiren esku dagoen ohore bat da. Ikusi nuen aitarentzat esker on bat zela, niretzako bakarrik ez. Lizasotarren familiarentzat zela ohore hori eta ez nuen dudarik egin baiezkoa esateko».

Bi semeak bertso munduan dituzu. Beñatek txapelketan parte hartu du. Nola jarraitu dituzu saioak aita gisa?

Neu nenbilen garaian ez nuen pentsatzen aitak zer sufritu behar zuen, baina Beñat ibili den garaian niri tokatu zait sufritzea. Beti gehiago nahi duzu.

Nola ikusi dituzu semea eta bertso lagunak?

Nik uste dut saio politak izan direla, gertatzen dena da ez dudala entzun saio bat osoa, borobila. Ale bikainak asko izan dira, baina jaialdi osoa ez dut uste inon lehertu denik.

Zein oroitzapen gordetzen dituzu txapela irabazi zenuen 1986ko txapelketa hartatik?

Orduan Bertsolari Elkartea zenak antolatu zuen lehenengo aldiz. Apustu handia zen. Inoiz ez zen Belodromoan halako ekitaldirik egin. Puntuaketa bistan ematen zen lehenengo aldia zen. Antolakuntza aldetik oroitzapen onak ditut, talde lan asko egin zelako eta behar genuen laguntza guztia izan genuelako. Finalera lasai samar joan nintzen goizetik eta arratsaldeko kartzelako lana etorri zenean, bertsolari denak pasa zirenean txapela niretzako zela aurkezleak baino lehenago esan zidan publikoak. Poza eta sustoa sentitu nituen. Amuriza eta Lopategi ziren faborito, hirugarren izenik ez zegoen. Sustoak susto txapel eta guzti etxera!

1982tik 1997ra parte hartu zenuen txapelketan eta denetan iritsi zinen finalera.

Bai, gainera uste dut egin nuela bitan bigarren, batean hirugarren eta azkenekoan ere bigarren nintzen eta baneukan 2001ekoan finalean zuzenean sartzeko aukera. Baina erabaki nuen txapelketetan nahiko ibilbide egin nuela eta ez joatea.

Gaizki pasatzen zenuen lehian?

Txapelketan beti pasatzen da gaizki. Lanera joaten zara eta nekeza da gozatzen. Eguna oso luzea da, tentsio ikaragarria… Plazakoa arinagoa da.

Plaza gehien egiten dituen bertsolarietako bat zara. Zenbat egiten dituzu urtean?

140-150en bueltan ibiliko naiz. Garai batean eromena izan zen. 200en bueltan ibiltzen ginen eta hori esajerazio bat da.

Adin Adin proiektua ere sortu duzu. Zahar etxeetan bertso saioak antolatzen dituzue.

Adineko jendearentzat altzari eta gruak saltzen egiten dut lan, egoitza asko bisitatzen dut eta pentsatu nuen merezi zutela proba egitea. Hasi ginen eta oso emaitza onak izan ditu. Geldirik egon ezin diren pertsonak mugitu ere ez dira egiten. Jende askok ume garaian ikasitako bertsoak kantatzen ditu. Oso esker onekoak dira. Asko emozionatzen dira. Hiru urtean egin dugu, eta jarraitzeko asmoarekin.

Zerk betetzen zaitu plazetan?

Giroa egoteak, bertsozaleak egoteak eta saioa egindakoan jendearengana iristeak. Horregatik, jaialdietan publikoa ikustea gustatzen zait. Hala badakizu nola erreakzionatzen duen eta bertsoa iritsi den bere tokiraino. Hori lortzen baduzu etxera pozago etortzen zara.