Maddi TXINTXURRETA AGIRREGABIRIA
GENERO GOGOETAK

Bertsolaritza gorpuzten duten bazterreko gorputzak

Baserriko emakumeari. Gai hori eman zion Nikolas Zeberio gai-jartzaileak Sebastian Lizasori 1993ko abuztuan, Goiazko pilotalekuan, berrehun-bat entzuleren begiradapean. Mikrofonora hurbildu zen Lizaso: «Kaletarra naiz baina badaukat baserriko informea/ etxekoandrea izaten dala beti fina ta xumea/ atseden gutxi eta gainera ia urtero umea/ benetan diot, sufritu bat da baserriko emakumea/ bera da ama, etxekoandre, langile ta neskamea».

Aurten, Zumaiako saioan, Miren Artetxek eta Nahikari Gabilondok hoteleko garbitzaileen azaletik abestu zuten, zirudienez, Lizasok garai batean emandako emakume idealaren deskribapenarekin gogaituta, deseroso eta haserre. «Hotelekoak bukatzen dira eta etxekoak hasi», abestu zuen Artetxek. Eta Gabilondok bukatu zuen bertsoaldia: «Hemen gutxitxo kobratzen degu ta han askoz gutxiago».

Bertsolaritza aldatuz doa. Agertu dira, aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian, hilekoari buruzko bertsoak, zaintza lanak proposatu dituzten gaiak, gorputz transgenero bat txalotu duten esku-ahurrak. Bertsolaritza asko aldatu da, 1452ko foru-legeek profazadoreak –emakume bertsolariak– bertsotan egiteagatik zigortzen zituztenetik, baita ere 1993an Lizasok kantatutako bertso hartatik. Aldatzen ari da, nahiz eta hogei epaileetatik bost izan diren emakumeak, nahiz eta zortzi finalistetatik bakarra izan emakumea.

Lau bertsolarik feminismotik behatu dute txapelketa, eta euren iritzia orriotara ekarri: Miren Artetxek, Odei Barrosok, Ane Labakak eta Jon Martinek. Guztiek esan dute aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia «mugarri» ez bada «aurrerapauso handia» izan dela, baina Txapelketa Nagusia plazetatik datorren lanketaren emaitza besterik ez dela.

Jone Miren Hernandez EHUko antropologia irakasleak ere aztertu du BECerako ibilbidea. Berak ñabartu du ez zuela «mugarri» hitza aipatuko, baina «elementu interesgarriak» agertu direla dio.

Horrez gain, esan du aldaketarako motorra emakumeak izan direla: «Nik aldaketa bakarra azpimarratuko nuke: baztertuta zeuden zenbait subjektuk, norbanakoak zein kolektiboak, beraien egoerari buelta emateko adierazitako gogoa. Hau da: emakume bertsolarien egoerari buelta ematen hasi zaio, emakumeek hori bultzatu nahi izan dutelako. Prozesuan, gizonezko asko izan dira bidelagun; eta, hainbatetan, testuinguruak ere lagundu du. Baina oinarrian emakumeen gogoa eta lana dago».

Jon Martinek uste du azken txapelketa «historiara» pasatuko dela «generoak bertsolaritzan izan duen eraginagatik». Hala ere, datuekin geratzeko arriskua aipatu du: «Lehenengo bueltan emakumeek sekulako egurra eman ziguten gainontzeko guztioi. Bigarren bueltan ez da errepikatu, eta ez dut uste kontrako irakurketa egin beharko litzatekeenik. Ez zaie hainbeste datuei begiratu behar, baizik eta globaltasunari».

2017ko Txapelketa Nagusiak begirada asko hartu ditu bere gain, sare sozialen eraginagatik. Hernandezek, baina, gogorarazi du txapelketak «eragina» duen arren, «lau urtean behin» gertatzen dela: «Txapelketak fokua jartzen du hainbat gaitan eta tentsio bat sortzen du, tentsioa iturri edo baliabide sortzaile gisa ulertuta. Baina egun, tentsio foku asko ditugu inguruan, txapelketa horietako bat da, inportantea, baina baita mugatua ere».

BTN17ko ikasgaiak

«Aurrekoan entzun nion Jone Miren Hernandezi, duela lau urte arte jartzen ziren gaiak egunkarietako titularretan agertzen direnak zirela, maiuskulaz idazten den politika horri buruzkoak. Iruditzen zait orain aldaketa egon dela feminismoak esaten duen bidetik, pertsonala politikoa dela; orain leku egiten zaio minuskulaz idatzitako politika horri. Gaiak askoz egunerokoagoak dira, lurtarragoak edo ukigarriagoak», iritzi du Ane Labakak.

Miren Amurizak gorputz arrotz, arraro bat taularatu zuen Zallako kartzelakoan, 82 urteko emakumearena. Argazkia atera zion bere buruari: «Aluan ez dut ilerik, besapeetan bi trabes», zioen Amurizak. «Niretzat ederra bada, besteentzat zergatik ez?».

Zer esan Maialen Lujanbioren Irungo kartzelakoari buruz? «Gizona eta andrea nauzu, ez andrea ez gizona/ nire inon ez egon nahia ote da zure ezinegona». Bertsoaldiak tauletan agertzeko aukera gutxi dituen gorputz bat taularatu zuen.

Nerea Ibarzabalek hilekoari buruz abestu zuen Amurrioko kartzelakoa, eta puntu honekin bukatu: «Iruditzen zait ez daukadala honetaz zertan lotsatu».

Hiru bertsoaldiek, zeintzuek gorputz itsusi, arraro eta zikinak bihurtzen dituzten protagonista, mikrofonotik hitz egiteko aukerarik ez duten ahotsak haizatu zituzten. Eta bertsolariek abestu zuten biktimaren papera hartu gabe, bazterreko gorputzak maitatuz, usainduz, biluztuz. Eta galdera antzekoa planteatu zuten hirurek: «Ni nire gorputzaz harro banago, zuri zergatik egiten zaizu arrotz?».

Bertsoaldiok minuskulazko politika horren gainean egindako lanketa berresten dute. «Txapelketa honetan genero ikuspegia txertatzeko lanketa egin dela nabarmena da. Deigarria izan da, esaterako, gaiek zaintzaren inguruko gatazkak edo emakumeen prekarietatea plazaratu izana. Bestalde, nabarmen igo da gai irekietan genero gaien presentzia. Alde horretatik oso eskertzekoa da bai gai-jartzaile taldeak eta bai bertsolariek egindako ahalegina», esan du Miren Artetxek.

Zaintza gaiei begira, agertu dira oholtzan lagunekin bizitzera joan nahi duen Downen sindromea duen ume baten gurasoak, gurasoak zaintzeko txandak egiten dituzten anai-arrebak, agertu zen Baigorrin Alaia Martin bost egun desagertuta daraman neskaren amarena egiten, alabari gau beltzetan gerta zekiokeenarekin arduratuta: «Beldur askotara egin izan dit buruak alde/ bortxatuta hil dutela pentsatu izan dut halare./ Neskok beti beldurrera kondenatuta al gaude?».

Maddalen Arzallusek Tolosan abestu zuen gizonezko gudari baten alabaren bihotzetik, bertsotan askotan goraipatua izan den figuraren ifrentzuari buelta emanez: «Herriarentzat ona zen, baina, guretzat kalte izan zen».

Aipatu lanak txalotuak izan ziren, baina egon da bestelako sentsaziorik, Artetxeren aburuz: «Bada sentsazio bat, bat-batean denok garela feministak, gai guztiak direla guri buruz, eta ez direnean ere ‘gure terrenora’ ekartzen ditugula. Baina, besteen zaintza lanik gabe inor ez litzateke gai izango bertsolari izateko, ez gizon ez emakume. Bestalde, prostatari eta zakilei buruzko zenbat txiste egin ote ditugu… Hilekoari bakarkako bat eskaintzea justizia poetikoa baino ez da. Alta, badirudi orain balantza ‘gure alde’ jarri dela».

Bestalde, feminismoa oraindik ez dela bertsolaritzako bazter guztietara iritsi uste du Artetxek, «hutsuneak» daudela: «Feminismoaren diskurtsoa politikoki zuzena bihurtzen ari da txapelketan ere; alta, gutxi aipatzen da txapelketak berak nola eragiten duen genero-arteko botere harremanetan, edo nola eragiten duten genero arteko botere harremanek txapelketan».

Oholtza

«Kristalezko sabaian kax-kax» egitera atera zen Miren Artetxe Durangoko saiora, eta bukaerako agurra bertso eskolako neskari eskaini zion, askok nerabezaroan bertsolaritza uzten dutela eta: «Utzi ez utzi, segi ez segi, etengabeko borrokan/ errurik eta damurik gabe utz ezazu uztekotan».

Oholtzako nahiz oholtzapeko presioak aipatu ditu Artetxek, maiz emakume nerabeak bertsolaritzatik aldentzerainoko indarra egiten dutenak: «Bertso afari askotan, lehen plateretik azken burukora zure eguneroko biziarekin zerikusirik ez duten gaiez hitz egiten da. Eta moldatu beharra daukazu, ohartzen baitzara zure kezkek ez dutela interes handirik. Mundu arrotz batean bizirauteko estrategiak garatu behar dituzu».

«Ez gaituzte fokupean egoteko, espazio publikoa gureganatzeko eta hitza hartzeko hezi», iritzi du Artetxek. Espazio publikoak gizonezkoek okupatzen dituztela dio, «eskolako jolaslekuan izkinak» egokitu zaizkiela neskei, «erdigunea» mutilena dela. Bertsolaritzan berdin gertatzen dela dio: «Neska batek bere gorputza eta ahotsa oholtzara igotzen dituenean, ez da baldintza ‘normaletan’ taularatzen. Hori egiteko, indar eta gogo handia behar da. Baita gaur egun ere».

Ane Labakak hari berdinetik egin du tira: «Bertso eskoletan lanean ari naizela, gazteekin eta umeekin ikusten dut askoz lizentzia gehiago ematen dietela mutilek euren buruari jendaurrera ateratzeko, trabatu behar badute trabatzeko; eta, neska batendako, jendaurrera aterata hanka sartzea pasa dakioken okerrena da».

Batez ere nerabezaroan, baina baita gerora ere, oholtza haitz puntadun agertzen zaiela emakume bertsolariei, oztopoak oztopo eskalatu beharrekoa; eta, behin goian, lasaitua hartzetik urruti, bertigoa ematen diela amildegiaren alturak, kristalezko sabaiaren isla bihurtzen baitzaie zorua, garden eta labainkor, eta amiltzearen beldurrak, bertsotan hanka sartzearenak, aise herdoildu dezake bertsolariaren kantua. Gauzak horrela, nola liteke posible emakume bertsolariak oholtza hartzea, eta, are, ahots dardartirik gabe tenplea mantentzea talaia ezegonkor horretan, Txapelketa Nagusiko saio bateko lehen bertsoaldian bertan sudurra odolez hasita ere? Bada, batik bat, emakume bertsolariek gaiaren inguruan egin duten «lanketa, lanketa, lanketa eta lanketa»-ri esker, lau aldiz aipatuta, elkarrizketatutako lau bertsolarien ahoetatik.

Lanketa horren kargu hartu dute bertso eskola batzuek, nesken ahalduntzean begirada jarrita. Dena den, bertsolaritzaren munduan genero ikuspegia lantzen ari bada ere, gainontzeko esparruetan –familian edo hezkuntzan kasu– prozesu bera ematea beharrezkoa dela uste dute Labakak eta Artetxek, bertso eskolek ezin baitute lanketa horren pisu guztia euren gain hartu.

Maskulinitateak

2017ko Txapelketa Nagusian inoiz baino emakume gehiagok parte hartzeaz gain, gizonezkoek euren teoria eta praxia moldatzeko aukera izan dute. «Maskulinitate hegemonikoarekin deseroso sentitu garenoi sekulako aukera ireki zaigu gure benetako ‘ni’-a erakusteko », esan du Jon Martinek. «Ez da eredu maskulino bakarra bizitzen gaur egungo oholtzan, eta errango nuke: eskerrak!», dio Odei Barrosok.

Oholtza gainekoa egurasten hasia da gizontasun hegemonikoaren ertzak zabalduz, eta azalpen erraza dauka horrek, Barrosoren aburuz: «Oholtzakoa biziki lotuta dago oholtzapekoari; bertsolariak aldatzen doaz gizartearekin batera». Hau da, bertsolariak ez direla salbuespen, gizartearen isla dela bertsotara ekartzen den hori, batzuetan askoren lanketa baino urrutiago doana, besteetan motz geratzen dena.

«Txapelketa sortzeko tresna da, baina baita ispilu ere», esan du Jone Miren Hernandezek. «Mahai borobil bat da, bazkal osteko mahai bat, eta hor agertzen diren gaiak gizartean dauden gaiak dira nagusiki. Iritzi ezberdinak agertzen dira, eraldatzaileak izan daitezkeenak. Bertsolariengan jartzen dugu fokua, baina gu denok gaude oholtza horretan, komunitate gisa».

Emakumeak ohitu egin behar izan dira gizonezkoekin bertsotan aritzera, oraindik ere gutxiengo izan ohi baitira plazetan. Alta, badira geroz eta emakume gehiago oholtzan, eta gizonezkoek ere ohitura desberdinak hartu behar izan dituzte emakumeekin oholtzara irtetean. Jon Martinen ustez, orain «gizonezkoak» hasi dira «oholtza gainean ezerosotasun bat» sentitzen: «Gizonezkook aukera handi bat daukagu gure jarduna berrikusteko eta nola kokatu nahi dugun birpentsatzeko».

Oholtzan emakume eta gizonak aritze hutsak, ordea, ez du berez maskulinitate eredua birplantearazten Hernandezen iritziz: «Gizartean, oro har, gizonezkoak, emakumezkoak… batera aritzen dira; familian, lan munduan... eta horrek ez dakar feminitate eta maskulinitate ereduen birplanteamendua. Ez dut zalantzarik aldaketak gertatzen direla eta hauek garrantzitsuak direla, baina zaila egiten zait modu orokorrean hitz egitea. Bertsolariak estralurtarrak iruditu arren, lurrekoak dira, besteok bezala».

Bertsolariak lurtarrak direnez gero, lerraldiak izaten dituzte. Txapelketa Nagusiak fokupean hartzen ditu, eta entzuleak zorrotz ditu belarriak; Jon Martinek aipatu «hiperkritikotasuna» eztentsu. Esaterako, Martin eta Agin Labururen Segurako ofizioak zeresana eman du.

Pintorearen papera egokitu zitzaion Labururi, eta paretako koloreekin konforme ez eta etengabe kolorez aldatzea desio zuen etxejabearena Martineri. Puntu hauek bota zizkion etxejabeak Labururi: «Radio Olé jarrita ibiltzen zera maiz/ zu joaterik ez dut nik desio garaiz/ egia da zurekin enamoratu naiz». Eta pintoreak horrela erantzun zion: «Hoi nola esaten dek zer dek “gey” edo “gay”/ etzekiat Jon baino nik hori ez diat nahi/ kamiseta horrekin pentsatzen nian bai».

Jon Martinek Bastidako saioan jantzita zeraman kamiseta arrosak errealitatea eta fikzioaren langa zeharkatu zuen, eta, neurri batean, Laburuk kantatutako bertsoaldiak ere bai. Pertsonaia eta pertsona nahastu zirela iritzi du Martinek: «Pertsonaiak esaten duena batzuetan pertsonari egozten zaio, eta uste dut kasu honetan Aginen pertsonaia zela hizketan ari zitzaidana, neronek ahalbidetu niola pertsona eskuindar edo zaharkitu samar bat izatea Radio Olé entzuten ari zela esan nionean. Interesgarria iruditzen zait, hala ere, entzuleriaren erreakzioan lupa jartzea. Horrek zuzenean eragingo dio bertsolariaren jardunari».

Sare sozialek sekulako oihartzuna eman diote Txapelketa Nagusiari, eta Agin Laburu eztabaidaren erdigunean izan zen Bastidako finalaurrekoaren ostean. Horrek bere jarduna maiztu zuela uste du Jon Martinek: «Esango nuke bertso horri buruz hitz egin den guztiak ziurtasun eza sortu ziola, eta baliteke Donibane Lohizuneko saioan horrek eragina izatea».

“Gezurra erran duzu, baina merezi izan du”. Donibane Lohizuneko kartzelako gaiak askorako eman zuen. Igor Elortza eta Julio Soto epailearen aurrean eseri ziren, ikusi ez zuten bortxaketa bat ikusi zutela esatera. «Gezurra ere esan liteke egia ez bada sinesten», zioen Elortzak; «ta horri esker errudun bat gaur sartuko dute kartzelan», esanez amaitu zuen bigarren bertsoa. San Fermin jaietan emakume bat bortxatu zuten bost gizon salatu zituen Julio Sotok: «neska bakarti ahulari» abestu zion, esanez «bost gizasemeak» ikusi zituela: «Nik uste neska gaixoak hainbeste merezi dula».

Gezurra esan zuten biek, Sotok abestu bezala «asmo on bat zela tarteko», baina bertsoaldiak aski kritikatuak izan ziren gaiari emandako trataeragatik. Pertsonaia heroiko eta salbatzailearen azalean jarri zirela, gurasokeriaz gainera, gizontasunaren pedigria zut.

Odei Barrosok bertsoon inguruko iritzia eman du, bertsolarien «pertsonalizazioa» ez duela atsegin azpimarratuz aurretik. Berak uste du bertsoaldi horiek ez luketela Elortzak eta Sotok generoaren inguruan egin duten lanketa zalantzan jarri behar, Donibane Lohizunen kantatutakoak «hogei segundoko» erabakiak direlako.

Martinek aipatu du kantaldi batzuetan «subkontzienteak» eragina duela, eta Barrosok ñabartu du bertsolariari askotan akatsek «ihes» egiten diotela gai bat «aurrez aski gogoetatua ez duelarik». Hala ere, Martinek dio ez dela ahaztu behar bat-batekoaren eragina: «Bat-batean ari gara, eta hanka sartzen dugu sarri. Batzuetan pentsatzen dugunaren kontrakoa esaten bukatzen dugu. Ez zait gustatzen bat-batekoaren irakurketa idatzizko eta patxadatsua».

Umorea

Bat-bateko bertsolaritzak bertsolaritzaren beraren jurisprudentziatik egiten du tira maiz. Izan daiteke bertsolariak ez duelako kantatzera igo aurretik bere erregistroa zabaltzeko lanketarik egin, baina, batez ere, badaudelako gai jakin batzuk bertsotan aspalditik normalak izan direnak, onartuak. Eta badira beste gai batzuk aurrekaririk ez daukatenak, normaltasunari bultzaka abestu behar direnak oholtzan tokia hartzeko.

Adibidez, zergatik jo zen transzendentaltzat Nerea Ibarzabalek Amurrion hilekoari buruz abestu izana, hilekoa berez normala bada eta munduko gorputzen erdiek bizi badute? «Emakume bat omen naiz orain ta edozertako prest nago/ orduan nola senti naiteke inoiz baino txikiago?». Gaiaren trataerak berak erakusten du, seriotasunetik abestu beharrak, esaten dena intimoa dela, eta intimoa dena abesteak ausartasuna eskatzen duela. Zergatik sentitzen da «inoiz baino txikiago» lehen aldiz izarapetik hilekoa usaintzen duen neska? Izarapeko gaia delako.

Bertsolaritzan bada jurisprudentzia bat, beraz, baldintzatzen duena zer abestu eta zer ez, eta umorearen erabileran maiz ikusten da. «Bertsotan mila txiste egin dira gizon lodiei edo burusoilei buruz; gizarteak onartzen die gizonei burusoil edo lodi egotea. Baina, emakume baten itxura fisikoari buruzko broma bat egitea, eta, gainera, publikoki, gizartean onartua ez dagoenez, ez da umoretsua. Justu kontrakoa, deserosoa da», azaldu du Ane Labakak, zeinak Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak esleitutako saria jaso berri duen 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai hartuta, genero ikuspegitik ikerketa lan bat egiteko.

«Aurretik idatzitako legeen gainean idazten dira hurrengoak, eta nik uste umorearekin ere hori pasatzen dela: aurretik sortu den umore horren gainean ari gara aldiro, publikoarekin kode eta erreferente konpartitu batzuen gainean. Pisu handia dauka orain arte egindako umoreak, oso zaila da horrekin apurtzea», dio Labakak. Hala ere, bertsolariak dio «beste umore mota bat» sortzen ari dela, baina dena dagoela «esperimentatzeko». Formatu feministako bertso saioak aipatu ditu, «bazterreko plazak» izenpetzen dituenak, edo Ahalduntze Bertso Eskola, umorearekin jolasteko espazio eroso gisa.

Aurtengo Txapelketa Nagusian umoreak «oso tarte gutxi» izan duelako kexu da Labaka, baina bada adibide mamitsurik. Zortziko txikian abestu zuten Miren Amurizak eta Odei Barrosok. Barrosori turismo gidariaren papera esleitu zitzaion; eta Amurizari, turismo gidariaren ondotik mugitzen ez den jubilatuarena. «Ez duzu kobratuko/ laguna badakit/ beti nere ondoan/ egoteagatik» abestu zuen Barrosok. Eta Amurizak erantzun: «Ondoan ez banauzu/ euki nahi jo ta ke/ zure gainean pozik/ jarriko nintzake». Batek baino gehiagok pentsatu zuen orduan: Miren Amurizak kantatu duena gizon batek esan balu? Odei Barrosok azaldu du: «Gizonezko batek egin balu ziur aski ez litzateke hain dotore geldituko. Horren inguruan eztabaida izan nuen lagun batekin saioaren ondotik, eta esan zidan: 'hori zuk egiten baduzu, ez du balio'. Agian ez du balio, eta horregatik nik beste zerbait eginen dut. Emakumeak zenbat aldiz egon dira behartuta beste umore klase batera jotzera? Uste dut balantza egin behar dela».